Nafarroako Alderdi Sozialista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroako Alderdi Sozialista - Partido Socialista de Navarra (PSN-PSOE)
BuruzagiaMaría Chivite
Sorrera1982
Egoitza nagusiaIruñea
Ideologia politikoaSozialdemokrazia eta espainiar nazionalismoa
Nazioarteko kidetzaEuropako Alderdi Sozialista
Internazional Sozialista
www.psn-psoe.es

Nafarroako Alderdi Sozialista edo gaztelaniaz Partido Socialista de Navarra (PSN) Espainiako Alderdi Sozialistaren Nafarroako adarra da. 1982an sortu zen, nafar sozialistek Euskadiko Alderdi Sozialista utzi ondoren.

Historia

1902an sortu zen lehenengo elkarte sozialista Iruñean, UGT sindikatura bildutako langile batzuek bultzatuta. 1914an aukeratu zuten Iruñean lehen zinegotzi sozialista, eta 1920an aukeratu zuten Fitero herrian Nafarroako lehen alkate sozialista. Handik aurrera, Iruñean eta Erribera aldean zabaldu ziren sozialistak bereziki eta nolabaiteko indarra izan zuten Espainiako errepublika garaian. UGT eta PSOEko militante asko hil zuten faxistek 1936ko gerra zibilaren hasierako hilabetetan. Erbestera jo zuten sozialista nafarrek harreman estuak izan zituzten Euskadiko sozialistekin.

1974an, Tuteran, Nafarroako sozialistak bildu ziren PSOE berrituari bultzada emateko asmotan, eta PSOE alderdiaren mendeko Euskadiko Alderdi Sozialistaren barnean jardun zuten 1977tik aurrera. 1977ko irailean PSOEk bere lehen euskal kongresua egin zuenean, lau herrialdeetako ordezkariak batzartu ziren. 1982. urtera arte, PSN Euskadiko Alderdi Sozialistaren (PSE-EE) barnean egon zen, eta lau herrialdeetarako autonomia-estatutuaren eta autodeterminazioaren alde agertu zen.

1979tik aurrera, sozialista nafarrak berezko nortasunaren alde lanean hasi ziren, eta, hasieran Hego Euskal Herrirako autonomia bakar baten alde zuten proiektua bazter utzi ondoren, Nafarroako Alderdi Sozialista sortu zuten 1982an. Nafarroako sozialisten lehen kongresua egin zuten orduan; nafar sozialistek PSE-EEtik irten eta Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN) izena hartu zuten.

2008an Carlos Chivite idazkari nagusia hil eta gero, ekainaren 28 exekutiba erregionala antolatu eta idazkari nagusi berria aukeratu zuten. Roberto Jimenez eta Amanda Acedo, azken hau UPNrekin gobernatzearen aurkakoa, lehian aritu ziren. Azkenik Roberto Jimenezek irabazi zuen botoen % 71,71rekin.

Hiru aldiz eskuratu du Nafarroako gobernua, eta haietako bitan lehendakaritza izan du: 1984-1991 bitartean, Gabriel Urralbururekin, eta 1995-1996 bitartean Javier Otanorekin (CDN y EA alderdiekin koalizioan). 2011tik UPNrekin dago gobernuan: ez du lehendakaritza, baina Roberto Jiménez gobernuko lehendakariordea da.

2014ko urriaren 19an PSNren presidentegai aukeratu zuten Txibite hauteskunde primarioetan, botoen %58,6rekin. Maiatzeko foru hauteskundeetan PSNren lehendakarigai izateko Amanda Acedorekin lehiatu zen. Azaroaren 4an, hautagaitzak aurkezteko epea 18:00etan amaitu zen, eta soilik Maria Txibite aurkeztu zen alderdiko idazkari nagusi izateko. Beraz, Maria Txibite izango zen PSNko idazkari nagusia[1].

Abenduaren 1ean jakin zenez, Maite Esporrin izango zen PSNk Iruñeko Udalerako hautagaia[2]. Abenduaren 10ean jakin zenez, Txibite idazkari karguan berretsiko zuen PSNk abenduaren 13an[3]. Abenduaren 13an, alderdi "sendo, batu eta parte hartzailea" nahi zuela esan zuen Txibitek eta PPren politikak eta "egoeraz baliatu nahian agertu diren ur nahasiko arrantzaleak" ukatu zituen Patxi Lopezek PSNren kongresuan[4].

Abenduaren 23an, PSNk esan zuen ez zuela Bilduren «jokoan» parte hartuko[5].

Idazkari nagusiak

Erreferentziak

Kanpo loturak