13/13 Sumarioa

Wikipedia, Entziklopedia askea

13/13 Sumarioa Espainiako Auzitegi Nazionalak zuzendutako prozesu judizial bat da, euskal presoen abokatuen edo horien elkartasun sareetan ibilitako zazpi pertsona epaitzen ari dena. Prozesurako abiapuntua 2010ean izan zen Guardia Zibilak Bilbon eta Donostian egindako atxiloketa eta miaketa batzuetan. Makroprozesua 2021eko uztailaren 12an hasi zen.[1] Ángela Murillo du epaile.

Espainiako Auzitegi Nazionala Madrilen

Auzipetutako batek baino gehiagok torturak salatu dituzte, testigantza gogorrak emanez, baita torturak egiaztatuak izan ere Istanbul Protokoloaren arabera. Bestalde, Demokrazia eta Giza Eskubideen Aldeko Europako Abokatuen Elkarteak (ELDHk) prozesua bertan behera uzteko erreklamatu du, prozeduran askotariko irregularitateak atzeman ondoren eta berme judizialak urratu direla argudiatuta. Prozesuan, Juan Mari Jauregi Egia auzoko donostiarra eta prozesatua hil zen gaitz baten ondorioz.

11/13 Sumarioko gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

11/13 Sumarioaren kontrako manifestazioa Bilbon (2014)

2014eko urtarrilaren 8an, Guardia Zibilak Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta beste zazpi pertsona atxilotu zituen, euskal presoekin ETAko ordezkari lanak egiten zituztelako akusaziopean. Atxiloaldiaren ondoren, espetxeratuak izan ziren.[2] 2013tik, 46 lagun atxilotu zituzten 2016ko urtarril arte euskal presoen aldeko elkartasunagatik. Denak sumario berean sartu zituzten: 11/13 Sumarioan.[3]

Zuluetak eta Enparantzak erabateko bakartze baldintza gogorretan izan ziren espetxeratuak, salbuespenekoak izaten diren neurrien arabera, beste presoekin harremanik izateko aukerarik gabe, artean ere espetxealdi prebentiboan izanik ere. Maider Alustiza Jon Enparantzaren emazteak 500 eguneko erabateko bakartze egoera horren azalpen xehea eman zuen.

Une batean, fiskalak Zulueta eta Enparantzaren patua epaileek ez, baizik eta "ministroek" erabakiko zutela ere adierazi zuen.[4] Alfonso Zenon haien abokatuak legez kanpokotzat jo zuen haien egoera 2014ko apirilean.[2] Guardia Zibilaren interbentzioak, haren miaketek eta atxiloketek instrukzio bati eta 11/13 Sumarioari eman zioten hasiera.

Epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auziaren oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herriko hainbat pertsonaren kontra ETArekin lotura izatea egotzita hasitako prozesu judiziala da. Epailearen aurreko ikustaldiak Espainiako Auzitegi Nazionalean 2021eko uztailean hasi arren, Madrilen, prozesuak 2010ean egindako atxiloketa batzuetan du abiapuntua. Ángela Murillo du epailea. Akusatuen erruztapena Guardia Zibilaren beraren txostenetan oinarritzen da. Epaiketaren bigarren saioan 2021eko uztailaren 14an, akusatuek tortura lekukotzak eman eta salatu dituzte.[5]

13/13 sumarioan, zazpi abokatu epaitu ziren: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre eta Nerea Redondo. Juan Mari Jauregi, abokatu izan gabe ere, auzipetuta zegoen; hala ere, ez zen epaitua izan, osasun arazoak zirela tarteko;[6] 2021eko irailean, Jauregi, atxiloketan torturak salatu zituena, gaitz batek jota hil zen.[7] Guztiek ukatu zuten delako Halboka egiturarekin edo ETArekin harremanik izatea. Fiskaltzak 12 urte bana eskatzen ditu Zulueta eta Enparantzarentzat; gainerakoentzat, berriz, 7 urtetik 10era eskatu zituen,[8] guztira, 77 urte.[9]

Grande Marlaska egungo Espainiako barne ministroak agindutako polizia operazio batean atxilotu zituzten akusatuak. Guardia Zibilak ikerketa 2008ko maiatzaren 20an egin sarekada batean Lopez Peñari atzemandako paperen ondorioz hasi zela azaldu du; harekin batera beste pertsona batzuk atxilotu zituzten. Guardia Zibilak 120.000 dokumentu atzeman zituen. Guardia Zibileko poliziek adierazi dutenez, auzipetuek Halboka izeneko egitura batean parte hartzen zuten, aktibo zegoena, eta ETAren "fronte juridiko" batez hitz egin zuten, ustez erakundearen aldeko abokatuek osatua.[6]

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztaileko ikustaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lopez Peñaren paperez gain, prozesuaren abiapuntua CNIren interbentzioa da. Guardia Zibileko agenteak 2021eko uztailaren 14an adierazi zuenez, Guardia Zibilak informazio bat eskatzen zion CNIri, eta Espainiako Zerbitzu Sekretu horiek kidego armatuko talde horri pasarte jakin bat edo agiri zati bat bidaltzen zion, eta ez osorik; prozedura horrek ez zuen kontrol judizialik.[10] Hala Ángela Murillo epaimahaiburuak nola defentsak kexua agertu zuten Guardia Zibileko agenteak lekuko gisa deklaratu ordez peritua balitz bezala deklaratu duela.[11]

Agente horrek segurtatu zuen bera zela txostenaren egilea, baina bera ez zela miaketan egon, eta bidaltzen zioten informazioen arabera ondu zuela; defentsak, Jone Goirizelaia abokatuaren ardurapean, gaineratu zuen agentea egon ez zen miaketa bateko lekuko lana egiten ari zela.[11] Bigarren agente batek Arantza Zulueta eta Zuriarrainen bulegoaren eta etxebizitzen miaketetan parte hartu zuen eta, horien lekukotza eman zuen, aurkitu eta atzemandako materialari buruz hainbat xehetasun aletuz. Adierazi zuenez, haien bulego eta etxeen miaketan arraroa iruditu zitzaion gailu informatiko batzuk tokiz kanpo aurkitu izana, adibidez, koadro baten atzealdean edo komuneko kutxa batean.[11]

Iraileko ikustaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021eko irailaren 8an, berriz hasi ziren epaiketako ikustaldiak. Domingo Arizmendi Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko orduko dekanoak adierazi zuen deitu egin ziotela abokatuen Hernaniko bulego batean miaketak egingo zizutela jakinarazteko. Arreta deitu zion oso toki jakinetan miatzen zutela. Lekuko batek ere deklaratu zuen, azalduz hiru egun lehenago mugimendu arraroak sumatu zituela, Guardia Zibilak aldameneko zuhaitz bat zulatu eta gero bulegoko ate parean aritu zirela luzaro zulatzeko makinarekin.[12] Ramon Lasagabasterrek ere hitz egin zuen. 2010ean Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kidea zen, eta Arantza Zulueta eta Naia Zurriarain letraduen bulegoetako miaketetan egon zen, Bilbon eginikoan. Iristean atea zigilatuta zegoela gogoratu zuen, baina aurrez «behartuta». Eta gaineratu zuen: «Sekretu profesionala urratu zen». Epaiketa batzuetako dokumentuak eraman zituztela azaldu zuen, miaketarekin «zerikusirik ez» zutenak.[12]

Datak, txostenak, artxiboak eta izena hartu zituzten hizpide irailaren 23an Espainiako Auzitegi Nazionalean jarraitu zuen 13/13 auziko epaiketan. Guardia zibilek hitz egin zuten berriro, Alfontso Zenon eta Aiert Larrarte abokatuen galderei erantzunez, eta ondotik defentsak eskaturiko bi peritu informatikok hartu zuten hitza. Zenonek eta Larrartek guardia zibilei galdegin zieten ea nola lotzen dituzten Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi auzipetuen izenak ezizen batzuekin, eta polizien askotariko kontraesan eta zehaztasun faltak azaleratu zituzten abokatuek.[13]

Guardia zibiletako batek adierazi zuen, adibidez, Zulueta ezizen batekin lotzen zutela, zeina deitua baitzegoen Parisen 2010eko urtarrilaren 15ean eginen zen bilera batera joateko. Zuluetak Miarritzetik (Lapurdi) Parisera joateko hegazkin txartel bat hartu zuen egun batzuk lehenagorako, baina guardia zibilak onartu zuen ez dutela Zulueta bilera horretara joan zelako frogarik: «Uste dugu zita horretara joateko zela hegazkin txartela, baina zita horretan egon zenik ezin dugu esan, ezta egin zenik ere».[13] Enparantza abokatuaren Hernaniko (Gipuzkoa) bulegoko esku idorgailu batean zegoen zulo batez mintzatu ziren guardia zibilak, halaber. Haien hitzetan, han atzeman zituzten ustez abokatuek euskal presoekin komunikatzeko erabiltzen zituzten mezuak. Zenonek guardia zibilei galdetu zien ea nola zekiten Enparantzak zulo horren berri zuela: «Ezin dugu esan edukia ezagutzen zuenik. Baina bazekien, noski, hor zegoela: esku lehorgailuak ez zuen funtzionatzen».[14]

Enparantzaren etxean atzemandako Zutabe aldizkariez ere galdetu zien Zenonek: ea nola dakiten harenak zirela. Erantzuna: «Atzemandako beste gauzekin testuinguruan jarrita, bazitekeen pertsona horrek argitalpen horiek erabiltzea». Informatikan adituak diren defentsaren perituek deklaratu zuten ondotik, eta informazioa falta zutela nabarmendu zuten. Zehazki, frogetako bat: «Ez dugu eskuratu, eta ez dugu atzeman ebidentzien artxiboan». Jone Goirizelaia abokatuaren galderei erantzunez adierazi zuten, beraz, ezin zutela baieztatu informazio hori «existitzen» denik. Defentsak ikerketan parte hartu zuten agenteek lekuko gisa agertzea eskatu zuten, baina Murillo epaileak errefusatu egin zuen hori; ez ziren agente horien nondik norakorik aurkitu Hain zuzen, defentsak erabakigarritzat jotzen zuen haien lekukotza, haiek prestatu baitzuten Halboka delako txostena.[15] Gabezia hori dela eta, defentsak berriz eskatu zuen epaiketa bertan behera uztea. Ikustaldiak irail amaieran bukatzea aurreikusi bazen ere, Angela Murillo epaileak atzeratu egin zuen.[16] Epaiketa urriaren 29an da segitzekoa.[17]

Elkartasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaiketaren hasiera data ezagututa, herrietan eta hirietan jendea epaiketaren aurkako erantzuna antolatzen hasi zen, baita auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazteko ekitaldiak ere. 2021eko ekainaren 26an eserialdia egin zuten Donostiako Egia kalean eta, epaiketa hasi baino bi egun lehenago, uztailaren 10ean, Donostian eta Bilbon manifestazioak egin zituzten.

Epaiketa irailean zen amaitzekoa, eta uztail erdialdean epaiketaren kritikariek iragarri zuten irailaren 12. egunean manifestazio bat egingo zela Donostian, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian.[18] baita hala egin ere ehunka pertsonen partaidetzaz.[19] Bertan, Julen Zelarain auzipetuak salatu zuen "erakunde publiko eta alderdi gehienak izaten ari diren jarrera", bereziki nabarmenduz tortura lekukotzei buruz agertu zuten isiltasuna, eta Juan Mari Jauregi ekarri zuen gogora ere.[20] 2021eko irailaren hasieran, ekitaldi bat egin zen Zornotzan Saioa Agirreri elkartasuna adierazi eta tortura salatzeko.[21]

Prozesuaren kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EH Bilduko Julen Arzuagak "Dena da ETA" doktrina juridiko-politikoaren 25 urteko ibilbidearen azken ataltzat jo du 13/13 sumarioa, baita politikotzat jo ere, eta larria iritzi dio ETAk sueten iraunkor mugagabea deklaratu eta 10 urtera akusazio gogor hauek aurkeztea.[22] 2021eko uztailaren 19an, Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Europako Elkarteak (ELDHk) irregularitateak egiaztatu ahal izan zituen epaiketan, hala nola Bilbo eta Donostiako abokatuen bulegoko polizia-miaketetako berme falta. Ondorioz, bere kezka azaldu; prozesua bertan behera geratzeko ere erreklamatu zuen.[23]

Azaldu duenez, "Turkian bezala, haien bezeroak ordezkatzeagatik auzipetu eta prozesatu dituzte defentsako abokatuak", BIlbo eta Donostiako bulegoetako Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegiri erreferentzia eginez.[23] Elkarteak gaineratu zuen sekretu profesionala urratu zela miaketa horietan, 2010eko apirilean gertatuak.[24] Elkarteak gaineratu duenez, "Espainiak sistematikoki urratzen ditu abokatuen rolaren oinarrizko printzipioak", haien lana egiten uzten ez dielakoan.[23] Euskal Herriko bi psikologok Saioa Agirre eta Naia Zuriarrainen tortura salaketak egiaztatu eta balioztatu zituzten 2021eko irailaren 27an argitaratu txostenean, Istanbulgo Protokoloaren arabera egiaztapen azterketa egin ondoren.[25]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Iñaut Gonzalez de Matauko Radaren erreportaia Hirutxuloko Hitzan, 2021/07/16. [1]
  2. a b (Gaztelaniaz) «Denuncian que Zulueta y Enparantza padecen un régimen "ilegal" en la cárcel» La Vanguardia 2014-04-24 (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  3. Berria. «BABESARI KOLPEAK» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  4. Alustiza, Maider. «Jon Enparantza eta Arantza Zulueta torturapean, noiz arte?» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  5. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-07-13). «Los testimonios de torturas marcan la segunda sesión del juicio del sumario 13/13» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  6. a b «Guardia Zibilak 2008an Lopez Peñari hautemandako paperetan kokatu du ikerketaren abiapuntua» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-07-14 (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  7. SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-09-03). «Juan Mari Jauregi hil da, 13/13 sumarioan auzipetu zuten Egiako militante abertzalea» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  8. (Gaztelaniaz) «Juzgan a Arantza Zulueta y a otros 8 abogados por el frente jurídico de ETA» La Vanguardia 2021-07-11 (Noiz kontsultatua: 2021-07-20).
  9. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Defentsaren lekukoekin ekinen diote berriz 13/13 auziari, etzi» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  10. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-07-14). «La GC pone a CNI y papeles de López Peña en el origen del informe Halboka» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  11. a b c «Guardia Zibilak 2008an Lopez Peñari hautemandako paperetan kokatu du ikerketaren abiapuntua» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-07-14 (Noiz kontsultatua: 2021-07-17).
  12. a b Alzuru, Jone Bastida. «13/13 auziko miaketetan izandako irregulartasunak salatu dituzte» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  13. a b Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Guardia zibilen kontraerranak azaleratu ditu 13/13 auziko defentsak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  14. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Guardia zibilen kontraerranak azaleratu ditu 13/13 auziko defentsak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  15. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-09-22). «Murillo sigue con el juicio pese a que no se ha citado a agentes del CNI como testigos» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  16. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Guardia zibilen kontraerranak azaleratu ditu 13/13 auziko defentsak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  17. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Psikologoek sinesgarritasuna eman diete Saioa Agirreren eta Naia Zuriarrainen tortura testigantzei» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-27).
  18. Iñaut Gonzalez de Matauko Radaren erreportaia Hirutxuloko Hitzan, 2021/07/16. [2]
  19. Berria. «Ehunka lagunek babesa adierazi diete 13/13koei» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  20. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-09-12). «Manifestación en Donostia contra el 13/13, la tortura y en recuerdo a Juan Mari Jauregi» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-09-25).
  21. SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-09-04). «Torturaren aurkako aldarria, 13/13 sumarioaren epaiketaren aurkako aldarria Zornotzan» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  22. «Hasi da 13/13 sumarioko epaiketa: zortzi akusatu, ETAren "fronte juridikoa" osatzeagatik» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-07-11 (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  23. a b c (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-07-19). «La asociación europea de abogados ELDH reclama que se suspenda el juicio del 13/13» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  24. Urain, Jon O.. «ELDH Europako abokatuen elkarteak kezka agertu du 13/13 auziaren inguruan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  25. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Psikologoek sinesgarritasuna eman diete Saioa Agirreren eta Naia Zuriarrainen tortura testigantzei» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-27).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]