Convenae

Wikipedia, Entziklopedia askea
Novempopulaniako mapa

Convenae (latinez: Convenae) Antzinaroko herri akitaniar edo aitzineuskaldunetako bat izan ziren. Artikulu honetan konbenarrak eta konbenak formak erabili dira.

Haien lurraldea, gutxi gorabehera, gaur egungo Comminges da (Garona Garaiko departamenduko hegoaldeko erdia, Garona bailarako goiko haranak, Lannemezan goi-ordokiako ekialdea Boulogne-sur-Gesse eta L'Isle-en-Dodon-eraino), eta Aura eta Aran haranak. Konbenarrak Okzitaniako Tolosa inguruan bizi ziren, volques tectosages zeltengandik eta Aucheko auskiar akitaniarrengandik gertu; hein batean, federazioak osatzen zituzten beste herri hauekin: Couseranseko konsorandarrak, Aran harango garumniak, Luishongo onesiiak...

Hiriburua Lugdunum Convenarum (egun, Sant Bertrand de Comenge) zuten: akitaniar-erromatar hiria zen, eta haien populazioa, zeltaz eta erromatarrez osatuta, bertako aitzineuskaldunei gehitu bide zitzaien.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Convenae izenak osagaiok ditu: latinezko con- aurrizkia, "konpainia" adierazten duena, "elkarrekin", eta veni ("klan, familia, leinu"). Beraz, itzulpena "klan berekoak" da. Hala ere, Jean-Claude Dinguirarden arabera, Henri Gaveli jarraiki, latinez moldatutako *convenae hitz indigena izan liteke.[oh 1]

Dena den, ohiko teoria batek dio convenae hitzak "kanpotik etorritako atzerritarrak" esan nahi zuela, eta esanahi horretatik abiatuta, konbenarren sorrera lekuz mugiarazitako beste herrietako jendearengan bilatu dute.

Κονουενοι (Konuenoi) izena Estrabon geografo grekoaren testuetan estreinakoz ageri da, I. mendeko haren Geografia liburuan. Κονουενοι horiek Πόλις Λούγδουνον (Pólis Lúgdunon) hirian kokatu zituen (Lugdunum Convenarum, gaur egungo Sant Bertrand de Comenge-n). Izen hori jatorri zeltakoa omen da[oh 2], hots, "Lug jainkoaren gotorlekua edo mendia" da. Antzeko beste izen bat Κουμουενοί (Kumuenoí) da: Ptolomeoren testuetan aurki daiteke, II. mendean idatzi zuen Gida Geografikoan.


IV. mendean, San Jeronimok Vigilantium-en aurkako diatriban haien arerioez hitz egitean, Ponpeiok hiri gotortu bakar batean bildu zituen "lapur talde" baten ondorengoa zela zioen, hots, geroago Lugdunum Convenarum izenaz aipatuko duena.[1][oh 3]

"Vigilantium miserable honek jatorriari baino ez dio erantzuten. Gneo Ponpeiok, Espainia menderatu ondoren, bere garaipena ospatzeko Erromarantz joateko presatzen ari zelarik, Pirinioen gailurretik bidelapurrak jaitsarazi eta hiri gotortuan bildu zituen. Hazi horretatik jaioa da Vigilantium".[2]

Beste autore askok convenae herriaren hiriburua aipatzen dute, baina haiei buruz oso gutxi hitz egiten dute.[oh 4]

Lugdunum (egun, Lyon) hiriburuaren izenaz denaz bezainbatean, etimologia zelta du, bi hitz galiarrez osatuta baitago: Lug (merkataritzaren jainko zelta) eta dunum (duno gotorlekua da). Dena den, ez da erabat ziurra "Lug jainkoaren gotorlekua edo mendia" esan nahi duenik eta beste esanahi bat proposatu da: "gotorleku edo mendi argia edo zuria"[3][4].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar aztarnak Sant Bertrand de Comenge herrian

Ez zegoen convenae-rik Akitanian, erromatarrak iritsi aurretik: erromatarrei egozten zaie herri haren sorrera eta lehen egituraketa. Jeronimo Estridongoaren[5] testuaren arabera, Ponpeio jeneral erromatarrak Sertoriusen aurka egin zuen Hispaniako gerran garaile atera ostean (K. a. 72an), Pirinioetako eta Iberiar penintsulako biztanleria lekualdatu zuen, eta oppidum baten kontrolpean jarri. Ez dago argi oppidum hori lehendik ote zegoen edo horretarako propio eraiki zuen.

Garona bailara garaiaren bokalean zegoen (gaur egungo Sant-Bertrand de Comminges-eko gunean),eta herri indigenen kalterako egin zen (Raymond Lizop-en arabera, Zesarrek aipatutako garumnarrak, hain zuzen); hala, Tolosa aldeko Volcos Tectosages galiarren nagusitasun politikotik erromatarren administrazioaren pean egotera pasa ziren.[6][7]

Historialari batzuen ustez, convenae herri-konfederazio horri emandako izena zen. Gorago aipatu den etimologiari jarraiki, convenae latinezko convenio hitzetik bide dator: bildu, ados jarri[8]; eta convena, "biltzen direnak, errefuxiatuak, leku guztietatik iritsitako atzerritarrak, abenturazaleak"[9]. Ideia horri jarraituz, populazio-nahasketa horretan, zati handi bat bertakoek osatu bide zutela proposatu da, eta horiek, antza, akitaniar hizkuntza eta kulturakoak (aintzineuskaldunak) zirela. Beste par Pirinioetako hegoaldeko haranetatik erbesteratuak diren gainerakoentzat, Espainiako erdigunetik eta te batek kanpotik etorritakoak edo eramandakoek osatuko zuten, Pirinioetatik hegoaldera zeudenak, agian Iberiar Penintsula erdialdekoak ziren betoiak, zeltiberoak eta arevakoak.[10] Lugdunum hiria erromatarren mendean zeuden lurraldeen mendebaldeko mugetan sortu zen eta, beraz, kontrolatzen zituzten lurraldeen ertzetan Erromako agintea finkatzeko baliatu bide zuten.[11][12]

Erromatar antzeztokia Sant Bertrand de Comengen

Hasieran, mugako postu txiki bat zen, baina hiriak garapen nabaria izan zuen I. mendeko lehen hamarkadetatik aurrera; Augustoren erreformaren ondoren, konbenarren lurraldea Narbonensis probintziatik banandu zituzten, Akitaniako probintzia berrian txertatzeko[13]. Lugdunum civitas bateko hiriburu bilakatu zen eta tokiak behar zituen azpiegitura garrantzitsuak eta eraikin publiko handiak eraiki ziren. Eskualde guztiaren erromatartze foku bihurtu zen (Montmaurin, Valcabrère, Valentine eta Luchongo eta Aran haraneko termak horren lekuko dira), eta bertan populazio erromatartua finkatzen lagundu zuen. Komunikazioetarako abantaila garrantzitsuak zituen, errepide eta ibai-bideen bidegurutzean baitzegoen. Gainera, lehengaiak lortzeko baliabide aberatsak zituen: lur emankorra, marmolezko eta kareharrizko harrobiak eta Salies du Salateko gatza. Azkenik, izen handiko konglomeratu termalak zituen. Konbendarren hiriak aurrera egin eta Galia Akitaniako hiri boteretsuenetako bat bihurtu zen.[oh 5][14]. Horren adierazpide, Lugdunum Convenarum zuzenbide erromatarreko kolonia estatusa eman zioten K.o. II. mendearen erdialdea baino lehen.

Diokleziano enperadorearen garaian (K.o. III. mendearen bigarren erdian) Akitania administratiboki berrantolatu zen eta hiru zatitan banatu; konbenarrak Novempopulania probintzia sortu berrian geratu ziren.

Indusketa arkeologikoek erakusten dutenez, oparotasunak bere horretan iraun zuen V. mendean, bai eta Goi Erdi Aroan, nahiz eta V. mendearen hasieran bandaloen inbasioak pairatu zituen eta 585. urtean burgundiarren errege Gontranen I.a-ren egoitza izan zen.

Konbenen erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jainko indigenei eskainitako botozko aldare asko aurkitu dira konbenarren lurraldean, K.o. I. mendetik IV. mendera datatu direnak. Ugariagoak dira Garonako goi bailaretan (ibaiaren lautadatik Saint Bertrand de Comminges zeharktatu eta Saint Béateraino), Pique ibaiaren haranean eta Larboust haranean, Banhèras de Luishon inguruan. Abellio jainkoa izan ezik, convenae herriaren lurralde osoan gurtzen baitzen, badirudi haien panteoiko jainkoak leku jakin batean gurtzen zituztela, oso eremu mugatuetan. Haien hiriburuaren izena dela eta, Lugdunum Convenarum ("Konbenen Lug/Lugus" edo "Lugos jainkoaren mendia edo gotorlekua") galiarren Lugus jainkoak agian garrantzia izan zuela proposatu da.

Gaur arte, ez da jainko horri eskainitako inskripziorik edo irudirik aurkitu; dena den, hari buruzko idazkunak oso urriak dira galiarren lurraldeetan. Hori bai, Merkuriori eskainitako hiru idazkun aurkitu ziren Lugdunum Convenarum-en eta, Galietan, Merkurio jainko erromatarra Lugos jainko galiarrari asimilatu zitzaion. Hala eta guztiz ere, ez da guztiz ziurra hiriaren leku-izenean jainkoaren izena dagoenik. Oso ohikoak dira, ordea, Jupiterri eskainitakoak[15].

Kristautasuna eskualdean IV. menderako egiaztatuta dago, hau da, V. mendean bisigodoak iritsi aurretik.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jean-Claude Dinguirard, «Notes Aquitaines», Via Domitia, 27, 1982. Hipotesi hau koherentea da gaskoineraz gertatzen den mb > m taldearen bilakaerarekin. Hori dela eta Comenge hitza daukagu (frantsesez Comminges). Horrelako aldaketa bat zailagoa litzateke nv fonema-talde batetik abiatuta.
  2. Lugdunum honela osatuta legoke: Lugus, mitologia zeltaren jainkoa,eta -duno elementua (gotorlekua edo muinoa/mendixka). Beraz, hiriaren izena «Lugus jainkoaren gotorlekua edo muinoa» esan nahi du.
  3. Jean-Luc Schenck David-en esanetan: Convènae hitzak, esanahi gutxiesgarria izango zuen San Jeronimorentzat, Estrabonentzat zuena bainoa aise gehiago.
  4. Jean-Luc Schenck Davidek idatzi duenez: Flavio Josefo, Antonino Pio, Sidonius Apollinaris, Gregorio Tourskoa....
  5. Estrabonek berak goraipatu zuen onestarren oparotasun termala (Bagnères-de-Luchon) eta Galietako urrutiko eskualdetan ezaguna zen, baita Aquae Convenarum-ekoak (Capvern-les-Bains) eta Aran haranean zeuden Arties-eko termak ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Contra Vigilantium | Patrologie romaine XXIII, 356-357 or.
  2. Jean-Marc Chaduc dans la Barousse et la cité de Comminges, op.cit.
  3. Lacroix 2007, 155-169 or.
  4. Delamarre 2003, lugus artikulua.
  5. Contre Vigilance, hemen: Migne, Patrologie latine, XXIII, 356-357 or.
  6. Raymond Lizop: Le Comminges et le Couserans avant la domination romaine, Privat, 1931, 45. or., hemen aipatua: Christian Rico, Pyrénées romaines, 118 or. eta hemen: Sablayrolles et Beyrie, CAG 31/2, Le Comminges, 62. or. Garumni-ekin identifikatzea, onartzen du ere bai: Gabrielle Fabre, Civilisations protohistoriques de l'Aquitaine, Picard, 1952, 169. or. etar Roland May, Saint-Bertrand de Comminges, Tolosa, 1986, 31 eta 41. or.
  7. Michel Labrousse, Toulouse antique, Paris, E. de Boccard, 1968, p. 90. hemen aipatua: Christian Rico, Pyrénées romaines, 112. or.
  8. Gaffiot latina-frantsesa hiztegia online. "convenio" artikulua
  9. Gaffiot latina-frantsesa hiztegia online. "convena" artikulua
  10. Christian Rico: Pyrénées romaines, Casa de Velázquez, 1997, 142. or.
  11. Robert Sablayrolles eta Argitxu Beyrie: Carte archéologique de la Gaule 31-2: Le Comminges (Haute-Garonne), Paris, Académie des inscriptions et belles-lettres, Éditions de la Maison des sciences de l'homme, 2006, 516 or. ({{ISBN|978-2-87754-101-5}}, OCLC 173183453), 61-63. or.
  12. Christian Rico (1997): 142. or.
  13. Roland May: Saint-Bertrand de Comminges, Tolosa, 1986, 13. or.
  14. Christian Rico (1997): 111-112 or.
  15. Schenck-David, Jean-Luc. (2019-09-24). Charles-Laforge, Marie-Odile ed. «Jupiter chez les Convènes (Pyrénées centrales) dieu romain ou dieu aquitain ?» Les religions dans le monde romain : Cultes locaux et dieux romains en Gaule de la fin de la République au iiie siècle après J.-C : persistance ou interprétation ? (Artois Presses Université): 95–132. ISBN 978-2-84832-361-9. (Noiz kontsultatua: 2021-10-12).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(**): Frantsesezko jatorrizko artikulua idazteko erabili zen bibliografia

  • Robert Sablayrolles eta Argitxu Beyrie: Galiako Mapa Arkeologikoa 31-2 : Le Comminges (Haute-Garonne), Paris, Académie des inscriptions et belles-lettres, Éditions de la Maison des sciences de l'homme, 2006, 516 or.( ISBN 978-2-87754-101-5, OCLC 173183453 ) **
  • Christian Rico. Pyrénées romaines: essai sur un pays de frontière, Paris, Casa de Velázquez, 1997, 418. or. ( ISBN 978-84-86839-74-1 , irakurri linean ) **
  • Jean-Luc Schenck-David: «Pour en finir avec Lugdunum Convenarum», Revue de Comminges, 121. lib., 4. zk.,‎ azaroa-abendua 2005. 485-494 or. (ISSN 0035-1059) **
  • Raymond Lizop: Le Comminges et le Couserans erromatar dominazioaren aurretik, Toulouse, Privat, 1931.
  • Henri Pac: Luchon et son passé, Toulouse, Privat, 1984. 133. or. ( ISBN 2-7089-2385-4 )
  • Rémy Comet: L'enclave espagnole du Val d'Aran, Imprimerie du Sud-ouest, 1929 (berrargitaratu: Privat, 1985)
  • Jean-Marc Chaduc: La vallée et la cité: La Barousse, Saint-Bertrand de Comminges: deux millénaires d'histoire, Estadens, PyréGraph, 2006, 527 or. ( ISBN 2-908723-70-0 )
  • Jean-Claude Dinguirard: « Notes Aquitaines », Via Domitia, 27, 1982.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]