Dorothy Garrod
Dorothy Annie Elizabeth Garrod (Londres, 1892ko maiatzaren 5a - Cambridge, 1968ko abenduaren 18a), britainiar arkeologoa, Paleolito Aroan aditua izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1921ean Arkeologia gradua egin zuen eta doktorego tesia irakurri zuen Oxfordeko Unibertsitatean 1924an. Cambridgeko Unibertsitatean katedra bat izan zuen lehen emakumea izan zen.[1]
Lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indusketa garrantzitsuak egin zituen Gibraltarreko, Ingalaterra hegoaldeko, Frantziako, Palestinako, Kurdistango eta Bulgariako aztarnategietan.
Hainbat arkeologo garrantzitsurekin lan egin zuen, hala nola Henri Breuil,[2] eta Nina Layard, arkeologo britaniarra (hiru dimentsiotako erregistro teknikak erabiltzen lehena izan zena).[3]
Neandertalen aztarnak topatu zituen Gibraltarreko Devil's Tower haitzuloan eta 1928an Kurdistan hegoaldera egindako arkeologia espedizio baten buru joan zen.[4]
1929 eta 1934 artean Karmelo mendian (Israel) indusketak egin zituen, Dorothea Bate paleontologoarekin. Egindako lanek erakutsi zuten Behe Paleolito Arotik hasita, Erdi Paleolito Aroan eta Epipaleolitoan bizi izan zirela Kebara edo Shuqba moduko haitzuloetan (Francis Turville-Petre arkeologoarekin lan egin zuen bertan). Bere lanei esker hobeto ulertzen da Historiaurrean lurralde hartan nola izan zen okupazio sekuentzia, eta kultura berriei izenak eman zizkien: Mesolito Aroko natufiar kultura, esate baterako, Zisjordaniako Uadi-en-Natufeko lurraldeko aztarnategien izenetik hartuta (kronologia K.a. 11.140-10.800 eta 8.300-7.845 artekoa daukana, gutxi gorabehera), non zerealen erabilera eta ogia dokumentatu zituen.[2][5]
Beste termino berriak ere sortu eta definitu zituen, Châtelperron aldia, Gravette aldia eta Creswell aldia.[2] Berak sortutako marko kronologikoa ezinbestekoa izan da Ekialde Hurbileko lurralde horien Historiaurrea ulertzeko. Indusketatan lan egiteko, aztarnategien inguruko herrixketako emakumeak kontratatzen zituen ia bakar-bakarrik.
1949an, Suzanne de Saint-Mathurinekin batera, Angles-sur-l'Anglin (Vienne) herriko baxuerliebeak aurkitu zituen.
1939 eta 1952 artean Arkeologia irakaslea izan zen Cambridge Unibertsitatean, Bigarren Mundu Gerrako tartean izan ezik (Errege Aire Armadaren emakume indar laguntzaileetan aritu zen).
Idatziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Upper Paleolithic Age in Britain. 1926.
- The Paleology of South Kurdistan. 1930.
- The Stone Age of Mount Carmel. 1937.
- «Nova et Vetera: a Plea for a New Method in Paleolithic Archaeology», Proceedings of the Prehistoric Society of East Anglia aldizkarian.
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Londresko Antikuarioen Urrezko Domina jaso zuen lehen emakumea izan zen.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Smith, Pamela Jane. 2000. Dorothy Garrod, la primera mujer como catedrática en la Universidad de Cambridge Antigüedad 74 (283), 131-6.
- ↑ a b c Arqueólogas Molonas: Dorothy Garrod (1892-1968). In Paleodebate. .
- ↑ a b Martínez Pulido, Carolina. (2014-09-22). Dorothy Garrod. Rememorando a una innovadora arqueóloga. In Mujeres con Ciencia. .
- ↑ Roux, Georges. (2002). Mesopotamia: historia política, económica y cultural. Madril: Akal, 51 or..
- ↑ Carvajal, Guillermo. (2020-02-28). Cómo una arqueóloga descubrió en 1928 la cultura natufiense, que ya fabricaba pan y cerveza antes del desarrollo de la agricultura. In La Brújula Verde. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Davies, William; Charles, Ruth (ed.). 1999. Dorothy Garrod and the Progress of the Palaeolithic: Studies in the Prehistoric Archaeology of the Near East and Europe, Oxford: Oxbow Books.
- Gracia Alonso, Francisco; Fullola i Pericot, Josep Maria; Vilanova, Francesc. 2002. 58 anys i 7 dies: correspondència de Pere Bosch Gimpera a Lluís Pericot (1919-1974). Bartzelona: Edicions Universitat Barcelona. ISBN 84-923961-2-1.