Edukira joan

Arte gotikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arte gotiko» orritik birbideratua)
Burgosko katedrala

Arte gotikoa Mendebaldeko Europan Erdi Aroko azkenengo urteetan garatu zen estilo bat izan zen; XII. mendearen erdialdetik Errenazimentua agertu zen arte (XVI. mendea Italian), eta XVI. mendea nahiko aurreratuta gotikoa denbora gehiago iraun zuen tokietan. Periodo artistiko zabal zabala da Frantzia iparraldean jaio eta Mendebalde guztitik hedatu zena. Herrialde eta eskualdeen arabera momentu kronologiko ezberdinetan garatuko da, garapen honetan desberdintasun sakonak eskainiz: garbiagoa Frantzian (Paris eta Proventzako desberdintasunak kontuan hartuta), horizontalagoa eta tradizio klasikoari hurbilagoa Italian, eta ezaugarri lokal bereziekin Flandesen, Alemanian, Ingalaterran eta Espainian.

Testuingurua eta pentsaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estilo honen agerpenaren testuinguruari erreparatuz, arte honek dituen konplexutasunez jabetzen gara, hau da, garaian gertatzen ari ziren aldaketek eragin zuzena izan zuten arte era hau sortu eta garatzeko unean. Erdi Aroko gizarteak behin eta berriro bizi zituen aldaketa sakonak, hein batean, pentsaeraren garapenarekin, aldaketa hauen erakusle nagusia, gobernu sistemaren aldaketa izan zen, sistema feudala bere askenetan zegoen burgesiaren berpizkundearen ondorioz.

Beste aldaketa garrantzitsu bat, gizartearen guneen aldaketan egon zen, herrixka isolatuetatik, merkataritza, artisautza eta agintearen gune izango diren hirien berpizkundea eman zen. Antzinate Klasikoan zuten garrantzia berreskuratu zuten, estatuaren gune bihurtu ziren; gainera, hiriaren berpizkundeak, hiritarren bizitzaren dinamizazioa eragin zuen, gune berean edonolako zerbitzuak egoteak bizitza erraztu zuen.

Zerbitzu ezberdin horien artean bi talde nabarmendu ziren, alde batetik, artisauak, hasieran logietan antolatzen ziren eta gero gremioetan, eta beste aldetik, merkatariena, hazkunde nabarmena bizi zuten estatu eta hirien arteko komunikazio erak hobetu eta garatu zirelako. Azken talde horren hazkundeak, gainera, diruaren banaketaren aldaketa suposatu zuen.

Jabetzak langileen artean banatzen doazen heinean, burgesiak, edo hirugarren estatuak, bere une loriatsua biziko du, honek sistema feudalaren amaiera suposatuko du. Oraingo honetan burgesia izango da arteren sustatzaile sutsuenetariko bat. Dirua dute eta artean inbertituko dute, askotan artelanekin trukeak egingo dituzte, bai euren hirien barruan eta baita, margolanetan ikusiko den moduan, hirietatik kanpo, estilo internazional bat sortuz. Fedearekiko konfiantza sutsua hautsi zuten, alor zientifikoari garrantzi gehiago emanez, ala ere, ez zuten zientziarekiko sineste absolutua, ezta erlijioarekiko guztizko haustura eragin, obra baten balio artistikoa eta poetak irakatsi nahi duena ez dute zertan bat etorri behar, artelana eta balioen arteko erlazioa guztiz aldatu zen, Hauserrek dioen moduan: fedearekiko konfiantza absolutua galdu zuten, baina zientziarenganako lotura ez da oraindik guztizkoa izango.

Fedearenganako guztizko konfiantzaren haustura hori da Gotikoan zehar agertzen diren kontra-ezen arteko adibide bat. Artelanetan munduko gauzak irudikatzen saiatzen diren bitartean denak jainkotiarra irudikatu nahi du (bere erara), hau da, ikuspuntu artistiko batetik, denak dauka zentzu eta balio zehatz bat, artelanek, Jainkoa, kanpotik “lan egiten” duen izaki bat bezala dutelako.

Ganbara gotikoa. San Juan, Toruńen

Bizitzako gainerako alorretan bezala, artean ere, oreka bilatzen dute, indibidualtasuna eta kontserbadurismoa, sakratua eta profanoa... oreka hori izango da gotikoko naturalismoan azalduko den ezaugarri nagusia. Gizonaren irudikapenak, naturaren errepresentazioari kenduko dio garrantzia, indibidualak eta esanguratsuak izango du garrantzia. Hauserrek, Chartresko katedralean dauden bi eskulturen adibidea ipintzen du hau azaltzeko, historialari honen hitzetan, artista gotikoak, naturaren errepresentazio zehatzaren adibidetzat hartzen ditu, garaiko pertsonaiei eginiko erretratuak direla dio; baina Gombrichen esanetan, eskultura horiek, errealitatearen errepresentazio zehatza badirudite ere, benetan, ez dira. Izan ere, artelana egin zenean errege eta erregina horiek hilda zeuden. Gombrichek, garaiko usadio bat dela dio, figura guztiak era antzekoan egiten zirela dio eta gero, desberdindu ahal izateko koroa, txanoa … jartzen zizkieten. Chartresko bi eskulturen kasuan, errege eta erreginak zirenez, koroa ipini zieten eta gainera, Gombrichek dioen moduan, inor erra ez dadin, behealdean pertsonaien izenak ipini zituzten.

Hauserren hitzetara bueltatuz, naturaren errepresentazioan ezaugarria ez da espiritualitate falta, espiritualitate gardentasuna baizik, hau, garaiko pentsaera aldaketaren beste adibide bat da, balio artistikoa eta espirituala ez dira zertan bat etorri behar, baina honek ez du esan nahi figuren alorre espiritualaren irudikapena alde batean hutsi zutenik. Artearen dualismoa, naturaren irudikapenean ere antzeman daiteke, alde batetik, erromanikoak zuen teknika ornamentala gainditzen du, baina aldi berean, konposaketen konbinaketak egiten dituzte, azken batean, elementu eta eszena desberdinen pilaketa obra berean, honen adibide bat, Nicola Pisanok, Gabonak eta artzainak deituriko erliebean antzeman daiteke oso argi, bertan artelaneko elementu bakoitza errealismo handiz zizkelatu dituela ikusten da, arropen tolesturak oso era errealean daude eginak adibidez, baina Pisako bataialeku honen erliebean ikus daitekeen moduan, historia desberdinak daude gune oso txiki batean irudikatuak.

Erdi Aroaren hasieran, burgesiak ez zuen kulturaren alorrean, era zuzenean parte hartzen, baina mendeak joan ahala, burgesiak hazkundea bizi duen garaian, hirugarren estatua eta artearen arteko erlazioa aldatuz joango da. Burgesia izango da artearen sustatzaile eta berritzaile nagusia, Gotiko beranduko eskultura eta margolanak apetatsuagoak eta dotoreagoak ziren. Gotiko beranduko naturaltasuna errealitatearen errepresentazio zurrunean ikusten da, artelana errealitatearen kopia bihurtuko da, ala ere, bizitzaz haraindikoarekiko lotura ez du galduko. Usadioen Koadroa izango da burgesen margolan genero gustukoena, genero hau izango da margolan burgesaren jatorria, erretratutik paisaiara.

Erdi klasearen hazkundeak gizartearen egitura zeharo aldatu zituen. Aristokrazia une latz bat igarotzen zegoen, hemendik aurrera ez dira erregearen laguntzaile bakarrak izango, eta honen ondorioz aurreko garaietan zuten nagusitasuna galduko dute. Egia da, gizartea aldatzen doan heinean, noblezia ere, aldatuz doala, baina iraganari loturik jarraitzen dute, eta zaldunek zuten ospe eta prestigioa guztiz galduko dute.

Oraingo honetan, antzinateko noblezia hiritarra eta kapitalista berriak izango dira gobernuan parte hartzen dutenak, gizarte klase berri bat osatuko dute.

Gizarte aldaketa hori bati-bat gizonaren alorrean antzeman zen, izan ere, emakumea oraindik salbuespenak salbuespen, bigarren maila batean zegoen. Garai honetan emakumea, oraindik gizonezkoaren menpe dago. Hazkunde ikaragarria bizi duen hirugarren estatuko emakumeak adibidez, lurren jabe izan ahal ziren baina Leonor Akitaniakoari gertatu zitzaion moduan, hainbat traba eta zailtasun izango dituzte euren lurrak aurrera atera ahal izateko.

Emakume on batek, etxea gobernatzen jakin behar du, beraren menpe dauden zerbitzariei eginbeharrak eman behar dizkie eta gizonezkoa etxean ez dagoenean berak egingo lukeen moduan gobernatu behar du. Gizonezkoarenganako leialtasuna erakutsi behar du une oro. Dena dela, emakumeak, ere, gizonezkoarengan eragin handia izan zuen eta askotan gizonezkoaren bitartez bizitza publikoan parte hartzen zuten.

Gobernapen kontuetan, emakumeak oso gutxi zeukan esateko, Frantzian adibidez, erreginak zenbait erabaki politiko hartu ahal bazituen ere, ezin zuen tronua hartu. Beste erreinu batzuetan, erreginak tronua erregentziaren bitartez eskura zitzakeen edo alargun geratzen bazen.

Emakumeek itzalpeko papera jokatzen dutela dio Jean Verdének errege eta printzeek euren emazteak behar zituztelako oinordekotza bermatu ahal izateko.

Logiak eta gremioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estrasburgoko katedrala

Jada ikusi dugun moduan, gizartea zeharo aldatu den garaia da, hiriek garrantzi handi izango dute eta bertan bi sektorek hartuko dute garrantzia, artisauena eta merkatariena.

Artisauek, zura, burdina, harria … eta bestelako materialekin lan egiten zuten pertsonak ziren, erromaniko garaian, elizetan bertan egiten zuten lan, baina hirien hazkundearekin batera, euren lantegi eta tailerrak edukiko dituzte lan egiteko. Gombrichek dioen moduan, tailerretan lan egiteak, lan baldintzak hobetzea suposatuko du eta honekin batera, trebetasun handiagoa garatu ahalko dute.

Artisautzaren mundua zeharo aldatuko da, hasieran logietan antolatuko dira eta gero gremioetan.

Logiak XII eta XIII mendeetan, artisten eta artisauen komunitatea zen, eliza edo katedral baten eraikuntzaz arduratzen ziren. Arkitekto edo zuzendari baten menpe egoten ziren normalean eta eraikuntza edo lana bukatutakoan beste toki batera mugitzen ziren. Logiaren agerpena, lan antolaketa zehatzago bati erantzuten dio. Helburua lanaren banaketa egitea eta banaketa horren koordinaketa perfektua egitea. Honek langileen menpekotasuna suposatuko du. Logiak ez ziren elkarte itxiak, artisau edo artista bat logia batetik bestera ibili ahal zen. Elkarte hauek, gainera ez ziren leku zehatz batean finkatzen, eraikin edo artelan bat bukatzen zutenean euren beharra zuten beste tokietara joaten ziren.

Simone Martiniren Balkoitik jausi den umearen miraria

Baina, ikusi dugun moduan, burgesia artearen kontsumitzaile bihurtuko da, bezero berri hauei esker artistak logietatik banatu ahalko dira eta hirietan ezarri ahalko dira. Hasiera batean, margolariak eta eskultoreak izango dira logietatik emantzipatuko direnak baina geroago etxegileak ere, banatuko dira.

Hiren barruko artisauen kontzentrazioak konpetentzia handia suposatu zuen eta hori gainditzeko gremiotan antolatzen hasi ziren. Antolakuntza era honen xedea, konpetentzia murriztea zen.

Antolakuntza sistema bi hauen desberdintasun nagusia, honakoa da: logiak egitura hierarkikoa duen langile antolakuntza da, eta gremioak berriz, enpresari independenteen elkarte berdintsua da.

Gehiago dago zugan, katalogoan irakur daitekeen moduan, Etienne Boileauk 1200 urte inguruan, Livre des métiers idatzi zuen gremioak defendatzeko, liburu hartan, produkzio kantitate eta kalitatea zehazteaz aparte, maisu bakoitzak izan zitzakeen ikasle kopurua zehazteaz aparte, emakumean artisauen munduan zuen papera ikus daiteke. Batez ere ehungintza sektorean parte hartzen zuen emakumeak, ala ere, ba zeuden berak parte har zitzakeen beste hirurogeita hiru lanbide. Gainera emakumea alargun geratzen bazen senarrak zuen lanbidearekin jarraitu ahal zuten, lanbide hau debekatua ez zeukaten bitartean.

Normalean emakumeek ez zuten tailerrik, gizonezkoenak ziren eta euren menpe lan egiten zuten, emakumea alargun geratzen zenean mesfidantza pisten zuen gremioetako gainerako artisauen artean, eta horregatik 1454. urtean Parlamentuak alarguna senarraren lanbidea egin ahal zuela onartu zuen beti ere ezkontzen ez bazen, edo bigarren senarra lanbide berekoa bazen.

Emakume eta gizonezkoen arteko desberdintasunak ez dira hemen bukatzen, emakumeak ezin ziren unibertsitateetara joan eta jasotzen zituzten soldatak askoz ere baxuagoak ziren.

Sakontzeko, irakurri: «arkitektura gotikoa»
Parisko Notre-Dame katedrala

Hirien hazkundeak eragin handia izan zuen artean, urbanismoak, hau da hirien antolakuntzak garrantzi handia hartu zuen. Hirigintzaren garrantziaz jabetzen da burgesia eta inbertitzen hasten da, oraingo honetan ez dituzte bakarrik eraikin erlijiosoak egingo, bestelakoak ere egiten dituzte, jauregiak, udaletxeak, zubiak …

Aurretik esan bezala, pentsamenduaren aldaketak artean eragin zuzena izan zuen. Arkitekturan adibidez, eraikitzeko eran antzeman daiteke. Erromanikoko eraikinek zuten gogortasun eta itxitasun itxurarekin akabatzen dute guztiz, harrizko aldamio antzekoen bitartez hormak arintzea lortzen dute, koloma tarteetan leiho erraldoiak eraikiko dituzte, argitasuna eraikinean sartzeko. Leihoak harri bitxiek eta kolore anitzeko beirek osatzen zituzten, elizari argitasun mistiko bat emanez, sinestunari beste munduko irudi bat eskainiz. Eraikin erlijiosoak ez dira hotzak eta ilunak izango, ez dute hori bilatzen.

Berritze tekniko hauen artean garrantzitsuena autore askoren iritsiz, puntu erdiko arkuaren erabilpenak zituen mugak gainditzea izan zen, erdiko puntu batean elkartzen ziren bi lerro kurbatuk osatzen zuten arkua eraikitzen hasi ziren, ojibala, hain zuzen ere. Arku berri hauek presioa kanpoalderantz egiten zuten eta horregatik arbotante eta horma-bularrez baliatu behar izan ziren eraikinak sostengatzeko.

Eraikin erlijioso berri hauek fededunak garaiko balore erlijioso eta sinbolikoetara gerturatzea helburu duen eremu baten definizioa dute ezaugarri. Humanismo hasi berriak gizakia ilunpetik askatu eta argira hurbiltzera gonbidatzen du. Kontu honek korronte filosofiko neoplatonikoen hedapenarekin erlazionaturik dago, Jaungoikoaren kontzeptuaren eta argitasunaren eremuaren artean lotura bat ezartzen dutelarik. Eraikitze teknika berriek hormak baoengatik ordezkatu zituztenez, elizen barrualdeak argitasunez bete ziren eta, horrela, argitasunak eremu gotiko berria osatuko du. Argi fisiko bat izango da, margolan eta mosaikoetan agertzen ez dena; argi orokor eta lausotua, zehaztu gabea eta fokoak izango balira bezala zuzenduta; era beran, beirate eta arrosa-leihoen bitartez argi itxuraldatua eta koloreztatua izango da, eremu irreal eta sinbolikoa bihurtuz. Koloreak garrantzi izugarria hartuko du.

Argitasuna sublimazio bezala ulertzen da. Sinbologiak garaiko artistak menderatzen du, Chartresen eskolak argia fenomeno naturalen elementurik nobleena kontsideratzen zuen, forma aratzera gehien hurbiltzen zena.

Arkitekto gotikoak, teknikaren erabilera egokiaren bitartez, argia erabiltzea (argi itxuraldatua) ahalbidetzen dion estruktura antolatzen du eraikinaren elementuak desmaterializatzea dituena, era honetan, arintasun eta sagarapen sentsazio argiak lortuz.

Irribarreko aingerua, Reimsko katedrala, XIII. mendea

Katedral hauen apaingarri giza, eskulturak zeuden. Erliebe oso errealistak egiten dituzte, duten tokira moldatzen dira, hemen ere, pentsaera aldaketa ikusten da, ez ziren irudikatze hutsarekin konformatzen, irudikatzen duten erak garrantzia hartuko du. Horretarako naturan arreta ipintzen hasten dira, figurak era sineskorrean egiteko.

Ala ere, urteak joan ala, eta burgesiaren mezenasgoaren ondorioz, eskultura desberdinak egiten hasten dira, obra txikiak egiten dituzte urrez edo boliz. Artelan hauen helburua ez zen eliza batean egotea alde batetik, burgesaren nagusitasuna eta boterea agertzea eta bestetik, etxean kulturako zuten egoitzako apaingarri giza edukitzea zen.

Artelan hauen aurpegiak oso espresiboak ziren eta artistak bere trebezia detaile txikiak egiterako orduan azaltzen zituen, ala nola arropen eta gorputzeko atalen tolesturetan.

Eskultore garrantzitsu bat Nicola Pisano zen, honek Antzinate Klasikoko artelanak aztertu zituen euretatik natura irudikatzen ikasteko. Gainera arropen azpitik gorputz-atalak irudikatzea berreskuratu zuen.

Paduako Scrovegni Kaperan dagoen Giotto di Bondoneren Kristoren gorpuaren gaineko negarra margolaneko aingeru baten mina eta sufrimendua

Gotiko bezala ezagutu ahal den pintura estiloa ez zen 1200. urte ingururaino agertu, hau da, arkitektura eta eskultura gotikoa hasi eta 50 urtera. Erromanikotik gotikorako trantsizioa ez da oso zehatza eta ez da mozketa argirik nabari, baina aurreko estiloa baino estilo ilun eta sentiberago baten hasiera nabari daiteke.

Erromanikoan adierazpen figuratiboak sinplifikatuak eta idealizatuak badira, gotikoan errealismo eta naturalismoa handitzen da, naturaren imitaziorantz hurbilduz, geroago, errenazimentuaren ideala izango delarik, paisaien adierazpenak barne, nahiz eta, oraindik ere, oso murritzak ziren.

Gotikoan, joera filosofiko eta erlijioso berriekin bat, pertsonaia erlijiosoen irudikapenak (santuak, aingeruak, Ama Birjina, Kristo) giza plano batera hurbilduz joango dira, sentimenduak azaleratzea ahalbidetuta eta hieratismo eta formalismo Erromanikoarekin apurtuta.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • GOMBRICH, E.H.: La historia del arte. Londres: Phaidon, 1997. Honako kapituluak: 10. kapitulua (La iglesia triunfante. El siglo XIII); eta 11. kapitulua (Cortesanos y burgueses. El siglo XIV).
  • HAUSER, Arnold: Historia social de la literatura y el arte I. Bartzelona: Debolsillo, Random House Mondadori, 1998. Honako atalak (233-314.or): 8.-El romanticismo de la caballería cortesana; 9.-El dualismo del gótico; 10.-Logias y gremios; 11.-El arte burgués del gótico tardío.
  • VERDON, Jean: La mujer en la época gótica: un papel económico y político ambivalente. In: Gehiago dago zugan. Erakusketako katalogoa. Komisariatua: Corinne Charles. Bilbo: Arte Ederretako Museoa, 2011.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]