Jean Fouquet

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jerusalemgo tenpluaren eraikuntza, Jean Fouquet.

Jean Foucquet (Tours, 1420 inguruan - 1477-1481 bitartean), frantses margolari eta miniaturagilea izan zen.

Hasierako Errenazimentuko margolari handienetakoa izan zen, eta XV. mendeko Frantziako pintura berritu zuen artistetako bat.

Nazioarteko gotikoaren Frantziako tradizioan hezi ondoren, estilo berria garatu zuen, gotikoaren tonalitate kromatiko biziak, Italiako Quattrocentoaren perspektiba nahiz bolumenak eta flandestar primitiboen berrikuntza naturalista integratuz.

Diptyque de Melun eta Heures d'Étienne Chevalier liburuko miniaturak ditu lan ezagunenak.

Biografia eta obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gonella bufoiaren erretratua (1445 inguruan), Jean Fouquet.

Datu egiaztatu gutxi daude Jean Foucqueten bizitzari eta heziketa artistikoari buruz, ez baitaude dokumentatuta.

Parisen ikasi zuen, agidanez, eta, Limburgeko eskuizkribuak ere ezagutzen zituen, miniaturen estiloak adierazten duenez.

1443-1447 inguruan, Italiara joan zen. Han, Albertik ikuspuntuaz egin zituen ikerketak ikasi zituen, eta baita Italiako arkitektura- eta apainketa-ereduak ere, Filareterekin lan eginez. Fra Angelico ere ezagutu zuen, Foucqueten geroagoko obran eragin handia izan zuen margolaria, eta baliteke elkarrekin lan egin izana ere. Florentzian ere izan zen, seguruenik, non Toscanako margolari berritzaile handien lanak ikusi baitzituen, bai eta Mantuan ere, non Gonella bufoiaren erretratua margotu baitzuen.

1448 eta 1450 bitartean, Frantziara itzuli zen, eta, orduz geroztik, Tours sorterrian egin zuen lan, nagusiki. Han, Karlos VII.arentzat aritu zen lanean. Frantziako altxorzain Etienne Chevalierrek lan garrantzitsuak eskatu zizkion, gerora Foucqueten maisulantzat hartu diren hauek, hain zuzen ere: Diptyque de Melun eta Heures d'Étienne Chevalier eskuizkribuko miniaturak. Aurrerago, Luis XI.aren pintore ofiziala izan zen.

Margolariaren lanetatik, oso gutxi geratu dira. Halere, obrarik inportanteenak Boccaccioren obraren frantsesezko itzulpen baterako egin zituen. Bere obren artean, aipatzekoak dira: Boccaccio, Heures d´Étienne Chevalier, Grandes Chroniques de France eta, batez ere, Antiquités judaïques.

Teknika eta konposizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Fouquet - Portrait of the Ferrara Court Jester Gonella.png JF-008-composicion.png

Aldez aurretik pentsatzen zuen margolanen diseinua, xehetasun guztiak kontuan hartuz.

Ongi baino hobeto zekizkien ikuslearen arreta erakartzeko alderdi teknikoak: zirkuluetan, urrezko zenbakian eta poligono erregularretan oinarritzen zuen konposizioa.

Zirkuluei dagokienez, esaterako, ikus ditzagun bi adibide.

Ezkerreko lehen lanean, bi zirkulu bereizten dira: zirkulu handian, aurpegia, gorputz-enborra eta eskuak sartzen dira; zirkulu txikian, berriz, aurpegia eta txapela. Bigarrenik, erregea irudikatzen duen pinturan, eskuak, besoak eta gortinak biltzen ditu zirkulu handiak, aurpegia, lepo-estalkia eta txapela, aldiz, zirkulu txikiak.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Fouquet Aldatu lotura Wikidatan