Burujabetza

Wikipedia(e)tik
Subiranotasuna» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Thomas Hobbes filosofoaren Leviathan liburuko frontispizioa. Monarkaren burujabetza irudikatzen du, gorputz erraldoi batekin, esku batean ezpata eta bestean apaiz makila daramatzala, eta gizabanako ugariz eraturik.

Burujabetza, burujabetasuna edo subiranotasuna nazio, herrialde nahiz herri bateko lurraldea eta herritarrak gobernatzeko ahalmena, eskumena eta eskubidea da. Burujabetza duen nazio, herrialde nahiz herria burujabea dela esaten da.

Gizabanakoen eta taldeen historian boterea da protagonista garrantzitsuenetarikoa. Horrexegatik, hori da zuzenbide nahiz zientzia eta filosofia politikoen ardatz. Boterearen teoria eta zientzia, kratologia, diziplina gisa oraindik askorik landu ez bada ere, historiako une orok berariazko boterearen doktrina landu du, eta horren arabera antolatu du komunitate politiko bakoitzari dagokion botere eraginkorra. Esan daiteke Estatu modernoen boterearen doktrina berariazkoa dela burujabetza. Estatuaren espresio den heinean, kontzeptu historikoa da, Estatuaren beraren bilakaerarekin batera baita garatzen. Hala ere, burujabetasun kontzeptuak elementu aldaezinak ere baditu.

Burujabetza gizarte politiko baten aginpide goreneko boterea da, eta beste edozein botereren gainean dago. Botere horren sortzailea da haren jabe bakarra, burujabetzak iturburua ez baitu beste inolako botere motatan. Goreneko botererik ez duten gainerako giza elkarte guztiak multzo honetatik kanpo geratzen dira. Gehiago zehaztuz, burujabetzak esan nahi botere politikoa ez dagoela goi mailako beste botere baten mende, bera baita aginte gorena. Botere politikoa bere erabakiak beste botere baten ondorio ez direnean da burujabe.

Arestian aipatu bezala, giza historiaren une bakoitzean gauzatu den antolamendu politikoari egokituz eratu da burujabetza. Boterearen kontzeptua modu batean edo bestean erabili arren, burujabetza esaten den guztietan goreneko botere politikoaz ari gara.

Burujabetza: Estatu modernoaren botere politikoaren ezaugarri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu modernoak boterea bateratu eta bildu behar du, lurralde eta biztanleria jakin baten gaineko indarraren monopolioa zentralizatuz. Edozein dela oinarri ideologiko edo antolatzailea, burujabetzak egituratu eta legitimatzen du Estatua eraikitzeko prozesua. Estatu absolutua burujabetzaz baliatu bazen ere, Estatu liberala eta Estatu sozialista ulertzeko ere baliagarria da doktrina gisa.

Indarra botere legitimo bihurtu eta izatezko boterea legezko botere bilakatzen duen neurrian, burujabetzak botere politikoaren arrazionalizazio juridikoa nahi du lortu.

Burujabetza Estatuak herri eta lurralde bat politikoki menderatzeko duen ahalmena da. Menderatze politiko hori konstituzioak edo oinarrizko antolamendu juridikoak ahalbidetzen dituen subjektuek egiten dute.

Ikuspuntu funtzionala alde batera utzita, burujabetzaren jatorriari buruzko eztabaida ez da agortu, azken batean, jatorri horretan baitatza gizarte baten goreneko botere politikoaren oinarria.

Nondik dator eta non datza burujabetza?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antolamendu politikoa agintariaren eta herriaren arteko dualtasunean oinarritzen zen garaietan, ez zegoen gizartearen bi atal horiek biltzen zituen multzo politikorik. Botere politiko gorena batean ala bestean, hartan ala honetan, kokatzen zen, nahiz eta gehienetan agintarienean izan. Aldiz, «burujabetasun bikoitzaren» doktrinak bietan kokatzen zuen goreneko botere politikoa.

Dena dela, gauza bitxia da ikustea Estatua gizartearen gainetik gailentzeko bi bide daudela. Lehenengoa, ulergarriagoa dena, agintarien edo Estatuaren burujabetzaren babesaren bidezkoa; bigarren bidea paradoxikoagoa da, Estatuari aurre eginez babesten baitu herriaren ala gizartearen burujabetza.

Lehenengo aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, burujabetza Estatu modernoa sortu eta indartzeko doktrina politiko gisa agertu zen. Zorrozki aztertuta, burujabetza Estatu absolutuaren mende sortutako kontzeptu politikoa, Estatuaren ezaugarri bat da burujabetza. Hortaz baliatu zen Estatu modernoa, botere absolutua aldarrikatzeko eta Erdi Aroko poliarkiari, botere ugaritasunari, aurre egiteko. Bi botere unibertsalistak (inperioa eta aitasaintutza) baztertzeko ere tresna egokia izan zen. Errege-erreginek tresna «absolutu» horren beharra zuten inolako mendekotasun politikorik gabeko Estatu berria sortzeko.

Horrela, burujabetza Estatu boterearen ezaugarri izatetik Estatuaren beraren pareko izatera aldatu zen, errege-erregina «burujabe» bihurturik.

XVI. mendean, Jean Bodinek honela azaldu zuen burujabetza: «herritar eta mendekoen gaineko botere gorena –errege-erreginarena–, legeek beraiek ere mugatzen ez dutena».

Bodinek, gainera, burujabetza izateko nahitaezko baldintza batzuk aipatu zituen: legeak egiteko ahalmena; gerraren eta bakearen gaineko ahalmena; ministroak izendatzeko eta justizia administratzeko ahalmena; txanponak egiteko eta zergak biltzeko ahalmena. Bodinek zerrendatu zituen ahalmen horiek, denborak aurrera egin ahala, burujabetzaren oinarrizko eduki bilakatu dira, gaur egun beste modu batera adierazita: Estatuaren hiru botereen jabetza (legegilea, betearazlea eta judiziala), kanpo harremanetan Estatuak egin behar duena erabakitzeko ahalmena, eta ekonomia kudeatzeko eta zuzentzeko ahalmena. Lehendabiziko fase honetan, botere burujabeak kanpoko ahalmenetan zuen jatorria, politika erkidegotik kanpoko ahalmenetan.

Hala ere, kanpo jatorri horrek berak, zela jainkotiar, zela zuzenbide naturalean oinarritutakoa, muga zezakeen errege-erreginaren botere burujabea. «Monarkaren burujabetza eztabaidaezina da, baina Jainkoaren eta naturaren legeen mende dago», zioen Bodinek. Erdi Aroko erresumaren oinarrizko legeak ere ez dira desagertzen, eta monarkak errespetatu egin behar ditu. Hori horrela bazen, argi dago erkidegoan zegoela botere politikoaren zati bat behintzat, nahiz eta errege-erregina burujabe izan. Horretan dute jatorria Europako monarkiak legitimatzeko orain dela gutxi arte erabili izan diren kontzeptuek: monarkaren «burujabetasun mugatua», «burujabetasun bikoitza» edota «burujabetasun partekatua».

Egun Espainian indarrean dagoen konstituzioak oraindik planteamendu horren aztarnak jasotzen ditu, «barne konstituzioaren» tesiak monarka herri borondatetik babesten baitu.

Bigarren aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendetik aurrera, merkatari eta ugazabez osatutako klase zibil eta modernoa sortzen hasi zen Europan. Historiaren bigarren aldi honetan, Thomas Hobbes eta gisako filosofoen eskutik, burujabearentzat, teorian behintzat, lotura transzendente oro baztertu zen, eta erkidego politikoa bihurtu zen boterearen sorburu nagusi. Nahiz eta burujabetzaren bere gaindiko legitimazioa oraindik bizirik zegoen, agintariak boterea ustezko «kontratu politiko» edo «lotura hitzarmenaren» bidez soilik erabil zezakeen ustea zabaltzen hasi zen, hau da, burujabearen boterea herritarrek modu batean edo bestean emandakoa zen.

Filosofia politikoak betidanik erabili izan du botere politiko ororen jatorri immanentearen printzipioa, hots, botere orok erkidego politikoan duela iturburua. Estatu absolutuaren teorilariek bultzaturik, estatu botere berri, bakar eta gorena legitimatzeko tresnarik eragingarriena bilakatu zen printzipio hori. Hobbesek esan zuenez, «babestuko gaituen botere komuna eraikiko badugu [...] borondate guztiez bakarra egiteko gauza den gizonari edo biltzarrari eman beharko diogu guztiok gure botere eta indarra. Hauxe dugu Leviatan handiaren belaunaldia, bakea eta babesa ematen digun Jainko hilkorraren belaunaldia». Horrela sortu zen «burujabetasun absolutua» edo kreazio artifizial baten arima artifiziala: Estatua.

Burujabetza emaitza naturala izateari utzi eta, aurrerantzean, botere esparru bakarraren eraikuntza artifiziala izango da, herritarrek beren jatorrizko burujabetza goren egindako botere horri utziko baitiote.

Hirugarren aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Iraultzako Biltzar Nazionala, Pilotalekuko Zina hartzen (Jacques-Louis David margolariaren lana). Huraxe izan zen Frantziako Iraultzaren hasiera eta nazioaren burujabetzaren lehenengo adierazpena.

Hirugarren aldia iraultza liberalen garaia da. Sekula sakonki azaldu ez den lotura hitzarmenean oinarritutako burujabetzak indarra galtzen du; herritarrak noiz eta nola lotu zaizkio monarka absolutuaren burujabetzari? Rousseauk desagertarazi zuen iluntasun metafisiko hori guztia: burujabetza herriarena da, eta herri hori erkidego bihurtu da gizabanako orok gainerakoekin egin duen kontratuaren bidez, kontratu sozialaren bidez, alegia. Burujabetza agintariari emateko lotura hitzarmenik ez da, gobernu organoak ordezkari hutsak direlako, eta herriak baliogabe ditzakeelako ordezkariok.

Hala eta guztiz ere, ez da hori Estatu liberal berriek onartu zuten burujabetasun kontzeptua. Hain zuzen, absolutismoaren garaian indarrean zegoen burujabetasun kontzeptua bi modutan joan zen aldatuz, hasieran bi bide horiek kontrajarriak izan arren:

  • Herri burujabetza: lehenengo bidea oraintxe aipatu dugu, hau da, Rousseauren «herri burujabetasuna». Bide horren arabera, goreneko botere politikoa herriarena da, eta herritarrek zuzenean adierazten dute beren borondatea, haien ordezko izango den inolako bitartekaririk gabe. Bide honek nahitaez demokrazia eta sufragio unibertsala zituen helburu, nahiz eta XIX. mendeko liberalismo oligarkikoak ez zituen bi kontzeptu horiek biziki maite.

    Liberalismoak herri burujabetzaren kontzeptua baliatu zuen absolutismoari aurre egin eta burujabetzea lortzeko, baina garaipenak ordu arteko iraultzaileak Estatu liberal berria kudeatzera eraman zituen neurrian, burujabetzaren kontzeptu askoz ere kontserbadoreagoa xedatu zen.
  • Nazio burujabetza: nazioa burujabea izan zedin, goreneko botere politikoa talde bateratu baten esku geratu zen. Talde bateratu hori bere kideen borondatearen gainetik zegoen eta Estatuarekin parekatzen zen; nazioaren eta Estatuaren botere eta eskubideak berberak ziren. Aurrerantzean, burujabetza nazioaren ordezkariez osatutako parlamentuan egongo zen. Sufragio murriztuaren bidez hautatutako ordezkarien agintea baliogabetzerik ez zegoen, bestalde.

    Ikus daitekeenez, ikuspuntu liberalaren arabera ugazabek soilik zuten nazioaren borondatea gauzatzeko ahalmena, eta gainerako herritarrek prozesu horretan parte hartzeko aukerarik ez zuten. Estatuak «nazio» izeneko erkidego politikotik bereizita zegoen subjektu izateari utzi zion, aurrerantzean bi kontzeptuen arteko identifikazioa gertatuko baita: estatua juridikoki antolatua dagoen nazioa da.

Amarru horren bitartez gauzatzen da lehen aipatutako paradoxa. Izan ere, itxuraz gizartearen burujabetza babesteko Estatuari aurre egiten bazitzaion ere, Estatuaren nagusitasuna gailendu zen, eta horrela teorikoki burujabea zen nazioaren botere eta eskubideak Estatuaren esku geratu ziren.

Iraultza burgesek berrikuntzak ekarri arren, ez zituen gauza guztiak aldatu. Besteak beste, burujabetzak, Estatuaren printzipio gisa, bere horretan segitu zuen.

« Estatua osatuta dagoela esaten da gizon talde handi bateko kide guztien artean gehiengoz aukeraturiko gizon bati edo gizonen batzar bati beste guztien ordezkari izateko eskubidea onartzen dion hitzarmena finkatzen denean […] Estatuaren erakunde horretatik eratorriko dira herriaren onarpenez erabateko aginpidea ematen zaion haren edo haien eskubide eta eskumenak.  »
Thomas Hobbes: Leviathan»

Burujabetzaren definizio modernoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean hazi ziren demokraziaren aldeko mugimenduen ondorioz, Estatuak bere oinarri politikoa zabaldu behar izan zuen, burujabetasun murriztuaren kontzeptua hedatuz. Ordu arte, estatu boterearen sorburua klase ekonomiko pribilegiatuaren esku zegoen, baina sufragio unibertsalaren zabaltzeak eta burujabetzaren definizio berriak ahalbidetu zuten sorburu hori herri osoaren gainean jartzea. Praktikan, herri burujabetasunaren eta nazio burujabetasunaren ezaugarriak bateratzen hasi ziren. Lehenengo kontzeptutik sufragio unibertsala jaso zen, eta bigarrenetik ordezkarien bidezko agintea (gerokoan, ordezkariak baliogabe zitezkeen). Bestela esanda, burujabetasun politikoaren jabe teorikoaren, herriaren, eta burujabetasun juridikoaren jabe errealen, ordezkarien, artean eman zen transferentzia prozesua.

Gaur egungo demokrazietan, burujabetza herriarena den aldetik, estatuak zilegitasun osoa du jarduteko.

Absolutismoaren aurkako borrokaren ondorioz botere banaketa lortu zenean, estatu boterearen batasunari aldi berean nola eutsi izan zen Estatu liberalaren bigarren arazoa. Arazoa teorikoa bazen ere, Estatu liberalak nahitaez aurkitu behar zuen ardura eta borondate gune bakarra, hots, botere burujabearen gune ukaezina.

Botere banaketa liberalari buruzko arazoa arau hierarkiaren printzipioa ezarriz konpondu zen. Arau piramidearen gailurrean konstituzioa dagoenez, konstituzioa bera da estatu burujabetzaren zuzeneko adierazlea. Gauzak horrela, zenbaitek diote «konstituzioaren burujabetza» dela Estatu modernoen berezko tresna.

Teoria horien formalizazioari aurre egiteko, XX. mendearen hasieran burujabetzaren planteamendu errealistagoa azaldu zen. Estatu konstituzionalak burujabetza estali egiten du, eta, ondorioz, zuzenbidezko estatua normaltasun egoeretan Estatu gisa baino areago Zuzenbide gisa aritzen da. Baina salbuespen egoeretan, zer egin? Carl Schmittek zioenez, egoera horiexetan agertzen da benetako burujabetza. Burujabetza borondate politiko erabakitzailetzat jotzen duten teoriagileen arabera, salbuespen egoera izendatzeko ahalmenean dago burujabetza. Indarrean dagoen ordenamendu juridikotik kanpo dago salbuespen egoera, eta bertan ohikoak ez diren neurriak erabakitzen dira.

Nahiz eta normaltasun egoeretan inor ez dela burujabe ematen duen, salbuespen egoeretan burujabetzak sekulako garrantzia du, goreneko botere politikoa izateari edota askatasunez erabakitzeko ahalmenari eusten baitio.

Bukatzeko, esan beharra dago teoria errealista horien inguruan estatu botere politikoaren baldintza berriei egokitzen zaizkien burujabetasun kontzeptu berriak agertu direla. Estatuz gaindiko erakundeak edota estatuz azpiko erkidegoak agertu diren heinean, estatu botereak zenbait eskumen galdu ditu, eta boterearen batasuna, ondorioz, hautsi egin da. Horrela, burujabetza «eskumenaren gaineko eskumena» gisa agertu da; azken batean, eskumenak nori, nola eta noiz eman erabaki dezakeena da burujabea, ez beste inor.

Hitz batez, borondate erabakitzaile bakarraren batasunean dago burujabetzaren gakoa.

Burujabetza nazioartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burujabetza doktrina politiko gisa agertu zenez geroztik bere mugaz gaindi hedatu da. Iraganean gerra eta bakearen bidez gauzatzen bazen ere, gaur egun atzerriaren esku hartzea debekatuz eratzen da.

Burujabetzak Estatuari independentzia osoa ematen dio, eta Estatua da bere eskumenen esparruan erabakiak har ditzakeen subjektu bakarra. Ikuspuntu horren arabera, Estatu burujabe guztiek dute berdintasun juridiko formal bera.

Aldarrikapenak aldarrikapen, nazioarteko harreman politikoek argi eta garbi uzten dituzte burujabetzaren benetako mugak (ikus hurrengo atala).

Burujabetzaren krisiaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendean burujabetzaren kontzeptu juridiko-politikoak krisia izan du, bai teoriaren arloan, bai praktikaren arloan.

  • Burujabetzaren oinarri den Estatu boterearen batasuna jo du krisiak, barnealde nahiz kanpoaldean. Estatuen barruan, Estatu konstituzional garatuek hasi duten deszentralizazio prozesuan oinarriturik, berezko izaera duten erkidego politikoek dagozkien talde eskubideak eskatzen dituzte. Sarritan federalismoa ez da nahikoa izaten estatu burujabetzaren batasunean oinarritzen den aniztasuna aitortzeko, eta, ondorioz, eratutako Estatuek gero eta burujabetasun eskaera gehiago jasotzen dituzte.

    Kanpoaldean dagoen batasuna lausotuz doa, eskumenak eta erabaki politikoak estatuz gaindiko erakundeen eskuetan geratzen diren neurrian. Nazioarteko lankidetzaren eraginez, lehen Estatuen baitan erabakitzen ziren gaiak egun zatikatuta eta hainbat esparrutan barreiatuta daude.
  • Estatu botere politikoaren nagusitasuna, burujabetzaren eduki gisa, kolokan dago. Gizarte zibilak gizabanakoen burujabetza aldarrikatzen du, Estatuak herritarren askatasun eta eskubideak errespeta eta babes ditzan. Aldarrikapen hori herri burujabetasuna erdietsi zuen mugimendu demokratikoaren jarraipena da, eta estatu boterearen nagusitasuna mugatu egiten du nolabait.

Nazioartean, lurraldeen arteko oreka berriari eusteko neoinperialismoak esku hartzen du, oreka horrekin bat ez datozen herrialdeen burujabetza sarritan desjabetuz. Estatuen barne arazoetan esku ez hartzeko printzipioa, geroz eta gutxiago errespetatzen da, noizbait errespetatu izan bada. Ahalmen ekonomiko eta militarren arteko desberdintasunak, elkarren mendekotasun komertziala edota baliabideak lortzeko munduko Estatu boteretsuenek duten erraztasuna ikusirik, esan dezakegu zenbait estaturen burujabetza hutsaren hurrengoa dela.

Alabaina, burujabetzaren krisia erlatibizatu behar da. Nazio Estatua krisiak jota dago, Estatuaren beraren botere politikoa modu berrian ulertzera behartuta dagoelako; baina horrek ez du esan nahi, ezta gutxiagorik ere, boterea desagertuko denik edo eratutako Estatuek beren boterea kanpoko zein barneko norbanakoen eta taldeen mesedetan galduko dutenik.

Egun, erkidego politiko burujabeak eta ez burujabeak ditugu oraindik, eta burujabetzaren aldeko eskaerak areagotuz doaz. Estatua, edo botere politiko burujabea, da oraindik munduaren antolamenduaren oinarri. Estatuak betetzen dituen kohesio, batasun eta menderatze funtzioak funtsezkoak dira indarrean dagoen produkzio sistemarentzat, eta horrela den bitartean burujabetzak botere politiko gisa bere horretan segituko du. Oro har, botere politikoaren sorburuari buruzko eztabaidak edota salbuespen egoera politikoetan boterea noren esku geratu behar den inguruko tirabirak ez dira berehalakoan isilduko, ez gizartean bizi garen bitartean, behinik behin.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]