Agrigento

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Agrigento
Italiako udalerria
Agrigento 4m1.jpg
Administrazioa
Estatua  Italia
Eskualdea  Sizilia
Probintzia Agrigentoko probintzia
Postakodea 92100
ISTAT kodea 084001
Geografia
Koordenatuak 37° 18′ 40″ N, 13° 34′ 36″ E / 37.311075°N,13.576547222222°E / 37.311075; 13.576547222222Koordenatuak: 37° 18′ 40″ N, 13° 34′ 36″ E / 37.311075°N,13.576547222222°E / 37.311075; 13.576547222222
Map of comune of Agrigento (province of Agrigento, region Sicily, Italy).svg
Agrigento hemen kokatua: Italia
Agrigento
Agrigento
Garaiera 230±1 Metro m.
Eremua 245,32 km²
Demografia
Biztanleria 58.323 biztanle
Dentsitatea 237,74 bizt/km²
Bestelako informazioa
Katastro kodea A089
Telefono aurrizkia 0922
Sailkapen sismikoa 2 (Ertaina)
Ordu-eremua UTC+01:00
Webgune ofiziala

Agrigento[1] (aɡriˈdʒɛnto ahoskatua; sizilieraz: Girgenti) Italiako hiri bat da, izen bereko Agrigentoko probintziako hiriburua; Sizilia uharteko hegoaldeko kostan dago.

Hiria ezaguna da bertan egon zelako Akragas (Ἀκράγας) herri grekoa (latinez: Agrigentum eta arabieraz Kerkent), antzinako Grezia Handiko urrezko aroko hiririk aipagarrienetarikoa.

Gaur egun 60.000 biztanle inguru ditu Agrigentok. Probintziako beste hiri nagusiak Licata eta Naro dira, azken hori lehenengo kristauen katakonbengatik ezaguna.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akragas hiri zaharra, (antzinako grezieraz: Ἀκράγας) Akagras ibaiaren ertzean, Gelako greziarren kolonia bat izan zen K. a. 582-580. urtean fundatutakoa[2], itsaso aldera, eta Hypsas ibaiaren inguruan; iparraldera mendixkak zeudenez, babes naturala zeukan Agrigentok. Hiria nabarmen hazi zen, eta k. a. 570. urterako Grezia Handiko hiririk handi eta indartsuenetarikoa zen. Lehenengo aitzindariak Aristonoo eta Pistilo izan ziren Rodasko doriar instituzioak jaso zituztenak (hiri honetako Gela kolonia bat izan zen). Akragas laster hasi zen eta Magna Graeziako kolonietatik garrantzitsuenetariko bat bilakatu. K. a. 570. urtean, Falaris diktadoreak Agrigentoren boterea irlan zehar hedatu zuen, baina herriko matxinada batek Falaris uzkaili eta hil zuen. Harrez geroztik, Agrigento hiri askea zen. Hurrengo urteetan, Alkamenes eta Akandro izenak ezagutzen dira baino ez. Geroago (K. a. 488. inguruan), Teronek hiria gobernatu zuen. Gelon Sirakusakoarekin aliaturik, Terilo Himerakoa egotzi zuen haren domeinuez jabetuz. Kartagoren inbasioa eta gero (K.a. 480. urtean), hiria aberastu zen kartagotar anitz gatibu hartu zirelako, nekazaritzarako eta hiriko eraikuntzarako erabili zirenak. Teron K.a. 472an hil zen eta haren postua Trasideo semeak hartu zuen. Aitaren alderantziz, hiritarrek gorrotatu eta urte bat geroago bota zuten. Honen ostean, eta K.a. 406 arte, agrigentoarrek garai oparo izan zuten jarritako sistema demokratikoari esker. Diodoro Sikuloren arabera 20.000 biztanle izan zituen, baina bi aldiz gehiago egoiliarrak eta esklaboak kontatuz gero. Sirakusako geloniar dinastia egotzi ondoren, Siziliako toki askotan matxinadak gertatu ziren. Agrigento eta Sirakusaren arteko gerra piztu zen. Lehena garaitua izan zen Himera ibaiaren alboan (K.a. 446). Beranduago, Enpedokles Agrigentoko filosofoak fakzioak kontrolatu zituen. K.a. 415ean, atenastarrek Siziliako espedizioa burutu zutenean, Agrigento neutrala izan zen eta jarrera horri eutsi zion Atenas irabazi zuten arte. Segestak, barneko arazoak zirela eta, kartagotarren parte-hartzea eskatu zuen. Huen lehenengo espedizioak ez bazuen arrakastarik izan, bigarrenak Selinunte eta Himera konkistatu zituen. Agrigentoarrek lazedemoniar mertzenario zen armada bat antolatu zuen, Dexipoeren esanetara. Honetaz gain, Dafneok gidatuta, Sirakusako armadaren laguntza izan zuten. Hauek zortzi hilabeteko setio bat jasan ondoren, gosez jota errenditu ziren. Anitz biztanle sarraskitu zituzten eta bizirik irten zirenak Gelara emigratu zuten. Kartagotarrek, K.a. 405.eko udaberrian, hiria hartu, birrindu eta abandonatu zuten. Dionisio I.a Sirakusakoak Kartagorekin bakea sinatu zuenean, Agrigento ezin zuen aurreko oparotasuna berreskuratu. Bake itunaren arabera, harresiak ezin ziren berreraiki. Hala ere, urte batzuk beranduago, kartagotar menpekotasunetik aldenduz, Dionisiorekin aliatu ziren. K.a. 383. urteko bakeak, kartagotarren domeinuak Halikokon finkatu zituen. K. a. 340. urteko Krimisosen izandako Timoleongo garaipenak ahalbideratu zuen berrantolaketa orokorra. Agrigento, erdi birrinduta zegoena, Beliako (Italia) biztanleek kolonizatu zuten. Honela hiria suspertu zen baina ez zuen inoiz kartagotarren inbasioa baino lehenagoko oparotasuna lortu. Agatoklesek, Sirakusan gobernatzen hasi zenetik, irla osoa kontrolatu nahi zuen. Agrigento, Gela eta Meseniarekin aliatu zen baita Espartako laguntza jaso zuen ere. Hiri honek, Akrotato, (Kleomenes II.aren semea) bidali zuen. Akrobato garaitua izan zenez, Agrigentok bakea erosi behar izan zuen eta Sirakusako hegemonia aitortu ere (K. a. 314.ean). Agatokles Afrikan zegoen bitartean (K. a. 309), haren jarraitzaileek zenbait porrot izan zuten Sizilian. Agrigentok, irlako nagusitasuna nahirik, Jenodoko jenerala armadakko buruzagi aukeratu zuen. Hiri askok independentzia lortu zuten. Enna eta Gela Agrigentorekin lotu ondoren, Herbeso eta Etxetla konkistatu zituzten. Hala ere, Agatoklesen jeneralek, Leptinesek eta Demofilok, Jenodoko suntsitu zuten eta hiria setiatuta izan zen. Agatokles itzuli zenean, galdutako eremua berreskuratu zuen. Leptinesek Agrigentoko lurraldea inbaditu zuen hiriari bakea eskatarazi arte. Agatokles hil zenean, Fintias Agrigentoko tiranoa bilakatu zen eta geroago errege titulua hartu zuen. Garai honetan, Agira eta barneko beste hiri batzuk menperatu zituen. Hori gertatu zitzaion Gelari, birrinduta izan zela eta Fintias izen berriarekin berreraikita.

Akragasko didrakma (K.a. 490-483)

Gerra Punikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beranduago dagoen albistea da Pirro, molostarren erregea (Epiro) Agrigentora heldu zela. Hiriko gobernadoreak, (Sosistrates) ezin zuenez ezer egin Epiroko mertzenarioen aurrean errenditu zen. Hiria, K. a. III. mendean, erromatarrek eta kartagotarrek arpilatu zuten. Erromatarrek K.a. 262an eta kartagotarrek K.a 255. urtean. Izan ere, Lehenengo Gerra Punikoan, Agrigento kartagotarren aliatua izanik Anibal Giskon jeneralak zitadela gotortu eta goarnizio bat ezarri zuen. K. a. 262an erromatar kontsulek (L. Postumius eta Q. Mamilius) eraso eta setiatu zuten hiria. Zazpi hilabeteren buruan, izurritea agertu zen setiatu eta sitiatzaileen artean. Hannonek, kartagotar jeneralak, hiria lagundu zuen baina azkenean, erromatar jeneralek garaitu zuten. Hiriaren barruan egonda eta ikusirik ezinezkoa zela erromatarren aurka egin, gauez, mertzenario eta kartagotar soldatuekin, alde egin zuen. Gerora, erromatarrek hiria menperatu zuten eta 25.000 esklabu egin zituzten. K. a. 255ean, Kartal kartagotar jeneralak erromatar eskuetatik Agrigento berreskuratu zuen eta gotorlekuak apurtu zituen. Gerra bukatu arte, (erromatarren kontrolpean erortzean) ez dago informazio gehiagorik.

Erromatar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Gerra Punikoan (K.a. 218-201) erromatarrek eta kartagotarrek borrokatu zuten Agrigento lortzearren. Hasieran, erromatarrei fidela izan zen, baina Himilkon kartagotar jeneralak eraso zienean, Martzelok ezin zuen garaiz lagundu. Hau izan zen irlako Lavinius kontsulak okupatu zuen azken hiria 201ean, hala ere, nahiko erraz numidiar mertzenarioek Hannonekin haserre zeudelako eta borrokarik gabe errenditu zirelako. Tokiko buruzagiek heriotz zigorra jasan zuten eta gainontzekoak esklabo bihurtu ziren. Erromatarrek Agrigentum deitu zuten hiria Acraganteren ordez, hurrengo mendeetan hirian grekeraz hitz egiten bazen ere. Hiru urte geroago, Mamilius pretorrak agindu zuen irlaren beste zonaldetako kolonoak Agrigentum ezartzea. Bi urte geroago, Eszipion Afrikarrak udaleko eta hiritar pribiliegioak eman zizkion hiriari. Erromaren menpean aberastu zen eta hirritarrek, Julio Zesar hil eta gero K.a. 44 urtean, erromatar hiritartasunaz gozatu zuten. Zesar Augusto aldiaren arte, moneta jaulki zuen «Agkigentum» inskripzioarekin

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar inperioa desagertu eta gero, Italiako Ostrogodo erresuma jabetu zen hiriaz eta gero Bizantziar inperioa. Garai honetan, biztanleek hiriko zonalderik baxuenak utzi zituzten eta antzinako akropoli ondoan, muinoaren ngoiko partean, finkatu ziren. Aldaketa honen arrazoiak ez daude argi baina, beharbada, zerikusi dute sarrazenoen, berbereen eta orduko beste herrien etengabeko razziekin. K.o. 828an, sarrazenoek hiria okupatu zuten eta Kerkent izena eman zioten (sizilieraz Girgenti). Izen honek iraun zuen 1927 arte, Mussolinik latinezko italianizatutako bertsioa berrezarri zuenean. Roger I.a konderen normandoek hiria konkistatu ondoren 1087an, latindar apezpikutza ezarri zuten. Erdi Aroan, populazioa jaitsi zen baina XVIII. mendean zerbait berreskuratu zen.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro honetako Agrigentoren historia Siziliakoarekin lotuta dago. Izan ere, XVI. mendean, Fernando II.a Aragoikoak Sizilia gobernatu zuen erregeordeen bitartez. Mende hori oso oparoa izan zen nazioarteko zeta eta gariaren merkataritza garatu zelako. Espainiar erregeordetzak 1713 arte iraun zuen. Epe luze honetan hiria 1656ko izurri beltza jasan zuen, piraten erasoak. Geroago, irla osoa bezala, austriar eta borboi leinuen menpe egon zen.

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat herrialde eta agintariren menpean egon ostean, eta hiriaren botereak gorabeherak izan eta gero, 1860. urtean Agrigentoko biztanleek Giuseppe Garibaldiren alde egin zuten Italia batzerakoan. Bigarren Mundu Gerran aliatuen bonbardaketek hiria suntsitu zuten.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turismo-gune garrantzitsua dago Agrigenton, batez ere arkeologia-ondare aberatsak oinarri direla. Inguruko eskualderako nekazaritza-gunea ere bada. Bestalde, sulfuroa eta potasioa erromatarren garaitik ekoizten jarraitu izan dute, eta baita esportatu ere, Empedocle portutik itsasoratuz.

Hala eta guzti ere, Italiako hiririk txiroenetarikoa da biztanle bakoitzaren errentari (per capita errenta) dagokionez. Gainera, Mafia organizazio kriminalarekin eta legez kanpoko droga-trafikoarekin arazo larriak daude.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Valle dei Templi»

Valle dei Templi ingurua (Tenpluen Ballea, baina mendiko ballea, ez harana edo ibarra) hiri zaharraren hegoaldera dago, eta besteak beste K. a. VI. eta V. mendeetako zazpi tenplu greko dorikoren aztarnak daude; zati batzuk zutik diraute. Inguru guztia UNESCOk 1997. urtean Gizateriaren ondare izendatu zuen.[3]

Senidetutako hiriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, 157. araua. Europako hiriak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0157.pdf .
  2.   Domínguez Monedero, Adolfo J. (1993), La polis y la expansión colonial griega. Siglos VIII-VI, Madril: Síntesis, 18. orrialdea, ISBN 84-7738-108-9 .
  3.   UNESCO, Archaeological Area of Agrigento, http://whc.unesco.org/en/list/831 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Agrigento Aldatu lotura Wikidatan