Stalinismo
Stalinismoa Stalinen eta bere jarraitzaileen joera eta doktrina politikoa, leninismoan oinarritzen dena, baina haren desbideratzea dena.
Stalinismoaren oinarri nagusiak hauek dira: herri bakarreko sozialismoaren teoria, ekonomia-plangintza zentralizatua, industrializazioari lehentasuna ematen diona, eta alderdi bakarreko estatu burokratikoa. Herri bakarreko sozialismoaren teoriaren arabera, Sobietar Batasuna da munduko sozialismoaren ardatza eta hortik zabaldu behar du komunismoak beste herrialdeetara; beraz, munduko alderdi komunistak Moskuko politika jarraitzera behartuak daude.
Stalinismoak, bestalde, ekonomia-plangintza zentralizatua ezartzen du; industrializazioari ematen dio lehentasuna eta nekazaritza kolektibizatzearen aldekoa da. Stalinismoarentzat aginpideak alderdi bakar baten esku egon behar du; hala, estatuko aparatuen eta alderdi komunistaren betekizunak ildo beretik doazela, uztarturik gelditzen dira biak. Aginte guztia alderdi eta pertsona bakarraren esku geratzean, ordea, burokrazia neurriz gain handitzen da, eta ustelkeriari eta diktadurari bidea ematen zaie.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.