Agrigentoko setioa (K.a. 406)
Agrigentoko setioa | |||
---|---|---|---|
Siziliar gerren parte bat | |||
Greziar-puniko maskaren nahasketa. | |||
Data | K.a. 393 | ||
Lekua | Agrigenton, Sizilian | ||
Koordenatuak | 37°18′40″N 13°34′36″E / 37.31108°N 13.57655°E | ||
Emaitza | Agrigento, doriar hiria, arpilaturik | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Agrigentoko setioa K.a. 406an gertatu zen Sizilian; kartagotar ekintzak zortzi hilabete iraun zuen. Armada punikoak, Hanibal Magonek zuzenduta[1], Agrigento doriar hiria setiatu zuen errepresalia gisa greziarrek Siziliako kolonia punikoak eraso zituztelako. Aipatutako hiriak aurre egin zion kartagotar armadari, Sirakusatik laguntza etorri arte, eta horren ondoren setio altxatu zen. Setioaren erdian, kartagotarrek izurri bat jasan zuten eta bizirik irten zirenak egoera larrian egon ziren greziarrek hornidurazko lerroak moztu zizkietelako. Hala ere, kartagotar flotak, orain Himilkonek zuzendurik (Magonida familiakoa), harrapatu zuen Sirakusatik zetorren hornidurazko ontziteria. Horren ondoren, greziarrak goseak jota egon ziren. Horrek eragin zuen, lehenbiziz, Siziliako greziarren arteko banaketa eta gero, Agrigentoko populazio gehienak hiria uztea. Himilkon horretaz bailatu zen hiria arpilatzeko.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kartago, Himerako porrotaren ostean (K.a. 480), 70 urtez Siziliako arazoetatik at ibili zen[2]. Bitartean, greziar kultura Siziliako jatorrizko herrietan (elimoak, sikanoak eta sikuloak) hedatu zen. Sirakusa eta Agrigentoko Greziar tiraniak, Himerako garaipenaren erantzuleak, K.a. 406 inguruan behera joan ziren. Honetaz gain, greziarrek Duzetioren erasoetatik defendatu behar ziren baita askotan haien artean borrotzen zuten ere. Kartagoko gelditasuna amaitu zen K.a. 411n Segesta joniar hiria (lehen elimoa izan zena) Selinonte doriar hiriarekin borroka egin eta galdu zuenean. Orduan, Segestak laguntza eskatu zion Kartagori. Eskaera hau gertatu zen metropoliaren Greziako hiriak Peloponesoko gerran sarturik zeudenean, eta Sirakusaren, Espartaren aliatua, interesak Sizilian fokuraturik ez zeudenean. Sirakusako flota Egeo itsasoan zegoen bitartean, hiria lehian zegoen Naso eta Leontinirekin (joniar hiri hauek Atenasen aliatuak ziren, eta hau, bere partetik, Espartaren etsaia zen. Kartagotar senatuak eztabaidatu ondoren, erabaki zuen Segesta laguntzea. Horretarako, K.a. 410ean, armada eta ontziteria bat antolatu eta bidali zuen Siziliara, soilik Selinonte eta Segestaren arteko bitartekaritza huts egin zuenean. Hanibal Magonek, espedizioaren buruak, Selinonte konkistatu ondoren, Himera suntsitu zuen[3]. Sirakusak eta Agrigentok ez zioten Kartagori aurre egin eta punikoek arpilatutakoa eraman zuten, haien Siziliako mendebaldeko hiriak gotortu zituzten bitartean. Hiru urtez barea nagusitu zen Sizilian nahiz eta greziar eta kartagotarren artean ez zen bake-itunik sinatu.
Agrigentoko arazoen hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Agrigentoko eta Sirakusako gobernuek bakarrik prebentzio-neurriak hartu zituztenean, Hermokratesek, Sirakusatik erbesteratutako jeneral batek, jarrera oldarkorragoa hartu zuen pentsatuz, horrek Sirakusara itzultzeko aukera eta garrantzi politikoa emango ziola. Berak honako armada hau kontratatu zuen: 2.000 mertzenario (1.000 Himerako biztanle ohiak) eta bost itsasontzi. Geroago, base bat ezarri zuen Selinonteko hondakinetan eta harresi bat eraiki zuen akropoliaren inguruan. Armada hau 6.000 soldadu izatera heldu zen (Selinontetik asko gehitu zitzaizkiolako) eta honela, Hermokrates hasi zen lurralde punikoak erasotzen. Motiako soldaduak menperatu eta gero, hiriko eskualdean txikizioak egin zituen. Hurrengo helburua “Urrezko maskorraren” lurraldea izan zen, Palermoren ingurukoa. K.a. 407an, greziarrek Palermotarrak irabazi orduko, 500 bat hil zituzten, eta behin hiria guztiz arpilaturik, Selinontera itzuli ziren hartutako ospilekin. Jarduera hauek greziarren artean ospea ematen bazioten ere, ez ziren Sirakusako gustukoenak. Hiri honen agintariak zirikatzeko, Hermokratesek Himeran lurperatu gabe utzitako greziar hildakoen hezurrak bildu eta Sirakusara bidali zituen ehortz zitzaten. Ekintza horrek ospe handiago ekarri zion greziarren artean baita Dioklesen[4] erorikoa ere. Edozein modutan, Hermokratesek ezin zuenez Sirakusatiko ostrazismoa bukatu, orduan saiatu zen Sirakusan kolpe bat ematen, baina hil zen kaleko borroka batean[5]. Sirakusak eta Agrigentok, Hermokratesek borroka egiten zuen bitartean, ez zituzten defentsarako lanak baztertu. Agrigentok, itxaroten zuenez kartagotar mendekuaren lehenengo helburua izatea, armada sendotu zuen. Sirakusak, bitartean, ontziteria handitu zuen baita hiri hauen harresiak zaharberritu ziren ere[6].
Greziarren prestaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hermokrates desagertu eta gero, Sirakusa eta Agrigento azkar prestatu ziren kartagotarren erantzunari aurre egiteko. Sirakusak laguntza eskatu zuen Espartan eta Magna Graeciako hirietan. Bitartean, Dafneo jenerala aukeratu zuten Sirakusako gerra-ahalegina zuzentzeko eta Dionisio, Hermokratesen ofizial bat, armadaren buruzagitzarako. Greziarrek antolatutako armadan Camarinako, Gelako eta Messinako hiritarrez osatuta zegoen gehi mertzenario talde bat. Espartari zegokionez, ezin zion laguntzarik bidali. Agrigentok Espartako Dexipo jenerala eta 1.500 hoplita kontratatu zituen baita Campaniako mertzenarioak ere (lehenago, Hanibal Magonekin Himeran borroka egin zutenak). Guztira 10.000 soldadu[7]. Sirakusak 40 trirreme ezarri zituen Erixen flota punikoaren mugimenduak behatzeko.
Kartago prestatzen da
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kartagotar senatuak Hanibal Magoni (greziarren gorrotatzailea) eskaini zion espedizioaren buruzagitza, baina honek, hasieran uko egin zuen zaharra zela argudiatuz. Hala ere, jakin zuenean haren ordez Himilkon jarriko zutela, serio hartu zuen proposamena[8]. Kartagotar tropekin batera, beste batzuk hartu ziren Afrikatik, Hispaniatik eta Italiatik, hau da, 120.000 soldadutako armada (agian, data hau puztuta dago eta 60.000 zuhurragoa litzateke)[9], 120 trirremetako flota eta 1.000 garraiatzeko prestatu ziren K.a. 406ko udaberrian[10]. Kartagok bikoiztu zuen trirremen kopurua (bakarrik 60 trirremek parte hartu zuten 480ko eta 409ko espedizioetan) sirakusar ontziteria Greziatik itzuli zelako eta benetazko arriskua izan zitekeelako afrikar espedizioarako. Hanibalek flota nagusiarekin itsasoratu baino lehenago, 40 trirreme bidali zituen Siziliara. Hauek Erixen greziar flotarekin talka egitean hamabost itsasontzi galdu zituzten. Orduan, ontziteria puniko nagusia, 50 trirreme aurrean zeramatzala, itsasoratu zen. Gainontzekoak atzerago zihoazen. Greziar itsasontziek, ikustean gaindituta zeudela, alde egin zuten, kartagotarrak bitartean, Motia inguruan lehorreratu ziren[11].
Armada bakoitzeko osaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kartago
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Libiarrek infanteria arina eta astuna osatzen zuten, armadaren unitate disziplinatuenak izanik. Infanteria astunak borroka egiten zuen formazio itxian ezpata luzeekin eta ezkutu biribilekin. Defentsarako kaskoak eta lihozko korazak zeramatzaten. Infanteria arinak xabalinak eta ezkutu txikiak zituen, iberiar infanteria arinak bezala. Hauek tunika zuriak janzten zituzten, purpurazko ertzak zeramatzenak, eta larruzko txanoekin. Infanteria astunak falange trinkoan borroka egiten zuen, haien armamentua honako hau izanik: jaurtitzeko lantzak, gorputz-luzerako ezkutuak eta ezpata laburrak baina oso oldarkorrak[12] Campanian eta Sardinian infanteria sikuloak eta Galiakoak borroka egiten zuten haien armekin[13], baina askotan Kartagok hornitzen zituen. Sikuloek eta beste siziliarrek, greziarren mertzenarioak zirenean, greziar hopliten janzkera zuten. Kartagok garai honetan ez zituen elefanterik erabiltzen baina libiarrek kartagotarrei lau zaldietako gerra-gurdi gehienak ekartzen zizkieten[14]. Libiarrek, kartagotar hiritarrek eta libiaren aldeko feniziarrek zalditeria disziplinatua eta ondo prestatuta zuten, jaurtitzeko lantzekin eta ezkutu biribilekin horniturik. Numidiar zalditeria arinak xabalina sorta bat zituen eta zaldunak bridarik edo zelarik gabe zaldien gainean zeuden. Iberiarrek eta galiarrek ere zalditeria zekarten. Ontziteria punikoa trirremeen inguruan eraiki zen. Honen zerbitzariak kartagotar hiritarrak, libiarrak eta kartagotarren beste agindupetako marinelak ziren .
Greziar armada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziar armadaren atal garrantzitsuena hoplitak ziren, gehienak hiritarrak ziren baina bazeuden Italiatik eta Greziatik mertzenarioak ere. Sikuloek eta beste siziliar natibo batzuk hoplitak eta peltasta moduan zerbitzatzen zuten: Hauetaz gain, campaniarrak, samnita edo etruriar gerlarien gisa ohikoak ziren greziar armadan[15]. Falangea izan zen borroka egiteko ohiko formazioa. Hiritar aberatsenek zalditeria osatzen zuten, nahiz eta mertzenarioak errekrutatu. Setio egoeran, zaharrek eta emakumezkoek bat-bateko peltasten lana egin zezaketen. Siziliako hiri handiek, hala nola, Agrigentok eta Sirakusak, 10.000-20.000 gerlariren armada izan zezaketen[16] eta beharrezkoa izanez gero, mertzenarioek eta askatutako esklabuek parte har zezaketen. Ez da aipatzen Agrigentoko ontziteria, baina litekeena da 30 trirreme edukitzea.
Agrigentoko setioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kartagotar armada, K.a. 406ko udan, oposiziorik gabe abiatu zen Agrigentora. Aurretiaz, Hanibalek ontziak Motian utzi zituen. Agrigento biztanleek, lehenago uztak jaso zituzten eta populazio guztia (200.000 biztanle inguruan)[17] harresien barruan gerrarako prestatzen zen. Hanibalek, Agrigentora heldu orduko, setioa prestatu zuen. Bi kanpaleku eraiki zituen (latetsi eta lubaki batez babesturik), bata Agrigentoko mendebaldean eta Hipsas ibaiaren eskuinaldean, eta bestea Agrigento ibaiaren ezkerraldean. Hauek armadaren heren bat barne hartzen zuten, hiriko ekialdean, Gelarako bidea moztuz[18]. Setiatuek ez zizkieten eragozpenik jarri lan hauei. Hanibalek, erasoak hasi baino lehen, bake-baldintzak eskeini zituen. Agrigento, Kartagoren aliatua edo neutrala izan zitekeen Kartago Siziliako beste greziar hiriak erasotzen zuen bitartean. Agrigentoko gobernuak muzin egin zizkion bi proposamenei[19]. Agrigentoko gizonezkoak armatu ziren eta harresietan kokatu, mertzenarioak, berriz, Atena muinoan (norbaiten ustez, akropolian)[20] eta tropa batzuk erreserban, kartagotarrek harresietan egindako zuloak buxatzeko. Prestaketa guztien ondoren, greziarrak punikoen erasoaren zain zeuden. Hanibalek ez zuen nahi, Agrigento inguratzeko, beste harresi batzuk eraikin baizik eta populazioa gosez amore eman. Hiriko topografiak errazten ez zuenez hainbat tokitatik aldi bereko eraso egitea, Hanibalek bi setio-dorre egin zituen hiriaren mendebaldeko ateren bat erasotzeko. Erasoa egun batez luzatu zen baina atea ez zen posible zabaltzea. Gauez, greziarrak irten ziren eta dorreak erre zituzten[21]. Hori gertatu eta gero, Hanibalek agindu zien soldaduei hiritik kanpoko hilobiak eta beste eraikin batzuk erastea setio-arrapalak egiteko. Honela edozein tokitatik setio-makinekin hiria eraso ahal zen. Kartagotarrak urduri zeuden hilobien desakralizazioekin eta izutu ziren izurri bat agertu zenean kanpaleku punikoetan. Kartagotarrek jende asko galdu zuten, Hanibal barne[19].
Setioaren porrota
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Himilkonek Hanibal ordezkatu zuen. Haren lehenengo arloa izan zen soldaduen morala igotzea. Horretarako ume bat sakrifikatu zuen Kronos jainkoari eta itsasoan hainbat animalia ito zituen. Azkenean, hilobien suntsiketa debekatu zuen. Hala ere, setio-arrapalekin jarraitu zuen bilduta zeuden materialekin eta Hipsas ibaia geldiarazi zuen (horren ibilgua Agrigentoko lubanarro moduan erabiltzen zelako) hirira sarbide hobea izateko. Gauzak honela, Difaneo Sirakusakoa heldu zen 30.000 hoplitekin, 5.000 zaldunekin eta 30 trirremekin. Greziar tropak handiagoak izango ziren tropa arinak kontuan hartu gero[22]. Himilkonek mertzenarioak ekialdeko kanpalekura eraman zituen etsaiak bidean atzemateko. Gudua Akragas ibaiaren eskuinaldean gertatu zen. Armada punikoak italiar grekoak arazoetan jarri zituen, zeinak kokatuta zeuden greziarren gudu-lerroko ezkerraldean, baina Sirakusako eskuinaldea garaile irten zen haren aurkarien kontra kartagotarrek erabateko abantaila hartu baino lehen. Azkenean, greziarrek kartagotarrak suntsi zitzaketen gudu parekatuan[23]. Armada punikoak borrokan 6.000 hildako utzi zituen. Dafaneok erabaki zuen soldaduak biltzea kartagotarrak jazarri baino lehen. Kartagotar iheslariak Agrigentoko aurretik pasatzen zirenean, bertakoek eskatu zieten buruzagiei kartagotarrak erasotzea, baina jeneralek ez zuten onartu (Dexipo barne), K.a. 409ko Himeraren hondamediaz gogoratzen zutelako. Hala ere, Sirakusako garaipenak, nahiz eta kartagotarrak ez jarraitu kontraeraso baten beldur, Agrigentoko setioa altxatu zuen eta punikoen ekialdeko kanpalekua greziarren esku erori zen. Horrek greziarrak egoera hobean jartzen zituen ekimena emanez kartagotarren aurrean.
Azpijokoa eta ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Agrigentoko hiritarrak bildu ziren ordezko armadarekin menperatutako kanpaleku punikoan eta han zurrumurru hau hedatu zen: Agrigentoko jeneralek ez zutela ihesa zegoen kartagotar armada eraso nahi Himilkonek erosi zituelako. Bat-bateko kontseilu bat antolatu zen eta Camarinako greziarrek Agrigentoko bost jenerali traizioz leporatu eta gero[24], hauetariko lau, harrika hil zituzten. Bostgarrena, Argeo izeneko bat, aske geratu zen gaztegia zelako. Ofizial berriak aukeratu ziren aurreko jeneralak ordezkatzeko. Dafaneo, greziar armadaren buruzagi gorenak, kartagotar kanpalekua aztertu ondoren, erabaki zuen zuzeneko eraso bat egitea. Hala ere, greziarrek eraso egin zuten kartagotarrak tropa arinekin eta zalditeriarekin, haien hornidurak moztuz eta noizbehinkako borrokatxoak eginez. Agrigentoko greziar armadak Sirakusatik bidalitako itsasontzien bitartez hornitzen zen. Kartagotar kanpalekuan elikagaia gero eta urriagoak zenez, gosea agertu zen eta horren ondorioz ezegonkortasuna mertzenarioen artean. Himilkon kostata saiatu zen armada kontrolatzen gainera, negua etortzean kartagotarren egoera larria bilakatu zen.
Himilkonen garaipena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Himilkon zortez eta azkar ibiltzeagatik matxinada batetik libratu zen. Mertzenarioak altxatzear zeudenean, kartagotarrek jakin zuten Sirakusatik Agrigento hornitzeko itsas-konboi bat zetorrela. Himilkonek lortu zuen mertzenarioak konbentzitzen zenbait egunetan lasai egoteko, horretarako kartagotarren urrezko eta zilarrezko edalontziak eman bazizkien ere. Gero, ohar bat bidali zuen Motia-Palermoko flota punikora itsasoratzeko aginduarekin. Kartagotar ontziteria mendebaldetik heldu zen[25] eta Sirakusarena ustekagean hartu zuen[22] zortzi trirreme hondoratuz, alez betetako itsasontziak zaintzen zituztenak. Gainontzeko trirremeek hondartzara heltzean, kartagotar flotak konboi osoa atzeman zuen. Horrek Himilkonen elikagai arazoak konpondu zituen eta greziarrek, berriz, goseari aurre egin behar zioten[26].
Greziarren banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konboiaren harrapaketaren ostean, Agrigento elikagaien urritasuna izango zuelako zurrumurruak hasi ziren, gatazkaren hasieratik populazioak ez zuelako ezer erein. Himilkonek, ezkutuan, Campaniako mertzenarioak erosi zituen eta hauek Agrigento utzi zuten elikagai eskasiaren kexaka. Agrigentoko agintariak konturatu zirenean janarien kopurua ez zela nahiko izango greziar armada osoa elikatzeko, Magna Graeciako armadak Agrigentotik alde egin zuen[27]. Elikagaia gero eta murritzago zenez, Agrigentoko agintariek erabaki zuten hiria lagatzea. Abenduaren erdian, 40.000 lagun armadarekin batera, Gelarantz abiatu ziren baliozkoa zena zeramatela. Agrigenton bakarrik gaixorik, zaharrak eta amorerik ematen ez zutenak geratu ziren. Himilkonek ez zuen arazo handirik izan hiria arpilatzeko eta erresistentzia jarri zutenei hiltzeko. Agrigento 8 hilabetez setiatu zen[28].
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Negua hasita zegoenez, Himilkon, Gela eraso beharrean, Agrigenton kanpatu zen. Hiria, Siziliako aberatsena, guztiz arpilatu zen eta artelan preziatuenak Kartagora bidali ziren. Dirudienez, kartagotarrak K.a. 405eko udaberria heldu arte hirian egon ziren eta Gelako kanpaina hastean, Agrigento birrindu zuten. Agrigentoko errefuxiatuek, Sirakusan zeudela, Dafaneo eta beste jeneral batzuk traizio egiteaz leporatu zieten[29]. Eragindako asalduraz baliatuz, Dionisio I.ak armadaren boterea hartu zuen eta azkenean tirano bilakatu zen. Agrigento, K.a. 405ean suntituta bazegoen ere, greziarrek berriro populatu zuten, baina ez zuen inoiz izandako aberastasuna eta boterea lortu. Gerra punikoetan, beste Hanibal bat buruzagia izanik, erromatar setio bat jasan zuen kartagotarren base bat zelako.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Magonida familiakoa errege bat zen, ez nahasi Barzida familiako Hanibal ospetsuarekin.
- ↑ BAKER, G., P.: Hannibal, 17 orria.
- ↑ KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 163-168 orr.
- ↑ Diokles Sirakusako armadaren buruzagia zen zeinak, Himeran porrota jasan ondoren, hildakoei lurra eman gabe utzi baitzien.
- ↑ FREEMAN, Edward A.: Sicily, 144-146 orriak.
- ↑ FREEMAN, Edward A.: Sicily, 147 orria.
- ↑ KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 169 orria.
- ↑ Diodoro Sikulo: 13. 80. 1-2
- ↑ KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 168 orria.
- ↑ Diodoro Sikulo: 13. 61. 4-6 orriak, 13. 84.
- ↑ CHURCH, Alfred J. Carthage, 33 orria.
- ↑ GOLDSWORTHY, Adrian: The fall of Carthage, 32 orria, ISBN 0-253-33546-9.
- ↑ MAKROE, Glenn E.:, Phoenicians, 84-86 orriak, ISBN 0-520-22614-3
- ↑ WARRY, John (1993): Warfare in the Classical World, 98-99 orriak.
- ↑ WARRY, John. Warfare in the Classical World, 103 orria.
- ↑ Diodoro Sikulo: X. III. 84
- ↑ CAVEN, Brian: Dionysius I, 46 orria.
- ↑ KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 168-69 orriak.
- ↑ a b FREEMAN, Edward A.: Sicily, 149 orria.
- ↑ KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 379 orria, 41 oharra.
- ↑ Diodoro Sikulo: 13. 85. 5, 13. 86. 1.
- ↑ a b KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 170 orria.
- ↑ CHURCH, Alfred J.: Carthage, 39 orria.
- ↑ CHURCH, Alfred J.: Carthage, 39 orria
- ↑ FREEMAN, Edward A.: Sicily, 150 orria.
- ↑ Diodoro Sikulo: 13. 88. 1-5.
- ↑ KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 171 orria.
- ↑ CHURCH, Alfred J.: Carthage, 42 orria.
- ↑ Diodoro Sikulo: 13. 96. 3.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Diodoro Sikulo, G. Boothek itzulita (1814). Googlek eskaneatutako liburu osoa
- Artikulu honek jabari publikoko testuak ditu: SMITH, William, ed. (1870): Dictionary of Greek and Roman Biography and Mythology.