Lankide:Aranconmaria/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hirugarren Mundua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra Hotzaren garaian, Hirugarren Mundua terminoak Asia, Afrika eta Latinoamerikan garapen bidean zeuden herrialdeei egiten zien erreferentzia, hau da, ez Lehenengo Munduarekin ez eta Bigarren Munduarekin ere bat egiten zuten herrialdeei. Hitzaren erabilera hori batez ere mendebaldeko herrialdeetan egin da ezagun, Gerra Hotza amaitzearen ondorioz.

Hurrengo hamarkadan, Sobietar Batasunaren erorialdian, eta, 1991n, Gerra Hotzaren amaieran, Hirugarren Mundua eta garapen bidean zeuden herrialdeak, bi terminoak modu berean erabiltzen ziren. Baina, kontzeptu hori zaharkitua geratu da, ez baitu gaur egun munduan dugun egoera politiko-ekonomikoa deskribatzen. Hiru Munduen eredua Gerra Hotzaren garaian sortu zen honako banaketa hau egiteko: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean zeuden herrialdeak, Lehen Mundua; Ekialdeko Blokea, Bigarren Mundua, nahiz eta termino hori gutxiago erabiltzen zen; eta, ez batean ez bestean zeuden herrialdeak, Hirugarren Mundua. Egia esanda, Hirugarren Mundua taldekatze politikoa zen, ekonomikoa baino.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfred Sauvy demografo, antropologo eta historialari frantsesak, L'Observateur izeneko aldizkari frantseseko artikulu batean, 1952ko abuztuaren 14an, Hirugarren Mundua (frantsesez, Tiers Monde) terminoa sortu zuen; Gerra Hotzaren garaian bloke sobietar komunistarekin edo NATOko bloke kapitalistarekin lerrokatuta ez zeuden herrialdeez hitz egiteko[1]. Terminoak Hirugarren Estatuari egiten zion erreferentzia, Frantziako plebeioei, alegia, Frantziako Iraultzaren aurretik eta bitartean kleroaren eta nobleen aurka (Lehen eta Bigarren Estatuaren aurka, hurrenez hurren) agertu zen gizarte taldeari. Sauvyk honela idatzi zuen: «Hirugarren Mundu baztertu, ustiatu eta mespretxatu honek, Hirugarren Estatuak bezala, zerbait izan nahi du». Bloke kapitalista edo komunistarekin politikoki lerrokatu gabekoen kontzeptua sortu zuen[2].

Sorrera eta esanahi-aldaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren Mundua terminoa Gerra Hotzaren garaian sortu zen NATOrekin eta Ekialdeko Blokearekin lerrokatuta ez zeuden herrialdeak definitzeko. Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak, Japoniak, Hego Koreak, Europa Mendebaldeko nazioek eta haien aliatuek osatzen zuten Lehen Mundua; Sobietar Batasunak, Txinak, Kubak eta haien aliatuek, berriz, Bigarren Mundua osatzen zuten. Terminologia horrek Lurreko nazioak hiru taldetan banatzeko modu bat ezarri zuen, banaketa politiko eta ekonomikoetan oinarrituta. Sobietar Batasuna erori eta Gerra Hotza amaitu zenetik, Hirugarren Mundua terminoa gero eta gutxiago erabili izan da. Garapen bidean dauden herrialdeak, gutxiago aurreratutako herrialdeak edo Hegoalde Globala terminoak erabiltzen dira horren ordez. Kontzeptua bera zaharkitua geratu da, jada ez baitu munduaren egungo egoera politiko edo ekonomikoa ordezkatzen.

Eskuarki, Hirugarren Mundua taldean sartzen ziren iraganean koloniak izan ziren Afrikako, Latinoamerikako, Ozeaniako eta Asiako herrialde asko. Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduko parte ziren herrialde berberak izendatzen ziren batzuetan. Raul Prebisch, Walter Rodney, Theotonio dos Santos eta Andre Gunder Frank bezalako pentsalarien mendekotasunaren teoriaren arabera, Hirugarren Mundua terminoa mundu-sistemako banaketa ekonomikoarekin lotu da, ekonomiaren nukleoa osatzen duten herrialdeen menpe dauden herrialde periferiko gisa[3].

Esanahien eta testuinguruen bilakaeraren historia konplexua da, eta, horregatik, ez dago Hirugarren Munduaren definizio argi edo adostu bat[3]. Ekialdeko Blokeko herrialde batzuk, Kuba esaterako, sarri Hirugarren Mundukotzat hartzen ziren. Hirugarren Munduko herrialde asko ekonomikoki pobreak eta industrializatu gabeak zirenez, estereotipo bihurtu zen herrialde pobreak Hirugarren Munduko herrialde gisa hartzea; hala ere, Hirugarren Mundua terminoa ere erabili ohi da berriki industrializatutako herrialdeez hitz egiterakoan, hala nola Brasil, India eta Txina; orain, herrialde horiek BRIC osatzen dutela esaten da. Historikoki, Europako herrialde batzuk lerrokatu gabe zeuden, eta horietako batzuk oso oparoak ziren eta oraindik ere badira, esaterako, Irlanda, Austria, Suedia, Finlandia eta Suitza.

  1. Gregory, Derek et al. (Eds.) (2009). Dictionary of Human Geography (5th Ed.), Wiley-Blackwell.
  2. Wolf-Phillips, Leslie (1987). "Why 'Third World'?: Origin, Definition and Usage", Third World Quarterly, 9(4): 1311-1327.
  3. a b Tomlinson, B.R. (2003). "What was the Third World", Journal of Contemporary History, 38(2): 307–321.