Martin Ugalde

Wikipedia, Entziklopedia askea

Martin Ugalde Orradre (Andoain, Gipuzkoa, 1921ko azaroaren 11 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2004ko urriaren 4a) kazetaria, idazlea eta politikaria zen.

Hainbat urte eman zuen erbestean, ideologikoki nazionalista zelako. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zuen. Euskaltzale amorratua izan zen, eta Franco hil ondorengo lehen euskarazko egunkariaren sortzen lan handia egin zuen. Haren omenez, "Martin Ugalde Kultur Parkea" eraiki zuten jaioterrian.

Biografia

Espainiako Gerra Zibila piztu zenean garai gorriak igaro behar izan zituen Martin Ugaldek eta bere familiak. Gerraostean, 1945 inguruan Diario Vasco egunkarirako artikuluak idazten hasi zen.

1947an bizitza markatuko zion erabakia hartu zuen. Urte hartan, Venezuelara ihes egin zuen, bere bigarren aberri bilakatuko zen herrialdera, eta han 22 urte eman zuen. Hastapenetan, Elite aldizkariaren ardura hartu zuen eta gero Nosotros eta El Farol aldizkarien zuzendari izendatu zuten. Orduan hasi zen fikziozko lanak egiten. 1951ean venezuelar nazionalitatea hartu zuen eta 1955an, ezkondu egin zen bertan ezagututako Ana Maria Martinez Urreiztietarekin, bizitzan osoan zehar lagun izango zuen emakumea. Seme bat eta bi alaba eduki zituzten, han jaioak.

1969an Euskal Herrira itzuli zen, 48 urte zituela. EAJn lanean buru-belarri sartu zen berehala, Zeruko Argia aldizkarian eta Deia egunkaria sortzeko lanetan hartu zuen parte; azken horretan, zuzendariorde, eta euskarazko erredakzioaren arduradun. 1976an Hondarribira joan zen bizitzera. 1982an Karlos Garaikoetxea lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Euskarazko Gaietarako zuzendari nagusi izendatu zuen. 1985ean Eusko Alkartasunean afiliatu zen.

Idazle moduan, euskarazko ipuingintza modernoaren aitatzat ikusten da, 1961eko Iltzailleak narrazio liburuagatik. Venezuelan argitaratutako lan honetan, Latinoamerikako literaturan hain ospetsua zen narraziogintza euskal literaturara ekarri zuen. Bizitza osoko lanarekin bibliografia oparoa utzi zuen: ipuinak, saioak, antzezlanak eta eleberriak.

1990an, Euskaldunon Egunkaria sortzeko taldeetan gogoz egin zuen lan, egitasmoaren arima bilakatuz. Administrazio Kontseiluaren Lehendakari izendatu zuten. Ondorengo urteetan, hainbat omenaldi egin zizkioten: Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen, Andoaingo Udalak seme kuttun, Eusko Jaurlaritzak euskal herritar unibertsal eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain. 2002ko ekainean inauguratu zuten Martin Ugalde Kultur Parkea.

2004ko urriaren 4an hil zen Hondarribian, azken urteak gaixorik egonda, Alzheimerrak jota.

Lanak

Ipuinak

Antzerkia

  • Ama gaxo dago (Cromotip, 1964)
  • Gurpegin aspaldi gertatua (argitaragabea, 1965)

Eleberria

  • Las brujas de Sorjín (Axular, 1975)
  • Itzulera baten historia (Elkar, 1990)
  • Pedrotxo (Elkar, 1995)
  • Mohamed eta parroko gorria (Elkarlanean, 2000)

Historia lanak

  • Síntesis de la historia del País Vasco (Ediciones vascas, 1974)
  • Historia de Euskadi (Planeta, 1981)
  • Biografía de tres figuras nacionales vascas: Arana-Goiri, Agirre, Leizaola (Sendoa, 1984)
  • Lezo Urreiztieta (Elkar, 1990)
  • Manuel de Irujo, un hombre leal a su tiempo (Txertoa, 1992)
  • Nueva síntesis de la historia del País Vasco (Ttarttalo, 1997)

Saiakera

  • Unamuno y el vascuence: contra-ensayo (Ekin, 1966)
  • El problema vasco y su profunda raíz político-cultural (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1980)

Kazetaritza

  • Imágenes de la Semana Santa en Venezuela (Caracas, 1956)
  • Cuando los peces mueren de sed (Caracas, 1963)
  • Hablando con los vascos (Ariel, 1974)
  • Hablando con Chillida (Txertoa, 1975)
  • Bajo estos techos (Caracas, 1979)
  • Batasun eta zatiketaren artean (Elkar, 1989).

Ikus, gainera

Kanpo loturak