Kurdistan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kurdistan


کوردستا

Ez da estatua
Hiri nagusiak Arbil (kurdueraz Hewlêr), Diyarbakır (Amed), Kermanxah (Kirmaşan), Kirkuk (Kerkûk), Sanandaj (Sine), Sulaymaniyah (Slemani), Urfa (Riha), Van (Wan)
Administrazioa Irak, Iran, Siria eta Turkia
Eremua 191.660 - 392.000 km²
Biztanleria 25-30 milioi (-)
Dentsitatea 63,64 hab/km² biztanle/km²
Administrazioa Irak, Iran, Siria eta Turkia
Dirua Irakeko dinarra, Irango riala, Siriako libera
eta Turkiako lira
Herritarra kurdu
Hizkuntza(k) kurduera, turkiera, arabiera

Kurdistan (kurdueraz: کوردستان‎‬, [ˌkʊɾdɯˈstɑːn]) kurduen estaturik gabeko nazioa da, Turkiaren, Iraken, Iranen eta Siriaren artean banatua, Asiako mendebaldean. Gutxi gorabehera 191.660-392.000 km² ditu, eta 25-30 milioi inguru biztanle. Kurduera da kurduen jatorrizko hizkuntza.

Newroz egun nazionala ospatzen dute martxoaren 20, 21 edo 22 inguruan; haien urte berriaren hastapena da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taurus eta Zagros mendikateetako mendi garaiek (Ararat mendia, 5.156 m) eta goi-ordokiek eratzen dute Kurdistaneko lurraldea. Eufrates eta Tigris ibai handiek bertan dute iturburua. Klima kontinental gogorra. Estepako landaredia; koniferoak mendialdean. Bizimoldez kurduak artzain erdi-nomadak dira. Petrolio-hobiak daude.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziroren garaian, kurduak Persiar Inperioaren barnean egon ziren. Gero mazedoniarren, partoen eta sasaniden mende gelditu ziren. VII. mendean musulman bihurtu ziren eta IX. mendetik aurrera Bagdadeko kalifen mende egon ziren. XII. mendean izan zuten zabaltze aldirik nabarmenena, eta Egipto eta Yemeneraino iritsi ziren.

Mongolek, alabaina, moztu zuten kurduen hedakuntza. XVI. mendetik Otomandar Inperioaren barne egon ziren eta hura desegin zenean, ordu arte batasun politikorik izan ez zuen Kurdistango estatu autonomoa sortzeko aukera egokitu zitzaien (Sèvresko hitzarmena, 1920). Turkiarren presioaren eraginez, Lausanako hitzarmenak (1923) ez zuen aurrekoa berretsi eta matxinadak gertatu ziren Turkian (1925, 1930) eta Iraken (1922, 1931, 1945).

Geroztik, Turkia, Irak eta Irango kurduen talde armatuek aurre egin diete herri horietako gobernuei, berauen aldetik errepresio bortitza jasan behar izan dutelarik askotan. Borroka horretan, alabaina, batasunik gabe jardun dute, nork bere gobernuaren aurka, auzo gobernuaren laguntzarekin anitzetan, beronen azpian zeuden anai-arrebak kontuan hartu gabe. Kurdistanen aurkituriko petrolio hobien inguruko interes ekonomikoek zaildu egiten dute kurduen auzia konpontzea.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiak hartzen du lurralde kurdurik handiena, bertan 14-21 milioi pertsona bizi dira. Iranen, berriz, 4.8-6.6 milioi kurdu bizi dira, Iraken 4-6 milioi eta Sirian 0.9 - 2.8 milioi.

Azkenik, lurraldetik kanpo, honako kopuru hauek ditugu: Alemanian 500.000-600.000, Afganistanen 200.000, Azerbaijanen 150.000, Israelen 100.000, Libanon 80.000, Suedian 60.000, Georgian 34.000-60.000, Armenian 42.139, Turkmenistanen 40.000 eta Erresuma Batuan 25.000.

Eskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mosul/Mûsil (Irak): 1.739.800 biztanle (2002).
  2. Kermanshah (Iran): 822.921 biztanle (2005).
  3. Kirkuk (Irak): 755.700 biztanle (2003).
  4. Diyarbakır/Amed (Turkia): 721.000 biztanle (2005).
  5. Van/Wan (Turkia): 284.464 biztanle (2005).
  6. Bitlis (Turkia): 38.130 biztanle (1990).

Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kurduaren hedapena

Kurduerak dialekto nagusi hauek ditu: Kurmanji edo iparraldeko kurduera, Sorani edo erdialdeko kurduera, Kermanshahi, Laki, Gorani eta Zazaki. 30 milioi hiztun inguru dauzka.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kurdu gehienak musulman sunniak dira, baina inguruko turkiar eta arabiar ez bezala, Hanafi eskola juridiko islamiarrareko partaideak dira, kurduak Shaafi islamiar eskolakoak dira. Aipamen berezia merezi du eurenean sufismoak duen garrantziak, mendeetan bizi izandako estatuak ordezkatu baitituzte atal askotan, eta sufismoa osatzen duten kofradietako Sheikh-ek edo xekeek izandako matxinada gehienetan buru izan baitira. Bi kofradiak aipamen berezia merezi dute: Naqshbandiya eta Qadiriya. Lehenengoak Otomandarren urteetan arrakasta handia lortu zuen eta oraindik Turkia eta Irakeko alde handietan mantentzen da. Naqsbandiyako partaideak ziren Said eta Barzani Sheikhak. Aurrekoak Ipar Kurdistanen izandako errebolta nagusienaren buru izan zen, eta bigarrena Hego Kurdistango KDP alderdi historikoko buruzagia da gaur egun ere.

Qadiriya-ri dagokionez, Hego Kurdistanen hegoaldean du arrakasta gehien; bertako partaidea da Talabani familia, PUK alderdiko fundatzaile eta buruzagi-iturri.

Islamiar xiismoari dagokionez, aleviarrak Ipar Kurdistaneko mendebaldean, dersin, elazig, erzican..., ugariak dira (asko zazaki dialektoaz mintzo dira) dena den aleviar gehienak turkiarrak dira. Ekialdeko Hego Kurdistanen Khanaqin eta Kermanshah barrutietan hamafiar xiiak ugariak dira, Iraneko erlijio ofizialaren partaide dira. Azkenik, Ahl-eHaqq edo Kakai aipatu behar dira: Kermanshah eta Kirkuk hegoaldeko barruti batzuetan ugariak direnak, xiismoaren oso interpretazio heterodoxoa egiten duten taldeak dira eta gehienak gurani dialektoan mintzo dira.

Aipamen berezia Yezidi-ek merezi dute: deabruaren adoratzaile ospea hartu zuten inguruko auzokide kurdu islamiarren artean, baina aditu askok islamaren oso interpretazio berezia egiten duten taldetzat hartzen dituzte gaur egun. Errepresio handia jasan izan dute historian zehar, eta, gaur egun, Hego Kurdistaneko Sinjar barrutietan ugariak dira kristau kaldearrekin batera eta Armeniako errepublikan, Ipar Kurdistanen, bizi ziren gehien-gehienek Alemaniara ihes egin zuten, gehienak kurmanji dialektoan mintzo dira.

Antzinatik egon dira komunitate kurdu eta ez kurdu kristauak eta juduak. Lehenengoak gaur egun Mendebaleko Kurdistanen daude eta bigarrenak Israelera ihes eginak daude.

2001. urtetik aurrera fenomeno berri baten sorrera azpimarratu behar da: islamismoa integrismo bihurtzea. Herri musulman askotan bezala, Kurdistanen fenomeno hau ere gertatu da, bai Ipar Kurdistanen bai hegoaldean. Bietan gobernu zentralek indarra hartzen ari ziren talde nazionalisten aurka sustatu zituzten talde islamiarrek integrismora salto egin dute.Esaterako,Turkian Hezbollah izeneko talde bat sortu zuten PKKren aurkako armatzat erabiltzeko, azkenaldian Istanbulen jarritako kotxe bonben ardura omen duena. Iraken, berriz, IMK alderdiak eginkizun bera bete du, eta, azkenean, Ansar al-Islam izeneko talde salafista eman du. Horrek Halabja inguruko barrutietan lurralde oso bat menpean izan du, eta bertan Talibanek Afganistanen osatutako erregimen antzeko bat sortu zuen ustez Iranen laguntzaz, 2003ko inbasioa gertatu arte. Gaur egun, inbasioa borrokatzeko, barneko elkarbizitza oztopatzen ari diren Al-Qaeda talde terroristaren sareetan parte hartzen ari dira talde hauek guztiak.

Pertsonaia ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]