Atoloi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Atafu atoloia (Tokelau)

Atoloia eraztun itxurako koralezko uhartea da, ozeano tropikaletan kokatzen dena. Erdian dagoen aintzira bat inguratzen duen koralezko uharriz osatua daude, urperatutako sumendi baten ertzeko kare deposituetan oinarritzen direnak. Atoloi barneko aintzirak hauek ur gezakoak edo gazikoak izan daitezke.

Atoloi gehienak Ozeano Barean kokaturik daude hainbat uhartedi osatuz, Indiako Ozeanoan ere aukitzen dira batzuk. Itsasoaren mailatik gora altuera txikia dutenez klima aldaketak nabarmen eragingo diela pentsatzen da eta atoloi asko urperatuta gelditzeko mehatxupean daude. Bestalde atoloi txikietan bizimodua oso zaila da eta populatu gabe daude. Hori dela eta XX. mendean bonba nuklearren froga ugari egin zituzten inguruetan.

Etimologia eta definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atollo hitza divehizko atholhu ( އަތޮޅު ) hitzetik dator, Maldivetako hizkuntza indo-ariarretik[1].

Europako hizkuntzetan 1625 urtetik erabiltzen bada ere Charles Darwin izan zen izena popularizatu zuena. Horrela definitu zuen: "Uharteen arteko azpimultzo berezi bat da, haren ezaugarri nagusia koralezko uharri organiko bat izatean datza"[2]. Fairbridgek (1950) " erdian aintzira bat duen uharri zirkularra" gisa definitu zuen[3].

Gaur egun horrela definitzen da atoloia: "Aintzira bat inguratzen duen eraztun itxurako uharria da, uharria baino altuagoa den muinorik ez duena, ez bada uharrizkoa edo uharriaren hondarrez eratutakoa"[4].

Atoloiaren eraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles Darwinek azaldu zuen 1842an Ozeano Bareko koralezko atoloien eraketa The Structure and Distribution of Coral Reefs liburuan[5]. Horretarako 1831-1836 artean HMS Beagle itsasontzian egindako bidaian hartutako oharrak erabili zituen. Bidaia hartan latitude desberdinetan kokaturiko uharte bolkaniko ugari eta atoloi ugari aztertu zituen eta konturatu zen poloetatik gertu ur azpiko mendi lauak (guiot) agertzen zirela[6] eta ekuatore aldean berriz atoloiak. Honek argi erakusten du koralek tropiko arteko ur epelak behar dituztela garapen egokia izateko.

Darwinek esan zuen uharte bolkanikoa jeisten doan heinean inguruan koralezko uharria hazten ari dela, harik eta sumendia erabat desagertu eta koralezko uharria itsas mailara iristen den arte. Esandakoa frogatu nahian Bora Bora eta Cook uharteetako Aitutaki aipatu zituen. Gaur egungo teoriak hein handi batean Darwinek esandakoa mantentzen du.

Eraketa: sumenditik atoloira

Honela gertatzen da atoloiaren eraketa:

  1. Puntu bero baten eraginez gandor termiko batek lurrazala zulatu egiten du, magma irtenaraziz. Horrela sumendi edo uharte bolkaniko bat sortzen da. Magmak ateratzen jarraitzen duen artean sumendia tamainaz handituz doa, bai altueran eta baita oinarrian ere.
  2. Denbora luzea igaro ondoren jarduera magmatikoa eten egiten da eta sumendia itzali egiten da. Orduan korala uhartearen inguruan ezartzen da, bazterreko uharri forman.
  3. Uhartea hondoratzen hasten denean koralak uhartearen inguru guztia kolonizatzen du, barrera uharri forman. Batzuetan koralaren eta sumendiaren hondarraren artean aintzira bat eratzen da.
  4. Uhartea guztiz hondoratzen da, sumendia desagertzeraino. Bien bitartean koralak hazten jarraitzen du eta atoloia sortzen da. Koralezko eraztunaren erdian aintzira bat gelditzen da. Prozesuaren azken zatian itsasoko olatuek bistaraturiko koralezko hesia jo eta zatiak birrindu egiten dituzte harea fina sortuz. Koral zatiak, harea eta haizeak ekarri dituen landare haziek uharte txikiak osatzen dituzte koralezko hesiaren gainean eta lehen mailak segida ekologikoa abiatzen da[7].

Atoloien kokapena, tamaina eta ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atoloi multzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurra planetan 440 atoloi inguru zenbatu dira[8]. Gehienak Ozeano Bareko eremu tropikalean kokatzen dira eta atoloi uhartedietan kontzentratzen dira. Multzo aipagarrienak honako hauek dira; Karolinak, Koral itsasoko uharteak, Marshall Uharteak, Tuamotu uharteak, Kiribati, Tokelau eta Tuvalu. Hauekin batera aipatzekoak dira Indiako ozeanoko Txagos uhartedia, Lakadiveak, Maldivak eta Seychelleetako kanpoaldeko uharteak. Ozeano Atlantikoan ez dago atoloi multzo handirik, aipatzeko bakarrak Nikaraguatik gertu dauden baina Kolonbiari dagozkion zortzi atoloi txiki.

Atoloien kokapena eta tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koralezko uharriak eratzen dituzten bizidunek ur tropikal eta azpitropikal epelak behar dituzte. Iparralderen kokaturik dagoen atoloia Kure atoloia da, 28°25′ N,[9] eta hegoalderen kokaturik daudenak Elizabeth uharria (29°57′ S) eta Middleton uharria (29°27′ S) dira[10].

Munduko atoloi handiena, azalerari dagokionez, Txagoseko Banku Handia da. 12.642 km2-tako azalera hartzen du atoloiak baina horietatik 4'5 km2 baino ez du osatzen itsas mailatik gora dagoen uharri estuak[11].

Atoloi altxatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atoloiek ez dute 5 metrotik gorako altuerarik hartzen baina batzuetan gertatzen da indar tektonikoek atoloia altxatzea. Altxaturiko atoloi handiena Lifou da (Kaledonia Berria), 104 metrotako altuera hartu du eta 1.146 km2-tako azalera du[12].

Mehatxuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atoloiek hainbat mehatxu dituzte. Mehatxu nabarmenena klima aldaketak eragindako itsasoaren mailaren igoera da. Altuera txikia dutenez atoloi asko urperatuta gelditzeko mehatxupean daude[13] eta biztanleek ezinezkoa izango dute bertan bizitzen jarraitu[14]. Maldivak, Kiribati eta beste hainbat estatu erabat desager daitezke hurrengo hamarkadetan[7]. Egoera horri aurre egiteko Klima Aldaketarekiko Atoloi Baxuen Nazioarteko Elkartea (CANCC) sortu da[15].

Beste alde batetik atoloi multzo handiak isolaturik eta populatu gabe daude eta herrialde garatuenek entsegu nuklearrak egiteko aukeratu dituzte. Estatu Batuek aurreneko hidrogeno bonba Bikini atoloian bota zuten, horretarako Bikiniko biztanleak Rongerik atoloira eraman zituzten. 1947 eta 1962 artean estatubatuarrek ehun leherketa nuklear inguru egin zituzten horrelako atoloietan[7]. Frantziak ere Mururoa eta Fangataufa atoloietan entsegu nuklearrak egin zituen 1966 eta 1996 artean, 193 entsegu guztira[16]. Proba nuklear hauen ondorioz Mururoa atoloia erortzen ari dela onartu behar izan zuen Macron presidenteak[17].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Goldberg, Walter M. (2013). The Biology of Reefs and Reef Organisms. University of Chicago Press, 13 or. ISBN 9780226925370..
  2. darwin-online.org.uk (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  3. Fairbridge, Rhodes W.. (1950-07-01). «Recent and Pleistocene Coral Reefs of Australia» The Journal of Geology 58 (4): 330–401. doi:10.1086/625751. ISSN 0022-1376. (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  4. McNeil, F. S.. (1954). Organic reefs and banks and associated detrital sediments. Amer. J. Sci., 252(7):, 385–401 or..
  5. «Darwin Online: Introduction to Coral reefs» darwin-online.org.uk (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  6. (Ingelesez) «guyot | geology | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  7. a b c «Atoll | National Geographic Society» education.nationalgeographic.org (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  8. Watts, T.. (2019). Science, Seamounts and Society. Geoscientist. August 2019:, 10–16 or..
  9. Westsamoa Ministry of Education, Sports & Culture. (2004). Geography Year 12, [Schülerbd. [...]. ] Ministry of Education, Sport and Culture ISBN 982-517-061-1. PMC 935073979. (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  10. (Ingelesez) Prescott, Victor. (1998-05). «The Uncertainties of Middleton and Elizabeth Reefs» Maritime Studies 1998 (100): 8–14. doi:10.1080/07266472.1998.10878528. ISSN 0726-6472. (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  11. pubs.geoscienceworld.org (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  12. «Misinformation about Islands» www.worldislandinfo.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  13. (Ingelesez) «Atoll islands and climate change: disappearing States? - United Nations University» unu.edu (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  14. (Ingelesez) «Climate change could make atolls uninhabitable as soon as the 2030s, new study says - World | ReliefWeb» reliefweb.int (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  15. (Ingelesez) «Coalition Of Low-Lying Atoll Nations on Climate Change gather in Palau | United Nations Development Programme» UNDP (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  16. (Gaztelaniaz) Periódico, El. (2021-07-28). «Casi 200 pruebas nucleares en la Polinesia en 30 años» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  17. (Gaztelaniaz) «El atolón de Mururoa se derrumba como consecuencia de las pruebas nucleares» La Voz de Galicia 2001-03-01 (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]