Okil gibelnabar

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Okil gibelnabar
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Piciformes
Familia: Picidae
Generoa: Dendrocopos
Espeziea: Dendrocopos leucotos
Bechstein, 1802
Hedapen mapa

Okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) picidae familiako hegaztia da, Eurasiako basoetan bizi dena[2].

Okil gibelnabarra Euskal Herriko hegazti espezierik berezienetariko eta urrienetariko bat da. Baso hostozabal zaharrei estuki loturiko espeziea da, izaera kontinentala duena, eta gure inguruan Iparraldeko eta Nafarroa Garaiko hainbat txokotan baino ezagutzen ez dena. Mundu mailako kontserbazio-egoera ona den arren, Pirinioen mendebaldera mugaturiko populazioa oso murritza da.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okil gibelnabarrak hamabi azpiespezie ditu:

  • Dendrocopos leucotos leucotos (Bechstein, 1802)
  • Dendrocopos leucotos lilfordi (Sharpe & Dresser, 1871)
  • Dendrocopos leucotos tangi (Cheng, 1956)
  • Dendrocopos leucotos subcirris (Stejneger, 1886)
  • Dendrocopos leucotos stejnegeri (Kuroda, 1921)
  • Dendrocopos leucotos namiyei (Stejneger, 1886)
  • Dendrocopos leucotos takahashii (Kuroda & Mori, 1920)
  • Dendrocopos leucotos owstoni (Ogawa, 1905)
  • Dendrocopos leucotos fohkiensis (Buturlin, 1908)
  • Dendrocopos leucotos insularis (Gould, 1863)
  • Dendrocopos leucotos quelpartensis (Kuroda & Mori, 1918)
  • Dendrocopos leucotos uralensis (Malherbe, 1860)

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dendrocopos generoko gainerako okilen antzeko morfologia du okil gibelnabarrak, baina gainerako espezieak baino handiagoa da. 25-28 cm bitarteko gorputz-luzera du, eta 40-45 cm bitarteko hego-zabalera. Arren buru-gaina gorria da, eta emeena, aldiz, beltza. Aurpegia, orokorrean, zuria da, baina mokoaren ertzetik lepoaldera hedatzen den orban beltza izan ohi du. Sabelaldea zuri-arrea da, alboetan orban ilunduna, eta behealdera hurbildu ahala gorriztagoa. Bizkarraldea, berriz, beltza da lepoaren inguruan, baina zuria beheraxeago. Zurialde hori da, hain zuzen, espeziea identifikatzeko ezaugarri nagusiena. Hala ere, mendebaldeko Pirinioetan hedaturik dagoen lilfordi azpiespezieko gibelnabarren bizkarraldean marra zuri eta beltzak tartekatzen dira[3], hegoetan bezala.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaera kontinentaleko espeziea da, erdialdeko Europatik ekialdeko Asiako kostalderaino hedatzen dena. Pleistozenoko aldaketa klimatikoek eragindako banaketaren dinamikak, populazio isolatuak utzi zituen mendebaldeko Europako mendiguneetan, eta horietako bat Pirinioen mendebaldean aurki daiteke. Populazio hori Zuberoara, Nafarroa iparraldera eta Pirinioetako mendebaldeko gertuko zonaldeetara mugatuta dago, eta gertuen duen hurrengo populazioa Alpeetan du.

Esan bezala, hego-mendebaldeko Europako populazio isolatuaren banaketa Euskal Herriko ipar-ekialdeko basoetara murrizturik dago. Mendebalderen ezagutzen den populazioa Basaburuan dago, eta handik ekialdera Bertizko jaurerrian, Aldudeko mendietan, Iratin, Belaguan eta era horretako baso zabal eta zaharretan soilik aurki daiteke okil gibelnabarra. Ekialdeko muga, aldiz, Aragoiko Ansó bailarako pagadietan du. Pirinioen hegoaldeko populazioaren %70 Kintoa-Aldudeko mendietan eta Iratin dago[4].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso zaharrei estuki loturiko espeziea da, apurka-apurka usteltzen ari den egur hil ugari duten basoen zalea, hain zuzen. Urkiak, astigarrak, lizarrak edota zumarrak dituzten baso hostoerorkorretan bizi da, baina gure ingurunean pagadiekin estuki erlazionaturik dago. Baldintza hotzetara ondo moldaturiko espezia izanda, goi-mendietako basoetan ere aurki daiteke, eta pagadi-izeidietan edo pinu gorridun pagadietan ere bizi da. 300 eta 2000 metroko bitarteko altuera-tartean topatu da espezie hau.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ornogabe xilofagoek osatzen dute espezie honen dieta. Egurraz elikatzen diren kakalardoak dira elikagai ohikoena, bai imagoak zein larbak, baina landare-haziak eta basafruituak ere jaten ditu[5].

Elikagaiak topatzeko egurra zulatzean zarata handia ateratzen dute, arrek batez ere. Izan ere, arren mokoa sendoagoa eta luzeagoa da, eta emeek baino zulo sakonagoak egiten dituzte.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie monogamoa da, eta normalean bikote berberarekin txitotzen dute urtero. Ugal sasoitik at bikotea elkarrekin mantentzen den, ordea, ez da ezaguna. Urtean txitaldi bakarra izaten du espezie honek. Txitatzeko 6-8 cm-ko diametroa duten zuloak egiten ditu zuhaitz ahuletan, 30 cm inguruko sakonera izaten dutenak, eta bikoteak 2-4 aste igaro ditzake habia prestatzen. Zulook 20 metrotik behera egin ohi dituzte. Emeak kolore zuriko 3-5 arrautza erruten ditu otsaila eta ekaina bitartean, eta 12-16 egunez inkubatzen dituzte bi gurasoek. Arra arduratu ohi da emea eta kumeak elikatzeaz. Txitoek hiru aste inguru behar izaten dituzte lumajea garatzeko, eta 25-28 egunez egoten dira habian lehen hegaldia egin arte[6].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurune onenetan 100 ha-ko 0,3-0,7 bikoteko dentsitatea aurki daiteke[7]. Bikote bakoitzak 1-2 km²-ko eremua behar izaten du[5]. Altuera handiko basoetan bizi direnak beherago dauden basoetara mugitzen dira udazkenean[8]

Bizi-iraupena 3-4 urtekoa da[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The IUCN red list of endangered species
  2. Gerard GORMAN (2004): Woodpeckers of Europe: A Study of the European Picidae. Bruce Coleman. ISBN 1-872842-05-4
  3. Dendrocopos leucotos ssp. lilfordi Biodiversidad.navarra.es
  4. Susana CÁRCAMO (2006): Evolución de las poblaciones de pito negro (Dryocopus martius) y pico dorsiblanco (Dendrocopos leucotos lilfordi) en los montes de Quinto Real (Navarra) y su relación con la gestión forestal. Pirineos, 161: 133-150
  5. a b H. WINKLER, D. CHRISTIE, D. NURNEY (1995). Woodpeckers. Houghton Mifflin Company. Boston
  6. a b Stanley CRAMP (1985): The Birds of the Western Palearctic. Oxford University Press. Oxford
  7. J.L. GRANGÉ (2001): Le Pic à dos blanc Dendrocopos leucotos lilfordi dans les Pyrénées françaises. Ornithos, 8(1): 8-17
  8. Jesús ELOSEGI (1985): Atlas de aves nidificantes. Caja de Ahorros de Navarra. Iruñea.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Okil gibelnabar Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Dendrocopos_leucotos