Enna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Enna
Italiako udalerria
Enna Alta (1356824462).jpg
Administrazioa
Herrialdea Italia
Eskualdea Sizilia
ProbintziaEnnako probintzia
Posta kodea 94100
ISTAT kodea 086009
Geografia
Koordenatuak 37° 34′ 00″ N, 14° 16′ 00″ E / 37.566666666667°N,14.266666666667°E / 37.566666666667; 14.266666666667Koordenatuak: 37° 34′ 00″ N, 14° 16′ 00″ E / 37.566666666667°N,14.266666666667°E / 37.566666666667; 14.266666666667
Enna hemen kokatua: Italia
Enna
Enna
Enna (Italia)
Map of comune of Enna (province of Enna, region Sicily, Italy).svg
Azalera 358.75 km²
Altuera 931 m
Mugakideak Aidone, Calascibetta, Gangi, Piazza Armerina, Santa Caterina Villarmosa, Valguarnera Caropepe, Villarosa, Agira, Caltanissetta, Leonforte, Assoro, Pietraperzia eta Caltanissettako probintzia
Demografia
Biztanleria 27.586 bizt. (2017-01-01)
Dentsitatea 76,89 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia 0935
Ordu eremua UTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuak Kastoria Itzuli, Llanfair Pwllgwyngyll, Costa del Sol, Għarb eta Żebbuġ
Katastro kodea C342
Sailkapen sismikoa 2 (Ertaina)
Matrikula EN
www.comune.enna.it

Enna (sizilieraz: Castrugiuvanni), antzinako Henna, Siziliaren erdian dagoen udalerria da. Beste ezizen batzuk izan ditu; hala nola, "Belvedere" (bere panoramika ederrengatik) edo Siziliako "ombelico" (zilborra).

Zizeronek Mediterranea maxime izena eman zion. Honekin adierazi nahi zuen, hiria hiru kostaldetako puntu hurbilenetik, egun bateko ibilaldira zegoela. Ennako kokapen berezia antzinako idazleek deskribatu zuten eta egia esan, bada Siziliako nabarmenetariko bat. Mendixka baten gailurrean kokaturik eta amildegiz inguraturik, oso zaila zen konkistatzea, gainera bere sarbideak errazak ziren defendatzeko. Honetaz gain, bazituen hainbat iturritako ur edangarria. Gailurra goi-lautada bat zen perimetroz bost kilometrokoa. Koba sakratu batean Proserpina jainkosa gurtzen zen.

Gaur egun, Ennako probintziaren hiriburua da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar txanponetan testua ageri da; eta greziarretan, berriz, Eennakion. Hiriaren arabiera izena Qas'r Ianni (Jonen gotorlekua) hitz nahasketa bat zen: qas'r (latinezko castrum, «gotorlekua» hitzetik eratorria) eta Ianni, Ennatik eratorria. Hiriak Castrugiuvanni (Castroiovanni) izena izan zuen, harik eta 1927an Benito Mussolinik Enna izenera aldatu arte.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkikuntza arkeologikoek erakusten dute gizakiaren presentzia Neolito Arotik (K.a. XIV. mendea). K.a. XI. mendeko kokalekua, ustezko sikanoa, mendixkaren gainean aurkitu da, geroago sikuloen gunea izan zen.

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magna Graecia

Henna kolonia K.a. 664an Gelako kolonizatzaileek fundatu zuten zonaldeko nekazaritza baliabideak ustiatzekotan. Eztebe Bizantziokoaren ustez sirakusarrek K.a. 654an fundatu zuten, hau da, Sirakusako fundaziotik 80 urtera. Hala ere, Tuzididesek, Sirakusako koloniei buruz idaztean, ez du Henna aipatzen. Egia esan, historian agertzen denean sikuloen hiria zen, ez greziarra.

K.a. 397an Sirakusako Dioniso I.ak hiria kontrolatu zuen. Hiria sirakusarren menpean egon zen K.a. III. mendean erromatarrek konkistatu zuten arte. Dioniso I.a saiatu zen hiria konkistatzen bere garrantzia militarrengatik. Eimmesto enniarraz baliatu zen arrakastarik gabeko estatu kolpe bat emateko. Geroago, laguntza eman zien hiritarrei tiranoaren kontra borrokatzeko. Azkenean, ez dakigu nola, baina hiria okupatu zuen. Agatoklesen (K.a. 317-289) garaian, sirakusar tiranoak, hiria kontrolatzen zuen, baina Afrikara joan behar zuenean, Agrigentokoek zenbait hiri askatu zuten. Enna izan zen horietariko bat (K.a. 309), Jenodiko Agrigentoko buruzagia etorri zenean ateak zabaldu zizkion.

Lehenengo Gerra Punikoan, Enna sarritan aipatu zen; lehenengoan, Hamilkarrek gidatuta, kartagotarrek hiria hartu zutenean eta geroago erromatarrek berreskuratzean. Bi eretitan ez zen indarra erabili, traizioa baino.

Bigarren Gerra Punikoan, Martzelok Sirakusa setiatzen zuen bitartean (K.a. 214), Ennako gobernadoreak, Pinario, irlaren biztanleen kartagotarren aldeko jarrera nabarituz, erromatar goarnizioari agindu zion hiritar guztiak hiltzea. Hau gertatu zen ennatarrek antzokian ikuskizun bat ikusten zuten bitartean. Hilketa gauzatu orduko, hiriari sua eman zion. Laurogei urte eta gero, Enna izan zen Lehen Gerra Serbilean (K.a. 134-132) kuartel orokorra. Matxinada hiri honetan hasi zen Eunoren zuzendaritzapean. Honek hiria kontrolatu ondoren txikizioak egin zituen irlan zehar. Rupilio prokontsulak asmatu zuen irla baretzen eta hiria konkistatu ondoren, populazioa gogor zigortu zuen. Ordutik, hiriaren gainbehera etorri zen.

Zizeronen ustez, erromatar udalerri honetan moskatela ekoizten zen, baina Verresen ordainarazpenak zirela eta oso kaltetuta geratu zen. Estrabonek zioenez, hiri hau biztanle gutxiko zen. Plinio Zaharrak eta Klaudio Ptolomeok, berriz, Siziliako udalerrien kategoriaren artean kokatzen zuten. Enna berriro aipatuta dago Antoninoren Ibilbideetann eta Peutinger taulan. Erromatar Inperioa zatitzean 395ean, Sizilia Mendebaldeko Inperioaren parte bat izan zen. Nicomachi familia ospetsuak Sizilian landa eremuak zituen eta 408an politiko eta gramatikoak Nikomako Flavianok, bere Ennako egoitzan zegoela, lan egin zuen lehenengo hamar Livi liburuetako argitalpenean. Honela idatzita dago Livi eskuizkribuen harpidetzetan.

Ennako panoramika

Erdi Aroa eta ondoko aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren, Ennak garrantzia zuen Erdi Aroan, gehienbat bizantziar gotorlekua zelako. 859an, Siziliako islamiar konkistan, zenbait eraso eta setio luzeren ondoren, sarrazenoak hiriaz jabetu ziren. Horretarako estolderiatik banan-banan sartu ziren hiriko defentsak apurtzeko. Normandiarrek Enna atzeman zuten 1087an. Frederiko II.a Hohenstaufen (1296-1337), Erromako Enperadore Santua eta Siziliako erregea, hiri honetan finkatu zen. Bere agintaldian, 1307an hasi zen katedralaren eraikuntza estilo gotikoan. Ennak zerikusi handia zuen Siziliar bezperetan, Aragoiko irlaren konkistara eraman zutenak. Honen ondoren, Ennak autonomia txiki bat izan zuen. Siziliako Frederiko III.ak lagundu eta edertu zuen hiria. Espainiarren menperaldian gainbehera izan zuen. 1920ean probintziako hiriburua bilakatu zen eta 2002an hiri unibertsitarioa, nekazaritza gune bat izateaz gain.

Mitologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriaren ingurumariak mitologian ezagunak dira Plutonek Proserpina bahitu zuelako. Tokia urmaela da, Ovidiok Pergos deitzen zuen eta Klaudio Pergus, Ennatik 8 kilometrotara. Hantxe dagoen kobazulo batetik, infernuaren jainkoa irteten omen zen. Zizeronek ez zuen urmaela aipatzen ezta Diodoro Sikulok ere, baina kobazuloa bai. Laku txiki baten aztarnak eta kobazuloa oraindik ere ikusgai dira. Legendak zonalde honetan Proserpina eta Zeres gurtza sortarazi zuen. Zizeronen ustez, han bazegoen Zeres gurtzeko oso tenplu zahar eta beneratu bat, Verresek arpilatu zuena. Honek jainkosaren brontzezko estatua, irlaren beneratuena, lapurtu zuen. Ez daude antzinako hiriaren aztarnarik, seguruena arabiarrek gaztelua eta beste eraikin batzuk suntsitu zituzten hiriko zonalde modernoa altxatzeko parterik altuenean.

Ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monumentuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lombardiako gaztelua, seguruena Siziliako militar arkitekturatik adibiderik garrantzitsuena. Antzinean sikanoek eraiki zuten eta Siziliako Frederiko II.ak berreraiki zuen. Geroago, espainiarren garaian zaharberritu zuen. Gazteluari izena badatorkio gotorlekua zaintzen zuen normandiar garaian lombardiar goarnizio batetik. Honek planta irregularra du. Behin, hogei dorre izan zituen. Irauten dutenetatik Torre Pisana da politena. Gaztelua hiru toki harresidunetan banatu zen: lehenengoa, patioa, gaur egun aire zabaleko antzoki lirikoa, non antzezpenak egiten diren. Bigarrenean parke handi bat dago eta hirugarrenean, berriz, badaude antzinako errege apartamentuak, apezpiku-kapera, erdi aroko presondegiak eta Pisako dorrea.
Ennako katedralaren alboa
  • Duomo (katedrala), Siziliako arkitektura erlijiosoaren adibide nabarmena da. Frederiko III.aren emazteak, Eleonorak; XIV. mendean eraiki zuen, baina 1446ko sutearen ondoren guztiz zaharberritu zen. Barroko garaiko fatxadaren gainean, (kolore horiko toba-harriz egina) apaindutako kanpandorre bat dago. Eskuma aldeko ataria XVI. mendekoa da, baina bestea XIV. mendekoa. Katedralaren oinplanoak hiru nabe ditu, korintiar zutabez bananduta daudenak. Eraikin honen buruan hiru abside daude. Estukoz egindako apainketa XVI. eta XVII. mendekoak da. Arte lanen artean badaude: XV. mendean Guglielmo Borremansen Gurutziltzatuaren margo bat, presbiterioko margoak Filippo Paladinirenak dira (1616) eta alboko atari barroko bat. Katedralaren altxorra Alessi Museoan gordeta dago. Beste apainduren artean urrezko eta diamantezko Ama Birjinaren koroa; bizantziar ikonoak, antzinako milako monetak eta beste bilduma batzuk ere.
  • Palazzo Varisanoan Ennako Museo Arkeologiko Erregionala dago. Museoren materiala Kobre Arokotik K. o. VI. mende artekoa da. Enna probintziako zenbait tokitako bildutakoa.
  • Torre di Federico, antzinako dorre oktogonala, ageri denez, Hohenstaufengo Frederiko II.aren udako bizilekua. Bi solairuek ganga ederrak dituzte. Eraikinaren itxura soila da. Gune handiago baten atala zen, Gaztelu Zaharra izenekoa, arabiarrek suntsitu zuten. Gaur egun, muinoaren gainean badaude antzinako harresien aztarnak eta udal-lorategiak.
  • San Giovanniren suntsitutako elizaren kanpandorrea, apuntatutako arkuekin, ondo landutako arkiboltekin eta hiru mainelezko leihoekin, katalan estiloan apainduta.
  • Udaletxeko liburutegia, San Francesco eraikinean kokaturik. Eliza honek XV. mendeko kanpandorre eder bat dauka eta barrualdean, mende bereko margotutako gurutze bat.
  • San Tomasso eliza gailentzen da bere XV. mendeko kanpandorrearengatik, hiru ordenekin. Badauka arkiboltatutako leiho bat. Elizak, XV. mendeko marmolezko ikono bat du, antza denez, Giulano Mancinok egindakoa eta baita Borremansaren fresko ederrak ere.
  • Janniscuru atea da, lehen zeuden zazpi atetik geratzen den bakarra, hiriaren sarreran kokatutakoa. Duen arkua XVII. mendekoa da. Bere ondoan nekropolis bat dago, juxtu Fundrisi auzoaren azpian eta harrian egindako kobazuloz eraturik. Hilerri hau milaka urtez erabili zen.

Pergusa lakua eta toki arkeologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pergusa lakua, (latinez: Pergus lacus edo Hennaeus lacus) Erei mendikatearen mendi batzuen artean jarrita dago, Ennatik bost kilometrotara. Hegazti emigratzaientzat ezinbesteko tokia da. Txoriez gain, Pergusako erreserba naturalaren protagonistak, badaude narrastien, anfibioen eta ornogabekoen espezie interesgarriak. Lakuaren ondoan, badago hegoaldeko Italiaren lasterketa-pista garrantzitsuena, Autodromo di Pergusa, nazioarteko lehiaketa eta beste gertaerak antolatzen dituena; hala nola, Formula One, Formula 3000 eta Ferrari jailadia. Pergusaren ondoan, toki arkeologiko bat dago, Cozzo Matrice deitutakoa. Hemen aurkitu dira orain dela 10.000 urte gotortutako herri baten aztarnak, zitadela sakratu bat eta 2.000 baino zaharrago den tenplu baten hondarrak, Demeter jainkoari eskainirik. Baso garrantzituak eta zonalde berdeak Selva Pergusina izenekoak, Laku Pergusa haranaren parte bat inguratzen du, ezin ederrago panorama bat erakutsiz. Pergusa lotuta dago Pertsefone greziar mitoarekin. Jainkosa hau, Demeterren alaba, Hadesek bahitu zuen.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Enna Aldatu lotura Wikidatan