Despotismo Ilustratua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Despotismo ilustratua» orritik birbideratua)
Luis XV.a Frantziakoa, Van Loo margolariaren lan batean

Despotismo ilustratua edota Absolutismo ilustratua XVIII. mendean Europan nagusitu zen gobernu mota da. Beraz, doktrina politiko bat da, Argien Garaiko (Ilustrazioa) filosofoen ideietatik sortua. Monarkia absolutuen eta Antzinako Erregimenaren barnean kokatuta dago. XVIII. mendearen erdialdean agertu zen despotismoaren aldaera bat da. Gobernu mota horretan: monarkek beren borondatea ezartzen zuten parlamentuak kontuan hartu gabe; eta aldi berean, Ilustrazioaren ideia filosofikoetan oinarritutako erreformak egiten zituzten administrazioa eta ekonomia arrazionalizatzeko.

Gobernu-mota hori esaldi batean labur daiteke: Dena herriarentzat, ezer ez herriaren bidez. Estatuaren ongizatea bilatzen zuen (edo, gutxienez, monarkek ongizatetzat ulertzen zutena), hau da, herritarren iritzia kontuan hartu gabe eta boteretsuek sortutako erreformak egitea.

Sistema politiko horrek mendeko azken urteetako krisia eragin zuen, Frantziako iraultza ekarri zuena.

Despotismo ilustratuaren ordezkari nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Despotismo ilustratu kontzeptuaren barruan hainbat gobernu bil daitezke: Karlos III.a Espainian, Pombalgo markesa Portugalen, Tanucci Napolin, Pedro Jose Toscanan, Frederiko II.a Handia Prusian, Maria Teresa eta Josef II.a Austrian, Katalina Handia Errusian. Prusian, Frederiko II.ak gizarte-ordenaren garrantzia azpimarratu zuen, eta, Frantziako Ilustrazioak eraginda, politika erreformazalea bultzatu zuen estatua hedatzeko.

Ekonomian emaitzak urriak izan ziren, nahiz eta estatuak zuzenean parte hartzen zuen alor horretan. Administrazioaren maila guztietan diziplina militarra ezarri zuen, beste erlijioak onartu zituen eta hezkuntza gizarteratu zuen, baita emakumeen artean ere; hala ere, administrazio-maila bakoitzak bere zeregina zuen. Gizartearen egitura sendotzea zen berrikuntza horien guztien helburua.

Errusian, Katalina II.ak (1762-1796) hainbat eskubide eman zizkien nobleei, bere senarra Petri III.a erregetzatik botatzen laguntzeagatik: lurraren erabateko jabetza, justiziaren administrazioa, eta vodka egiteko eta saltzeko monopolioa. Zazpi Urteko gerraren ondoriozko finantza-arazoek behartu zuten Katalina II.a Eliza ortodoxoaren ondasunak hartzera (1764): komentuak eta jopuak kendu zizkion. Katalina II.a Montesquieuren tolerantziari buruzko ideiez baliatu zen. Herriaren zoriona eta hezkuntzaren sozializazioa ziren haren politika berritzailearen oinarriak.

Espainiako errege Karlos III.a ehizarako jantzita, Goyaren koadro batean.
Espainiako errege Karlos III.a ehizarako jantzita, Goyaren koadro batean.

Nobleen eta zerbitzarien arteko harremanak gozatu nahi izan zituen. Volgako eta Doneko matxinadan, kosakoek, Pugatxev gidari zutela (1773-1774), morrontza ezeztatzea eta noblezia desagertzea eskatzen zuten. Eskakizun haien kontra, ordea, aristokraziaren eskubideak eta aristokratak estatuko burokrazian parte hartzea eskatzen zituen joera sortu zen (Nobleziaren Eskutitza, 1785). Austrian, Habsburgoko Maria Teresaren (1740-1780) eta Josef II.aren (1780-1790) erreinuen eta Kaunitz printze eta ministroaren gobernuaren helburu nagusiak zentralizazio-maila, justizia, hezkuntza eta kultura indartzea eta zergak gehitzea izan ziren. Austriako erreinua herri eta erlijio ugarik osatua zen: alemaniarrak, txekiarrak, eslovakiarrak, hungariarrak, italiarrak, kroaziarrak, esloveniarrak, poloniarrak, rusiniarrak, errumaniarrak, flandriarrak, eta katolikoak, juduak, kristau ortodoxoak eta protestanteak.

Monarkiaren erdigunea Austrian eta Bohemian zegoen. Estatu Kontseiluak (1760) gobernu-gai guztiak zentralizatzen zituen. Josef II.ak gobernadoreen mendeko barrutiak sortu zituen; bestalde, saiatu zen hamarrena ezeztatzen eta zergak aberastasun-mailaren araberakoak izan zitezen. Neurri haiek, ordea, ez zuten arrakastarik izan.

Zigor Kode berriak idatzi ziren (1770 eta 1787): sorginkeria- eta tortura-auziak ezeztatu ziren, eta heriotza-zigorrari mugak jarri zitzaizkion.

Lehen mailako hezkuntzan ere hainbat berrikuntza egin zituen: zientzia, teknika eta historia sartu zituen curriculumean. Estatuaren aginpidea Elizaren kontura indartu zen, apezpiku eta parrokoak funtzionario bihurtu baitziren. Tolerantziaren Agiri Orokorrak (1781) hainbat eskubide eman zizkien judu, luterotar eta kalbindarrei.

Inkisizioa ezeztatu zuen, eta gogor egin zuen fanatismoa eta sineskeria sustatzen zituzten erlijioen kontra.

Portugalen, Josef I.ak eta haren ministro Pombaleko markesak ekonomia manufaktura eta merkataritzaren bidez indartzeko ahaleginak egin zituzten (konpainia monopolistak); jesuitei ondasunak kendu zizkieten.

Espainian, Karlos III.aren erreinaldian haren aurreko errege Filipe V.a Espainiakoaren erreinaldian proposatu ziren hainbat formula zehaztu ziren. Erreforma haien saioak Napoliko erreinuan (Italia) egin ziren, Karlos III.a errege zela (1739-1759); baina urriak izan ziren emaitzak. Campomanesek lan handia egin zuen herri-salatari gisa. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan foru-sistema egoteak arras mugatzen zuen koroaren botere absolutua: ordezkaritza-erakundeak zituzten, zerga-sistemaren autonomia, babeserako sistema independentea, eta kontraforu- eta sobrekarta-eskubideak. Bestalde, lurralde haietako sistema Ingalaterrako sistema “parlamentarioaren” antzekoa zen, oro har.

Erreforma haiek monarkiaren zabalkundea oztopatzen zuten bide guztiak desagerrarazteko ziren, batez ere: aleen merkataritza liberalizatu zen (1765), gremioen eskubideei mugak jarri zitzaizkien, Ameriketarako merkataritza zuzena liberalizatu zen (1718) eta elkarte ekonomikoak bultzatu ziren.

Administrazioan egin ziren erreformak herrialdea zentralizatzeko izan ziren gehienbat; erakunde bereziak sortu ziren, pertsona bakar baten ardurapekoak (Aholku Idazkaritza). Erakunde haiek Estatu, Gerra, Justizia, Itsas Armada eta Indietako ministerioen balio bera zuten; hala ere, elkarteetan antolatutako erakundeak ez ziren erabat baztertu (Kontseiluak). Estatuko Goreneko Batzarra sortu zen (1787) eta erakunde guztiak, mota batekoak eta bestekoak, batzar hartan antolatzen ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]