Broly

Wikipedia, Entziklopedia askea
Logo ecriture Japon.png
Orri honetako testu zati batzuk japoniar idazkerarekin idatzita daude.
Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera
ikurrak ikusiko dituzu kanji edo kana karaktereen ordez.
Broly
Sexua Gizonezkoa
Jaiotze data 737. urtea
Jatorria Animean
Lehen agerraldia Suaren borroka filma (Dragoi Bola Z)
Arraza Saiya
Senideak
Teknikak
Eraldaketak
Ahotsa Japonia
Euskal Herria

Broly (jatorrizko japonieraz ブロリー edo Burorī ?) Dragoi Bola Zren filmetan bakarrik agertzen den fikziozko pertsonaia da. Saiya arrazakoa, bera da Kondairako Super Saiya maila lortzen duen bakarra, Super Saiya normala baino indartsuagoa. Bizi indarra ez zaio agortzen eta gainera era kontrolagaitz batean handi dezake berau, maila oso altuetara iristeraino. Ilea hori bilakatu beharrean, kolore berdexka bat hartzen du.

Bere historia 3 filmetan garatzen da; hauetatik lehenengoa bakarrik dago euskaratuta: Suaren borroka. Beste biak gaztelerara bikoiztuta daude, hauen bien izenburuak japonieratik zuzenean itzulita hauek izango lirateke: Bikote arriskutsua!! Super gerlariek ez dute atsedenik eta Super mutilaren porrota!! Irabaz dezakeen bakarra naiz.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Broly Paragus izeneko bigarren mailako saiya baten semea da. Jaio zenean Son Gokuren ondoan zegoen sehaska batean ipini zuten, egun berean jaio baitziren. Arrazoi ezezagunak zirela medio, Son Gokuren negarrek Brolyrengan eragina zuten bere indarra 10.000 unitateraino handituz. Vegeta Erregeak, Broly hazten zenean indarra ere gehitu eta postua kenduko ziolakoan, Paragus akabatu eta Brolyrekin berdina egiteko agindu zuen, gero gorpuak espazioan utziz.

Freezerrek Vegeta planeta lehertu zuenean ia saiya arraza osoa akabatu zuen eta biziraun zutenak unibertso osoan zehar banatuta geratu ziren. Hain zuzen, Broly izan zen bizirik iraun zuen horietako bat eta, haurra bazen ere, inkontzienteki bere aita ere salbatu zuen. Honek semea zaindu eta hazi zuen bere indarra bere barnean gordetzen saiatuz; txiki-txikitatik super saiya bilakatzeko gai zen. Baina saiakera guztiak alperrik izan ziren: Broly hazi zenean ezin zen kontrolatu, aitak baino askoz indar handiagoa zuen eta parean topatzen zituen planeta guztiak txikitzen zituen. Paragusek jakintsu bati Brolyren borroka indarra aktibatzen zuen burmuineko zatia blokeatuko zuen diadema bat asmatzeko eskatu zion, eskuturrean erabiltzeko urrutiko kontrolagailu baten bidez. Emaitza bikaina izan zen eta urte askoan bere semearen eta bere existentzia ezkutatu ahal izan zuen.

Vegeta Berri planetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Freezer eta Coola desegin ostean Paragusek Lurrean bizi ziren saiyak Vegeta Berri planetara eramateko plan bat pentsatu zuen: Vegetari deitu (azkenean Z gerlari guztiek lagundu zioten) eta saiyen errege izendatzea arrazaren ospea berreskuratuz. Horretarako Vegetak Espazioko Gerlari ezezagun bat akabatu beharko zuen ordea. Hau lortu ostean, gerlari horren bila entretenituko zituen guztiak Moori kometak planetaren kontra talka egin eta guztiak akabatzeko. Baina plana ez zen berak nahi bezala atera; behin guztiak han zirela, Goku ikustean Brolyk burua galdu eta bere indar guztia askatu zuen. Aitaren ahaleginak alperrik ziren, hau gelditzeko lehen aldiz diademaren inhibitzailearen kontrola galduz. Brolyk, %100eko indarrarekin, Paragus akabatu zuen Moori kometaren kontra botaz kapsula espazial batean alde egiten saiatzen zen bitartean. Son Goku, Vegeta, Trunks, Satan Txiki eta Son Gohan ere larriki zaurituta utzi zituen. Bere boterea hainbestekoa zenez, dena galduta zegoela zirudien. Hala ere, Gokuk bere lagunen eta bere indar guztia kolpe bakar batean biltzea lortu zuen. Itxuraz Broly hil zuen.

Lurrera bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zoritxarrez, bere indar ikaragarriari esker bizirik iraun zuen. Larriki zaurituta izorratutako espazio-ontzi batean sartu eta norabide zehatzik gabe aireratu zen kasualitatez Lurrean eroriz. Erortzean laku handi bat sortu zuen eta hau izoztu egin zen gerlaria bertan harrapatuta gelditu zelarik. Zazpi urte pasa zituen lo izozpean eta azkenean, Gotenen negar eta oihuek aztoratu egin zuten, Gokurenak zirela uste baitzuen.

Honek Broly berehala esnatzea eragin zuen. "Jolasean" ibili zen Trunks eta Gotenekin, hauen erasoek ezer ez zioten egiten-eta. Son Gohanek bakarrik egin ahal izan zion aurre Super Saiya 2 mailan, nahiz eta honek ere gutxi iraun zuen, Kondairako Super Saiya mailan baitzegoen Broly. Gohanek, munstroa baino askoz argiagoa, Brolyren eraso baten laba atera zuela konturatu eta bertan harrapatuta uztea lortu zuen. Une honetan Gohan konorte gabe geratu zen, baina labak harrapatu baino lehen Krilinek salbatzen du. Baina Brolyk biziraun egin zuen Gohan eta Krilinen harridurarako. Brolyk orduan, borroka behin betiko amaitzeko izugarrizko indar bola bat jaurti zuen, Lurra ukitu izan balu txikitu egingo zukeena. Gohan eta Goten orduan Kame Hame Ha bateratu batekin saiatu ziren gelditzen hau, baina ez zen nahikoa. Orduan, Shenroni esker Goku agertu zen bere semeei laguntzeko. Baina Kame Hame Ha hirukoitz hori ere ez zen nahikoa, bere bola bola txikiagoak jaurtiz elikatzen baitzuen. Berriz ere ezusteko laguntza batek lagundu zien saiyei. Hilzorian zen Trunksek indar bola bat bota zuen. Honek Brolyk bere bola elikatzeko botatzen zituen boletako baten kontra jo eta beraz hau handitzea ekidin zuen. Momentu horretan, Goku, Gohan eta Gotenek euren indar guztiz eraso zioten Brolyri Eguzkiraino bidaliz. Oraingoan Broly akabatzea lortu zuten, baina inguruko herrixka bateko mago iruzurti batek munstroak ixuritako odolaren zelulekin izaki berri bat sortu zuen: Bio-Broly.

Bio-Broly[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bio-Broly, ingeniaritza genetikoaren eta zelularraren bidez sortutako izakia da, berak ixuritako odoletik hartutako zelulak hain zuzen ere. Berriz ere Gotenen presentzia sumatzean, oraindik ere klonazioa %100ean burutu gabe zegoela, bere eskafandratik atera zen, klonazio prozesuan akatsa eraginez; ondorioz izaki erdi Broly erdi ehun likido likatsu bat sortu zen. Hau bera zegoen kapsulako likidoa bere azalera itsatsi zenean gertatu zen. Izaki honek abiadura nabarmen galdu zuen eta baita bere inteligentzia ere maila txikiagoan, hala ere bere indarra mantentzen zuen. Berriz ere Kame Hame Ha hirukoitz batekin garaitu zuten, oraingoan Goten, Krilin eta Trunksek jaurtia. Trunksen inteligentziak ere zerikusi handia izan zuen garaipen honetan: Bio-Broly, bere osaera organikoaren ondorioz itsasoko ura ukitzean, solidotu egin zen bere kapsulan zegoen sustantzia moreak xurgatu ostean, lana erraztuz gure lagunei.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]