Azazetako sarraskia
Azazetako sarraskia | |
---|---|
Mota | Q9072523 |
Honen parte da | Espainiako Gerra Zibila |
Denbora-tarte | 1937ko martxoaren 31 - 1937ko apirilaren 1a |
Kokaleku | Azazetako mendatea |
Herrialdea | Zona sublevada (en) |
Parte-hartzaileak | |
Pertsona hilak | 16 |
Azazetako sarraskia Espainiako Gerra Zibilean Azazetan (Araba) izandako erailketa kolektibo bat izan zen. 1937ko martxoaren 31etik apirilaren 1erako gauean 16 preso errepublikazale legez kanpo exekutatu zituzten, tartean Gasteizko alkatea eta hainbat zinegotzi.[1]
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errepublikaren aurkako altxamendu faxistaren ondoren, Arabako zatirik handiena kolpisten kontrolpean geratu zen.[1] Kolpistek legez kanpoko exekuzioak 1936ko abuztutik egin bazituzten ere, 1937ko udaberrian Emilio Mola buruzagiak errepresio maila igotzea agindu zuen. Kolpistek Bizkaiaz jabetzeko ofentsiba prestatzen ari ziren, eta fronteko gerra-ekintzez gain, erretaguardian errepresioa areagotzea interesatzen zitzaien, disidentzia ezabatzeko. Neurrietako bat espetxeetan zeuden presoak fusilatzea izan zen.[2]
Prozedura beti berdintsua izaten zen: gauerdian Gobernu Ordezkaritzatik zenbait presoren askatasun aginduak jaulkitzen ziren; izen aukeraketa informatzaileen araberakoa izaten zen, agintari arduradunen borondate ona edo txarraren eraginpean. Agindu hau betez, presoa kartzelako atarira eramaten zen; han erreketez edota falangistez osatutako exekuzio-patruilek hartzen zuten. Teoriaz patruila hauek "kontrolik gabe" ziharduten, autoritateen bizkar alegia; praktikan, ostera, haiekin koordinaturik aritzen ziren. Horregatik artxiboetan, preso hauei buruz agertu ohi den azken informazioa haiei sinarazitako askatasun agindu bat izaten da.[3] Legez kanpoko exekuzio hauek 1938an Kondenak Epaitegi Militarren esku geratu arte iraun zuten.[4]
Mola Gasteizera iritsi zenean, berak nahi zuen efektua lortzeko hirian 60 preso hil beharko zirela kalkulatu zuen. Martxoaren 30ean, udal agintariak, errekete eta falangisten buruzagiak Hermandad Alavesa elkarte karlistaren egoitzan bildu ziren, espetxetik atera beharreko pertsonen zerrendak egiteko. Gau horretan bertan Teodoro Bazán presoa atera eta hil zuten.[2]
Sarraskia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martxoaren 31n, asteazkenarekin, armada frankistak iparraldeko frontearen aurkako erasoa hasi eta Durango bonbardatu zuen, ehunka biktima eraginez.[1] Gau horretan, Galo Zabalza La Paz espetxeko zerbitzu arduradunak -falangista uniformez jantzita- eta Gándara ofizialak 16 preso atera zituzten ziegetatik. Joaquin Pelegrin Ordenu Publiko Delegatuak idatziriko askatasun-papera sinatu eta gero, espetxearen atarian Bruno Ruiz de Apodakak gidatutako falangista, errekete eta guardia zibilez osatutako pikete baten esku utzi zituzten. Espetxe aurrean, presoak eskuz loturik bi kamioitan sartuak izan ziren, Lizarrarako errepidea hartuta.[5][6]
Azazetako mendatean geldituz, presoak binan loturik basora eraman zituzten. Han askatu, banaka konfesatu eta hil zituzten. Hainbat zulotan erdi-lurperatu zituzten,[7] errepideko 16. kilometrotik 100 bat metrora. Ehorzgia aztertu zuten forentseek baieztatu zutenez, ehorzterakoan haietako batzuk oraindik bizirik ziren.[2]
Azazetan eraildako 16 presoen izenak hauek izan ziren:[7]
- Teodoro González de Zarate: Izquierda Republicana alderdikoa, Gasteizko alkatea 1931-1936 artean.[8]
- Francisco Díaz de Arkaia: Gasteizko zinegotzi sozialista.
- José Luis Abaitua Pérez: erlojugilea, eta EAJko Araba Buru Batzarreko kidea.
- Víctor Alejandre: Gaubeakoa, Partido Republicano Radical Socialista alderdikoa.
- Eduardo Covo González: Gasteizko telegrafista.
- Jaime Conca Amorós: Gasteizko oliba-biltzailea.[8]
- José Domingo Elorza San Vicent: Gasteizko margolaria, PSOEko kidea.
- Constantino González Santamaría: Gasteizko bizargina.
- Francisco Garrido Sáez de Ugarte: Apilaizko ajustadorea, CNTko kidea.
- Prisco Hermua Arrizola: Gasteizko jornalaria, CNTko kidea.
- Antonio García Bengoetxea: Gasteizko mekanikaria, UGTko kidea.[9]
- Jesús Estrada Ábalos: Gasteizko mekanikaria, PCEko kidea.
- Daniel García de Albéniz Azazeta: Maeztuko nekazaria, CNTko kidea.
- Manuel José Collel Aguilá: Gasteizko ferrobiarioa, Unión Republicana alderdikoa.
- Manuel Hernández Ibañez de Garaio: Gasteizko ferrobiarioa.
- Casimiro Cerrajería Zarranz: Gasteizko piroteknikoa, UGTko kidea.
Biharamunean, presoen familiei abisua pasatu zieten askatuak izan zirela, eta haiei buruz ezer gehiago ez zekitela esanez. Familiek, bistan denez, gertatutakoaren susmoa zuten; eta batzuen laguna zen Pedro Anitua apaizari laguntza eskatu zioten. Honek Rekalde apaiz jesuita kontaktatu zuen, piketeekin Azazetan egon zena. Honek erailketaren zehaztasunak eman zizkien, baita zenbait presok hari utzitako objektu pertsonalak eta agur-mezuak ere.[2]
Gerra ostea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errepresio eta izu giroa zabaltzearen helburua ondo baino hobeto bete zen. Inpunitatea eta babesgabetasuna nolakoa zen adierazten du anekdota honek: sarraskitik egun gutxira, eraildako presoetako baten bitxitegian pertsona bat agertu zen, hildako jabearen urrezko eraztuna bertan saltzeko.[2]
Sarraskitik bost bat urtera, eraildako hiru presoren senideek (Gonzalez de Zarate, Abaitua eta Collel) gorpuak atera zituzten Pedro Anituaren laguntzaz,[10] eta Gasteizko Santa Isabel kanposantura (Zaramaga) eraman zituzten, heriotz-agiria eskuratuz. Beste zenbait familiak, ordea, uko egin zioten gorpuak berreskuratzeari, erailketaren aitorpena jaso ezean. Horretara, preso hauek ofizialki desagertutzat mantendu ziren urte askoan.[2]
1978ko uztailaren 21ean, EAJ alderdiaren Araba Buru Batzarraren izenean, Joseba Azkarragak gorpuak ateratzeko eskaria sartu zuen probintziako Gobernu Zibilean. Abuztuaren 3an, Pedro Anituaren lekukotasunarekin eta ehorzgiaren identifikazioarekin, 13 gorpu atera ziren, denak kaxa bakarrean sartuz eta El Salvador kanposantura (Otazu) eramanez. 132 multzoan, 114 zenbakian sartu ziren, idazki honekin: "Muertos en el Puerto de Azaceta, la noche del 31 de Marzo de 1937, víctimas de la guerra civil". Artean trantsizio urteak ziren, eta oraindik zaila baitzen horrelako gertakari bat salatzea.[2]
Oroimen historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007 urtean, erailketen 70.urte betetzearekin batera, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak lehen omenaldia egin zien Azazetan eraildako presoei.[11] 200 bat pertsona bildu ziren Gasteizko Ospitale plazan (La Paz espetxea egondako lekuan, alegia). Gasteizen gerra galdu zutenen memoria historikoa aldarrikatzeko eginiko lehen ekitaldietako bat izan zen.[2] Harrezkero Azazetakoei eginiko omenaldiak ugariak izan dira:
- 2009an, Ahaztuak 1936-1977 ekitaldia egin zien El Salvador kanposantuan.[12]
- 2017an Arabako Foru Aldundiak, Batzar Nagusiak eta Gasteizko Udalak omenaldi bateratua egin zuten, Azazetako herriko plazan, sarraskiaren 80 urteurrenean,[10] Iñigo Urkullu EAEko lehendakariarekin. Hurrengo urtean, gertakariak azaltzen duen panel bat ezarri zuten bertan.[13]
- Urte berean, «1937-2017 Oroimenetik askatasunera!» ekimenak “Gernika-Azazeta. 1937-2017” manifestua aurkeztu zuen, 37 arabar ospetsuk sinatua. [14]
- 2018an EH Bildu, Ahal Dugu Podemos, Ezker Anitza eta EQUO Berdeak alderdiek omenaldia egin zuten, Azazetan eta Gasteizen, sarraskitik 81 urtera.[15]
- 2023an EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Berdeak-Equo alderdiak bildu ziren Gasteizko Santa Barbara plazan, sarraskiaren zigorgabetasuna gogoratzeko.[16]
Azazeta inguruan sarraskiaren lekua eta oroitarria ezagunak dira, eta bisita daitezke.[17]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «86 urte Azazetako sarraskitik - Mendialdea» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ a b c d e f g h «REPÚBLICA 31 DE MARZO DE 2007. | ANIVERSARIO DE LA MATANZA DE 16 PRESOS EN AZÁCETA, ÁLAVA.» www.errepublika.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «ORDEN DE LIBERTAD DE ANTONIO BARRÓN. 1 de septiembre de 1936» Álava Libertaria 2015-03-18 (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El alavés de los 108 asesinatos» El Correo 2015-07-07 (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ Ahaztuak1936-1977. (jueves, marzo 29, 2007). «AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977: ARABA: 70 ANIVERSARIO DE LOS ASESINATOS DE AZAZETA. El próximo sábado "AHAZTUAK 1936-1977" realizará un homenaje público en Vitoria- Gasteiz» AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977 (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Armentia, Iker. (2017-03-31). «Después de que me hayan matado, no me olvides» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
- ↑ a b «La masacre de Azazeta, 81 años de la mayor matanza franquista en Araba» Hala Bedi (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Exprés, Norte. (2023-04-01). «Homenaje a las víctimas de la matanza de Azazeta» Norte Exprés | Noticias de Vitoria-Gasteiz y Álava. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cancho, Rosa. (2018-03-08). «Vitoria inaugura su tercer rincón de la memoria en la calle Paz» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Hoy, Gasteiz. (2017-04-01). «Álava homenajea a los 16 fusilados de Azazeta» Gasteiz Hoy (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ Ahaztuak1936-1977. (jueves, marzo 29, 2007). «AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977: ARABA: 70 ANIVERSARIO DE LOS ASESINATOS DE AZAZETA. El próximo sábado "AHAZTUAK 1936-1977" realizará un homenaje público en Vitoria- Gasteiz» AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977 (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Homenaje a los 16 fusilados en Azaceta» El Correo 2009-04-01 (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) panel informativo en recuerdo de los ’16 asesinados de Azazeta’ « Notas de prensa. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2017-03-27). ««1937-2017 Oroimenetik askatasunera!», avanzar sin olvidar el pasado» GARA (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La iniciativa Azáceta 1937 recuerda a los 16 fusilados allí en la guerra» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Homenaje a las víctimas de la matanza de Azazeta - Onda Vasca» www.ondavasca.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) [https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/valle-de-azazeta-real-valle-de-laminoria-94819613 «��VALLE DE AZAZETA-REAL VALLE DE LAMINORIA»] Wikiloc | Rutas del Mundo (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).