Ahate buztanluze
Ahate buztanluze | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Anseriformes |
Familia | Anatidae |
Generoa | Anas |
Espeziea | Anas acuta Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | arra: 1,025 kg (helduen pisua) emea: 866 g (helduen pisua) |
Zabalera | 0,9 m |
Eguneko zikloa | eguneko |
Ahate buztanluzea (Anas acuta) anatidae familiaren ahate ez-domestikoa da.
Udan iparraldeko Europan, Asian eta Ipar Amerikan bizi da. Neguan hegoalderantz migratzen da eta orduan agertzen da Euskal Herrian.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahate handia da, 51-66 cm arteko luzera eta 79-87 cm arteko hego-zabalera ditu. Arra emea baino dezente handiagoa da, arrak 1.360 gramo pisa ditzake eta emeak 1.135 gramo gehienez[1]. Ahate liraina da, lepo luzea duena eta buztana ere luzea, hortik bere izena.
Sexu dimorfismo handia du, anatida gehienek bezala. Arrak txokolate koloreko burua du eta alboetan marra zuri fin bat lepoan bat egiten dutena. Bularraldea ere zuria du. Gainerako gorputza grisa da, lerro fin finez apaindua, eta ipurtaldea berriz zuria luma beltzez bukatzen dena. Hegoetan luma beltz batzuk baditu eta ispilutxoa berdea da. Mokoa luze samarra da eta beltza, baina alboetan kolore urdina dauka. Ahatearen ezaugarri nabarmenena buztanaren erdian dituen bi luma luzeak dira[2]. Emeak kolore arreak ditu eta ispilutxoa ere marroia du, ertz zuriz mugatua. Mokoa ere arrarena baino ilunagoa da[3]. Gainerako anatida emeetatik bereitzen duena buztaneko luma luzeak dira.
Eklipsean dauden arrek emearen antzeko lumaia hartzen dute, baina beren lumaiaren patroia nabaritzen da.
Azkar egiten du hegan, horretarako hegoak pixka bat atzerantz bideratzen ditu. Lurrean ongi ibiltzen da eta igerilari ona ere bada[4].
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kumatzeko sakonera txikiko hezeguneak atsegin ditu eta ur ertzetako zelaiak erabiltzen ditu[4]. Negu partean kostaldean edo kostaldetik gertu dauden hezeguneak erabiltzen ditu, Txingudiko padura[3] edota Salburuko parkea[5][6] adibidez.
Ugalketa garaitik kanpo hegazti taldekoia da eta multzo handiak osatzen ditu beste anatida espezie batzuekin batera[4].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Belarjalea da, baina dieta osatzeko intsektuen larbak eta moluskuak ere jaten ditu. Igerian ari dela burua murgildu eta hondoko lokatzetan bilatzen du janaria. Lepo luzea duenez 30 cm-tako sakoneraraino iristen da. Lehorrean zekaleen haziak jaten ditu eta lurretik errizomak eta tuberkuluak ateratzen ditu[2].
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Neguan hasten dituzte eztei dantzak eta ugaltzeko lurraldeetara iristen direnerako bikoteak eratutadaude. Emeak egiten du habia, ur ertzean dagoen zuloa izaten da eta landare hondarrez eta lumatxaz estaltzen du. 7-9 arrautza zurixka jartzen ditu, batzutan berde edo gris tono suabea dutenak. 22-24 egunetan zehar txitatzen ditu eta txitak jaio eta ordu gutxitara gai dira beren kabuz elikatzeko. Hurrengo egunetan emeak zaindu eta elikatuko ditu eta 40-45 egun dituztenean erabat garaturik egongo dira[2]. Harrapariek arrautzak jaten badituzte bigarren kumaldi bat izaten dute[7].
Ezagutu izan den ahate buztanluze zaharrenak 27 urte eta bost hilabete hartu zituen, Herbehereetako ahate bat izan zen[8].
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espeziea lehendabizikoz Linnaeusek deskribatu zuen, Systema naturae 1758ko bere liburuan hain zuzen ere[9]. Anas acuta izena eman zion, latinez Anas "ahatea" da eta axuta berriz "zorrotza"[10].
Ipar hemisferioan hedadura handia hartzen duen arren ez zaio azpiespezierik ezagutzen.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Ahate buztanluze arra.
-
Ahate buztanluze emea.
-
Neguko lumaia.
-
Burua uretan sartuta elikatzen.
-
Emea hegan.
-
Txita.
-
Arrautzak.
-
Anas acuta
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Robinson, Jerry. «Anas acuta (northern pintail)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).
- ↑ a b c «Ánade rabudo» SEO/BirdLife.
- ↑ a b «Anas acuta Ahate buztanluzea» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus.
- ↑ a b c Madge, Steve; Burn, Hilary. (1988). Wildfowl: An Identification Guide to the Ducks, Geese and Swans of the World (Helm Identification Guides). Christopher Helm, 222-224 or. ISBN 0-7470-2201-1..
- ↑ «Azkeneko 15 egunak - www.ornitho.eus» www.ornitho.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).
- ↑ Egaña, Ander Izagirre. (2017-12-02). «Naturzalia: Salburua elurretan» Naturzalia (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).
- ↑ Robinson, Jerry; Johansson, Carl (editorea). (2002). Anas acuta. Animal Diversity Web. University of Michigan Museum of Zoology..
- ↑ «BTO BirdFacts | Pintail» app.bto.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).
- ↑ (Latinez) Linnaeus, Carolus. (1758). Systema naturae per regna tria naturae, secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis. Tomus I. Editio decima, reformata.. Holmiae. (Laurentii Salvii)., 126 or..
- ↑ «uk.rec.birdwatching - Scientific bird names explained» sbpoley.home.xs4all.nl (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).