Filosofia politiko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Filosofia politikoa sistema politiko, gobernu-era, justizia, zuzenbide eta herritarren eskubide eta betebeharrei buruzko oinarrizko hausnarketa eta balorazioa egiten dituen filosofiaren adarra da.

Definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofia politikoa pertsonen eta gizartearen arteko harremana nolakoa izan beharko litzatekeen aztertzen duen filosofiaren adarra da,[1] eta honako gai hauei buruzko funtsezko gaiak biltzen ditu: gobernua, politika, legeak, askatasuna, berdintasuna, justizia, jabetza, eskubideak, botere politikoa, autoritate batek lege-kode bat aplikatzea, gobernu legitimo bat zerk egiten duen, zer eskubide eta askatasun babestu behar dituen eta zergatik, zer forma hartu behar duen eta zergatik, noiz edo noiz hiritarrek legez kanpoko gobernu bat eraisteko aukera duten.[2]

Zentzu herrikoian, «filosofia politiko» terminoak, askotan, politikaren ikuspegi orokor bati edo etika, sinesmen edo jarrera espezifiko bati egiten dio erreferentzia, eta horrek ez du nahitaez filosofiaren diziplina teknikoaren barruan egon behar. Charles Blattberg-ek «gatazkei elkarrizketarekin erantzutea» gisa definitzen du politika, eta filosofia politikoek elkarrizketa horren gogoeta filosofikoak eskaintzen dituztela iradokitzen du.[3]

Filosofia politikoak ikasketa-eremu zabala du, eta erraz lotzen da filosofiaren beste adar eta azpi-diziplina batzuekin, hala nola zuzenbidearen filosofiarekin eta ekonomiaren filosofiarekin. Estu lotzen da talde batentzat zein motatako erakunde politikoak egokiak diren galdetzen den etikarekin, talde horrentzat edo talde horretako kideentzat egokia den bizimoduaren arabera. Erakunde onenak bizimodu hori sustatzen dutenak izango dira.

Metafisikari dagokionez, urak zatitzeko eztabaida nagusia da ea norbanakoa edo taldea ote den eskubideen eta betebeharren oinarri nagusia. Indibidualismoak uste du norbanakoa dela funtsezko entitatea, eta, beraz, indibidualismo metodologikoa sustatzen dutela. Komunitarismoak azpimarratzen du gizabanakoa talde baten parte dela, eta, beraz, taldeari lehentasuna ematen dio funtsezko entitate gisa eta analisi-unitate gisa[4].

Filosofia politikoaren oinarriak aldatu egin dira historian zehar. Greziarrentzat hiria zen jarduera politiko ororen erdigune eta amaiera. Erdi Aroan, jarduera politiko oro gizakiak Jainkoak emandako ordenarekin izan behar dituen harremanetan oinarritzen zen. Errenazimentutik aurrera, politikak funtsean ikuspegi antropozentrikoa hartu zuen. Mundu moderno eta garaikidean eredu asko sortu eta elkarrekin bizi dira, totalitarismoetatik hasi eta parte hartzeko sistema demokratikoetaraino (horien artean aldaera asko daude).

Honako hauek izan ziren eragin handiko filosofo politiko batzuk: Erresuma Batuan, Thomas Hobbes, John Locke, John Stuart Mill, Jeremy Bentham eta James Mill; Frantzian, Montesquieu, Jean-Jacques Rousseau eta Voltaire; Italian, Cesare Beccaria, Giambattista Vico eta Giuseppe Mazzini; eta Alemanian, Karl Marx [5]eta Friedrich Engels.

Eragin handiko filosofoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datorren zerrendan pentsalari kanonikoenak edo garrantzitsuenak jaso dira, bereziki filosofía politikoan zentratu zirenak edota diziplina honetako eskola jakin baten ordezkari kontsidera daitezkeenak.

  • Tomas Akinokoa: teologia kristaua eta ikasbide peripatetikoa (aristotelikoa) batzean, Jainkoaren goi-mailako arrazoimenerako gaitasunak gobernu justuaren asamblada ekartzen duela.
  • Aristoteles: Politika idatzi zuen bere Etika Nikomakoaren jarraipen gisa. Gizakiak animalia sozialak garela dioten teorientzat garrantzizkoa da, polisak beren biztanleei ongizatea ematen dielaz gain. Bere teoria politikoa perfekzionismoaren etika batean oinarritzen da.
  • Mikhail Bakunin: Pierre Joseph Proudhonen ondoren, Bakunin anarkismoko filosofo garrantzitsuena bilakatu zen. Anarkismoaren bere bertsio zehatza anarkismo kolektibista deitzen da.
  • Jeremy Bentham: mesede erantsi indibidualen maximizazioaren baitan justizia soziala analizatu zuen lehen pentsalaria izan zen. Utilitarismo izenez ezagutzen den pentsamendu eskola filosofiko-etikoa sortu zuen.
  • Isaiah Berlin: askatasun positiboa eta negatiboa bereizi zituen.
  • Edmund Burke: parlamentu britainiarreko kide irlandarra da, pentsamendu kontserbadorea sortzea egozten zaio. Frantziar Iraultzaren inguruko hausnarketak dira bere idatzi ospetsuenak. Burke Amerikako Iraultzaren alde egin zuen pertsonaia nagusietako bat da.
  • Konfuzio etika ordena politikoarekin erlazionatu zuen lehen pentsalaria.
  • William E. Connolly: filosofia postmodernoa teoria politikoan sartzen lagundu zuen, pluralismoa eta demokrazia agonistikoaren inguruko teoria berriak bultzatzeaz gain.
  • John Dewey: pragmatismoaren ko-fundatzailea da eta gobernu demokratikoa mantentzeko hezkuntzak daukan oinarrizko papera analizatu zuen.
  • Han Feizi: fǎjiā eskola txinatar edo legalismoaren figura nagusia, legeak jarraitzen dituen gobernu baten eta administrazio metodo zorrotz baten alde egin zuen.
  • Michael Foucault: boterearen kontzepzio modernoa kritikatu zuen sistema industrial-penitentziarioaren eta beste instituzio prohibitiboen baitan, hala nola, sexualitatea, eromena eta ezagutza euren infraestrukturen erro gisa daukatenak. Kritika honek demostratu zuen sujekzioa edozein foro linguistikotako subjektuen botere formakuntza dela eta iraultza ezin dela klaseen arteko botere inbertsio bat bezala ulertu.
  • Antonio Gramsci: hegemoniaren kontzeptua bultzatu zuen, Estatuak eta klase dominanteak kultura eta ideologia klase dominatuaren onespena lortzeko erabiltzen dutela argudiatuz.
  • Thomas Hill Green: pentsalari liberal modernoa eta askatasun positiboaren aldekoa.
  • Jürgen Habermas: teoriko eta soziologo demokratiko garaikidea, esfera publiko, ekintza komunikatibo eta demokrazia deliberatibo bezalako kontzeptuetan aitzindaria. Bere lehen lanetan Frankfurteko Eskolaren eragin sakona ikusten da.
  • Friedrich Hayek: planifikazio zentrala ez zela eraginkorra argudiatu zuen, izan ere, organo zentraletako kideek ezin zuten nahikoa ezagutza kontsumitzaileen zein langileen nahiak berdintzeko momentuko baldintzetan. Hayeken ustez, plangintza ekonomiko zentrala, sozialismoaren oinarri bat, botere arriskutsudun estatu “total” bat ekarriko zuen. Merkatu libreko kapitalismoaren alde egin zuen, non Estatuaren paper nagusia legearen inperioa mantentzea eta ordena garatzea litzatekeen.
  • Georg Wilhelm Friedrich Hegel: historiaren “zuhurtasuna” sakondu zuen, historiak bide arrazionala jarraitu zuela esanez; Marx, Kierkegaard, Nietzsche eta Oakeshottengan eragina izan zuen.
  • Thomas Hobbes: generalean gizarte hitzarmenaren kontzeptuaz hitz egiten lehena kontsideratzen da. Honek gobernatzaileek ekintzak justifikatzen ditu (gobernatutako biztanleen nahi indibidualen kontra joanagatik ere) eta subiranotasunaren kontzeptuarekin lotuta dago.
  • David Hume: John Lockeren eta beste pentsalari batzuek gizarte hitzarmenaren teoria kritikatu zituen, mito batean oinarritutako teoria zela argudiatuz. Hume errealista zen Estatuak sortzeko indarra behar zela aitortzean, gobernatuen onespena guztiz hipotetikoa dela esateaz gain. Bestalde, utilitate kontzeptua sartu zuen, beranduago Jeremy Benthamek garatu zuena.
  • Thomas Jefferson: Estatu Batuetako Ilustrazio garaiko politikari eta teorialari politikoa. Thomas Paineren filosofia zabaldu zuen, bere herrialdean errepublikanismoari tresnak emanez. Ospetsua Estatu Batuetako Independentzia Aldarrikapenagatik da.
  • Immanuel Kant: argudiatu zuen gizarte zibilean egiten den parte hartzea ez dela autopreserbaziorako egiten (Hobbesek esan bezala), betebehar moral gisa baizik. Betebeharraren egitura eta esanahia guztiz aztertu zuen lehen pentsalari modernoa izan zen. Horrez gain, munduko bakea mantentzeko erakunde internazional baten beharra azaldu zuen.
  • Piotr Kropotkin: pentsalari anarkista klasikoetako bat, anarkokomunismoaren teorialari garrantzitsuena izateaz gain.
  • John Locke: Hobbesen antzera, gizarte hitzarmenaren teoria deskribatu zuen, egoera naturalean biztanlek dituzten oinarrizko eskubideetan oinarritua. Balio moralak gobernuaren autoritatearengandik independienteak eta banatuak dituen gizarte bat hartu zuen oinarri. Gobernuak jabetza pribatua babesteko botere mugatua izatea defendatu zuen.
  • Niccolò Machiavelli: sistematikoki aztertu zuen herrialde baten onespena nola negoziatzen den gobernatzaileen bitartez eta euren artean, gaitasun natural edo teologiko bat baino gehiago gizartearen egituragatik. “Ideologia” kontzeptuaren aitzindaria izan zen, mandatuen eta eskubideen egitura epistemologiko bat artikulatu zuelarik.
  • James Madison: estatubatuar politikari eta teorialaria, Amerikako Estatu Batuetako Konstituzioaren aitatzat hartzen da. Botere banaketan sinesten zuen eta banakoaren eskubideak gehiengoaren tiraniatik babesteko kontrol medioak proposatu zituen.
  • Herbert Marcuse: Ezker Berriaren aita gisa hartzen da. Frankfurteko Eskolako pentsalari nagusietariko bat izan zen eta garrantzizko pieza Sigmund Freud eta Karl Marxen ideiak fusionatzeko. “Desublimazio errepresibo” kontzeptua sartu zuen, non kontrol soziala ez den kontrol zuzenaren bidez soilik gauzatzen, desiraren manipulazioaren bitartez ere bai. Bere obra “Eros eta zibilizazioa” eta gizarte ez-errepresibo baten ideiak 1960ko hamarkadan eta garaiko mugimendu kontrakulturaletan eragin handia izan zuten.
  • Karl Marx: neurri handi batean, gizartea, kultura eta ekonomiaren ulerkerara dimentsio historikoa ekarri zuen. Ideologiaren kontzeptua ekintza sozialak konfiguratu eta kontrolatzen dituzten sineskera gisa ulertu zuen. Klasearen natura gobernabilitate mekanismo eta interakzio sozial gisa aztertu zuen. Komunismoaren bere teoriarekin mundu mailako politikan eragin sakona izan zuen.
  • Mentzio: eskola konfuzianoko pentsalari garrantzitsuenetariko bat, lehen teorialaria izan zen argudio zentzudunak ematen gobernatzaileek gobernatuekin izan behar dituzten betebeharren inguruan.
  • John Stuart Mill: Benthamen ideietatik haratago doa pentsamendu demokratiko liberalaren oinarriak errepasatzean; liberalismo modernoa klasikoari kontrajarrita hausnartzen du. Utilitarismoaren markoaren baitan banakoaren askatasunen inguruan aritu zen.
  • Montesquieu: Estatuaren banaketa “botereen oreka” baten bitartez egitean honek herria nola babesten duen aztertu zuen.
  • John Rawls: filosofia politiko normatiboaren azterketak berritu zituen unibertsitate angloamerikarretan bere liburu Justiziaren Teoria-ren (1971) bidez. Obra honetan gizarte hitzarmenaren teoriaren bertsio bat erabiltzen du justiziaren inguruko oinarrizko galderei erantzuteko eta utilitarismoari kritika egiteko.
  • Mozi: eskola mohistaren sortzaila izan zen, kontsekuentzialismoaren forma baten alde egin zuena.
  • Friedrich Nietzsche: XX. mendeko korronte politiko desberdin askoren gain eragina izan zuen filosofoa, hala nola, marxismoa, anarkismoa, faxismoa, sozialismoa, libertarismoa edota kontserbadurismoa. Nihilismoko pertsonaia garrantzitsua da. Bere interpreteak bere filosofiaren edukiaren inguruan eztabaidak izan dituzte.
  • Robert Nozick: Rawls kritikatu zuen, eta libertarismoa babestu zune, Estatuaren eta jabetzaren historia hipotetiko bati erreferentzia eginez.
  • Thomas Paine: bere obretan demokrazia liberala, Amerikako Iraultza eta Frantziar Iraultza defendatu zituen Ilustrazioko idazlea izan zen.
  • Platon: dialogo luze bat idatzi zuen, Errepublika, non hiri/estatu baten antolakuntzaren inguruko bere filosofia politikoa azaldu zuen. Ongi absolutua lortzeko gobernadoreak errege-filosofoak izan beharko lirateke haren ustez.
  • Pierre-Joseph Proudhon: anarkismo modernoaren aitatzat hartzen da, zehazki mutualismoa.
  • Murray Rothbard: anarkokapitalismoaren teorialari nagusia eta Eskola Austriarreko ekonomista.
  • Jean-Jacques Rousseau: gizarte hitzarmena gehiengoaren nahi bat bezalaaztertu zuen. Gainera, demokrazia absolutuaren alde egin zuen, herria subiranoa izanik.
  • Ayn Rand: objektibismoaren abiarazlea izanik, kapitalismo oso baten eta laissez-faireren alde egin zuen. Randen arabera, gobernuaren paper egokia banakoaren eskubideak babestea da, ekonomian parte hartu gabe. Gobernua ekonomiatik banatu behar da, erlijioarengandik banatu den bezala.
  • Carl Schmitt: nazionalsozialismoari lotua dagoen politika teorialari alemana, lagun/etsai desberdintasunaren eta salbuespen egoera kontzeptuak garatu zituen. Eragin handiena izan zuten liburuak 1920 inguruan idatzi ziren arren, 1985era arte jarraitu zuen idazten, hau da, hil zen arte. XX. mendeko filosofia politikoan eragin sakona izan zuen, Frankfurteko Eskolaren barnean zein beste intelektual batzuen artean, esate baterako, Jacques Derrida, Hannah Arendt eta Giorgio Agamben.
  • Sokrates: filosofia politiko okzidentalaren sortzailea kontsideratu ohi da, garaiko atenastarrengan izan zuen ahozko eraginagatik; izan ere, Sokratesek ez zuen inoiz ezer idatzi. Beragandik dakigunaren zati handi bat bere ikasle famatuenarengandik dator, Platon, alegia.
  • Baruch Spinoza: egoismo arrazionalaren lehen analisia aurkezten du, non “ni”-aren interes arrazionala arrazoi puruarekin adostasuna lortzea baita. Spinozaren pentsamoldean, banako bakoitza arrazoimenak gidatzen duen gizarte batean, autoritate politikoa ez litzateke funtsezkoa izango.
  • Max Stirner: anarkismoaren barneko pentsalari garrantzitsua eta anarkismo indibidualista bezala ezagutzen den azpi korrontearen ordezkari nagusia.
  • Leo Strauss:  arrazoimenaren gehiegizko autosufizientzia bat hautematen zuen filosofia politiko modernoan, hala nola, arau moral eta politikoen baitan oinarri filosofiko okerrak. Horren ordez, garaiko arazoei erantzuna aurkitzeko pentsalari premodernoetara itzuli beharko ginatekela esan zuen. Bere filosofiak neokontserbadurismoa formatzen lagundu zuen.
  • Henry David Thoreau: pentsalari estatubatuarra; pazifismoa, anarkismoa, anbientalismoa eta desobedentzia zibila bezalako posizio politiko eta gaien inguruan hitz egin zuen. Bere idatziek Martin Luther King, Mahatma Gandhi edo Lev Tolstoi bezalako figurengan eragina izan zuten.
  • Voltaire: Ilustrazioko idazle, poeta eta filosofoa izan zen, askatasun zibilak defendatzeagatik ezaguna, kultu askatasuna eta merkataritza askea barne.
  • Bernard Williams: filosofo moral britainiarra, bere obra postumoa In the Beginning Was the Deed: Realism and Moralism in Political Argument, Raymond Geussen obrekin batera, errealismo politikoko oinarrizko lan kontsideratu dira.  

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Political Philosophy: Methodology | Internet Encyclopedia of Philosophy. (Noiz kontsultatua: 2022-04-08).
  2. (Ingelesez) Honderich, Ted, ed. (2005-01-01). The Oxford Companion to Philosophy. Oxford University Press  doi:10.1093/acref/9780199264797.001.0001/acref-9780199264797. ISBN 978-0-19-926479-7. (Noiz kontsultatua: 2022-04-08).
  3. «Political Philosophies and Political Ideologies». Patriotic Elaborations: Essays in Practical Philosophy (Montreal y Kingston: McGill-Queen's University Press). 2009. SSRN 1755117
  4. (Gaztelaniaz) «Comunitarismo: un pensamiento político posmoderno» Aceprensa 1995-03-21 (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  5. «Economic Manuscripts: Capital Vol. I - 1873 Afterword» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]