Urano (mitologia)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Uranoren zikiratzea, Giorgio Vasari eta Christofano Gherardiren freskoa, 1560 ingurukoa (Sala di Cosimo I) Palazzo Vecchio, Florentzia.

Mitologia klasikoan, Urano[1] (antzinako grezieraz Οὐρανός Ouranos, "zerua", latinez Uranus itzulia) zeruaren jatorrizko jainkoa da. Greziar mitologian, Gea, Ama Lurraren seme eta senar bezala pertsonifikatua zen. Biak izan ziren greziar jainko gehienen arbasoak, baina zuzenean Uranori eginiko gurtza bakar bat bera ere ez zen mantendu garai klasikoa arte, eta jainko hau ez da agertzen antzinako zeramika greziarreko ohiko gaien artean. Hala ere, Lurra, Zerua eta Estigia, deitze solemne batean elkar zitezkeen epika homerotarrean.

Greziar gehienek, Urano jatorrizko jainkotzat (protogenos) hartzen zuten, eta ez zizkioten gurasorik ematen. Filosofoen eraginpean, Zizeronek De natura deorum lanean, Eter eta Hemera antzinako jainkoen ondorengoa zela diote, Airearena eta Egunarena, alegia. Ereserki orfikoen arabera, Urano, gauaren jainkosa Nixen semea zen. Erromatar mitologian, bere baliokidea, Caelus da (caelum hitzetik, latinez "zerua" esan nahi duena).

Sorkuntza mitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorkuntza mito olinpiarrean, Hesiodok bere Teogonian kontatzen duen bezala. Urano gauero joaten zen lurra estaltzera eta Gearekin elkartzera, baina izan zituen seme-alabak gorrotatzen zituen. Hesiodok, sei titanak eta sei titanideak, Hekatonkiroak, ehun beso eta berrogeita hamar buruko erraldoiak zirenak, eta Ziklopeak, begi bakardun erraldoiak aipatzen ditu. Uranok, Gearen seme-alabarik gazteenak Tartaroan giltzaperatu zituen, sakontasunen eta iluntasunaren mundua. Baina Geak maite zituen, eta, ondorioz, sukarrizko igitai bat egin eta bere seme-alaba titanei laguntza eskatu zien Uranotaz mendekatzeko. Soilik Kronosek, titanen artean gazteena zenak, bete zuen bere eginbeharra: bere aita segada batean harrapatu zuen eta igitaiarekin zikiratu zuen, horren ondoren sexu organoak jaurtiz. Mitoak dioenez, honen bidez, Zipre uhartea sortu zen.

Hauen odolak (edo haziak, bertsioen arabera) Lurra zipriztindu zuenean, Erraldoiak sortu ziren (beranduago, jainkoek Heraklesen laguntzarekin suntsituak), Eriniak (Furia mendekatzaileak), Meliadeak (lizarretako ninfak), eta, egile batzuen arabera, baita Telkinak ere. Kronosek, itsasora bota zuen igitaia (Korfu uhartea sortu zuena, beste bertsio batzuek, odoldutako igitaia lurperatua izan zela eta hortik, uharte horretan bizi zen feaziarren tribu mitikoa sortu zela kontatzen duten bitartean), eta Uranoren sexu organoak, Afrodita jainkosa sortu zen bits bat eratu zutena. Urano tronutik kendu ondoren, Kronosek Tartaroan giltzaperatu zuen Ziklope eta Hekatonkiroekin batera, hauen beldur ere bazelarik.

Geak eta Uranok, orduan, Kronos bera, bere seme-alabetako batek botako zuela iragarri zuten, eta, honela, titana, bere patua eragotzi nahian, bata bestearen atzean, izaten zituen seme-alaba guztiak irensten hasi zen. Zeusek, bere ama Reak pentsatutako engainu baten bidez, patu hau eragotzi zuen, eta bere aita bota zuen.

Urruneko jatorriko antzinako mito hauek, heleniarren gurtzetan ez ziren islatzen. Uranoren funtzioa, iragandako garai bateko garaitutako jainkoarena da, benetako denbora hasi aurreko garai batekoa. Bere zikiratzearen ondoren, Zerua ez zen berriz Lurra estaltzera joan, baizik eta bere tokia hartu zuela eta "jatorrizko gurasoak euren amaierara iritsi ziren". Urano, ia ez zen giza itxurakotzat ere hartzen, zikiratzearen mitoko sexu-organoez aparte. Soilik zerua zen, antzinakoek, brontzezko ganga arkutu edo sabai bat bezala hartzen zutenak, finko eutsia (edo ardatz baten biratua) Atlas titanak. Homerotar olerkietan, ouranos, batzuetan, Olinpoarentzako alternatiba bat da jainkoen egoitza kolektibo bezala; gertakari jakin bat, Iliadaren I. liburuaren amaieran izango litzateke, Tetis itsasotik sortzen denean Zeusekin honako hau erregutzeko: "itsasoko olatuen artetik irtenez, goizean goiz igo zen zeru handira eta Olinpora, eta Kronion luzebegiralea, aparte eseria ikusi zuen". "Olympus, ia beti, egoitza horrentzat erabiltzen da, baina ouranosek, sarri, gure gainean dagoen zeru naturalari erreferentzia egiten dio, jainkoak han bizi izateari erreferentziarik egin gabe", adierazi zuen William Salek, jainkoen lehen egoitza, benetako Olinpo mendia izan zela ondorioztatuz, nondik, Homeroren garaiko tradizioak zerura, ouranosera eraman zituen. VI. menderako, Afrodita Urania (zerutiarra) bat Afrodita Pandemosengandik (jende guztiarena) bereizia zenean, ouranosek, soilik zeru esfera bera esan nahi zuen.

Interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Astrologian, Uranok, norbanakoaren erabakitze ahalmena eta independentzia izpiritua irudikatzen ditu.

Urano eta Varuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georges Dumezilek Urano greziarra eta kultura maila indoeuropar primitiboagoko Varuna vedatarraren arteko identifikazioaren defentsa zuhur bat egin zuen. Dumezilen identifikazioa, bi jainkoek banatutako elementu mitikoena, neurri handi batean, interpretazio linguistikoetan oinarritzen zen, baina ez zuen amankomuneko jatorri bat proposatzen, Robert Gravesek eta beste batzuk ulertu zuten bezala, Ouranos izenaren identifikazioa Varuna hinduarekin, neurri batean proposatutako erro indoeuropar batean, *-uer "lotu" zentzuarekin (Varunak gaiztoak lotzen ditu, Uranok Ziklopeak), protogrezierazko *worsanos, protoindoeuropar *wers errotik, "hezetu", "tantakatu" (euriari erreferentzia eginez) etimologia balizkoago ikusten dutenek erabat baztertzen dute.

Sukarriaren testuinguru kulturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igitaia sukarrizkoa, izatearen xehetasuna, brontze edo burdinazkoa beharrean, mitografo greziarrek mantendu zuten, baina erromatarrek ez zuten ezagutu. Sukarri zatiak jartzen ziren zurezko edo hezurrezko igitaietan aho moztaile bezala Neolito garaiaren amaieran, Brontze Aroa hasi aurretik. Igitai horiek, askoz beranduago arte mantendu ahal izango ziren, metala gai tabua zen erritualetan, baina xehetasun honek mitemaren antzinatasuna iradokitzen du.

Emazteak eta seme-alabak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uranok izan zituen seme-alaba guztiak, Gearekin izan zituen, Afrodita izan ezik, Kronok bere aita zikiratu eta erauzitako sexu organoak itsasora bota zituenean jaio zena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Urano (mitologia) Aldatu lotura Wikidatan