1981eko Gernikako Batzarretxeko istilua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

1981eko Gernikako Batzarretxeko istilua urte hartako otsailaren 4an izan zen.[1] Juan Karlos eta Sofia Espainiako errege-erreginak aldarrikatuak izan zirenetik, Euskal Herria lehendabizikoz bisitatzen ari ziren eta, egun hartan, Gernikako Batzarretxean ekitaldi solemne bat egitekotan ziren. Horretarako, bertan Euskal Autonomia Erkidegoko senatari eta diputatuak, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzarkideak bildu ziren.

Hasteko Jose Maria Makua Bizkaiko Diputatu Nagusiak, Juan Jose Pujana Eusko Legebiltzarreko mahaiburuak eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak bere hitzaldia eman zuten. Orduan, erregeak bere hitzaldia hastekotan zegoenean, Herri Batasuna eta LAIA alderdien ordezkariek «Eusko gudariak» abesteari ekin zioten ukabila altxatuz. Beste hautetsi batzuk txaloka hasi ziren abestia isiltzeko asmotan. Istiluek luzaro iraun zutenez, segurtasun kideek (Ertzaintza oraindik sortzekotan zegoen) ezkertiar abertzaleak Batzarretxetik egotzi zituzten. Epaileek estatuburuaren aurkako irainak botatzeagatik eta desordena publikoagatik hurrengoak auzipetu zituen: Francisco Letamendia (istiluetan parte hartu ez zuena), Antton Ibarguren, Miguel Castells, Juan Bautista Izagirre, Iñaki Ruiz de Pinedo, Jokin Gorostidi, Jon Idigoras, Jose Ramon Etxebarria, Jose Maria Alix, Bernardo Javier Onaindia, Santiago Brouard, Javier Pérez de Heredia, Xabier Amuriza, Txomin Ziluaga, José Luis Cereceda, Guillermo Pérez López de Letona eta Severino Rodríguez de Yurre (Batzarretxean ez zegoela[2]), Herri Batasunakoak, eta Jose Andres Elosegi eta Martin Jauregi, LAIAkoak.[3][4] Bai Letamendia eta baita Onaindia ere auzi-ihesean epaitu zuten.

1983ko azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak auzipetuak desordena publikoagatik zigortu zituen, irainak botatzeagatik absolbituak izanik. Hala ere, 1986an Espainiako Konstituzio Auzitegia epaia baliogabetu eta epaiketa berriro egiteko agindua eman zuen.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]