Verano azul

Wikipedia, Entziklopedia askea
Verano azul
Deskribapena
Atalak19 atal (denboraldi bat)
Produkzioa
Iraupena60 minutu
KateaTVE

Verano azul (euskaraz "Uda urdin") TVE telebista kateak ekoiztu eta Antonio Mercero lasartearrak zuzendutako espainiar telesaila bat izan zen.

1981eko urriaren 11a eta 1982ko otsailaren 14aren artean lehebiziko aldiz TVE1 katean igandero eta arratsaldeko 16:05etan aireratu zen, Espainia mailan berehalako arrakasta eta ikusle kopuru handia izan zuelarik, harrez gero behin eta berriz berraireratu delarik, espainiar kultura herrikoian ikur edo telesaila oso ezaguna bilakatuz. Espainiatik at ere hainbat herrialdeetan aireratu zen: Hegoamerika, Portugal, Frantzia, Jugoslavia, Bulgaria, Polonia eta Txekoslovakia.

Telesaila bai diru nahiz denbora aldetik aski garestia izan zen, 19 atal izan zituen, aurretik 1979ko abuztuaren amaiera eta 1980ko abenduaren artean Malagako probintziako kostaldeko Nerja udalerri eta turismogunean filmatu zen.

Argumentua

Telesaila Andaluziako Costa del Sol eskualdeko kostaldeko udalerri batean girotua dago (nahiz eta telesailan inoiz aipatua ez zen, Nerja udalerria izan), bertan udaldiko oporrak igarotzen ari diren haur eta nerabeez osatutako lagun koadrila baten abenturak eta gertakizunak azaltzen dira.

Adin ezberdinetako bost mutil eta bi neskez osatutako lagun koadrila bat da, gutxi gorabehera zortzi eta hamasei urte artean, haien inguruan bi heldu dabiltzalarik: emakume margolaria eta erretiraturako itsasgizona.

Musika

Telesaila honek Joan Baez estatubatuar No nos moverán ("Ez gaituzte mugituko") eta Dúo Dinámico abeslari bikotearen Amor ("Maitasuna") abestiak gazteen artean nahiz espainiar ikusle guztien artean ospetsu bilakatu zituen.

Pertsonaiak/Aktoreak

Nagusiak

  • Chanquete (Antonio Ferrandis), lur lehorrean, hots, herriko muino batean dagoen La Dorada 1ª izeneko itsasontzian bizilekua duen itsasgizon zaildu eta erretiratua. Azkenaurreko atalean hilko da.
  • Tito (Miguel Joven), berez Francisco izena du eta lagun koadrilako kide bihurri eta gazteena da. Antzeztu zuen aktoreak, Miguel Joven, filmaketa unean 6 urte eta erdi besterik ez zituen. Piraña delakoaren adiskidemina eta Bearen anaia.
  • Bea (Pilar Torres), Titoren arreba, taldeko neska ederra da, Javi eta Pancho taldekideak haren maitasunarengatik lehiatuko dira.
  • Javi (Juan José Artero), taldeko liderra edo buruzagia da. Harroa eta independientea, maiz bere aitarekin talka egin ohi du, hura esku gogorra eta balore zaharren zalea baita.
  • Pancho García (José Luis Fernández), bere osaba-izebekin herrian bizi da eta haien dendako banatzaile gisa lan egin ohi du. Berez herrikoa den gazte taldeko kide bakarra da.
  • Piraña (Miguel Ángel Valero), berez Manolito izena du, baina bere janzalekeriaren erruz denek Piraña ezizenaz deitu ohi dute. Sasijakintsua eta kultua da, bai eta Titoren adiskidemina ere.
  • Quique (Gerardo Garrido), Javiren lagunik onena da, bi mutil nagusiago eta bi txikienen artean kokatzen da, berez nahiko pertsonaia desitxuratua da, maiz besteen protagonismoak itzalpean mantentzen dutelarik.
  • Desi (Cristina Torres), Bearen adiskidemina eta guraso dibortziatuen alaba da, garai haietan erabateko gauza berria zen familia egoera zelarik: bere gurasoak dibortziatuak izatea gainontzeko gazteen gurasoen esamesen jomuga izan ohi da, garai hartan dibortzia legeztatu berria baitzen.
  • Julia (María Garralón), herrian udako oporraldian dagoen emakume margolari bakarti bat da. Atal batean bere bakardadearen zergatia argitaratzen da: alegia, duela bi urte bere senarra (Carlos) eta alaba (Esther) trafiko istripu batean hil izana.

Bigarren mailakoak

  • Agustín (Manuel Tejada), Bea eta Titoren aita, gizon lasaia eta bere umeekin beti patxadaz solaserako prest agertzen da.
  • Carmen (Elisa Montés), Bea eta Titoren ama.
  • Javier (Manuel Gallardo), Javiren aita, bere negozioek asko axola eta izaera autoritarioa duen gizona da, halere gizon ona da eta Javi asko maite du.
  • Luisa (Helga Liné), Javiren ama.
  • Nati (Ofelia Angélica), Pirañaren ama.
  • Cosme (Manuel Brieva), Piraña aita.
  • Frasco (Fernando Sánchez Polack), Chanquete dominora jokatzera joan ohi den tabernako nagusia da, bai eta Chanqueteren lagun onenetakoa ere.
  • Epifanio (Roberto Camardiel), herriko alkatea.
  • Floro (Lorenzo Ramírez), herriko udaltzaina, ezizenez Barrilete, gorpuzkera bikaineko gizasemea baita.
  • Mercedes (Concha Leza), Quiqueren ama.
  • Enrique (Fernando Hilbeck), Quiqueren aita.
  • Pilar (Concha Cuetos), Desiren ama, Desiren aita eta bere senar-ohia den Jorgerengandik (Carlos Larrañaga) dibortziatua dago.
  • Jorge (Carlos Larrañaga), Desiren aita. 'El visitante' ("Bisitaria") delako atalean bakarrik agertzen da.
  • Mari Luz (Esther Gala), Desiren izeba, bere ahizpa Pilar eta hiloba Desirekin bizi da. Bere koinata Jorge ez du inolaz ere jasaten.

Kanpo loturak