Savona

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Savona

Liguria
Savona
bandera

armarria

Estatua ItaliaItalia
Probintzia Savona
Koordenatuak

44°18′26.41″N 8°29′50.82″E / 44.3073361°N 8.4974500°E / 44.3073361; 8.4974500Koordenatuak: 44°18′26.41″N 8°29′50.82″E / 44.3073361°N 8.4974500°E / 44.3073361; 8.4974500

Savona non dagoen adierazten duen Italia-ko/-go/-eko mapa
Savona
Eremua 65,55 km²
Posta kodea 17100
Biztanleria 62.345 bizt.
Dentsitatea 951,11 bizt./km²
Telefono aurrizkia 019
www.comune.savona.it/

Savona[1] (ligurieraz, Sann-a), Italiako iparraldeko hiria, Liguria eskualdekoa, Savonako probintziako hiriburua; Genovatik 45 km-ra dago.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiria Mendebaldeko Rivieran dago; Letimbro ibaiak zeharkatzen du, eta autobide biren elkargunean dago: Autostrada dei Fiori (Autostrada A10, Genova eta Ventimiglia elkartzen dituena) eta Autostrada A6.

Liguriako hirugarren portu garrantzitsuena da merkantziei dagokienez, Genovakoaren eta La Speziakoaren ostean. Izan ere, Piemonteko eta Lonbardiako industriaren salgaiak bertatik itsasoratzen dira, besteak beste. Trenbideek ere garrantzia dute hirian.

Gainera, turismorako portua ere badauka, instalazio egoki eta modernoekin; urtero hainbat kruzero bertan lehorreratzen dira, eta Costa Crociere konpainia italiarraren portu terminala ere bada.

Savonako hondartzek eta Vecchia Darsena-ko portuak (Nasa Zaharrak) Bandera Urdina izan dute 2002, 2003, 2004, 2005, 2006, 2007, 2009, 2010, 2011 eta 2012. urteetan.

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008. urtean 62.104 biztanle bizi ziren hirian.

Hiri-eremua beste udalerri hauekin batera osatzen da: Albissola Marina, Albisola Superiore, Quiliano eta Vado Ligure; denera 94.100 biztanle.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liguriarren antzinako kokalekua izan zen. Gerra Punikoetan Kartagorekin batera jardun zuen Erromaren kontra (Genovarekin batera ziharduten erromatarrek, bestalde). K.a. 180. urtean erromatarrek Savona menderatu zuten, eta Savo Oppidum Alpinum izena ipini zioten. Erromatarren sasoian, Savona Liguriako portu garrantzitsuena izatera iritsi zen, Genovakoaren aurretik.

641. urtean, Rotari errege lonbardiarrak hiria suntsitu zuen, baina, gerora, aberastasuna eta itsas merkataritza berreskuratu zituen Karlomagnoren agintepean; pirata sarrazenoak borroka latzetan garaituta, 1191. urtean hiri asketzat sortu zen: Hoc habet ex Coelis, q. sit Saona fidelis izan zen hiriaren Erdi Aroko lema.

A Torretta dorrea, hiriko ikurra

XI. mendean Genovako Errepublikaren aliatua izan zen arren, hiriek batak bestearen kontrako borroka latzak ere izan zituzten; baina baita lotura hertsiak ere, batez ere Campofregoso leinuko duke batzuekin.

XIII. mendean Mediterraneoko portu nagusietariko bat izan zen, merkataritza-ontzi handiak porturatzeko lekua baitzuen. XIII-XIV. mendeetan, kultura erlijiosoaren gune bilakatu zen bi monasterio garrantzitsuri esker: frantziskotarrena eta domingotarrena. XIV. mendean Erroman baino % 150 biztanle gehiago bizi zen hirian, eta XV. mendean izan zuen Savonak gorenaldia, Aita Santuen Hiria izena eman ziotenean. Izan ere, hiriko Della Rovere handiki-leinukoak izan ziren Sixto IV.a (Francesco della Rovere, Kapera Sixtinoaren sustatzailea) eta Julio II.a (Giuliano della Rovere, aurrekoaren iloba); azken hori Michelangeloren, Bramanteren eta Rafaelen mezenasa izan zen.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu klimatikoak (Savona)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 10 12 14 18 21 25 28 28 25 20 15 12 19
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 5 5 8 11 14 17 20 20 18 14 9 6 12
Pilatutako prezipitazioa (mm) 74 79 94 66 71 41 20 48 71 107 97 61 828
Iturria: Enea[2]

Hirian ikustekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nostra Signora della Misericordia santutegia

Ikustekoak dira, besteak beste, hiriko ikur den XIV. mendeko Torretta, portuko bidegurutzean. Savonako Kapera Sixtinoa da Erromakoaz gain gordetzen den bakarra, bere aurrekoak bertan hilobiratzeko Sixto IV.ak eraiki zuen monumentua; oraintsuan berriztatuta dago. Assunta katedrala eta Nostra Signora della Misericordia santutegia ere aipatzekoak dira, baita 1542. urtean eraikitako Priamar gotorlekua ere.

Beste zenbait monumentu eta leku interesgarri: Brandale dorreak, Gabriello Chiabrera antzokia, Eroritakoen Monumentua, Fontana del Pesce, Garibaldiren monumentua, Tempietto Boselli eta Palazzo Della Rovere.

Museo aipagarriak: Museo Civico Storico Archeologico di Savona, Museo del Tesoro del Santuario di Nostra Signora della Misericordia, Pinacoteca Civica, Sandro Pertini Museoa eta Renata Cuneo Museoa.

Unibertsitate-campus modernoa ere badago, Università degli Studi di Genova-koa, hainbat fakultaterekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Savona Aldatu lotura Wikidatan