Pavel Miliukov

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Pavel Miliukov
Pavel Miliukov3.jpg
Ahotsa
Member of the State Duma of the Russian Empire


1918ko Errusiako Batzar Konstituziogileko diputatu

Bizitza
Jaiotza Mosku1859ko urtarrilaren 27a
Herrialdea  Errusiar Inperioa
Heriotza Aix-les-Bains1943ko martxoaren 31 (84 urte)
Hobiratze lekua Batignolles Cemetery
Hezkuntza
Heziketa Q4204467
Hizkuntzak errusiera
Jarduerak
Jarduerak diplomazialaria, historialaria, politikaria eta kazetaria
Lantokia(k) San Petersburgo
Enplegatzailea(k) Chicagoko Unibertsitatea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alderdi Konstituzionalista Demokrata
Signature of Pavel Milyukov.svg

Pavel Nikolaievitx Miliukov (errusieraz: Па́вел Никола́евич Милюко́в, 1859ko urtarrilaren 27agreg./urtarrilaren 15ajul. - 1943ko martxoaren 31) politikari errusiarra izan zen, Alderdi Konstituzionalista Demokrataren buruzagia eta ideologo nagusia izan zen. Ogibidez, historia irakasle izan zen Moskuko Unibertsitatean[1].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraultzailea izan aurretik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasle garaian bere ideia liberalek orduko sistema tsaristarekin nolabaiteko ezinikusia ekarri bazioten ere, 1890an Errusiar Historia eta Zahartzaro Akademiako kide izatea lortu zuen, eta 1895an Moskuko Unibertsitateko Historia irakasle izan zen. Historiagile bezala nazioarteko ospea lortu zuen: Sofiako, Chicagoko eta Bostongo Unibertsitateetan ere klaseak eman zituen. 1905 baino lehenago hainbat aldiz atxilotu zuten[1].

1905an, Alderdi Konstituzionalista Demokrata sortu zuen, honen buru bihurtuz. Alderdiaren programa ere idatzi zuen, bertan monarkia parlamentarioa defendatzen zuen, baina gizonezko sufragio “unibertsal eta parekidearekin” eta parlamentu osoki legegile batekin. 1905eko tsarraren manifestuan, ganbara legegile bat zabalduko zela agintzen zuen, baina ez zuen legegintzaren gaineko botere osoa izango, eta gainera, hauteskundeak gizonezko sufragio ez-parekidearen arabera egingo ziren, hau da, bozka-emailearen klase sozialaren arabera balioko zuen botoak[1].

Alderdi Konstituzionalista Demokratako kideak, praktikoki Miliukoven klase sozialekoak ziren, intelektual burgesak edota zemstvoetako noble liberal batzuk. 1906an aukeratutako Duman ez zen diputatu izan, baina kadeteak alderdi nagusi izan ziren. Tsarrak Duma hori deuseztatu egin zuenean eta kadeteek haren kontra protestatu zutenean, Miliukovek Alderdi Kadetearen Viborgeko Manifestua, non kadeteek parlamentua berrezarri artean herria desobedientzia zibilera deitzen zuten. Hala ere, manifestu horrek ez zuen batere herri-jarraipenik izan, eta kadeteek laster utzi zituzten euren joera desobedienteak[1].

Diputatu lanetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1907an, Rietx (“hitza”) egunkari liberalean idazten hasi zen, eta kanpo arazoei buruzko artikuluek (doinu nazionalista zutenek) ospe handia eman zioten. 1907an bertan diputatu aukeratua izan zen. 1914an, Lehen Mundu Gerra erabat babestu zuen, eta are aliatuekin eginiko itunen erabat aldekoa bihurtu zen; Istanbul (Tsarigrad) konkistatzearen, eta Bosforo Itsasoa eta Dardaneloak kontrolatzearen aldeko bihurtuz (Sazonov Kanpo Ministroaren oso lagun handia ere bihurtu zen). Miliukoven arabera, gerraren inguruan eman zituen hitzaldietan, 1915ko porroten zergatia, tsarraren gobernua traizioaren ertzean aritu izana zen, eta bere arabera gerra irabaztea eta liberalismoa ezartzea, biak bat lotu behar ziren; absolutismoa garaipenerako oztopo balitz bezala. Momentu horietan, Miliukov “estatu-kolpe bigun” baten ideiaren alde jartzen ari zen, monarkia absolutua monarkia parlamentario batengatik ordezteko asmoz.

Otsaileko Iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otsaileko Iraultzaren egunetan ideia horri atxiki zitzaion; bere asmoa Nikolas II.a Errusiakoa beste tsar batek, parlamentarismoa ezarriko zuen tsar batek, ordeztea izan zen, eta ideia horri atxiki zitzaion “Dumako Kideen Behin-Behineko Komitearen” (otsaileko azken egunetan errusiar burgesiaren itzalpeko Gobernuaren proiektua) kide gisa. Miliukov Dumako Kideen Komiteko gizonik garrantzitsuena zen, eta berak zuzendu zituen Petrogradeko Sobietarekin Errusiako Behin-Behineko Gobernua eratu zuten negoziazioak[1].

Otsaileko Iraultzaren ostean, Lvov lehen ministroak Kanpo Arazoetarako Ministro izendatu zuen (nahiz eta Lehen Ministro ez izan, praktikoki Gobernu horretako “gizon indartsua” zen Miliukov). Postu horretatik Lehen Mundu Gerra “bukaeraraino” jarraitzearen aldeko joera izan zuen eta tsarismo “konstituzional” baten berrezarkuntzaren alde egin zuen. Aliatuei Errusiak Lehen Mundu Gerran jarraituko zuela agindu zien eta tsarismoaren gerrarekiko politikari eta konpromisoei eutsi zien (“Miliukov Oharra” deitutako adierazpen ezagunaren bitartez)[1].

Horrek langileen matxinada bat piztu zuen bere dimisioa eskatuz. Bere ospe txarra zela eta, apiril bukaeran dimititu beharra izan zuen (Gobernuak Hezkuntza-ministro postua eskaini bazion ere); nahiz eta Alderdi Kadetearen buruzagitzan jarraitu. Maiatzetik aurrera, Miliukovek zuzendutako alderdi kadeteak eskuineko indarrekin bat egin zuen, Sobietaren kontrako propagandan[1].

Uztaileko Egunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztaileko Egunak izan zirenean, boltxebikeen kontrako jazarpenaren alde agertu zen. Abuztuko estatu-konferentzian, Korniloven posizioak babestu zituen, Gobernuari erreforma atzerakoiak eskatuz, bere alderdiak egin bezalaxe; eta geroago, Kornilov aferan, estatu-kolpea defendatu zuen eta honek Petrogradetik Krimeara lekualdatu beharra ekarri zion[1].

Urriko Iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriko Iraultza Sozialistaren aurka agertu zen eta Errusiako Gerra Zibila izan zenean, Armada Zuriaren aholkulari politiko bezala aritu zen, Alekseiev jeneralaren aginduetara. Miliukovek, zuriek boltxebikeak uzkailtzeko ordura arte Errusiaren etsai izan zen alemaniarrekin bat egin behar izan zutela iradoki zuen, eta 1918ko maiatzean Kievera joan zen alemaniarrekin negoziatzera[1].

Erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrek zurien artean (bere alderdikideen artean baita) ezinegona sortu zuen eta; beraz, 1918ko ekainean Alderdi Kadetearen buruzagitza utzi zuen. Miliukov Frantzian erbesteratu zen, eta han Armada Zuriarentzat babesa lortzen saiatu zen[1].

1922an, Berlinen errusiar eskuin muturrak bere kontrako atentatu bat burutu zuen, Otsaileko Iraultzaren antolatzailetako bat gisa jotzen baitzuten. Miliukov bizirik atera zen, baina bere alderdikide Vladimir Nabokov, izen bereko idazle ezagunaren aita, hil egin zuten[1].

1930ko hamarkada bukaeran, SESBen kanpo politikaren alde agertu zen. Bere azken urteetan, Ipar Euskal Herria, Biarritz konkretuki, maiz bisitatu zuen. 1943ean hil zen.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l Pavel Miliukov, K17 2017-08-01. CC0 Domeinu Publikoa