Arte erromanikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ama Birjinaren eskultura erromanikoa
Angulemako katedral erromanikoa

Erromanikoa edo erromarra Europan XI. eta XII. mendeetan arkitektura, eskultura eta margolaritza arloetan garatu zuten estilo artistikoa da[1][2].

VIII. eta IX. mendeetan gertaturiko inbasioak bukatu ondoren herri inbaditzaileak kultura bereganatu zuten. Mende hauetan sentimendu erlijioso-izpiritual sakona zegoen. Bekatuen kontzientziak eta beldurrak asko batu zuen gizartearen pentsamoldea. 1000en inguruan, munduaren amaiera gertatuko zelakoan bizi baitziren eta hori gainditu ostean Jainkoari eskerrak emateko joera zabaldu eta nagusitu zen eta honek eragin handia sortu zuen arte erromanikoan, Kristoren garaipena du helburu.

Erdi Aroko erromes-bide nagusietan zehar landu zuten bereziki, Tours, Limoges, Conques, Tolosa Okzitaniakoa eta Santiago de Compostelarako bideetan alegia. Santiagoko erromesaldiak Clunyko abadiak bultzatu zituen. Santiagora heltzeko hainbat bide zeuden baina garrantzatuena frantses bidea da. Eraikin garrantzitsuenak elizak eta monasterioak ziren. Erromanikoaren arkitektura oso inportantea zen, bere mende baitzeuden pintura eta eskultura.

Oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XI. mendearen hasieran, mundu kristauak, bere burua zahartua eta higatua ikusirik, erabateko iraultza egin zuen, espirituala eta materiala, eta mundu berri bat eraiki zuen urte gutxian: zibilizazio erromanikoa. Zibilizazio horren adierazpen sakratua da, hain zuzen, arte erromanikoa.

Erromaniko hitza erabiltzea, baina, askoz geroagoko kontua da, 1820an Charles de Gerville frantziar arkeologoak latinetik sortutako hizkuntzak izendatzeko erabiltzen zen hitz bera hautatu zuenekoa puntu erdiko arkuan oinarritzen zen arkitektura guztia -hau da, erromatarren ondorengo (V. mendea) eta gotikoaren (XIII. mendea) aurreko guztia- izendatzeko. Kontzeptua zehaztuz joan zen eta gaur egun sartaldeko XI eta XII. mendeetako arte kristaua adierazteko erabiltzen da.

XI. mendeko aldaketa: Clunyko ordena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Cluny ordena»

1000. urteari buruzko beldurrak gaindituta, gizonak poz handiz hartu zuen mundua eta bizitza bere bidean ikusteak.

Handik hara Europako gizona ez zen, lehenago bezala, Jainkoa nahigabetu ote zuen beldurrez biziko beti. XI. mendeko gizonak ez zuen jadanik munduaren amaieran kokatzen bere burua, bere aurrean gorpuztuz zihoan zer argitsu baten hasieran baizik.

Errotikako aldaketa hura, baina, ez zen besterik gabe gertatu, zorioneko gertaeren bultzadez baizik. Urte horietan, adibidez, nekazaritzan iraultza eragin zuten asmakizunak eta hobekuntzak zabaldu ziren beneditar monasterioetatik kanpora: laborantza zikloa bi urtekoa izatetik (urte batean erein eta hurrengoan lugorri utzi), hiru urtekoa izatera aldatu zen, garraio abereak uztartzeko tresnak hobetu ziren, ferra asmatu zen, golde mota berri bat asmatu zen, gurpilduna eta hegalduna, lehenbiziko aldiz uraren indarra erabili zen errota mugitzeko, burdinazko tresnak zurezkoak ordezkatzen hasi ziren, etab. Horrek guztiak ondorio nabarmenak izan zituen : biztanle kopurua handitu, gizon libreak (salerosleak eta eskulangileak) gehitu, izurriteak arindu, lur eremuak luberritu, goseteak gutxitu, bide herriak zabalduz barne eta kanpoko merkataritza zuzpertu, etab. Gizarte berri eta kementsu hura Historian gutxitan gertatzen den bezalako zibilizatze eztanda baten lekuko eta kide izango zen.

Clunyko abadiako elizaren kanpoaldearen itxura Frantziako Iraultzan suntsitua izan zen arte.

Eta halako batean, sartalde kristaua eraiki eta eraiki hasi zen. Apezpikuek, abadeek eta erregeek katedral berriak, monasterio berriak eta jauregi berriak nahi zituzten. Herri txikienak ere bere eliza nahi zuen.

Europa osoa hasi zen eraikuntzan, eta eraikitze modu berri bat zabaldu zen alde guztietara, ezaugarri komun argiak zituena, baina tokian tokiko beharretara egokituak : arte erromanikoa sortu zen, lehenbiziko arte osotara europarra.

Aldaketa haren eragile nagusia Cluny ordena izan zen. 910. urtean Borgoinan sortu zen eta neurri iraultzaileak hartu zituen hasiera-hasieratik. Clunyko abadiako fraide elkarteak aita santuaren babespean utzi zituen monasterioa eta bere ondasunak, eta jaun eta apezpikuengandik libre aritzeko eskubidea jaso zuen horrela. 1078. urtetik aurrera, Hugo abade zelarik, erromanikoaren ezaugarriak hartu zituen monasterioak.

Erromako elizak ere berrikuntza horren alde egin zuen. Lehenengo eta behin, aita santutzaren nagusitasuna berretsi zuen aginpide laikoaren gainetik. Nikolas II.a (1059-1061) eta Gregorio VII.a Aitasantuek (1073-1085) elizaren erreforma bultzatu zuten : batek kardinalen elkargoa sortu zuen Erromatar-Germaniar Inperio Santuko enperadore germaniarraren inbestidurak indargabetzeko eta aita santuak hautatu ahal izateko, eta besteak erabat debekatu zituen inbestidura laikoak. Horrek guztiak eragin zuen eraberritze espiritualaren ondorioz, liturgia berri bat sortu zen, Clunyk bultzatua neurri handi batean, eta garrantzi handia ematen hasi zitzaion komentuko mezari, hotsandiko zeremoniak eta prozesioak eginez. Eta hala, liturgiaren behar berrietara moldatzen hasi ziren abadiak eta katedralak. Aldi berean teologia eraberritu zen, kalonje erregularren elkarte eta apezpiku eskola sortu berrien bitartez. Ikuspegi kosmiko batetik begiesten zen mundua, eta beste hierarkia modu batzuk proposatzen ziren unibertsoarentzat. Gizonaren bizitzaren antolaketa ordena kosmikoaren ispilutzat hartzen zen. Gizartea gauzen ordena naturalaren arabera antolatu zen, existentziaren ikuspegi kosmiko baten arabera, espiritualtasunez betea. Bada, gizarte horren altzoan erne eta hazi zen arte erromanikoa, gizartearen beraren isla eta ispilu gisa. Neurri handi batean Clunyk zuzpertu zuen gizartea, eta bultzatu zuen artea.

Arte sakratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eunate eraikin erromanikoa Euskal Herrian.

Gizonak bazekien jainkoak bere irudira egina zuela, hemen beheko guztia han goikoaren isla zela. Analogiaren ideia, sinbolismo ororen oinarri, izugarri indartu zen.

Gauzak ulertzeko modu horretan dago, hain zuzen, arte erromanikoaren muina edo oinarria. Kristautasunak bere berezko izaeragatik arte figuratiboa bultzatu behar zuen, baina eskura zuen eredu bakarra, greziar eta latindar mundua, teologiaz heretikotzat jotzen zuen, eta faltsutzat formaz, eredu gizatiar soiletan oinarritzen zelako. Beraz, arte kristauaren ezaugarriak ez ziren zehaztu hartarako baldintza egokiak sortu arte, alegia, XI. mendean existentziaren plano guztiak (fisikoa, psikikoa eta espirituala) harremanetan jarriko zituen arte erabateko bat -sakratua, beraz- sortu zen arte.

Arte sakratu oro hizkuntza sinboliko baten bidez adierazten da. Baita arte erromanikoa ere. Arte erromanikoan ez dago forma edo irudirik funtsik ez duenik. Eraiki eta zizelatutako guztia transzendentea da.

Sinbolo edo ikurrak errealitatearen alderdi guztiak hautemanarazten dizkio ikusleari, bai agerian dagoena bai ezkutuan dagoena, norberaren ondo-ondoko kontzientea zabaltzen du eta, emozioak, irudiak eta oroitzapenak bere kasa uztartzen direlarik, kontzientziaraino azalarazten ditu inkontzienteko elementuak. Hizkuntza sinbolikoa da hitzez adieraz daitekeenaz harago adierazteko ahalmena duen hizkuntza molde bakarra .

Arte txikiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromanikoaren historialariaren arreta eska­tzen duen esparru tekniko bat da arte txiki ala luxuz­koena da. Europa iparraldeko jatorria duten herrien edergarrietako tradizio handiko ahaleginetik abiatuta, erromanikoaren eskualdeetan zabaldu ziren hainbat objektu, kristau-ikuspegiak ukituta.

Neurri txikiko objektuok honakoak izan daitezke: ku­txak, erlikia-on­tziak, antipendioak, ostilamendu liturgikoak... Arte txiki hauetan luxuzko materialak erabili ohi ziren, hala nola bolia, metal preziatuak, esmalteak, eta abar.

Teknikan alderdi honetan egin ziren aurrerapenez gain, sinbolismoan ere aurrera egin zen objektu hauetan: egitura naturaletan, kontaketetan eta adieraz­penetan errealismo alderako joera garbi bat ikusten da objektu hauen iruditerian.

Estilo erromanikoaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da erraza erromanikoa noiz hasi zen esatea. Arteak sinboloaren beharra du erabateko artea izango bada, eta erromanikoa sinbolismo jakin baten euskarri eta eramaile gisa sortu zen. Horregatik ezin da XI.. endean eraikitako guztia erromanikotzat hartu, sinbolismoz jantzirik ez badago. Beraz, nolabait esateko, harrizko basiliketan lehenengo eskulturak azaldu zirenean sortu zen erromanikoa.

Sant Climent de Taüll herriko eliza erromanikoa Katalunian.

Estreinako erromanikoan, XI. mendeko lehenbiziko hamarraldietan, arkitekturari eman zitzaion garrantzia, eraikuntza askotan ez baitago eskulturarik edo tailurik batere. Tokian tokiko moldea hartu zuen, eta horien artean aipagarriena erromaniko laubardiarra da. Italiako iparraldean jaio zen eta handik berehala zabaldu zen Frantziako hegoaldera eta Pirinio inguruetara Katalunian. Erromanikoak XI. mendearen bukaeraneta XII. mendearen hasieran iritsi zuen heldutasuna. Aldi hartan eskultura lana erantsi zitzaion arkitekturari, eta ezin hobeki uztartu ziren bata bestearekin. Ordurako, baliabide tekniko guztiak eskuratuak zituen erromanikoak, eta erabat menderatzen zuen sinbolismoa. Bigarren aldi horren hasieran eliza handiak egin ziren Done Jakue Bidean, besteetatik bereizten dituzten ezaugarri jakin batzuekin: deanbulatorioa eta triforioa dute, eta eskultura ugariz hornitua dute aurrealdea. Nahiz eta garai hartako eraikuntza guztiek ezaugarri gehienak berdinak izan Europa osoan, tokian tokiko estiloak sortu ziren: Borgoinako erromanikoa, Venetokoa, Gaztelakoa, etab. Hirugarren eta azken aldia, gainbeherarena, XII. mendearen bigarren erdian hasi zen. Erromanikoa mila formatan sakabanatu zen. Aldi hartako ezaugarri nagusia ugaritasuna da, oparotasuna . Sinboloak ere bere jatorrizko garbitasuna galdu zuen. Hala ere, barrokismo suerte horren erdian, erromanikoaren espiritu zaharrari eutsi zioten estilo batzuk sortu ziren zenbait lekutan. Bien bitartean, gehiegikeria horren kontrako errakzio gisa, eta espazio, bolumen, forma eta sinboloen erabilera oleenaren kontrako erreakzio gisa, zistertarren ordena sortu zen, 1098. urtean.

San Bernardo (1091-1153) ordenaren bultzatzaile nagusia izan zen, 1115ean Clairvauxco monasterioa sortu zuenez geroztik.

Zistertarren antolamendurako joerak, batetik, eta forma erromanikoen gehiegikeria jadanik nabarmenak, bestetik, soiltasunera bultzatu zituen: alegia, lerro zuzena (gangatan eta arkuetan baizik ez zuten erabili lerro makotua) eta oso irudi gutxi erabiltzera . Azken aldian erromanikoa zistertar indartsu batekin eta gotikoaren lehenengo eraikuntzekin batera bizi izan zen. Oro har, XII. mendearen bukaeran erromanikoak galdua zuen izateko arrazoia, baina inertziaz XIII. mendean ere aurrera egin zuen.

Arte sakratua izanik, eraikitzaile erromanikoek tenpluak eraiki zituzten : elizak, katedralak, kolejiatak, monasterioak. Tenplua leku sakratu batean eraikiko zen, sortaldeari buioz kokatua. Eliza guztiek hiru egitura nagusi dituzte : burualdea, habeartea eta dorrea. Burualdea aldarea dagoen lekua da, elizgizonak daudena, biribil antzekoa (lehenengo elizetan eta zistertarretan izan ezik), eta zenaren gelaurrea sinbolizatzen du. Habeartea eliztarrak dauden lekua da, angeluzuzena, zenbait tartetan zatitua, eta Lurra sinbolizatzen du. Bien artean transeptua izaten da, zeharkako habeartea, habearte nagusiarekin angelu zuzena eratzen duena.

Eta dorrea, berriz, kanpai lekua da, Zerua eta Lurra elkarrekin lotzen dituen ardatza.

Egitura horiek arte sakratuaren forma guztietan aurki badaitezke ere, kristauarentzat tenplua, makrokosmosaren eta gizonaren bitartekoa, Kristoren sinbolo ere bada, Jainko gizonaren gorputzaren sinboloa, eta Jainkoaren gorputza lurrean etzanda irudikatzen du: burualdea (absidea), besoak (transeptua) eta oinak (habeartearen mendebaldeko muturra).

Arkitektura erromanikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Arkitektura erromanikoa»

Erromanikoa arte arkitektonikoa zen batez ere. Arkitektura gangaduna da, kanoi gangak eta zeharkako arkuak erabiltzen ditu. Azken honek gangaren bultzadak hartzen ditu eta pilarearen bidez lurrera eramaten ditu. Euste funtzioa du. Horrez gain, espazio karratuak estaltzeko ertz gangak erabiltzen zituzten, gurutzaduran, kupula bat erabiltzen zuten eta tronpen gainean jartzen zen.

Gangak harriz eginda daude eta alboko bultzada sortzen dituzte. Euskarriak barrualdean kokatzen ziren, pilare konposatuak gehien erabiltzen zuten pilareak ziren. Kolomak ere bazeuden. Kanpoaldean,hormak bao gutxi eramaten zituzten.

Eskultura eta pintura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biak monumentuetakoak dira eta arkitekturaren menpean daude, eskultura batez ere, atarietan, kapiteletan gehienetan txaranbelduak izaten dira, erdi puntuko erradioz zentrokidez eraturik. Kapitelen dekorazioa motibo geometrikoa izan daiteke, landare-motiboak, animalia-motiboak edo historikoak. Kapiteletan, gai profanoak ere lantzen ziren.

Pinturan, horma pintatzen zuten "fresko" teknikarekin gehienetan. Kokagune inportanteenetan margotzen zuten, hau da, absideetan. Gai erlijiosoak dira eta helburu didaktikoa dute, erlijioa irakasteko gizarte analfabetoari. Gai biblikoak dira, sarri apokaliptikoak eta ebanjeliokoak. Pintura burugaina ere badago, baina ez da oso garrantzitsua.

Erromanikoa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erromanikoa Euskal Herrian»

Erromanikoa Euskal Herrian gaur egun presente dago batik bat Nafarroa Garaian eta Araban. Europako beste toki batzuetan bezala, arte mota hau Donejakue bideari lotuta dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Centro Expositivo ROM: Románico y Territorio | Aguilar de Campoo. (Noiz kontsultatua: 2023-02-03).
  2. «La fundación | Fundación Santa María la Real del patrimonio histórico» www.santamarialareal.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-03).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]