Edukira joan

1917ko Errusiako manifestazio sufragista

Wikipedia, Entziklopedia askea

1917ko Errusiako manifestazio sufragista urte hartako martxoaren 19an Petrograden burutu zen manifestazio feminista izan zen. Manifestazio horretan milaka emakume manifestatu ziren, Behin-behineko Gobernuak emakumeen bozka-eskubidea berma zezan. Kalkuluen arabera, 40.000 bat emakume bildu ziren (Rex Wade edo Richard Stites bezalako historiagileek, okerbidez, manifestazioa martxoaren 20an izan zela diote). Rochelle Goldberg Ruthchilden arabera, “manifestazioaren hasieran, Poliksena Xixkina antolatzaileak, 90 erakundek manifestazioarekin bat egin zutela esan zuen”.

Martxoaren 1ean, Behin-behineko Gobernua osatzeko Dumako Kideen Komiteak eta Sobietak akordioa egin zutenean, Gobernu berriaren programan “bozka unibertsal, parekide, zuzen eta sekretu bidezko Asanblada Konstituziogilea deitzeko hauteskundeak lehenbailehen deitzea” idatzi zuten, baina bertan ez zen emakumeek bozka zezaketenaren inguruan ezer ere esplizitatu. Kontutan izan behar dugu erregimen tsaristaren pe egindako Dumarako hauteskundeetan emakumeek ezin zutela bozkatu, eta hori dela eta, emakumeak eta aktibista feministak kezkatuta zeuden erregimen berrian bozkaren “demokratizazioa” (bozka unibertsala zentsitarioren ordez, eta bozka parekidea klase-ezberdintasuneko bozkaren ordez) “inertziaz” gizonezkoei murriztua izango ote zenaz. Manifestazio honen helburuetako bat hori argitzea eta emakumeen boto-eskubidea ofizialki esplizitatzea zen. Manifestazioaren argudioetako baten arabera “emakumeok lehenak izan ginen askatasunaren aldeko borrokan (otsaileko iraultza Emakumeen Nazioarteko Egunean hasi zen), ez du zentzurik orain Errusia askeak guri bozka eskubidea kentzerik”[1].

Manifestazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manifestazioa Emakumeen Berdintasunerako Errusiar Ligak antolatu zuen. Manifestazioaren buruan Berdintasunerako Ligaren buru Poliksena Xixkina eta Vera Figner iraultzaile historikoa ziren. Manifestazioa, oro har, interklasista zen, klase sozial guztietako emakumeak bildu ziren. Iritzi politikoaren inguruan, bildu ditugun iturrietatik eratorrita, bai liberalak zein sozialista moderatuak (eseristak eta mentxebikeak) zeuden bertan (Emakumeen Berdintasunaerako Emakumeen Liga, oro har, erakunde liberalei lotutako erakunde bat zen). Boltxebikeak ez ziren bertaratu, bi arrazoirengatik: alde batetik manifestazio hau orduko instituzioei eskubideak eskatzean oinarritzen zenez instituzio hauei zilegitasuna ematea ekarri zezakeelako; eta bestetik, orduko emakume boltxebikeen (Kollontai, Armand, Krupskaia) posizioak aztertuz, horiek emakumeen mugimendu interklasisten aurkakoak zirela azaltzen zaizkigulako. (Rochelle Goldberg Ruthchild historiagilearen arabera, “historiografia sobietarrak gutxitan aipatu zuen manifestazioa hau, eta egiten zuenean “burges feminista” bezala deskribatzen zuen”. Bestalde, Richard Stitesen arabera, manifestazioan “Guda garaipenera arte!” bezalako lelo nazionalistak ere agertu ziren). Rochelle Goldbergek beste bertsio bat ematen du: manifestazioan boltxebike bat, “Kollontai, litekeenez” hitza hartzen saiatu zela, baina utzi ez ziotela dio (geroago Kollontaik Fignerri kargu hartu zion adierazpen askatasuna defendatu ez zuelako). Megan Trudell historiagileak esan zuen moduan “boltxebikeek zein mentxebikeek emakumeen askapenaren auziaren inguruan kontzientzia zuten; baina boltxebikeek emakumeen borroka Gobernuaren eta gudaren aukako klase-estrategia batean txertatu zuten, koalizioaren aldeko sozialistek ordea, gudaren jarraipenarekin eta burgesiarekin koalizioa egitearekin inplikatuta zeudelarik, konponbide konkreturik eskaini ezin zutela emakumeen eskubide politikoez soilik mintza zezaketen”. Kollontaik berak manifestazioa pasa eta bi egunetara esan zuen: “Emakumeen Berdintasunerako Ligako emakume burgestxo horiek, Rodziankoren hitz-emateengan konfindatzan jarriz (…) langile emakumeek ordez, badakite eskubideak borrokan lortzen direla[2]”.

Manifestazioa, Petrogradeko Udaletxetik hasi zelarik (bertan hainbat emakumek hitz egin zuten: Poliksena Xixkina, Anna Kalmanovitx, Gorovits-Vlasova, Lidija Doroxevskaia, Marina Korx, Aleksandra Krauze, Marina Lutxinskaia, Aleksandra Rabinovitx, Stefanija Xabad, Jekaterina Xekhepkina eta Olga Zakuta), Nevski etorbide nagusian barrena joan zen, Dumaren eta Sobietaren egoitza zen Tauride Jauregian bukatu zelarik. Xixkina eta Figner kotxe batean zihoazen, manifestazioaren aurretik, eta manifestazioaren zaintza-zerbitzu gisa, moduan, emakume batzuek zaldi gainean zihoazen (Iturri batzuen arabera, Bestuzhev eskolako ikasleak ziren). Musika-banda batek “Marsellaise” ereserkia jotzen zuen. Manifestazioan zeuden pankartek “Emakumerik gabe, sufragioa ez da unibertsala izango”, “Gora askatasunaren alde borrokatu duten emakumeak!”, “Emakumeen tokia Asanblada Konstituziogilean dago” edo “Gora emakumeentzako berdintasuna!” bezalako leloak zeramatzaten. Liubov Gurevitx kazetariaren arabera, “egun hau ahaztezina izango da Errusiaren historian”. Manifestazioaren bukaerako hitzaldian, Xixkinak “Etorkizuneko Gobernuak, bere printzipioen artean, klase-, nazio- eta erlijio-murriztapenak ezabatzea onartu zuen, baina emakumeekiko murriztapenez ezer esatea ahaztu dute. Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeak bozka unibertsal, parekide, zuzen eta sekretuaz egingo direla esan dute, baina emakumeen bozkari buruz ezer esatea ahaztu dute. Errusiar ahizpen borroka gogoan, errusiar emakumeak giza eskubideak, pertsona bezala zor zaizkionak, nahi dituela diot hemen. Populazioaren erdiak bozkatuko duen Asanblada Konstituziogile bat sekula ezin izango da herri osoaren ordezkari iznago, asko jota, erdiarena” esan zuen. “Ez dugu hitz polit gehiagoren beharrik, nahikoa da! Erantzun ofizial eta argi bat behar dugu (…) ez gara joango erantzun hori izan arte!” esaldiarekin bukatu zuen zuen[1].

Instituzioen erantzuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manifestazioaren aurrean, instituzioek nolabaiteko axolagabekeriaz jokatu zuten, “ez-entzunarena” egiten saiatu ziren. Petrogradeko Sobieteko Komite Exekutiboko kideek (organu hau momentu hartan mentxebikeen gehiengoaren pean zegoen), aitzakia ezberdinak erabiliz manifestazioari zuzentzea atzeratu nahi zuten, manifestazioa berez dispertsatzeko asmoarekin (Skobelev mentxebikeak adibidez, “nik ezin dut manifestarien eskarien inguruan batere erabakirik hartu Ispolkomeko beste kideekin kontsultatu gabe”, eta Nikoloz Txkheidze Sobieteko lehendakariak ez zuen hitzik egin nahi “ahotsik gabe geratu zelako”); hala ere, manifestariak joaten ez zirelarik, azkenean atera egin behar izan ziren. Manifestazioan parte hartu zuen Olga Zakuta kazetariaren arabera, Xixkina berak buruz-buru eztabaidatu zuen Sobieteko liderrekin; Rochelle Goldberg historiagile feministaren arabera “Lehen aldiz, masazko mitin batean emakumeen lider bat agertu zen, gizonezko politikariekin buruz-buru konfrontatu zuena”. Azkenean, Nikoloz Txkheidze Petrogradeko Sobieteko lehendakariak agurra bidali zion manifestazioari, honen helburuen aldeko konpromisoa bere eginez. Mikhail Rodzianko Dumako lehendakariak ere manifestazioari sinpatia agertu zion: “Urte askoan izan naiz zemstvoetako aktibista, eta horrek ematen didan esperientziaz diot ondo ezagutzen dudala errusiar emakumeek administrazio-gaietarako duten gaitasuna”[1].

Hurrengo egunean (20an) edo 21ean, Georgi Lvov Lehen Ministroak manifestazioaren ordezkaritza bat hartu zuen. Ordezkaritza horren parte, Figner eta Xixkinaz gain, Ariadna Tyrkova, Maria Pokrovskaia, Anna Xabanova eta Anna Miliukova izan ziren. Lvovek emakumeen boz-eskubidearen alde egin zuen, eskubide hori bermatuko zuela aginduz (Orlando Figesen arabera, Lvoven erreakzioa oso xaloa izan zen, bere gai ideologikoekiko interes falta adierazten zuelarik: “Nola, emakumeek ez dutela boz-eskubiderik? Eta zergatik? Hori oso gaizki dago! Sufragio unibertsalak denentzako balio beharko luke!”). Haatik, Gobernuko denak ez zeuden emakumeen bozka eskubidearen alde: Kanpo Ministro Pavel Miliukov, Gobernuko “gizon indartsu” bezala hartzen ohi zena, emakumeen bozka eskubidearen kontra azaldu zen (nahiz eta bere emaztea manifestazioaren antolatzaileetako bat eta Lvovekin bildu zen ordezkaritzako kide bat, Anna Miliukova, izan)[1].

Manifestazioaren bultzada jarraituz, 1917ko apirilaren 24 eta 27 artean Moskun Emakumeen Biltzar Nagusi bat bildu zen, Emakumeen Berdintasunerako Errusiar Ligak deituta. 300 bat ordezkari bildu ziren Biltzar Nagusi horretan, Anna Miliukova izan zen buru[1].

Aldeko hitzak hitz, Gobernuak ez zuen emakumeen bozka eskubidea aintzatesten zuen legerik garatu, harik eta uztailean Asanblada Konstituziogilerako hauteskunde-deialdi dekretua sinatu arte. Maiatz-ekainean egindako Udal-hauteskundeetan emakumeek ez zuten bozka eskubiderik izan[2].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e «Emakumeen bozka-eskubidearen aldeko manifestazio handia» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).
  2. a b «Emakumeen bozka eskubidearen aldeko manifestazio handia» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).