Euskadiko Ezkerra
| Euskadiko Ezkerra (EE) |
|
|---|---|
| Sorrera | 19771 19822 |
| Desegitea | 19933 |
| Ideologia politikoa | Ezkerrekoa, abertzalea eta baskista |
| 1EIA eta EMKren arteko koalizio moduan. 2Alderdi moduan. 3PSE-PSOErekin elkartu zen. |
|
Euskadiko Ezkerra Hego Euskal Herriko alderdi politiko ezkertiar bat izan zen. 1977an sortu zen, EIA (Euskal Iraultzarako Alderdia), eta EMK (Euskadiko Mugimendu Komunista) alderdien arteko koalizio gisa. ETA(pm) taldearen adar politiko moduan antolatu zen.
Alderdikide ez ziren zenbaitek bultzatu zuten koalizioa, Juan María Bandrés abokatua buru. EIA alderdia ezker abertzaleko alderdi eta erakundeak biltzen zituen Koordinadora Abertzale Sozialista (KAS) koalizioaren kide zen, baina ETA politiko-militarrarekin batera eta gainerako parte-hartzaileek ez bezala (ETA militarra, EHAS, LAIA) bidezko ikusi zuen frankismoaren ondorengo lehen hauteskundeetan parte hartzea (1977ko ekaina).
Euskadiko Ezkerra koalizioak diputatu bat (Francisco Letamendia, Ortzi) eta senatari bat (Juan Maria Bandrés) lortu zituen Gipuzkoan hauteskunde haietan. 1978. urtetik aurrera, autonomia-estatuaren aldeko bidea baietsi zuen Euskadiko Ezkerrak, eta EMK alderdiak utzi egin zuen koalizioa. 1979. urtean Euskadiko autonomia-estatutua onartu zenetik, haren balioa aldeztu zuten alderdien artean egon zen beti Euskadiko Ezkerra.
EIA alderdiak jatorriz marxismo-leninismoari atxikitzen zitzaion lotura hautsi ondoren, eurokomunismoaren esparru ideologikoan sartu zen, eta, aldaketa horren fruitu, Euskadiko Partidu Komunista utzia zuen talde bat, Roberto Lertxundi zela gidari, Euskadiko Ezkerrean sartu zen 1981. urtean. Bitartean, borroka armatua guztiz gaitzetsi ondoren, ETA politiko-militarraren desegitea bultzatu zuen, eta 1982. urtean utzi zituen armak ETA politiko-militarrak. Urte berean desagertu zen EIA alderdi politiko gisa eta alderdi-egitura osoa hartu zuen Euskadiko Ezkerrak (1982ko martxoa). Aldaketa ideologiko eta politiko horren aurrean, Ezker Berria izeneko joerako kide askok utzi zuten Euskadiko Ezkerra, alderdi horretan joera politiko estatalistak nagusitu zirelakoan. Juan María Bandrés eta Mario Onaindia izan ziren Euskadiko Ezkerra haren bultzatzaile nagusiak.
Euskadiko Ezkerraren hauteskundeetako emaitza % 7 eta % 10 artekoa izan zen, indartsuago Gipuzkoan eta oso txikia Nafarroan. 1985-1991 urteetan, bere horretan mantendu zen Euskadiko Ezkerra; 1986-1990 urteetan zerbait areagotu zen, Gipuzkoako Aldundiko gobernuan egon baitzen Eusko Alkartasunarekin batera.
Euskadiko Ezkerrak 1978an onartu ez zuen Espainiako Konstituzioa baliozkotzat jo zuen hamar urte geroago. Hala ere, hauteskundeetan lortutako boto-kopurua murriztu ahala (1989 eta 1990. urteetan), desberdintasunak areagotu egin ziren EE barneko taldeen artean: Espainiako PSOE alderdiarekin bat egitearen aldekoak ziren batzuk, euskal abertzaletasuna gaindituz Euskadiko alderdi sozialista moderno bat bultzatu nahi zuten beste batzuek eta, azkenik, Eusko Alkartasunaren ildotik, abertzaletasunaren ezaugarriak gordeko lituzkeen alderdi sozial-demokrata baten beharra azpimarratzen zuten beste batzuek. Zatiketa azken horietatik etorri zen 1991. urtean, eta, tirabira askoren ondoren, Euskal Ezkerra alderdia sortu zuten (EUE), Eusko Alkartasunarekin hurbileko harremana izan zuena. Ibilbide laburrekoa izango zen hori ere, ordea.
Militantzia-galera ia erabatekoaren ondoren, EEn geratu zirenek Euskadiko Alderdi Sozialistarekin bat egitea onartu zuten, eta alderdi horrek PSE-EE izena hartu zuen 1993an.
Nolanahi ere, Euskadiko Ezkerran alderdi barruko karguak zein kargu publikoak izandako kide garrantzitsu batzuk EAJra ere aldatu ziren, eta beste batzuk, haien artean Kepa Aulestia EEko idazkari nagusi izandakoa, politikaren lehen mailatik aldendu ziren.
[aldatu] Kanpo-loturak
- Javier Merino, "El espejismo revolucionario: la izquierda radical ante ETA", Cuadernos Bakeaz, nº 94, 2009 [1]
- Gaizka Fernández Soldevilla, "El nacionalismo vasco radical ante la transición española", Historia contemporánea, ISSN 1130-2402, Nº 35, 2007, pp. 817-844 [2]
- Gaizka Fernández Soldevilla, "Agur a las armas. EIA, Euskadiko Ezkerra y la disolución de ETA político-militar (1976-1985)", Sancho el sabio, ISSN 1131-5350, Nº 33, 2010, pp. 55-96 [3]
[aldatu] Ikus, gainera
| Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoak | ||
|---|---|---|
|
Legebiltzarrean ordezkapena duten alderdi politikoak: Ikus, gainera: Nafarroako alderdi politikoak |
||
| Nafarroako Foru Erkidegoko alderdi politikoak | ||
|---|---|---|
|
Nafarroako Parlamentuan ordezkapena duten alderdi politikoak: Ikus, gainera: EAEko alderdi politikoak |
||
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.