Akitaniera Sorian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Akitanieraren aztarnak estela eta aldare erromatarretan. Hego-mendebaldean Soriako Tierras Altaseko multzoa dago.

Soriako akitaniera Erromatar Inperioaren garaian Sorian hitz egin zen akitaniera da. 1999an Joaquín L. Gómez-Pantoja epigrafistak eta Eduardo Alfaro Peña arkeologoak Sorian aurkitutako zenbait hilarritan agertu ziren idazkunak aurkeztu zituzten,[1] eta haietatik ondorioztatu zen eskualde horretan euskararen arbaso zen hizkuntza bat hitz egin zela.

Hilarriak Tierras Altas eskualdean, Cidacos, Linares eta Alhama ibaien inguruetan, Sorian, aurkitu ziren, non, bide batez esanda, zeltiarren eta erromatarren ondarea oparoa baita. Eduardo Alfaro hasi zen hilarrietan azaldutako idazkunak aztertzen, gehienak latinez idatziak, Eduardo Aznar antropologoaren laguntzarekin, eta ikusita beste era bateko izenak agertzen zitzaizkiela hilarrietan, zabaldu egin zuen ikerketa. Izen horiek eusko-akitanierazkoak direla ondorioztatu zuten.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soriako Tierras Altas eskualdea. Mapa
Soriako Tierras Altas eskualdea

Tierras Altas eta San Pedro Manrique eskualdeak Cidacos eta Linares ibaiek zeharkatzen dituzte eta Calahorra-Alfaro eskualdeekin komunikatuta daude ibar horren bidez. Dagoneko 1988. urtean, eta orduan ezagutzen ziren inskripzioetan oinarrituta, Tierras Altas eta San Pedro Manrique eskualdeetan, zeltengandik eta zehazki zeltikoen familian sartzen diren eta Sorian kokatzen ziren pelendoiengandik bereiz zitekeen etnia batez hitz egiten hasi zen. Iberiar eragina egon zitekeela ulertu zen orduan. Errioxan aurkitutako beste inskripzio batzuekin antzekotasunak aurkitu ziren, hain zuen ere, Cidacos eta Linares ibaien ertzetan dauden eskualdeetan agertutakoekin.[2]

2001etik aurrerako kanpainetan, guztira bost aldare-harri eta 34 hilarri aurkitu zituzten, ikerketa zeharo berri baten bidean jarri zituztenak. Hilarriei eginiko ikerketa epigrafikoen arabera, Alfaro Peñaren iritziz, eusko-akitaniera (alegia, baskoien hizkuntza, gaur egungo euskararen aurrekoa) lehenago iritsi zen Soriako iparraldera zeltera eta latina baino.[3]

Erromatarren ohitura funerarioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrek uste zuten heriotza gainditzeko modua zela bizien artean oroitua izatea. Horregatik, haien hilerriak irekiak izaten ziren, eta hilarriak jartzen ziren bideen aldamenetan, herrien sarrera edo irteera ondoan, ibiltariek irakur zitzaten harri haietan idatzitakoa. Hilobi-monumentu haien aldaera bat izaten zen estela edo hilarria, hilobiaren gainean lurrean sartutako harlauza bat, non epitafio bat idatz zitekeen, apaingarriekin eta elementu sinbolikoekin.

Tailer bat hilarriak egiteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilarrietarako eskariak eragin zuen hirietan artisau-tailerrak agertzea. Hilerrien inguruetan egoten ziren kokatuta, eta bakoitza espezializatzen zen forma, apaingarri eta formula jakin batzuetan. Aintzat hartuta Tierras Altas eskualdean aurkitu diren hilarrien estiloa, Alfaro eta Aznar ikertzaileek uste dute han tailer bat egon zela, denetan estilo bat antzematen baita, formuletan eta baita apaingarrietan ere.

Tailer horren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Velia Procularen idazkunaren marrazkia. Eduardo Alfaro ikerlariaren kalko batean oinarrituta. Behe aldean ikus daiteke oreinkume bat amarengandik titia hartzen.
Velia Procularen idazkunaren marrazkia. Eduardo Alfaro ikerlariaren kalko batean oinarrituta. Behe aldean ikus daiteke oreinkume bat amarengandik titia hartzen.

Hilarriaren burualdean hildakoaren errepresentazio eskematikoa erakusten da, batzuetan bularraldearen silueta besterik ez. Hildakoaren erretratua ohikoa da erromatar hilarrietan eta tradizio hori kopiatzen dute estela hauek marrazki sinpleagoetan. Behean animalia bat erakusten da, zezena edo oreina, zeinek balio sinbolikoa baitute, hildakoarekin lotua. Zezena gizonarekin lotzen da eta oreina edo behia emakumearekin. Ikusi da, 20-30 urte zituztela hil ziren emakume batzuen esteletan agertzen dela orein eme bat bere oreinkumea bularra ematen, edo behi bat eta txekorra, Eduardo Alfarok uste du emakume horiek ama zirela adierazten dela irudi horiekin, agian, erditzean hildakoak, garai hartan oso arrunta zena.

Erdian, testua agertzen da, formula zurrun eta estandarrekin: hildakoaren izena, adina (ia beti hamarreko multiploa), nork eskainia, eta, oso noiz edo behin, borondate oneko formula bat, “lurra izan dakizuela arina”, adibidez.

Izenak: Sesenco eta beste[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Antestius Sesenco” zenaren hilarria, erromatarren garaikoa.

Sesenco[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Villar del Rio udalerriaren La Laguna herrixkako etxe partikular batean ikertzaileek aurkitu zuten hilarri bat “Antestius Sesenco” baten oroimenez eraikia, zeina bizi baitzen Kristo ondoren I edo II. mendean. Hilarriak bi eremu ditu, goian testua eta behean zezen bat. Beheko partearen zati bat galduta dago, eta ertzak ukituta daude. Beheko partean antzematen da zezenaren bizkarraldea, Antestius Sesenco gaztearen idealizazio sinbolikoa, hura 20 urterekin hil baitzen (AN XX).[4]. Antestius familia-izena da (gure abizenaren modukoa) eta Sesenco izen pertsonala.

Ikertzaileek bazekiten Sesenco ez zela indoeuroparra, baina ez zer eremu linguistikoan kokatu zehazki, eta horrela eman zuten hilarriaren berri Salamancako kongresu batean. Bertan Joakin Gorrotxategik ohartarazi zituen izenaren bigarren zatia, “Sesenco”, akitaniera zela, eta antz handia duela gaur egungo “zezenko” hitzarekin, “zezen gaztea” euskaraz.[5] Ohar hark zabaldu egin zuen ikertzaileen ikerketa-eremua, handik aurrera, arreta berezia jarri baitzieten hilarri haietan agertutako izen indigenei.

Identifikatzile epigrafikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Sesenco" inskripzioaren kode epigrafikoa: HEp 2001, 00521 = AE 2001, 01224[6]

Antestia Oandissen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar garaiko estela, idazkun bat zizelkatua duena: ANTESTIA-OANDISSEN-LU-CI-F-AN-XI-H-S-EST
Antestia Oandissen gaztearen hilarria

Antestia Oandissen, Las Aldehuelas udalerri barruan dagoen Valloria herriko etxe batean zegoen, eta litekeena da herri horretatik gertu dagoen La Muela aztarnategian izatea jatorria. K.o. I mende bukaerakoa edo II mende hasierakoa da. Antestia abizena[7] latina da, Sesenco-ren "abizen" bera, eta izenaren bigarren osagaia (izen pertsonala)[oh 1], ordea, indigena da.[8] Oandissen hitzak bi ss ditu eta horrek esan nahi du ez dela S soinua.

Beste euskal-akitenierazko izen batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararekin lotura duen beste izen batzuk ere aurkitu dituzte: Onse, Onso, Oandissen, Agirseno, Arancis, Sesenco, Lesuridantar eta Velar--thar, Haurce (edo Laurce), Buganson, Belsco.

Latina, akitaniera eta zeltikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tierras Altas eskualdean 40 hilarri inguru aurkitu dira[9][10], horietatik 29, Tierras Altaseko tailer berezi horretakoak izan ziren, eta horien artean, gutxienez bederatzi idazkunek dute euskal-akitanierazko izenen bat; guztira kalkulatu da 12 akitaniar izen aurkitu direla. Guztira, 2020 arte, 12 izen aurkitu ziren euskararekin erlazionatua egon daitezkeenak. Beste izen ia guztiak, latinezkoak dira, eta bat gutxienez, zeltikoa: Anbatus.

Estatus juridikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehien gehienak gizon eta emakume libreak dira (pregrinus deritzana), eta horien artean, batek bakarrik dauka erromatar hiritartasunean adierazle den izen hirukoitza (trianomina). Dena den, seguruenik beste askok ere hiritartasuna izango zuten hiritartasuna[oh 2] Gutxienez esklabo bat aurkitu da: Saturninus.

Teoriak: Ganaduzaleak edo Ponpeioren aliatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikertzaileen iritzian, akitanieraren aztarna horiek lotuta egon litezke orain bi mila urte, udako bazkaleku oparo bila Errioxa aldetik Tierras Altas inguruetara joaten ziren ganaduzale baskoiekin. Haietako batzuk bertakotu egingo ziren, eta hildakoan, beraien jatorriaren seinaleak agertu ziren familiartekoek egindako hilarrietan, latinezko mezu eta sinboloekin batera. Bada beste hipotesi bat baskoien eta akitanieraren arrastoak azaltzeko, zeinaren arabera, Ponpeiok garaitu zituen baskoiak eta behartu zituen orduko Tierras Altas haiek birpopulatzera.[11]

Bestalde, Eduardo Alfaro Peñak bere doktore tesian idatzi zuen, ingurune honetan zeltizazioa aurretik euskal hizkuntza bat hitz egin zela.

« Esta onomástica indígena de los altos cursos del Cidacos y el Linares sorianos ha fortalecido la hipótesis de que antes de que se impusiese una lengua céltica y después latina en la ribera riojano-navarra se habló una lengua euskérica al sur del Ebro, especialmente en el territorio comprendido entre Calagurris y Cascantum, lengua que se proyectaría por el sur hasta nuestros valles (Martínez Sáenz y González Perujo 1998: 186-491; Ramírez 2009: 142-143; Aznar 2011: 88, 92, 149).[12] »


Edozelan ere, hilarrietan agertutako onomastika indigena estimulatzen ari da berrikuspen etniko-linguistiko bat Soriako mendialdean eta Soriatik kanpo.[13]

Hilarrien erakusketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eduardo Alfaro erromatar garaiko hilarriak azaltzen Santa Cruz de Yanguas herrian, Sorian.

2019ko uztailaren 17tik abuztuaren 25a bitartean, Eduardo Alfarok eta Eduardo Aznar ikertzaileek erakusketa antolatu zuten Santa Cruz de Yanguas herritxoan, probintziako eta komunitate autonomoko agintarien babesarekin, eta Valladolideko Unibertsitatearen babes zientifikoarekin.[14] Erakusketak 12 hilarri erakutsi zituen, nahiz eta bertan 44 hilarriren argazkiak eta transkripzioak ikus zitezkeen.

Erakusketak ez zuen oihartzun handirik izan Euskal Herriko hedabideetan, baina jende dezente bildu zuen Euskal Herritik, gehienak akitanieraren presentziak erakarrita, eta Juan Martin Elexpuru idazlearen deiari erantzunez neurri batean.[15][16]

Hurrengo urtean, 2020ko urriaren 31etik urtarrilaren 24ra, Bergarako Laboratorium museoan daude estela horietako sei: Burdin Aroko estela antropomorfoa, Antestius Sesencoren estela, Antestia Oandissenen neskatoaren estela, Saturninus esklaboarena, Velia Procula emakumearena eta oraingoz publikatu ez den Haurcerena (edo Laurcerena)[9].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Cognomen edo agnomen esaten zaio erromatar garaiko epigrafian eta onomastikan.
  2. Tradizionalki, askok uste izan dute hiru izenen sistema (trianomina) erabiltzen zuten gizonek bakarrik izango zutela erromatar hiritartasun estatusa. Hori, ordea, ez da zuzena, III. mendetik aurrera hiritar askok utzita ziotelako izen hirukoitza erabiltzeari. Beraz, inskripzio batean ikusten badugu gizonezko hildakoak izenaren bi osagai (izen eta abizena) besterik ez zituela, horrek ez du adierazten nahitaez, hiritartasun estatusa lortuta ez zuenik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Gómez-Pantoja, Joaquín L.; Alfaro Peña, Eduardo. (2000). «Indigenismo y romanización en las tierras altas de Soria» Religión, lengua y cultura prerromanas de Hispania (VIII Coloquio sobre lenguas y culturas prerromanas de la Península Ibérica,Salamanca, 1999. Acta Salmanticensia Estudios Filológicos, 283): 169-187. (Noiz kontsultatua: 2020-02-27).
  2. (Gaztelaniaz) Gómez-Pantoja Fernández-Salguero, Joaquín eta Alfaro Peña, Eduardo: Indigenismo y romanización en las tierras altas de Soria. Hemen: Villar Liébana, Francisco eta Fernández Alvárez, María Pilar (koord.) (2001): Religión, lengua y cultura prerromanas de Hispania. 169-188 or. ISBN 84-7800-893-4.
  3. (Gaztelaniaz) Alfaro Peña, Eduardo. (2018). "Oppida" y etnicidad en los confines septentrionales de la Celtiberia. (Noiz kontsultatua: 2019-08-19).
  4. (Gaztelaniaz) «ANTESTIVS SESENCO. Un joven serrano con nombre vascón» Idoubeda 2012-10-24 (Noiz kontsultatua: 2019-08-29).
  5. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-20).
  6. «HispaniaEpigraphica Online Database - Record Card» eda-bea.es (Noiz kontsultatua: 2019-08-20). Online katalogo horretan datu teknikoak kontsulta daitezke.
  7. Izenaren parte horri "nomen" esaten zaio epigrafian eta onomastika erromatarrean.
  8. (Gaztelaniaz) Alfaro Peña, Eduardo; Belinchón. Costumbres romanas para la muerte en tierras Altas de Soria. Santa Cruz de Yanguaseko erakusketako eskuorria. , 16 or..
  9. a b «Heriotzarako erromatar ohiturak Soriako Tierras Altas eskualdean. Euskararen aztarnak antzinako epigrafian | Laboratorium Bergara Zientzia Museoa» www.laboratorium.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  10. www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-30).
  11. (Gaztelaniaz) «¿Están las raíces del euskera en Tierras Altas?» Heraldo-Diario de Soria (Noiz kontsultatua: 2019-08-19).
  12. (Gaztelaniaz) Alfaro Peña, Eduardo. (2018). Oppida y etnicidad en los confines septentrionales de la Celtiberia. Universidad de Valladolid, 443 or..
  13. (Gaztelaniaz) SoriaNoticias. (2019-08-08). «La exposición de estelas funerarias en Santa Cruz de Yanguas, hasta el día 25» sorianoticias.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-19).
  14. Aranzabal, Joxe. (2019-08-19). «Sesenco» Faroa (Noiz kontsultatua: 2019-08-19).
  15. Elexpuru, Juan Martin. (2019-08-10). «“Soria eta euskaldunak” iritzi-artikulua Argian» Iruña-Veleia, gezurra ala egia? Juan Martin Elexpururen bloga (Noiz kontsultatua: 2019-08-19).
  16. Elexpuru, Juan Martin. (2019-08-11). «Soria eta euskaldunak» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-08-19).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]