Jean-Pierre Serre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jean-Pierre Serre

Jean-Pierre Serre frantses matematikaria da (Bages, Frantzia, 1926). Nimeseko lizeoan eta Parisko École Normale Supérieuren egin zituen lehenengo ikasketak. Doktoregoa 1951n egin zuen Sorbonan, eta CNRS Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionalean aritu zen 1948-1954 urteetan. Hurrengo urteetan Nancyko Unibertsitatean lan egin zuen, eta 1956tik aurrera Aljebra eta Geometriako katedradun izan zen Frantziako Collègean, 1994an erretiratu zen arte. Bitartean bisitaldi asko egin zituen Princetonera eta Harvardera. Serrek Jean Leray frantses matematikariak asmatutako sekuentzia espektralak aztertu zituen, eta lan horri esker aurrerapen handiak egin ziren topologian. Aldagai konplexuen alorrean ere ekarpen garrantzitsuak egin zituen. Lan horiengatik, 1954ko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan Fields domina jaso zuen. Serrek lan ugari argitaratu ditu, besteak beste, Cours d'arithmétique (1970, Aritmetika-ikastaroa), Représentations linéaires des groupes finis (1971, Talde finituen irudikapen linealak), Arbres, amalgames, SL2 (1977, Zuhaitzak, amalgamak, SL2), Lectures on the Mordell-Weil theorem (1989, Mordell-Weilen teorema) eta Topics in Galois theory (1992, Galoisen teoriari buruz). Fields dominaz gainera, Steele saria (1995), Gaston Julia saria (1970), Balzan saria (1985), Wolf saria (2000) eta Abel saria (2003) ere jaso zituen. Horrez gainera, Errege Elkarteko kide hautatu zuten 1974an, eta, besteak beste, Ohorezko Legioko kide ere bada. Frantziako, Suediako, Estatu Batuetako eta Holandako Zientzia Akademietako kidea da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean-Pierre Serre Aldatu lotura Wikidatan