Kronos

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Kronos
Antzinako Greziako erlijioa eta Greziar mitologia
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
BaliokideakSaturno eta Saturn (en) Itzuli
Familia
AitaUrano
AmaGaia
Ezkontidea(k)Rea
Bikotekidea(k)Heimarmene (en) Itzuli eta Evonyme (en) Itzuli
Seme-alabakZeus, Hestia, Hades, Poseidon, Demeter, Hera, Enyalius (en) Itzuli, Kiron, Dolops (en) Itzuli, Eriniak, Moirak, Krio eta Doloncus (en) Itzuli
Anai-arrebakRea, Japeto, Hiperion, Temis, Tea, Ozeano eta Tetis

Greziar mitologian, Krono[1] edo Kronos[2] (antzinako grezieran Κρόνος Krónos deitua, Cronus latinez)[3][4] Gaia (lurra) eta Uranoren (zerua) ondorengo jainkotiar ziren titanen lehen belaunaldiko figura nagusia zen (bai eta gazteena ere zenbait mitoren arabera). Kronok haren aita Urano tronutik kendu eta Urrezko Aro mitologikoak iraun artean mantendu zuen bere gobernu aldia, ostera seme zuen Zeusengandik uzkailia izan zelarik eta ordainetan Tartarora[5] kondenatua edo Eliseo Zelaien[6] paradisua zaintzera bidalia.

Maiz, igitai edo sega antzeko bat eskuan zuela irudikatu ohi zen, zeina bere aita Urano zikiratu eta tronugabetzeko armatzat erabili zuela kontatzen baitzen. Atenasen, hilak hamabi betetzen zituen aldiro (Hekatombaion), Kronia izeneko festa bat antolatzen zen Kronoren omenean uzta ospatzeko, hain zuzen ere, Urrezko Aro bertutetsuarekin izan zuen harremana medio, uztaren ugazaba izaten jarraitzen zuela iradokitzen baitzen. Antzinate klasikoan Krono Saturno erromatar jainkoarekin ere identifikatua izan zen.

Mitologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hesiodoren Teogonia lanean jasotako antzinako mito baten arabera, Kronok inbidia zion bere aita Uranoren botereari, unibertso osoko agintari zelarik berau. Halako ahalmena galduko zuenaren beldurrez, Tartarora kondenatu zituen ehun besoko Hekatonkiroak eta Ziklope begibakarrak, Gaiaren seme gazte erraldoiak alegia, sekula argirik ikusi ez zezaten. Amorruak jota, Gaiak harrizko igitai handi bat sortu eta Krono eta bere anaiak bildu zituen Urano zikiratzeaz konbentzitzeko.[7]

Giorgio Vasari: Uranoren mutilazioa Saturnoren (Krono) eskutik.

Krono baino ez zen prest agertu amaren eskaera betetzeko, eta hartaz, elkarrekin ekin zioten amarrua antolatzeari.[8] Unea heltzean, Gaiak Uranorekin bat egin eta Kronok, igitaia eskuan, erasoa jo zuen, aitari genitalak moztu zizkiolarik ostera itsasora jaurtitzeko. Uranok isuri zuen odolak bat egin zuen jarraian lurrarekin eta handik sortu ziren orduan Gizandiak, Eriniak eta Meliadeak. Barrabilek lerde zuri bat jariatu zuten ondoren eta handik azaleratu zen Afrodita jainkosa.  

Urano garaitu bezain pronto, Kronok beste behin kartzelaratu zituen Hekatonkiroak eta Ziklopeak, eta Kanpe herensugea ezarri zuen gotorlekuaren zaindari. Bera eta bere arreba nagusiago zen Rea ezkondu, eta munduko tronuaren jabe egin ziren errege-erregin moduan. Kronoren agintaldia luzatu zen garaiari Urrezko Aroa deritzo, orduan bizi izan zen jendeak ez baitzuen inongo arau eta legeren beharrik izan; ongia baino ez zen garaikoen eginkizunetan, eta immoralitaterik ez zen ezagutu.

Baina, Uranok tronua semearen eskutik galdu zuen era berean, Kronok ongi zekien bere agintea ere ondorengoren batek kenduko ziola. Profezia bete ez zedin, jaio ahala irentsi zituen Reak eman zizkion Demeter, Hestia, Hera, Hades eta Poseidon seme-alaba jainkotiarrak. Seigarren haurra sortu zenean, Zeus, Reak Gaiarengana jo zuen hura eta bere anai-arrebak salbatzeko plan baten eske, modu honetan baino ezin izango ziotelarik Kronori aurre egin.

Reak isilpean erditu zuen Zeus Kretan, eta pixoihaletan bildutako harri bat eman zion Kronori, Onfalos Harria ere esaten zaiona, eta azken honek, bere semea zelakoan, berehala irentsi zuen hura ere.

Reak ezkutuan mantendu zuen Zeus Kretako Ida mendiko kobazulo batean. Istorioko bertsio batzuen arabera, Amaltea izeneko ahuntzak hazi zuen, Koribante talde batek, gizonezko dantzari armatuak, garrasi egin eta txalo jotzen zuen bitartean haurraren negar ohikoak ez zitzen Kronoren belarrietara heldu. Beste zenbait bertsioren aburuz, Adamantea ninfak hezi zuen Zeus, zeinak azken hau zuhaitz batean loturiko soka batetik zintzilik ipini zuen, lurra, itsasoa eta zeruaren artean dilindan, hura guztia aitaren erreinua izanik. Azken bertsio batzuek ordea, Zeus bere amona Gaiak hazi eta hezi zuela diote.

Behin Zeus nagusitzean, eta unea heldurik, Gaiak okagarri bat eman zion Kronori irentsarazi ziezazion, bere urdaileko edukia kontrako ordenean askatzera behartuz: lehenik harria, zeina Pythora eraman baitzen, Parnaso Mendi azpiko aranera, bizidun hilkorren ohartarazpenean. Haren ostean etorri ziren Zeusen bi neba eta hiru arrebak. Kondairaren beste bertsio batzuen arabera, Metisek eman zion okagarria Kronori.

Anai-arrebak Kronoren atzaparretatik askatu ondoren, Hekatonkiroak eta Ziklopeak jaregin zituen Zeusek. Ordainetan, begibakarrek hiru opari eskaini zizkieten jainkoei: tximistak Zeusi, hiruhortza Poseidoni eta iluntasun-kaskoa Hadesi. Gauzak horrela, Titanomakia gisa ezagutzen den gerla luze bati eman zitzaion hasiera, non Zeusek, bere neba-arreben eta Hekatonkiro zein Ziklopeen laguntzaz Krono eta beste Titanak garaitzea lortu baitzuen. Bataila honen ostean, Titanetako ugari Tartarora kondenatuak izan ziren. Alabaina, Ozeano, Helios, Atlas, Prometeo, Epimeteo eta Mentios ez ziren kartzelaratuak izan Titanomakiaren ostean. Gaiak Tifon munstroa hots egin zuen ziegara eramandako Titanen mendekua aldarrikatzeko.

Saturno (Krono) bere semeetako bat irensten. Fracisco Goyaren margoa.

Kronoren destinuaren inguruan mintzo diren kontakizunen artean bada ezerdintasunik. Testu homerikoen arabera, beste Titanekin batera dago Tartaron preso. Poema Orfikoek diotenez berriz, Nyx haitzuloan dago katigatua betiko. Pindarok ordea, Tartarotik askatu zela deskribatzen du, eta Zeusek Eliseo Zelaietako errege izendatu zuela. Beste bertsio batean, Titanek Tartaroko Ziklopeak askatu zituzten, eta Kronok haien arteko errege titulua jaso zuen, Urrezko Aro bati hasiera emanez. Virgilioren Eneidan[9] Saturnok (Krono) ihes egin, eta errege gisa igotzen da Latiumera, Jupiter (Zeus) bere semeak garaitu ondoren.

Robert Graves-ek[10] aipatzen duen beste kontakizun batean, zeinak Tzetzes mitografo bizantziarraren esanak jarraitzen dituela baieztatzen baituen, Zeusek Krono zikiratu zela esaten da, lehenago honek bere aita Uranorekin egin zuen bezala. Hala eta guztiz ere, seme bat bere aita zikiratzearen gaia, edota zikiratze hutsaren gaia bera, arbuiatua izan zen luzaz mitografo greziarrengandik eta kontakizunetatik ezabatu zen kristau garairaino (Tzetzesek idatzi zuen arte alegia).

Diodoro Sizialoaren Libiako kontakizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diodoro Siziliakoak Libiako kontakizun batean dioenaren arabera, Urano eta Titaea izan ziren Krono, Rea eta beste Titan guztien guraso. Ammon, Libiako errege zena, Rearekin ezkondu zen gerora. Reak baina konpromisua hautsi eta bere neba gazteago zen Kronorekin ezkondu zen ostera. Reak bultzatuta, Kronok eta gainontzeko Titanek gerra deklaratu zioten Ammoni, zeinak ihes egin baitzuen Kretara. Gogor gobernatua zuen orduan Kronok eta ordainetan, Ammonen semen zen Dionisiok gerra deklaratu zion, tronutik botatzera heldu zelarik, eta haren ordez Zeus izendatu zuen Egiptoko agintari. Dionisiok eta Zeusek indarrak batu zituzten gainerako Titanak garaiatu ahal izateko, eta saiakeran Dionisio hil zenean, Zeusek haren erresuma denak jaso zituen oinordetzan, eta hala munduko jaun bihurtu.

Orakulu Sibilinoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orakulu Sibilinoetan ere Kronoren berri ematen da, batez ere hirugarren liburuan, zeinaren arabera Urano eta Gaiaren semeak ziren Krono, Titan eta Japetok Lurraren heren bat jaso zuten, eta Krono gauza denen errege bilakatu zen. Uranoren heriotzaren ostean, Titanen semeak Krono eta Rearen ondorengo gizonezko guztiak erailtzen saiatzen dira sortu bezain pronto, baina Dodonan, Reak hiru haur erditzen ditu sekretuan: Zeus, Poseidon eta Hades, eta Frigiara bidaltzen ditu hiru kretiarren zaintzapean. Titan egoeraz jabeturik, hirurogei soldadu bidaltzen ditu Krono eta Rea espetxeratzera, arestiko hiru semeak gerra deklaratu eta borrokatzera behartuz. Kontakizun honek ez du aipatzen Kronok aita hil zuenik, ez eta seme-alabarik hiltzen saiatu zenik.

Beste kontakizun batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cornelis Cornelisz van Haarlem. Titanen erorketa.

Diotenez, Krono Kiron zentauro jakintsuaren aita zen. Kiron, Kronok Filira Ozeanidearekin izan zuen harremanetik sortu zen, zeina gerora ezki batean bilakatua izan zena.[11][12][13] Titanak hazitarakoaren itsura bereganatu eta hala harremandu zen ninfarekin, horrela azaltzen da erlazio horretatik sortutako semea erdi gizaki erdi zaldi izatearena.[14][15] Antza denez Pelion Mendian jazo zen halako gertakaria.[16]

Esaten denaren arabera, baliteke Kronok eta Filirak beste bi seme eduki izana: Dolops eta Aphrus, Aphroi-en, hau da, Afrikako natiboen, arbaso eta eponimo.[17]

Zenbait kontakizunetan, Krono Koribanteen aitatzat hartzen da.[18]

Izena eta mitologia konparatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinatean, Krono Chronos bezala interpretatu ohi zen zenbaitetan, denboraren pertsonifikazioa izanik bigarren hau.[19] Zizeron filosofo erromatarrak (K.a. I mendea) Cronus izen grekoa chronos (denbora) terminoaren sinonimo zela argudiatzen zuen, urtaroen zikloak mantentzeaz arduratzen zen heinean.[20]

Plutarko (K.a. I mendea) biografo eta historialari greziarrak baieztatu zuen greziarrek Krono χρόνος (denbora) terminoaren izen alegorikoa zela pentsatzen zutela.[21] Platon filosofoak, bere Cratylus lanean Krono izenari bi interpretapen posible dagozkiola dio: Lehenik eta behin bere izenak κόρος (koros) esan nahi duela, bere adimenaren nolakotasun puru (καθαρόν) eta orbangabea (ἀκήρατον).[22] Eta bigarrenik bai Rea eta bai Kronori erreka izenak eman zitzaizkiela (Rea - ῥοή (rhoē) eta Krono - Xρόνος (chronos)).[22] Gerora, Proklo (K.o. V. mendea) filosofo neoplatonikoak, Kronoren inguruko gogoeta sakon bat egiten du bere Platonen Cratylus lanare Komentarioa lanean: besteak beste esaten du gauza guztien “Kausa Bakarra” “Khronos” (denbora) dela, zeinaren bigarren adier Krono den.[23]

Izenaz gain baina, Kronok bere seme-alabak jaten dituela kontatzen duen istorioa “denboraren” alegoria moduan ere interpretatua izan da. Teoria honen arabera, Kronok gauza guztiak irensten dituen denboraren hondamen suntsitzailea irudikatzen zuen.[24]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Krono terminoa erabilia: Giuseppina Sechi Mestica (1998). Diccionario de mitología universal. Ediciones AKAL. 65 or. ISBN 9788446002185. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Pierre Grimal (2008). Diccionario de la mitología griega y romana. España: Editorial Paidós. 120 or. ISBN 9788449322112. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Eric M. Moormann; Wilfried Uitterhoeve (1997). De Acteón a Zeus. España: Ediciones AKAL. 87 or. ISBN 9788446006763. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Jenny March (2008). Diccionario de mitología clásica. España: Editorial Critica. 1 or25. ISBN 9788474236934. 2012ko martxoaren 26an berrikua. Carlos García Gual (2003). Diccionario de mitos. España: Siglo XXI de España Editores. 95 or. ISBN 9788432311277. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Geoffrey Stephen Kirk (2006). El mito. Editorial Paid p. or 223. ISBN 9788449319280. 2012ko martxoaren 26an berrikusia.
  2. Kronos terminoa erabilia: Arthur Cotterell (2008). Mitos Diccionario de mitología universal. España: Editorial Ariel. 177 or. ISBN 9788434434899. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Arthur Cotterell (2008). Mitos Diccionario de mitología universal. España: Editorial Ariel. 1or77. ISBN 9788434434899. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Nadia Julien (2008). Enciclopedia de los mitos. Ediciones Robinbook. 1 or29. ISBN 9788496746305. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Rafael Fontán Barreiro (1998). Diccionario de la mitología mundial (6º edición). España: EDAF. p. 363. ISBN 9788441403970. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Germán Flores (2005). Breve diccionario de mitología grecolatina. Colombia: Editorial CEC. p. 43. ISBN 9789803881771. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. José Carlos Bermejo Barrera; Francisco Javier González García; Susana Reboreda Morillo (1996). Los orígenes de la mitología griega. Ediciones AKAL. pp. 47-8, 56, 61, 68, 71, 83, 117. ISBN 9788446005803. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Fernando López Trujillo (2008). Breve Historia de la Mitología Griega. Ediciones Nowtilus. p. 59. ISBN 9788497635479. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Nadia Julien (2008). Enciclopedia de los mitos. Ediciones Robinbook. p. 129. ISBN 9788496746305. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Rafael Fontán Barreiro (1998). Diccionario de la mitología mundial (6º edición). España: EDAF. p. 363. ISBN 9788441403970. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Germán Flores (2005). Breve diccionario de mitología grecolatina. Colombia: Editorial CEC. p. 43. ISBN 9789803881771. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. José Carlos Bermejo Barrera; Francisco Javier González García; Susana Reboreda Morillo (1996). Los orígenes de la mitología griega. Ediciones AKAL. pp. 47-8, 56, 61, 68, 71, 83, 117. ISBN 9788446005803. 2012ko martxoaren 26an berrikusia. Fernando López Trujillo (2008). Breve Historia de la Mitología Griega. Ediciones Nowtilus. p. 59. ISBN 9788497635479. 2012ko martxoaren 26an berrikusia.
  3. Ramón José Sender (1980). Cronus y la señora con rabo. Destino. p. 108. ISBN 9788423310739. Ramón José Sender (1980). Cronus y la señora con rabo. 2012ko martxoare 27an berrikusia.
  4. Zenbait autorek, Andrew Lang esaterako, Cronos gisa izendatu ohi dute, latina edo greziera ez den forma batean beraz, Robert Brown-ek azpimarra zuen bezala: Semitic Influence in Hellenic Mythology (1898). 112–13 orr.
  5. Según la Iliada de Homero Iliadaren eta Hesiodoren Teogoniaren arabera.
  6. Pindaroren Oden arabera.
  7. Hesiodo, Teogonia, 154–166 orr.
  8. Hesiodo, Teogonia 167–206 or.
  9. Virgilio. "VIII Liburua, 323 ff". Aeneid.
  10. Graves, Robert, Hebrew Myths 21.4
  11. Tzetzes, Lycophron, 1200
  12. Plinio Zaharra, Natural History, 7. 197
  13. Eskolio, Apolonio Rodaskoa, Argonautica 2.1235 Pherecydes zitatzen.
  14. Apolonio Rodaskoa, Argonautica 2. 1231 ff
  15. Eskolio, Apolonio Rodaskoa, Argonautica 1. 554
  16. Callimachus, Hymn 4 to Delos 104 ff
  17. Suda s.v. Aphroi
  18. Strabo, Geographica 10.3.19
  19. Κρόνος: Cronos — Gerora chronos (denbora) gisara errepresentatua: LSJ entry Κρόνος
  20. Cicero, De Natura Deorum 25
  21. Gizon hauek [egipziarrak] greziarrak bezalakoak dira, zeinak Kronos χρόνος (denbora) hitza izendatzeko modu metaforiko bat dela dioten. Plutarko, On Isis and Osiris, 32
  22. a b Platon, Cratylus, 402b
  23. Proklo, Commentary on Plato's Cratylus, 396B7
  24. Dronke, Peter. (koor.) Marenbon, John. Poetry and Philosophy in the Middle Ages, Leiden, Herbeereak. BRILL, 2001; 316 or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]