Élisabeth Vigée Le Brun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Élisabeth Vigée Le Brun
Self-portrait in a Straw Hat by Elisabeth-Louise Vigée-Lebrun.jpg
Bizitza
Jaiotza Paris1755eko apirilaren 16a
Herrialdea  Frantzia
Heriotza Paris1842ko martxoaren 30a (86 urte)
Familia
Aita Louis Vigée
Ezkontidea(k) Jean-Baptiste Le Brun  (1775eko abuztuak 7 -
Seme-alabak
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzak frantsesa
Irakaslea(k) Louis Vigée
Gabriel Briard
Ikaslea(k) Marie-Guillemine Benoist
Hortense Haudebourt-Lescot
Lanbidea
Lanbidea margolaria eta salonnièrea
Lan nabarmenak Q15723876
Marie Antoinette with a Rose
Marie Antoinette and her children
Kidetza Académie royale de peinture et de sculpture
Mugimendua Rokokoa
Neoklasizismoa
Genero artistikoa erretratua
Vigée-Lebrun-Signature.png

Élisabeth Vigée Le Brun (Marie Élisabeth Louise Vigée; Paris, 1755eko apirilaren 16a - ibidem, 1842ko martxoaren 30a) margolari frantsesa izan zen. XVIII. mendeko emakumezko margolaririk garrantzitsuena kontsideratzen da.

Bere estilo artistikoa orokorrean Rokokoaren ondorengotzat hartzen da, nahiz eta askotan estilo Neoklasikoa jarraitzen zuen. Dena den, Vigée Le Brun ezin daiteke artista guztiz neoklasikotzat hartu. Izan ere, Marie Antoinette erreginarentzat erretratugile bezala lan egin zuen bitartean, Vigée Le Brunek modu guztiz rokokoan jardun zuen, bai koloreen baita estiloaren aukeraketan ere.

Vigée Le Brunek guztira 660 erretratu eta 200 paisai inguru egin zituen. Marraztu zituen pertsonen artean, Frantziako Marie Antoinette erregina eta bere familia, Katalina II.a Errusiakoa enperatriza eta bere familia, Prusiako errege familia, Poloniako azken erregea, Lord Byron poeta ingelesa, eta garaiko printze eta noble asko aurkitzen dira [1]. Arte bilduma pribatuez gain, bere lanak Hermitage museoan, Louvre museoan, Londresko National Galleryn eta Europako nahiz Estatu Batuetako museo desberdinetan aurki daitezke.


Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Élisabeth Vigée Parisen jaio zen, 1755ko apirilaren 16ean. Bere gurasoak, Louis Vigée (erretratugilea) eta Jeanne Maissin (ile-apaintzailea) izan ziren [2]. Anaia gazteago bat zuen, Louis Jean Baptiste Etienne, 1758an jaioa.

Autoerretratua 16 urterekin, 1771?

Élisabethek 3 hilabete zituenean, gurasoek Épernon ondoko etxalde batera bidali zuten, eta zenbait urtez bertan bizi izan zen, emakume nekazari baten zaintzapean [3]. Bospasei urte zituela, gurasoek Couvent de la Trinite komentura bidali zuten.

Bertan 7 urte inguru igaro ondoren, Parisera itzuli zen bere familiarekin bizitzera. Aitaren agindupean margoketa eskoletara joaten hasi zen, eta aitak alaba bere margo eta arkatzekin esperimentatzen uzten zuen [4]. Dena dela, Élisabethek aitarekin hilabete gutxi eman ahal izan zituen, hura 1767ko maiatzean hil zen eta. Aitarengandik marrazketarekin lotutako lehen ikaskuntzak jaso zituen arren, bere memorietan Élisabethek txikia zenetik margoketarekiko lotura berezia sentitu zuela azaltzen du [5]:


« Nire haurtzaroa, nire bizitza osoaren irudia da, margoketarekiko sentitzen dudan maitasuna nire umezaroan azaldu baitzen. 6 urte nituela gurasoek barnetegi batera bidali ninduten, eta bertan 11 urte bete arte egon nintzen. Urte horietan zehar, edonon eta edonoiz zirrimarrak egiten nituen; nire koadernoak, baita nire ikaskideenak ere, buruen marrazkiekin, buru osoak, perfilean, dekoratzen nituen orrien bazterretan. Logelaren paretan aurpegiak eta paisaiak marrazten nituen koloretako klarionekin. Beraz, erraza da imajinatzea noizero zigortzen ninduten ura eta ogia jatera. Kanpoan igarotzen nuen denbora libreaz baliatuz, burura etortzen zitzaidan edozein irudi marrazten nuen lurrean. Zazpi edo zortzi urte nituela, argiontzi baten laguntzaz gizon bizardun baten marrazkia egin nuen, oraindik gordetzen dudana. Nire aitak marrazkia ikusi zuenean, zorionez beterik oihukatu zuen: “Margolaria izango zara neska!".  »

Élisabethen aita hil eta hilabete gutxira, bere ama Jacques-François Le Sevre izeneko urregin aberatsarekin ezkondu zen. Ondorioz, familia Errege Jauregitik gertu zegoen apartamendu batera joan zen bizitzera. Élisabethek marrazketa eta margoketarekin jarraitu zuen, bilduma pribatuetako margo-lanak kopiatuz eta senide desberdinen erretratuak eginez, inongo maisuren irakaskuntzarik gabe trebatuz. Hiru urteren barruan, 15 bat urte zituela, erretratuak modu profesionalean egiten hasi zen [6]. Beranduago, Luis Filipe II.a Orleansko Dukearen emaztea Élisabethen bezero bihurtu zen, eta garai honetan margolariak Gabriel François Doyen, Jean-Baptiste Greuze, Joseph Vernet eta garaiko beste maisuen aholku eta laguntza jaso zituen.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizentziarik gabe margoketan lan egiteagatik, 1774ean bere estudioa konfiskatua izan zen, eta ondorioz Academie de Saint Luc-eko kide izateko eskaera egin zuen [7]. Zenbaitetan Saint Luc-eko aretoan bere lanetako batzuk erakutsi arren, erakusketa ofiziala urte horren amaieran egin zuen, akademiako kidea izateko onartua izan ondoren.

Autorretratua bere alaba Julierekin, 1786

1775ean bere familiarekin apartamendu berri batera bizitzera joan zen, non garai horretan Jean Baptiste Pierre Le Brun (1748-1813) izeneko artista eta arte merkataria bizi zen. Le Brunek Élisabeth gaztearengatik interes handia erakutsi zuen eta bere bildumako margolan desberdinak kopiatzen utzi zion. Hurrengo urtean, Jean Baptiste eta Élisabeth ezkondu egin ziren [8]. Gainera, Élisabethek bere lehenengo errege-enkargua jaso zuen, erregearen anaia zen Proventzako kondearen eskutik. Urte hauetan, Élisabeth garaiko noblezia margotzen eta modan zeuden areto desberdinetan maiztasunez erakusketak egiten hasi zen [9]. 1780ko otsailaren 12an, Jean Baptisten eta Élisabethen alaba jaio zen: Jeanne Julie Louise, “Julie” (1780-1819) [10].

1781ean, margolaria eta bere senarra Flandes eta Herbehereetara bidaiatu ziren, non flandriar artisten margolanek teknika berriekin probatzeko inspiratu zuten. Bertan, noble desberdinen erretratuak egin zituen, baita Nassauko printzearena ere.

1784ean, Élisabeth bigarren aldiz haurdun geratu zen, baina zoritxarrez haurra galdu egin zuen [11]. Hurrengo urtean, Academie Royal-eko aretoan itzelezko hainbat margolan erakutsi zituen, kritika gehienak atseginak izan zirelarik [12].

1787an, bere autoerretratuetako batekin eskandalo publiko txikia sortu zuen, bere burua aho irekiarekin irribarre egiten irudikatu baitzuen –garai horretako margoketa arauak hautsiz-. Mémoires secrets gorteko berriketa-egunkariak hau zioen eskandaloari buruz:

« Artistak, artezaleak eta gustu oneko pertsonak asmo hori gaitzesteko batu gara. Gainera, antzinako garaietan aurrekaririk ez duen zerbait, irribarre egitean (Madame Vigée- Lebrunek) hortzak erakustea izan da.[13]  »


Marie Antoinette erreginarekin harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marie-Antoinette Frantziako erregina bere seme-alabekin' Vigée Le Brunen eskutik', 1787

Élisabethen karrerak gora egitearekin batera, 1778an Versaillesko jauregira gonbidatua izan zen Marie Antoinette erreginaren babespean. Urte honetan, margolariak erreginaren lehenengo erretratua egin zuen. Erregina hain pozik zegoen margolariaren lanarekin, hurrengo 6 urteetan Élisabethek errege familiaren 30 erretratu baino gehiago egin zituela, sarritan Marie Antoinetten erretratugile ofizialtzat hartua izan zelarik. Élisabethek erreginaren irudia hobetzen lagundu zuen, Marie Antoinette bere seme-alabekin irudikatuz eta publikoari erreginaren gertuagoko irudi bat eskainiz, majestateak garai horretan jaso zituen prentsa eta kritika txarrei aurre egiteko. Bere aldetik, erreginaren laguntza eta eragina ezinbestekoak izan ziren Élisabeth Frantziako Académie Royale de Peinture et de Sculpture-an onartua izan zedin, hau 1783an gertatu zelarik. [14] Izan ere, hasiera batean Élisabeth akademian onartzeari uko egin zioten, itxuraz bere senarra arte merkataria zelako. Baina, azkenean, Luis XVI.a erregeak Élisabeth onartzeko agindua eman zuen, Marie Antoinette bere senarra margolariaren alde jokatzera bultza zuelako. Élisabethek akademiarentzat erretratu asko aurkeztu zituen arren (horien artean La Paix qui ramène l'Abondance margo historiko-alegorikoa), akademiak ez zuen bere lana arte mota edo estilo zehatz batean kokatu, ez historian ezta erretratugintzan ere. 1789an, Alexander Kucharskyk gorteko margolari bezala ordezkatu zuen.

Frantziako Iraultzaren ostean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1789ko urrian, Parisko jendetzak Versaillesko jauregia indarrez hartu eta errege familia atxilotzearekin batera, Élisabethek bere alaba hartu eta Italiara ihes egin zuen [15]. Hasiera batean bere intentzioa Frantziara itzultzea zen arren, 12 urte erbeestean igaro zituen, Italian, Austrian eta Errusian, noble eta errege familia desberdinentzat lan egiten. Bere izena erbesteratuen zerrendara gehitu zenez, Frantziako hiritar bezala bere eskubide guztiak galdu zituen. Gainera, bere ondasunak Gobernu Iraultzailearengatik konfiskatuak izateko agindu zen. 1792ko abuztuan, Jean Baptiste Pierre Le Brunek bere emaztearen izena erbesteratuen zerrendatik kentzeko eskari formala egin zuen, baina ezezkoa jaso zuen [16]. Le Brun-ek bere emaztearen eskubideen alde borrokatzen jarraitu zuen arren, kartzelatik pasa ondoren, 1794ean dibortzioa eskatu zuen, gehienbat bere burua eta bere ondasunak babesteko asmoz [17].

Italia (1789-1792)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1789ko azaroan Erromara iritsi ondoren, Élisabeth Academie de France-n finkatu zen. Hurrengo urtean, Florentziako Uffizi museorako autorretratu bat egin zuen. Erroman, bere margolanek arrakasta handia izan zuten kritikoen artean, eta Erromako Accademia di San Luca-ko kide izateko onartua izan zen [18].

Austria (1792-1795)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milanen (Italia) zegoela, Austriako enbaxadoreak Élisabeth Vienara joateko konbentzitu zuen, bere aurrekari monarkikoak zirela eta, irabazi handiak lortzeko aukera izango zuelakoan. Austriako hiriburura iritsi eta gutxira, hiriko inguruetan etxe bat alokatu zuen. Vienan izan zituen bezero gehienak Austriako eta Poloniako nobleak izan ziren [19].

Errusia (1795-1801)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiako Alexandra eta Elena Pavlovna, Vigée Le Brunen eskutik, 1796

1795eko ekainean, Élisabeth San Petersburgora iritsi eta Neguko Jauregitik gertu etxe bat alokatu zuen. Errusian, Élisabethek bertako familia inperiala, noble garrantzitsu asko eta Poloniako azken erregea erretratatu zituen. Hauek, euren aldetik, margolaria babestu eta behar zuen guztia eskaini zioten. Ondorioz, 6 urteen buruan dirutza nahiko handia bildu zuen [20]. Estetika frantsesa Errusian nahiko mirestua zen arren, onargarria zenaren eta ez zenaren inguruan kultura-desberdintasunek eragin esangarria zuten. Izan ere, Katalina Nagusia enperatriza ez zen pozik agertu, hasiera batean, Élisabethek bere bilobak ziren Elena eta Alexandra Pavlovnaz egin zuen erretratuarekin, soinekoen mahukak agerian uzten zuen azal zati handiegia zela eta. Katalinari atsegina ematearren, Élisabethek mahukak luzeagoak gehitu zizkien margolaneko soinekoei, lanean bere estilo bereizgarria islatuz. Katalina Nagusiak Élisabethen lana hainbeste atsegin izan zuen, erretratu bat egiteko berarentzat esertzea onartu zuela. Zoritxarrez, Katalina apoplexia batek jota hil zen 1796ean, Élisabeth erretratua egiten hasi baino lehen [21].

1798an, Élisabethen bi margolan San Petersburgotik Parisko aretora bidali ziren. Hurrengo urtean, Frantziako Direktorioko sesio batean, 8 artistek 255 artista, idazle eta zientzialariek sinatutako dokumentu bat aurkeztu zuten Élisabeth Vigée Le Brunen alde [22].

1800ean, bere senar ohiaren eta lagun askoren borroka luzearen ondorioz, Élisabethen izena iraultzaren aurkako erbesteratuen zerrendatik behin betiko ezabatu zen, Frantziara itzultzeko aukera berreskuratu zuelarik. Urte horretan ere, San Petersburgoko Arte Ederretako akademiako kide bezala onartu zuten [23].

Itzulera erbestetik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte askoren ondoren, 1802an Élisabeth Frantziara itzuli zen. Dibortziatua egon arren, Le Brun hotelean instalatu zen [24]. Margolariaren harremana Napoleon I.aren erregimen berriarekin ez zen guztiz atsegina izan, ziurrenik Élisabeth monarkiko sutsua eta Marie Antoinette erreginaren margolari ohia zelako.

Europako elitearen eskakizunei erantzunez, 1803an Élisabethek Ingalaterrara bidaiatu zuen, eta bertan Britainia Handiko zenbait pertsona ospetsuren erretratuak marraztu zituen, Galeseko Printzearena eta Lord Byron idazlearena, besteak beste. 1807an, Suitzara bidaiatu eta Genevako Société pour l'Avancement des Beaux-Arts-eko ohorezko kide izendatu zuten.

Azkeneko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berrogeita hamar urte zituela, Élisabethek margoketan oraindik oso modu aktiboan jarduten zuen. 1809an Louveciennesen etxe bat erosi zuen, eta bertan bizi izan zen, gerra garaian Prusiako armada bere etxeaz jabetu zen arte. 1819an, Élisabethen alaba bakarra, Julie, hil egin zen [25]. 1835ean, bere bi iloben laguntzarekin, Élisabethek bere memoriak idatzi zituen [26]. 1841ean, artistak apoplexia bat sufritu zuen, ikaragarri ahul utzi zuena [27]. 1842ko martxoaren 30ean, Élisabeth Vigée Le Brun Parisen hil zen, arteriosklerosi batengatik ziurrenik [28]. Louveciennes-eko hilerrian lurperatuta dago, bere etxe ohitik gertu. Bere hilarriko epitafioan honela irakur daiteke: Ici, enfin, je repose... (Hemen, azkenean, atseden hartzen dut).

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]







Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Élisabeth Vigée Le Brun Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]