Denis Diderot

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Denis Diderot
Denis Diderot - Alix - Vanloo.png
Bizitza
Jaiotza Langres1713ko urriaren 5a
Herrialdea Frantziako Erresuma
Talde etnikoa Frantziarra
Ama hizkuntza frantsesa
Heriotza Paris1784ko uztailaren 31 (70 urte)
Hobiratze lekua Saint-Roch
Familia
Aita Didier Diderot
Hezkuntza
Heziketa Lycée Louis-le-Grand
Lycée Saint-Louis
Parisko Unibertsitatea 1732) Master of Arts
Hizkuntzak frantsesa
Lanbidea
Lanbidea filosofoa, eleberrigilea, saiakeragilea, entziklopedista, idazlea, arte-kritikaria, antzerkigilea, literatura kritikaria eta correspondenta
Lantokia(k) Paris eta San Petersburgo
Kidetza Prusiako Zientzien Akademia
Zientzien Errusiar Akademia
Russian Academy of Sciences
Sinesmenak
Erlijioa Negative and positive atheisma
IMDb nm0225784
Denis Diderot signature.svg

Denis Diderot (Langres, 1713ko urriaren 5 - Paris, 1784ko uztailaren 31) idazle eta filosofo frantsesa, Ilustrazio garaiko idazle eta filosofoa. Encyclopédie ou Dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers izenburuko entziklopediaren editorea izan zen, Jean le Rond d'Alembert-ekin batera.

Bizitza eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi-mailako labanagile baten semea zen, eta aitak eragin handia izan zuen harengan. Gizarte-mailaz probintziako burgesiakoa zen beraz, baina gizarte feudal eta aristokratiko hartan ez zegoen gizarte-mailan gora egiterik, bi bide jakinen bidez ez bazen. Bata elizgizon egitea zen, eta, hala, ikasketak jesuitekin egin ondoren, Diderot elizgizonen goi-mailako kargu ondo ordainduak eskuratu ahal izateko hasi zen bere burua prestatzen. Gizartean gora egiteko heste bidea arteena, zientziena eta letrena zen; gizaldi hark sortua zuen berrikuntzetako bat zen hura, pertsona ikasiarena, gaur egun intelektuala esaten zaiona. Ordu arte letra-gizonek, artistek eta zientzialariek ez zuten eskurik izan agintearen barrunbeetan, haina XVIII. mendean, «Argien Mendea» esan zitzaion hartan, lortu zuen burgesiak ordu arte elizak gotorleku baten gisa beretua izan zuen alor batean esku hartzea, hezkuntzan hain zuzen, eta jende letraduna izan zen esku-hartze haren aitzindaria, helburu garbi batekin: elizak gazteengan zuen eragin kaltegarria ezereztea, eta elizgizonen ondasun-oinarri sendoenetako bat haiei kentzea. Jende ikasi hari entziklopedista esan zitzaien mende hartan, edo, berek beren buruari esaten zioten bezala, «filosofoak».

Encyclopedie de D'Alembert et Diderot - Premiere Page - ENC 1-NA5.jpg

Diderotek, hamabost urterekin, alderdi laikotik gizartean arrakasta handiagoa izan zezakeela sumatu zuenean, Elizaren bidea baztertu eta Parisera abiatu zen, gizon ikasi eta ilustratuak ez baitzuen garai hartan aurrera egitetik hiriburuko giroan bizi ez bazen.

Filosofia, teologia eta zuzenbidea ikasi zituen Parisen. Ikasketa aldi hartan Diderot ez bakarrik aitaren borondatearen kontra bizi izan zen Parisen, bizimodua eskola pribatuak emanez atereaz, ezkondu ere egin baitzen aitari ezer esan gabe, herentziaz gabetu ez zezan. Erregimen Zaharrean aitaren aginpidea oso zorrotza zen, aginpide feudalaren antzerakoa; aitaren borondatearen kontra ezkontzeak zigor ekonomikoa zekarkeen; horregatik, zuhur jokatu behar izan zuen Diderotek. Laster bere ekimen guztia Encyclopédie ospetsura, berak zuzendu zuen lan erraldoira, bideratu zuen (1747-1766. urteetan).

Urte haietan eratu zen, orobat, Entziklopedia sortzeko lanetan ariko zen lagun- eta kide-taldea. Denak burgesiako pertsonak ziren, eta ondo jakinaren gainean zeuden ez zutela ordurako aristokraten babesaren premiarik, bezero berri bat agertu zelako: jendea, batzuek «gizadia» edo «herria» esaten ziotena. Parisko eta Frantziako beste hiri handi batzuetako burges, eskulangile, merkatari eta finantzari apalek osatzen zuten giza talde horrek ez zuen oraindik talde-ezaugarri berezirik, eta prest zegoen heste giza taldetatik desberdinduko zuten liburu, margolan, antzerki, janzkera eta hizkerak erosteko.

Diderotek itzulpengintzan jardun zuen hasieran. Temple Stanyanen Greziaren Historia (1743), Lord Shaftesburyren Merezimenduari eta bertuteari buruzko gogoeta (1745) eta Robert Jamesen Medikuntza hiztegi unibertsala (1746-1748) itzuli zituen; alegia, gerora bere ibilbide filosofiko eta literarioan garrantzi handia izango zuten gaiak. 1746an argitaratu zuen Diderotek bere lehen liburua, filosofiazko elkarrizketa bat, Pensées philosophiques, non arrazoia agerpenaren gainetik zegoela aldezten baitzuen; liburu hura kondenatu eta bahitu egin zuten, eta, hortaz, arrakasta handia izan zuen berehala.

Errusiara, Katalina II.aren gortera 1773an egin zuen bidaia izan zen Diderot-en lanak izan zuen etenaldi bakarra. Bestalde, idatzi zituen obra ugari eta askotarikoek argitzen dute Diderot-en pentsamendu filosofikoen bilakaera. Pensées philosophiques (1746, Gogoeta filosofikoak) filosofiako obran eta Les Bijoux indiscrets eleberrian (egilearen izenik gabe argitara emana, 1748) etikari eta arteari buruzko ideiak azaldu zituen. Lettre sur les aveugles à l´usage de ce qui voient (1749, Itsuei buruzko gutuna ikusleek erabil dezaten) obran, materialismo ateoaren alde azaldu zen, eta haren ondorioz hilabete batzuk eman zituen preso Vincennes-ko presondegian. Zientzia esperimentalez arduratua zen (De l´interpretation de la nature, 1753), materialismo mekanizistaren aurkako argudioak defendatu zituen (Réfutation de l´homme d´Helvetius, 1773), jarrera filosofikoak zehaztu zituen (Le Rêve de d´Alembert, 1769; Supplement au voyage de Bougainville, 1796an argitaratua), eta naturaren etikaren oinarriak finkatu. Rousseauk ez bezala, Diderotek gizabanakoen zoriona eta gizarte-mailako ongizatea bateratu nahi dituen etika soziala aldarrikatu zuen. Tesi horiek Le Fils naturel (1757), La Père de famille (1758) eta Est-il bon? Est-il méchant? komedietan azaldu zituen. Era berean, estetikaren inguruko arazoez ere arduratzen zenez gero, literatura-kritikako lanak egin zituen, artistak defendatuz (Vernet, Greuze, Hubert, Robert, Chardin) eta Shakespeare edo Homero handien balioa goraipatuz haietan. Haren eleberrien eta saioen artean, aipagarrik dira La Religieuse (1760; 1796an argitara emana), komentuen aurkako idatzia, Le Neveu de Rameau (1760-1772) eta Jacques le Fataliste et son maître (1773-1796). Guztietan, elkarrizketa filosofiko biziak ageri dira, naturaren etikari eta giza askatasunari buruzko gogoetak eta literatura-sormenari buruzko arazoak.

Parisko Panteoian Dideroti eta ilustratuei eskainitako monumentua.

Deismoaren aldekoa izatea egotzi zioten, baina ideia berri eta ordu artekoen ukatzaileak aldarrikatu izanak asaldatu zituen gehienbat eliz agintariak: arrazoia jainkoari nagusitu beharra, eta ordu arte Elizako morroiek monopolioan hartua zeukaten lekua intelektualek hartu beharra. Dideroten hasierako obra guztiak joera hartakoak ziren: De la suffisance de la religion naturelle (1747, Berezko erlijioaren nahikotasunaz), La promenade du sceptique (1747, Eszeptikoaren paseoa). Bi obra horiek ere berehala debekatu zituzten, eta zenbat eta debeku gehiago, orduan eta handiagoa zen egilearen ospea eta bere kideek aitortzen zioten itzala.

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Essai sur le mérite et la vertu, Anthony Ashley Coopereek idatzita eta Diderotek frantsesera eramana (1745)
  • Pensées philosophiques, (1746)
  • La promenade du sceptique (1747)
  • Les bijoux indiscrets, eleberria (1748)
  • Lettre sur les aveugles à l'usage de ceux qui voient (1749)
  • L'Encyclopédie (1751-1772)
  • Lettre sur les sourds et muets (1751)
  • Pensées sur l'interprétation de la nature, (1751)
  • Le fils naturel (1757)
  • Entretiens sur le Fils naturel (1757)
  • Discours sur la poesie dramatique (1758)
  • Salons, críticas de arte (1759-1781)
  • La Religieuse, eleberria (1760)
  • Le neveu de Rameau, (1761 ingurukoa)
  • Lettre sur le commerce de la librairie (1763)
  • Mystification ou l’histoire des portraits (1768)
  • Entretien entre D'Alembert et Diderot (1769)
  • Le rêve de D'Alembert, diálogo (1769)
  • Suite de l'entretien entre D'Alembert et Diderot (1769)
  • Paradoxe sur le comédien (1769 ingurukoa)
  • Apologie de l'abbé Galiani (1770)
  • Principes philosophiques sur la matière et le mouvement, (1770)
  • Entretien d'un père avec ses enfants (1771)
  • Jacques le fataliste et son maître, eleberri laburra (1771-1778)
  • Supplément au voyage de Bougainville (1772)
  • Histoire philosophique et politique des deux Indes, Raynalekin (1772-1781) batera
  • Voyage en Hollande (1773)
  • Éléments de physiologie (1773-1774)
  • Réfutation d'Helvétius (1774)
  • Observations sur le Nakaz (1774)
  • Essai sur les règnes de Claude et de Néron (1778)
  • Lettre apologétique de l'abbé Raynal à Monsieur Grimm (1781)
  • Aux insurgents d'Amérique (1782)
  • Salons

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Denis Diderot Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]