Pierre-Louis Lions

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Pierre-Louis Lions frantses matematikaria izan zen (Grasse, Itsas Alpeak, 1956). 1975etik 1979ra, École Normale Supérieure goi-mailako irakaskuntza-zentroan ikasi zuen. Tesia —H. Brézisen zuzendaritzapean egin zuena— Pierre eta Marie Curieren Unibertsitatean aurkeztu zuen 1979an. Hurrengo bi urteetan, Parisko Ikerketa Zientifikoko Institutu Nazionalean lan egin zuen, eta, 1981ean, irakasle-postu bat hartu zuen Paris-Dauphiné Unibertsitatean. 1992an, Matematika Aplikatuko irakasle egin zuten Eskola Politeknikoan. Lionsek funtsezko aurkikuntzak egin ditu matematika huts eta aplikatuetan, eta argitalpen asko egin ditu alor horietan. Ekarpen garrantzitsuenak ekuazio partzial diferentzial ez-linealen teorian egin ditu. Bestalde, Boltzmannen ekuazioak, beste ekuazio zinetiko zenbait eta aldakuntza-problemak ere landu ditu. Fields domina jaso zuen 1994ko Zuricheko Nazioarteko Matematikarien Kongresuan. Horretaz gainera, beste sari asko jaso ditu: Doistau-Blutet Fundazioaren saria (1986) eta Ampère saria (1992) Zientzietako Akademia Frantsesaren eskutik, IBM saria (1987) eta Philip Morris saria (1991). Zientzietako Akademia Frantseseko kide, Napoliko Akademiako kide eta Europako Akademiako kide ere bada. Bestalde, Frantziako Ohorezko Legioko Zalduna da. 2002an, Collège de Franceko irakasle izendatu zuten, eta, 2009an, École Normale Supérieureko administrazio-kontseiluaren lehendakari.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]