Kristian IV.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kristian IV.a

Kristian IV.a (Hillerød, 1577ko apirilaren 12a - Kopenhage, 1648ko otsailaren 28a) Danimarka eta Norvegiako erregea izan zen (1588-1648).

Danimarkako heori militar handienetakoa izan zen, parte hartu zuen gerratan emaitza onik lortu ez bazuen ere. Erreforma administratibo eta militar ugari egin zituen Danimarka inperio kolonial izateko asmoarekin. Gaur egun ikusgai dauden jauregi eta gaztelu gehienak berak altxatu zituen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frederiksborg gazteluan jaio zen 1577. urtean eta Frederik II eta Mecklemburgoko Sofiaren seme zaharrena zenez 11 urterekin aita hil zitzzaionean bera bihurtu zen Danimarkako errege. 1597. urtean Prusiako dukearen alaba zen Ana Katalinarekin ezkondu zen.

Herbeheretako ingeniarien laguntzarekin hainbat gotorleku eraiki zituen. Armada sendotu zuen eta itsas flota ere handitu zuen, 1596.an hogei untzi izatetik 1610.an 60 izatera pasa baitzen. Europako estatu kolonialistei jarraituz Ekialdeko Indiako Daniar Konpainia (Danks Ostindisk Kompagni) sortu zuen 1616. urtean, Indiako Trankerbar herrian egoitza zuena.

Gerrak

1611. urtean Suediaren aurkako gerra hasi zuen, Kalmarreko gerra izenaz ezagutzen dena, Kalmar herria konkistatzea lortu baitzuen Gustavo II Adolfok Knäredeko Bakea (1613) sinatzean.

1620. urtean Alemania erasotu zuen Elba eta Weser ibaien kontrola eskuratzeko eta Hanburgok Holstein eskualdea eman behar izan zion Danimarkari. Alemanian katolikoen indarra handitzen zihoanez Hogeita Hamar Urteko Gerra sortu zen eta Kristian IV.ak bertan parte hartu nahi izan zuen baina katolikoek 1626.an garaipen handia lortu zuten eta Jutlandia osoa eskuratu zuten. Egoera honen aurrean Kristian IV.ak Suediako Gustavo II Adolfori laguntza eskatu zion eta bien indarrari esker 1629.ko Lübeckeko Itunean lurrik ez galtzea lortu zuen.

Danimarkak Eskandinavia eta Itsaso Baltikoaren kontrola galtzeko arriskua ikusirik, Alemania eta Suediarren arteko harremanak ekiditen saiatu zen. Suediar parlamentua haserretu egin zen eta 1643. urtean suediarrek Danimarka erasotzeko aukera ikusi zuten beren aliatua zen Bohemiatik erasotu zutelarik. 1644. urterako Jutlandia eskuratua zuten jadanik. Kristian IV.k hasieran lortu zuen suediarrak Fioniara ez iristea baina herbeheretarrek suediarrekin bat egin zuten eta Daniar-Norvegiar armada suntsitu zuten.

1645. urtean Brömsebroko Bakea sinatzean Danimarkak Gotland eta Saamara uharteak galdu zituen eta Norvegiak Jämtland eta Härjedalen probintziak.

Azken urteak

Kopenhagen hil zen eta Roskildeko Katedralean ehortzi zuten. Hiri asko fundatu zituen, bere izena daramatenak, hala nola Christianhavn (Gaur egun Christiania hiri librea dagoen Kopenhageko auzoa) eta Christiania (gaur egun Oslo deitzen dena, Norvegiako hiriburua).

Hainbat jauregi eta gaztelu eraiki eta berriztu zituen. Kopenhageko Rosenborg jauregia eta Børsen (Burtsa) jaso zituen eta Frederiksborg eta Kronborg gaztelua berriztu zituen.

Guztira 21 seme alaba izan zituela uste da. Bere ondorengoa Ana Katalina lehenengo emaztearekin izan zuen Frederik III.a izan zen.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kristian IV.a Aldatu lotura Wikidatan