Kolia arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Colias croceus» orritik birbideratua)
Kolia arrunt
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaLepidoptera
FamiliaPieridae
GeneroaColias
Espeziea Colias croceus
Datu orokorrak
OstalariaMendiko uso-belar, Argi-belar eta Hirusta
Kolia arrunta.

Kolia arrunta (Colias croceus) Pieridae familiako tximeleta ezaguna da. Izenak dioen bezala, tximeleta arrunta da Euskal Herrian, eta ia txoko guztietan aurki daiteke. Generokideetatik bereiztea nahiko zaila izan ohi da, ez baitute espezie bakoitza identifikatzeko baliagarria den ezaugarri bereizgarri deigarririk. Hala ere, Colias guztien artean ugariena espezie hau da. Apiriletik azarora bitartean ikus daiteke hegan Euskal Herrian, eta espezie migratzailea da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina ertain-txikiko tximeleta da. 40-55 mm-ko hego-zabalera du, eta aurreko hegoak 2,8 mm neurtzera irits daitezke. Pausatzen denean, hegoak elkarren kontra itxi ohi ditu, eta ondorioz, hegoen behealdea erakusten du. Ohitura horrek asko zailtzen du espeziearen identifikazioa.

Hegoen goialdea urre-laranja kolorekoa da, eta lau hegoen kanpoaldean orban beltz nabarmenak ikus daitezke. Orban horiek handiagoak izan ohi dira emeetan, eta orban horiak izaten dituzte beltz handiaren barruan . Aurreko hegoetan, gainera, orban beltz txiki bana ageri ohi dira. Atzeko hegoen barnealdea grisaxka da, eta erdialdean laranja argi koloreko orban bana ikus daiteke.

Hegoen behealdearen kolorea goialdearena baino askoz ere argiagoa da; hori-berdexka kolorekoa izaten da, eta ez da ertzetako orban beltz handirik nabarmentzen. Hori beharrean, bi hegoen kanpoaldean indar handirik gabeko hainbat orban ilun agertu ohi dira. Aurreko hegoen erdialdea horia da, eta ertza berdexka. Horrez gain, hegoaren goialdean bezala, behealdean ere orban beltz txiki bana ikus daiteke, baina horiek erdigune argia izaten dute. Atzeko hego berdexka izan ohi da, eta haren erdialdean ingerada marroiak dituzten ondoz ondoko bi orban zuri nabarmentzen dira; bata handia, eta bestea, txikia.

Hegoetako orbanetan eta koloreetan oinarrituta, oso zaila da espezie hau gainerako generokideetatik bereiztea. C. hylaeren aurreko hegoen azpialdea zuriagoa izan ohi da, baina orokorrean, hegoak itxita dituztenean identifikazioa ia ezinezkoa da.

Bestalde, Colias generotik kanpo, oso espezie gutxirekin nahas daiteke; Gonepteryxekin, agian. Azken horiek, ordea, ez dute orban beltzik hegoen goialdearen kanpoaldean eta hegoak puntazorrotzak eta berdeak dira –orbanik gabeak–.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolia arruntak banaketa zabala du ipar hemisferioan. Ipar Amerikan, Europa hegoaldean, Afrika iparraldean, Ekialde Hurbilan, Siberia erdialdean eta Indian aurki daiteke, baina ez da alerik aurkitu Asia erdialdean. Aipatutako lurralde horietan parekatzen den arren, espezie migratzailea denez, zenbait urtetan Eskandinaviaraino iritsi izan da.

Aipatutako lurraldeez gain, Ozeano Atlantikoko Madeiran, Azoreetan, Kanarietan eta Mediterraneoko uharteetan ere bizi da espezie hau.

Euskal Herrian lurralde guztian aurki daiteke.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beldarrak, landare lekadun belarkarez elikatzen direnez, zelaietan bizi ohi dira. Tximeletak ere antzerako habitatak ibili ohi dituzte; larreak, alegia. Itsas mailatik 2.000 metroko altueraraino ikusi izan den espeziea da.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emeak landare fabazeoen loreen gainean banaka-banaka jartzen ditu arrautzak. Arrautzatik jaiotzen diren beldarrek landare horiek jaten dituzte. Hasiera batean, fruitu eta lore gazteak jaten dituzte, eta hazi ahala, landarearen gainerako atalak ere irensten dituzte. Beldar-faseak 4-7 aste iraun ohi ditu.

Beldarrek landare belarkara horien zurtoinei itsatsita sortzen dituzte krisalidak. Urteko lehen belaunaldietako aleek 2-3 aste behar izaten dituzte metamorfosia gauzatzeko. Azken belaunaldian sortutako aleek, ordea, fase horretan igarotzen dute negua.

Hainbat tximeleta-belaunaldi sortzen ditu espezie honek. Lehenengoak apirila-maiatza inguruan hasten dira hegan, eta 2-3 belaunalditan sortutako aleak udazkenera arte ikusten dira.

Espezie migratzailea da, eta zenbaitetan, talde handietan ibilbide luzeak egiten ditu udaberrian, hegoaldetik iparraldera. Migrazio masiboak gertatu izan diren urte horiei Erresuma Batuan Urte hori lainotsu izena eman izan zaie, eta 1877, 1947, 1983, 1992, 1994, 1996 eta 2000 urtean jazo ziren.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beldarrak Fabaceae familiako landare belarkaretaz elikatzen dira. Hirusta gorria (Trifolium pratense) eta hirusta zuria (Trifolium repens) izan ohi dira landare gustukoenak, baina zalkeetaz (Vicia sp.) eta uso-belarretaz (Medicago sp.¡¡) ere elikatzen dira.

Kontserbazio-egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IUCNren arabera, kontserbazio-egoera onean dagoen espeziea da.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kolia arrunt Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Colias_croceus