Erribosoma

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Animalia zelula tipikoaren eskema, osagai azpizelularrak erakusten. Organuluak:
(1) nukleoloa
(2) nukleoa
(3) erribosoma (puntu txikiak)
(4) besikula
(5) erretikulu endoplasmatiko latza
(6) Golgiren aparatua
(7) zitoeskeletoa
(8) erretikulu endoplasmatiko leuna
(9) mitokondrioak
(10) bakuoloa
(11) zitoplasma
(12) lisosoma
(13) zentrioloak zentrosoman
Erribosomaren azpiunitate handia (1) eta txikia (2).

Erribosomak zelula guztietan (espermatozoideetan izan ezik) dauden organulu globularrak dira, proteinen sintesian parte hartzen dutenak. RNA-r-z (azido erribonukleiko erribosomikoz) eta proteinaz osatuta daude.

Zelula eukariotoetan bi azpiunitate osatzen dute erribosoma: azpiunitate txikia (40S-ko abiadurarekin jalkitzen dena) eta azpiunitate handia (60Stan jalkitzen dena); prokariotoetan bi azpiunitate daude ere, baina eukariotoen baino txikiagoak: 50S eta 30Stan jalkitzen direlarik.

Erribosomen azpiunitateak nukleo zelularrean sortzen dira, eta hortik zitoplasmara abiatzen dira. Zelula eukariotoan erribosomak aske egon daitezke eta baita erretikulu endoplasmatiko zimurtsuari erantsita ere. Prokariotoetan, berriz, aske daude beti.

Kasu askotan erribosomak elkarturik agertzen dira RNA-m molekula bati lotuta: hauek poliribosomak edo polisomak dira. Erretikuluaren gainazalean ala aske aurki daitezke polisoma horiek.

[aldatu] Erribosomen jarduera

Polisomek zeregin handia dute proteinen sintesian.

Jakina denez, informazio genetikoa DNAren nukleotidoetan dago. Transkripzio deitutako prozesuan informazio hori RNA mezularira (RNA-m) pasatzen da. Erribosometan RNA-m hori itzulpen deitutako prozesuan irakurtzen da, eta erribonukleotido sekuentzia batek aminoazidoz osatutako sekuentzia bat eratzen du.

Proteinen sintesian RNA transferentziazkoak (RNA-t) ere parte hartzen du. RNA mota horrek aminoazidoak ditu lotuta. Itzulpen prozesuaren hasieran RNA mezularia eta RNA transferentziakoa erribosometara iristen dira. Bertan, RNA-m-k duen kodoi bat (nukleotido hirukotea) RNA-t-k duen antikodoi batekin elkartzen da, base nitrogenatu osagarriak lotura egiten dutenean. Kodoi batek antikodoi bat erakartzen du, eta baita antikodoi horrekin lotuta dagoen aminoazidoa. Esaterako:

  • RNA mezulariaren GCC hirukotea (kodoia) alanina aminoazidoa duen RNA-t-arekin lotzen da.
  • CAU kodoiak histidina aminoazidoa ekartzen du.
  • AUG kodoiak metionina ekartzen du.
  • CCU kodoiak prolina, e.a.