Akrilonitrilo-butadieno-estireno

Wikipedia, Entziklopedia askea
Akrilonitrilo-butadieno-estireno
Acrylnitril-Butadien-Styrol-Copolymer.svg
Formula kimikoaC15H17N
SMILES kanonikoa2D eredua
InChl3D eredua
Masa molekularra211,1361 Da
Identifikatzaileak
InChlKeyXECAHXYUAAWDEL-UHFFFAOYSA-N
CAS zenbakia9003-56-9
ChemSpiderbaliorik ez
PubChem24756
Reaxys14668688
EC zenbakia618-371-8
ECHA100.127.708

Akrilonitrilo-butadieno-estirenoa (ABS) polimero termoplastiko arrunta da. Beira-trantsizioko tenperatura 105 °C ingurukoa du[1]. ABS amorfoa da eta, beraz, ez du benetako fusio-punturik.

ABSren monomeroak

Estirenoa eta akrilonitriloa polibutadienoaren presentzian polimerizatzen denean sortzen da ABSa. Finean kopolimeroa da. Osagaien proportzioak aldatu egin daitezke: % 15-35 akrilonitrilo, % 5-30 butadieno eta % 40-60 estireno. Emaitza polibutadieno-kate luze bat da poli(akrilonitrilo-estireno)zko kate laburragoekin gurutzatua. Ondoko kateetako nitrilo taldeek, polarrak direnez, elkar erakartzen dute eta kateak lotzen dituzte; ondorioz, ABSa poliestireno purua baino sendoagoa da. Estirenoak gainazal distiratsu eta iragazgaitza ematen dio plastikoari. Polibutadienoa, substantzia gomatsua denez, gogortasuna ematen du tenperatura baxuetan ere.

Aplikazio gehienetan, ABSa -20 eta 80 °C bitartean erabil daiteke, tenperaturaren arabera aldatzen baitira bere propietate mekanikoak.

Propietateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ABSren propietate mekaniko garrantzitsuenak talkarekiko erresistentzia eta zailtasuna dira. Hainbat aldaketa egin daitezke talkarekiko erresistentzia, zailtasuna eta beroarekiko erresistentzia hobetzeko. Talkarekiko erresistentzia handitu egin daiteke polibutadienoaren proportzioak handituz, baina horrek aldaketak eragiten dizkie beste propietate batzuei. Talkarekiko erresistentzia ez da azkar galtzen tenperatura baxuagoetan. Kargapeko egonkortasuna bikaina da karga mugatuekin.

Beraz, osagaien proportzioak aldatzean, hainbat ABS presta daiteke: estrusiorako ABSa, injekzio bidezko moldaketarako ABSa edo talkarekiko erresistentzia handiko eta ertaineko ABSa.

ABS pikorrak

Oro har, ABSak ezaugarri erabilgarriak ditu -20 – 80 °C tenperatura-tartean. Propietateei, neurri batean, materiala prozesatzeko erabiltzen diren baldintzen bidez eragingo zaie. Adibidez, tenperatura altuko moldekatzeak distira eta beroarekiko erresistentzia hobetzen ditu eta talkarekiko erresistentzia eta sendotasun handiagoak lortzeko tenperatura baxuan moldekatzen da.

Zuntzak (eskuarki, beira-zuntzak) eta gehigarriak erretxina-pikorrekin nahasten dira produktua sendotzeko eta gehienezko funtzionamendu-tenperatura 80 °C-raino igotzeko. Pigmentuak ere gehitu daitezke, lehengaiaren jatorrizko kolorea boli zeharrargitik zurira bitartekoa baita. Polibutadieno-edukiak eragin handia du polimeroen zahartze-ezaugarrietan eta ohikoa da antioxidatzaileak integratzea konposizioan. Beste faktore batzuen artean, erradiazio ultramorea ere kontuan aintzat jo behara dago eta hartaz babesteko gehigarriak erabiltzen dira.

ABSa azido akuosoen, alkalien, azido klorhidriko eta fosforiko kontzentratuen, alkoholen eta animalien, landareen eta mineralen olioen aurka erresistentea da, baina azido azetiko glazialak, karbono tetrakloruroak eta hidrokarburo aromatikoek puztu egiten dute eta azido sulfuriko eta nitriko kontzentratuek eraso egiten diote. Esterretan, zetonetan eta etilen diklorurotan disolbagarria da[2].

ABSa sukoia da tenperatura altutan jartzen denean, hala nola egur-sutan. Urtu eta gero irakin egingo du eta lurrunek su bero eta bizietan lehertuko dira. ABS puruak halogenorik ez duenez, errekuntzak ez du poluitzaile organiko iraunkorrik sortzen, eta errekuntzako edo pirolisiko produkturik toxikoenak karbono(II) oxidoa eta hidrogeno zianuroa dira.

Mekanizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ABSa erraz mekanizatzen da. Mekanizatzeko ohiko teknikak torneaketa, zulaketa, fresaketa, zerraketa, trokelaketa eta zizailaketa dira.

Halaber, tailerreko tresna estandarrekin ebaki daiteke..

Aplikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ABSren pisu arina eta injekzio bidez moldekatzeko eta estrusio bidez prozesatzeko ahalmena oso erabilgarriak dira drainatze-, hustubide- eta aireztatze-hodien sistemak bezalako produktuak fabrikatzeko.

Musika-tresnak, hala nola flauta gozoak, oboeak eta plastikozko klarineteak, eta teklatuetako teklak ABSz eginak izan ohi dira.

Citroen Mehari autoaren karrozeria ABSkoa zen[3]

Beste erabilera batzuk hauek dira: golfeko makilen buruak, autoen molduren eta kolpe-leungailuen osagaiak, inhalagailuak, lainoztagailuak, xurgatu ezin diren josturak, tendoien protesiak, botikak emateko sistemak, trakeazko hodiak, sistema elektriko eta elektronikoetarako kaxak, babes-kaskoak, ur bizietako kanoak eta maleta eta kutxa babesleak[4].

Jostailuak, LEGO adreiluak barne, aplikazio arruntak dira[5].

Lego eraikuntza-jostailuaren adreuiluak edo blokeak ABSkoak dira

Estrusioz lortutako ABSa 1 mikrometrotik beherako batez besteko diametroraino ehotzen bada koloratzaile gisa erabil daiteke tatuajeetarako tintetan.

Harizpi moduan ateratzen denean, ABSa 3D inprimagailuetan usatzen da[6][7].

Gizakientzako arriskua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ABSa egonkorra da polimeroa erabiltzeko eta prozesatzeko baldintza normaletan ez da deskonposatzen eta, hortaz, kartzinogenoen eraginpean egoteko arriskua esposizio-mugen oso azpitik dago. Hala ere, 400 °C-tik gorako tenperaturetan, ABSa deskonposatu egin daiteke bere osagaietan: butadienoa (gizakientzako kartzinogenoa), akrilonitriloa (agian gizakientzako kartzinogenoa) eta estirenoa[8].

Partikula ultrafinak tenperatura baxuagoetan ager daitezke 3D inprimatze-prozesuan eta airean izan dezaketen kontzentrazioarii buruzko kezkak azaldu dira, partikula horiek osasun-ondorio kaltegarriekin lotu baitira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Acrylonitrile Butadiene Styrene (ABS) Typical Properties Generic ABS | UL Prospector» plastics.ulprospector.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).
  2. Handbook of plastics and elastomers. McGraw-Hill [1975] ISBN 0-07-026681-6. PMC 1288423. (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).
  3. (Frantsesez) «Sous les pavés de Mai 68, la plage et la Méhari» Le Monde.fr 2020-07-27 (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).
  4. Miren, Arrillaga Laka, Alexander Egurrola Agirre, Jose Javier Zaldua, Ane. (2003-03-01). «Metal-itxurako plastikoak» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).
  5. «ABS - acrylonitrile butadiene styrene» designinsite.dk (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).
  6. (Ingelesez) «The Free Beginner's Guide» 3D Printing Industry (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).
  7. Guillermo, Roa Zubia. (2020-05-21). «Metal inprimaketaren egoera» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).
  8. Rutkowski, Joseph V.; Levin, Barbara C.. (1986-09-01). Acrylonitrile-butadiene-styrene copolymers (ABS): Pyrolysis and combustion products and their toxicity?a review of the literature. doi:10.1002/fam.810100303. (Noiz kontsultatua: 2020-12-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]