Hizkuntzen jaialdi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Esperantistak Txeboksaryko hizkuntzen jaialdian (2021)

Hizkuntzen jaialdia[1] (esperantoz: lingva festivalo) munduko hainbat herrialdetako esperantisten erakundeek eta beste erakunde batzuek egiten duten kultur eta hezkuntza-ekitaldia da. Hizkuntzen jaialdien helburua hizkuntza eta kulturetan interesa duten pertsonei munduko hizkuntzei buruzko informazioa ematea eta hizkuntzaren aberastasuna eta aniztasuna erakustea da. Hizkuntzen jaialdiek munduko hizkuntza guztiak berdin garrantzitsuak eta baliotsuak direla frogatu nahi dute, eta ez lukeela egon behar hizkuntza «handi» eta «txiki»-rik[2].

1995eko lehen hizkuntzen jaialdian 32 hizkuntza aurkeztu ziren. 1996ko bigarren jaialdian 65 hizkuntza zeuden jada, eta hirugarrenean, 85. Orain arteko jaialdirik handienak Txinan eta Ingalaterran egin ziren bi ekitaldietan 100 hizkuntza baino gehiagorekin[3].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erzierazko wikilariak San Petersburgoko hizkuntzen jaialdian (2018)

Lehen hizkuntzen jaialdia 1995ean egin zuen Dennis Keefe esperantista estatubatuarrak Toursen (Frantzia). Hurrengo urtean, antzera antolatutako jaialdi bat ospatu zen Txeboksaryn (Errusia)[4].

Harrezkero, munduko hainbat herrialdetan egiten dira hizkuntzen jaialdiak, hala nola Ameriketako Estatu Batuetan, Australian, Belgikan, Bielorrusian, Errusian, Eslovakian, Finlandian, Frantzian, Suedian, Ukrainan eta Venezuelan. 2008an, Dennis Keefek hizkuntzen jaialdi bat antolatu zuen Txinako Nanjingeko Unibertsitatean. 2014an, Ghil'ad Zuckermannek Adelaideko hizkuntzen jaialdia sortu zuen Australian. 2018an, Indonesiako lehen hizkuntzen jaialdia antolatu zen Surabayan[5].

Aurkezpenak eta bestelako ekitaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzak 20 eta 60 minutu bitarteko sarrerako ikasgaietan aurkezten dira. Aurkezleak hizkuntzari buruzko informazio orokorra eskaintzen du, eta sarritan bisitariei esaldi erraz batzuk esaten eta batzuetan hizkuntzan irakurtzen eta idazten irakasten die. Hainbat hizkuntza-ikasgai aldi berean ematen dira normalean («paraleloak» deiturikoak), beraz, bisitari bakoitzak aukeratu behar du zein aurkezpenera joan nahi duen tarte bakoitzean. Ikasgaiez gain, hizkuntzen jaialdiek normalean hizkuntzekin eta hizkuntzalaritzarekin lotutako gaiei buruzko hitzaldiak izaten dituzte, baita «hizkuntza-klubak» ere, bisitariek hizkuntza jakin batean hitz egin, musika entzun eta filmak ikusi ahal izateko.

Jaialdietako aurkezleak boluntarioak dira, oro har: ordainsaririk jaso gabe ezagutzen dituzten hizkuntza bat edo gehiago aurkezten dute. Hala ere, jaialdia egitearen gastuei aurre egiteko, zenbait jaialdik sarrera-kuota jartzen dute edo bisitariei nahi izanez gero dohaintza egiteko eskatzen diete[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euskararen Eguna ospatuko dute datorren astelehenean Alemanian, Bremen-go Hizkuntzen Jaialdian» Euskal kultura 2009/10/02.
  2. (Esperantoz) Pluhař, Zdeněk. (2005). Fake pri Esperanto kaj Esperante pri sciencoj. Kava-Pech, 56 or. ISBN 978-80-85853-78-0..
  3. (Esperantoz) Keefe, Dennis. «Lingvoj, lingvoj, kaj eĉ pli da lingvoj» UEA Facila 2018/12/19.
  4. (Esperantoz) «Dek tri mil ĉinoj ĉe lingva festivalo» Libera folio 2008/05/23.
  5. (Indonesieraz) Anwar, Mujib. «Lingua Franca Community Gelar Surabaya Language Festival 2018» Tribun Jatim 2018/08/04.
  6. (Indonesieraz) «Hargai Perbedaan dengan Belajar Bahasa» Press Reader 2018/08/05.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]