Eibarko gudua (1936-1937)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Eibarko gudua Espainiako Gerra Zibilean jazo zen 1936ko irailaren 27tik 1937ko apirilaren 26 arte, eskuineko indar matxinatuek Gipuzkoa okupatutakoan aurrera egin ezinik geratu zirenean. Jasandako borroka eta bonbardaketa gogor eta luzeen ondorioz, herriaren gehiena birrinduta geratu zen.

Bitarte horretan Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan ezarri zen frontea, Intxortetan zehar (Elgeta), Eibar-Elgoibar lerroan eta Ondarroaz mendebaldera. Ia zazpi hilabetez, indar kolpistek Bizkaian barrena aurrera egitea galarazi zuen; aldi berean, euskal autonomia eskuratu eta Jose Antonio Agirrek zuzendutako Eusko Jaurlaritza eratu ahal izan zen.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiago jakiteko, irakurri: «Gipuzkoako kanpaina»
Hegazkin bonba batek eragindako zuloa

Eibar arma fabriken egoitza garrantzitsua zen;[1] izan ere, gerrako lehen asteetan, Eibar armak toki askotara banatzeko erdigune bilakatu zen, Orbea fabrikatik. Gainera, Espainiako Errepublikaren eta sozialismoaren aldeko sinbolismo handiko herria zen. 1936ko irailaren 13an, indar kolpistek (falangistak, karlistak, militarrak) mendean hartu zuten Donostia eta, luze gabe, Jose Soltxagaren indarrak ekialdetik mendebaldera hedatu ziren, baita haiengandik ihesi Donostiatik ikaraz errefuxiatu ateratako 30.000-40.000 herritar ere bai.

Ordurako, Mola jeneralak agindutako gerra hegazkin alemaniar eta italiarrek Gipuzkoa hainbatetan bonbardatu zuten, baita Eibar ere abuztuaren 29an lehenengo aldiz. Hurrengo asteetan, gehiagotan ere pairatu zituen bonbardaketak, eta agintariek aterpe inprobisatuak prestatu zituzten, 16 guztira. Herria ebakuatzeko deia egin zuten irailaren 21ean, kolpistek Elgoibar okupatu zutenean.

Erasoaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eibarko frontetik ihesi Bizkai aldera
Eibarko Elgeta kale inguru osoa bonbardatua izan ondoren

Irailaren 25 edo 26an, herria edozein unetan erreketeek okupatzeko zorian zen, eta hura bonbardatzen hasi ziren. Esperantza, baina, ez zuten galdu eta, une horretan bertan, beste toki batean, Lezo Urreztieta itsasoko ekintzailea itsasontzi txiki baten buruan arma bete heldu zen Bilbora, kolpisten itsas blokeoari izkina eginez. Hanburgotik ekarritako arma kargamentu hori berehala garraiatu zuten ibilgailuetan Eibar eta Elgetako fronteetara, eta gauean banatu zuten herriko defendatzaileen artean. Biharamunean, erreketeek erasoa jo zuten, baina oraingoan bala parrastada batek agurtu zituen, eta mendi maldak haien odolez tindatu zen.[2]

Hala ere, Elgoibar galdu eta hurrengo egunentan, indar kolpistak Eibarko saihetsetatik hedatu ziren hainbat tontorretara, ia herria inguratuz: Arrate, Karakate, Akondia, eta Kalamua. Hilabetetan, gogor zigortu zuten herria posizio horietatik. Herriaren defendatzaileek Santa Marina Zarren maldatik Bilbora bide bat zabalik mantentzeko modua izan zuten 1937ko apiril arte.[3]

Apirilaren 20an, Molaren armadak eraso bortitz bati ekin zion Intxortetan eta Elorriorantz. Hortik iparraldera mugitu ziren Berriz aldera. Agintariek Eibarren ebakuazioa deitu zuten azkeneko aldiz, eta herritar ugarik, altzariak, arropak eta ondasunak aldean hartuta, atzean utzi zituzten beren etxeak, Bilborantz. George Steer-ek kontatzen du milizianoek erretretari ekin ziotela anabasaren erdian eta, apirilaren [24 eta] 25ean, ordurako artilleriak birrinduta zegoen herria Gezi Beltzak italiar hegazkinek gogor bonbardatu zutela, herrian sutea zabalduz:[4] zazpi tona bonba baino gehiago jaurti zituzten.

Bidebarrieta aldea eta beste eremu asko suntsituak izan ziren. Eusko Jaurlaritzaren zenbaketaren arabera, 74 hildako eta 97 zauritu gertatu ziren bonbardaketa horren ondorioz. Gauzak okertzeko, gudua galduta ikusita, herriko defendatzaile aritutako miliziano batzuek kalean barrena sua jaurtitzeari heldu zioten ibilgailu blindatu batetik, ibilgailua matxuratu arte; matxurak eragotzi egin zuen kalte gehiago gertatzea. Apirilaren 26an bertan, Mola eta Soltxagaren armada Eibarrera sartu zen. Ibilgailu blindatuaren gertaera aitzakia hartuta, matxinoek errepublikazaleei leporatu zieten Eibarren suntsipena. Wolfram von Richthofen izan zen irailetik apiril arte Eibarren egindako bonbardaketa batzuen zuzendaria.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intxortetako frontearen galerak eta geroko Elorriorenak Eibarren galera ere ekarri zuen, baita haren bizkarreko eskualde guztiarena kostalderaino, tropa errepublikazaleek atzera egin baitzuten inguratuak ez izateko. Hurrengo egunetan, apirilaren 30 arte, Eibar, Ermua, Markina, Lekeitio, Durango, Gernika eta Bermeo erori ziren, etsai matxinoak Zornotza eta Larrabetzuren atarira heldu ziren, Burdinezko hesiraino.[5] Kolpistak berehala ziren Bilbotik bertan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Steer, G.L. 20009(1938), 58. or.
  2. Steer, G.L. 20009(1938), 76-77. or.
  3. Steer, G.L. 20009(1938), 228-231. or.
  4. Steer, G.L. 20009(1938), 233. or.
  5. EITB. 2005, 16'16"

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eibar 1937, Eibarren hondamendiari buruzko EAJren bideo laburra