Europar Batasuneko Erakundeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Europar Batasuna
EU Insignia.svg
Itunak
Erakundeak
Justizia
Bestelakoak
Egoitzak


Europako Ekonomia Erkidegoa sortu zenetik erakunde sistema etengabe ari da aldatzen, integrazioaren etapek ezartzen duten erritmoan. Itun eratzaileetan xedatutako esparrua abiapuntu hartuta, aurrerapausoak eman dira batasuna lortzeko, erakunde eta organo berriak sortzeko eta haien eskumenak zabaltzeko. Estatu kide berriak sartu zianak ere eragina izan du erakundeen osaeran eta aldi berean sistemak eraginkortasun eta legitimotasun handiagoz funtzionatzeko aldaketak ekarri ditu.

Atal honetan, Europar Batasuneko erakunde sistemaren alderdi nagusiak jorratuko ditugu.

Erakunde esparrua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erakundeak bateratzeko joera 1957an hasi zen, Europako Ekonomia Erkidegoa (EEE) eta Atomo Energiaren Europako Erkidegoa (AEEE) sortzearekin batera. Europar Batasuneko Itunak, Maastrichten egindakoak, sendotu egin zuen erakundeak batzeko joera hori. EB Ituneko 3.artikuluak dionez, “Batasunak erakunde esparru bakarra izanen du, bere helburuak lortzeko egindako jardueren koherentzia eta jarraitasuna bermatuko dituena, betiere Erkidegoko ondarea garatuz eta errespetatuz”. Erakunde esparru hori ituneko 5.artikuluan ageri da zehaztuta: “Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea, Justizia Auzitegia eta Kontuen Auzitegia”.

Aipatutako bost erakundeek osatzen dute Europar Batasuna. Erakunde esparrua bakarra den arren, erakunde bakoitzak bere botereak egikaritzen ditu helburuak betetzeko, betiere itun bakoitzak ezarritako harreman esparruan. Erakunde eremu bakarra funtzionamendu arau ezberdinak ditu Erkidegoan eta Gobernuarteko lankidetzan. Erakundeekin batera EB Ituneko 4.artikuluak Europar Kontseilua ere aurreikusi du; dena den, ez da erakunde bat, Europar Batasuneko organo politiko bat baizik.

Kontseiluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Kontseilua eta Europar Batasuneko Kontseilua Batasuneko erakundeak dira, Europako Kontseilua berriz, ez. Azken hau nazioarteko beste erakunde bat da. Hemen 47 estatu daude, beraz, argi dago ez dela EBko erakundea, EBn 28 estatukide baitaude. Lisboako Itunaren aurretik Kontseiluak bi bilera-maila zituen: Europar Kontseilua, maila gorena zuena (estatuburuena edota estatu kideetako gobernuburuena); EBko Kontseilua (ministroei zegokien maila). Gaur egun bi erakunde desberdin dira, Lisboako Itunak ekarritako aldaketen artean Europar Kontseilua eta EBko kontseilua banatu zituen, honen bitartez, Europar kontseilua EBko erakundezko sistemaren parte bihurtuz.

Europar Kontseilua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Europar Kontseilua»

Europar Kontseilua Europar batasuneko zazpi erakunde gorenetako bat da, Europar Batasuneko Estatu kideetako 28 estatuburu edo gobernuburuek osatua.

Osaera eta eskumenen aldetik oso berezia da. Osaera aldetik, estatuburu edo gobernuburuek, “ad hoc” presidenteak eta Batzordeko presidenteak osatzen dute. Europar kontseiluko Presidenteari dagokionez, esan beharra dago, Lisboako Itunak presidentetza iraunkorra ematen diola Europar Kontseiluari, lehen aldakorra baitzen (6 hilabetero aldatuz). Izendapena gehiengo kualifikatuz izango da eta bi urte eta erdiko agintaldia izango du, behin berritu daitekeena. Presidenteak, bere mandatuan ezingo du Estatu Kideetan inolako aginterik izan.

Europar Kontseiluak informaltasun eta malgutasun handiz funtzionatzen du. Bilera arruntak bi aldiz egiten dira 6 hilabetero, honez gain bilera bereziak egon daitezke. Bilera hauek EBko Gai Orokorren Kontseiluak presatuko ditu. Hauetan erabakiak hartzeko arau orokorra adostasuna izango da, nahiz eta batzuetan gehiengo kualifikatuz ezan beharko den.

Ahalmen eta funtzioei dagokienez, aipatzekoa da Europar Kontseiluaren boterea etengabe hazten doala. Hauek dira bere funtzioak:

  • Funtzio sortzaileak edo konstitutiboak: beste erakunde batzuen osaeran esku hartzeko eskumenak ditu.
    • Europako Parlamentuaren osaera.
    • Kontseilu motak eta presidentetza txandaka izateko sistema. Hau da, europar kontseiluari dagokio EBko kontseiluak zein formazio edo espresio izango dituen eta bere presidentetza txandak nola gauzatuko dituen.
    • Batzordeen kideen edo kopuruaren funtzio modifikatzailea du.
    • Batzordeko presidente izateko hautagaiaren proposamena egiten du.
  • Orientazio eta zuzendaritza orokorreko funtzioak:
    • Batasunaren kanpo ekintzaren eta PESC-en orientazio orokorrak finkatzea.
    • Askatasun, segurtasun eta justizia eremuko legegintza programazioaren orientazioa.
  • Funtzio instituzional bereziak: Instantzia gorenen izendapenak:
    • Europar Kontseiluaren presidentearen aukeraketan parte hartzen du proposamenaren bidez.
    • Kanpo gai eta segurtasun politikarako goi ordezkariarena.
    • Batzordeko presidentearen aukeraketan proposamen bidez.
    • EBZren karguak. Europako Banku zentralaren presidentea, presidenteordea eta kontseilariak hautatu ditzake, prozedura jakin bat jarraituz.
  • Gatazka sistematikoen konponketarako instantzia funtzioak:
    • Europar Kontseilua apelaziorako instantzia politikoa bihurtzen da gatazka sistematikoen aurrean. Gatazka sistematikoak gertatzen direnean euren konponketa bilatzeaz arduratu behar da.

Europar Batasuneko Kontseilua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Europar Batasuneko Kontseilua»

Europar Batasuneko Kontseilua (lehen Ministroen Kontseilua) Europar Batasuneko organo legegile garrantzitsuena da.

Kontseiluak, EBko estatu-partaideen gobernuak ordezkatzen ditu Batasunean. Edonola ere, argi utzi behar da ez dela nazioarteko erakunde bat:

  • EBko Kontseilua Estatukideen ordezkaritza erakundea da.
  • Ordezkariak ministro maila izan beharko dute eta ahalmena estatukideen izenean konpromisoak hartzeko.
  • Kontseiluaren osaera aldakorra da, kontseiluan ez baitago kide finkorik.

Honez gain, ez da Estatukideekiko independientea, baina bere borondate propioa dauka.

Osaerari dagokionez, estatukide bakoitzak ordezkari bat izango du ministro mailakoa. “Formazioak” aldatu egiten dira gai orokor edo kanpo gaiei dagokienean:

  • Gai orokorrak: EBaren antolaketa eta funtzionamendu arazoak izaten dira. Gutxienez gai orokorretarako kontseilu bat egon behar da.
  • Kanpo gaiak: Formazio nagusia + Goi Ordezkaria presidente gisa.

EBko Kontseiluak organu laguntzaileak ere baditu. Kontseiluaren osaera aldakorrak homogeneizazio eta jarraikortasun faltaren aurrean irteten dira.

COREPER

Kontseiluaren Idazkaritza Orokorra.

Presidentetza kargua 18 hilabeterako izaten da, aurrez ezarritako 3 Estatu ostaturiko talde batek beteko du kargua. 3 estatu hauek 6 hilabetez txandatuko dute presidentzia. Hirukote hauek irizpide batzuen arabera izendatuko dira: oreka geografikoa eta esatuen arteko ezberdintasuna. Behin hirukoteak osatuta, 18 hilabetero txandatuko dira hirukoteak eta 18 hilabete hauen barruan estatu bakoitza 6 hilabete egongo da presidentetza buruan. Txandakatze sistema hau organo laguntzaileari (COREPER) eta lan-talde ezberdinei ere aplikatzen zaie.

Kontseiluko presidentziak funtzio politikoa suposatzen du. Presidentzian dagoen estatuari lanen koordinazio eta zuzendaritza aurrera eramateko boterea, interes nazionalen biltzada eta adostasunerako boterea emango zaio. Honez gain, kontseiluaren lanen antolaketa, koordinazioa eta zuzendaritza egiten du. Beraz, funtzio betearazlea baino gehiago funtzio politikoa dagokiola baiezta daiteke.

Modu argian azaltzeko, hauek dira Europar Batasuneko Kontseiluaren eskumenak:

Kontseiluaren legegintza-funtzioa:

  • Botere legegilea: Parlamentuarekin partekatzen du, eta Batzordeak ekimen legegilearen monopolio ia erabatekoa du. Kontseiluak botere legegilea izateak erakundeen arteko oreka bat bilatzea du helburu.
  • Prozedura legegile arrunta: Parlamentuarekin batera erabakitzen du. Prozedura oso luzea da: Batzordeak proposamena kontseiluari eta parlamentuari egiten dio → 2 irakurketa egiten dituzte → adostasuna lortu behar dute. Erabakia parlamentuan eman behar da eta erabakia kontseiluan ere eman behar da.
  • Prozedura legegile berezia, KONTSEILUA nagusitzen da: Nagusitasun hau kontseiluak hartzen dituen egintza legegileak europar parlamentuaren aurretiazko kontsultarekin edo bere onarpenarekin egiten delako, baina ez bere erabakiarekin. Honek demokratizazioan aldaketak dakartza, parlamentua boterea eskuratzen joan den heinean zilegitasunaren demokratikoaren zantzua aldatu egin delako. Prozedura legegile berezia noiz erabiliko den tratatuetan jasotzen da, kontseiluak ezin du zein kasutan erabiliko diren erabaki. Prozedura bereziaren ezaugarri orokorrak ezartzea ezinezkoa da, kasuz kasu ikusi behar delako tratatuek aurreikusten dutena (beraz, ezaugarriak ezartzea ere ez dago kontseiluaren esku).

Kontseiluaren botere exekutiboa:

  • EBFIk ezartzen du exekuzio lanak Estatukideei daagozkiela, subsidiarioki Batzordeari, eta zenbait kasutan Kontseiluari. Botere exekutibo guztia ez dago kontseiluaren esku. Kontseiluak funtzio asko ditu, baina funtzio horiek ez ditu normalean bere osotasunean.

Koordinazio eta ikuskapen Boterea:

  • Politikak erabakitzeko botere zabalak. Horretarako behar beharrezkoa da Europar Kontseiluarekin koordinazioa egotea.
  • Koordinazio eta ikuskapen atribuzioak. Tratatuetan koordinaziorako mekanismoak ageri dira: estatuen eta europar batasunaren garapen ekonomikoa ikuskatzea kontseiluari dagokio, ekonomia eta diru batasuneko koordinazioa hobetzea, enpleguaren estrategia kontrolatzea… beraz, ikuskapen eta koordinazioa funtzioak nahiko zabalak dira.

Kanpo harremanen materian dituen botereak:

  • Kontseiluak, nazioarteko hitzarmenen negoziazioen hasiera eta sinadura baimentzen ditu.
  • Batasunaren ekintzek, batasuna, koherentzia eta eraginkortasuna izatea zainduko du. Kanpo ekintzaren erantzukizuna ere dagokio (kanpo harreman ekonomiko, PESC, Defentsa materietan).

Europako Kontseilua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Europako Kontseilua»

Europako Kontseilua  Europako integrazioaren alde lan egiten duen erakunderik zaharrena da. 1949an sortu zen. Frantzia eta Alemaniaren mugan. Estrasburgon du egoitza, Europa Jauregian.

Aurrez aipatu bezala ondo bereizi behar dira Europako Kontseilua, Europar Kontseilua eta EBko Kontseilua. Azken erakunde hauek Europar Batasun barnekoak dira. Europako Kontseilua aldiz, Europar Batasunetik Kanpoko erakundea da, nahiz eta batasunaren sinboloak bere gain dituen, bandera eta ereserkia besteak beste.

Bigarren Mundu Gerra aimaitu zenean, 1945 urtean, Europa lur jota zegoen. Hondamendi handiak ekarri zituen gerrak eta hau ikusirik, Europako herrien arteko integrazioa bultzatzeko joera indartzen hasi zen, berriro ere gerrateak hasi ez zitezen. Wiston Churchillek, adibidez, Europako Estatu Batuak sortzeko proposamena bultzatu zuen Zurichen egindako hitzaldi batean.

Proposamen hau aurrera eramateko ezinbestekoa zen Erakunde bat sortzea. Horretarako zenbait politikari, estatuburu eta gizarte zibileko ordezkari Hagan, Herberehetan, elkartu ziren 1948an Europako Kontseiluaren nondik norakoak zehazteko. Eztabaida honetan bi erakunde eredu desberdin proposatu ziren:

  • Nazioarteko erakunde klasikoaren eredua (gobernuetako ordezkariak bilduko zituena).
  • Parlamentarioen biltzar politikoaren eredua (legebiltzarretako ordezkariak bilduko zituena).

Londreseko itunaren bitartez, 1949an, bi eredu hauek uztartu zituen Europako kontseilua sortu zen. Erakunde berri honek bi atal nagusi izango zituen: Ministroen Batzoerdea eta Parlamentuetako Asanblada. Eredu honi Europako Erkidegoek jarraipena eman zioten aurrerantzean.

Erakunde honek izan zuen  lorpen garrantzitsuena Giza Eskubideen Europako Hitzarmena izan zen.

Europako Kontseiluko estatutuan agertzen denez, erakundearen helburua honakoa da:

  • Bere kideen artean gero eta batasun handiagoa lortzea da, beraien ondare diren printzipio eta idealak babestuz eta betez eta garapen ekonomiko eta soziala burutuz.

Erakunde honek izan zuen  lorpen garrantzitsuena Giza Eskubideen Europako Hitzarmena izan zen. Hau 1950 urtean izan zen eta honetarako Giza Eskubideen Europako Auzitegia sortu zen, batasunean giza eskubideen eta askatasunaren erakunde babesle gorena. Bide honetan, Europako Kontseiluak bere osotasunean babesten ditu giza eskubideak, honetarako bere jarduera hildo garrantzitsuenak ondorengo hauek direlarik: Tortura Saihesteko Batzordea, Europako Karta Soziala, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna eta Gutxiengo Etnikoen Babeserako konbentzioa.

Europako Parlamentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Europako Parlamentua»

Europako Parlamentua Europar Batasuneko parlamentua da. Bozketa unibertsalez hautatzen den legebiltzarra da. 1979 urtean sortu zen eta 5 urtetik behin bozketak egiten dira. Bertan 9 talde politikoetan banatzen dira, beti ere botoen arabera.

Eurodiputatuak

Lisboako Ituna eta gero, europarlamentari gehiago edukiko ditu biztanle gehiago dituen estatuek, non gutxienez estatu bakoitzak 6 eurodiputatu edukiko dituen eta adibidez eurodiputatu gehien dituen estatua Alemania da 96 diputatuekin. Europako Parlamentua lehendakari bat eta 750 eurodiputatuz osatuta dago, baina lehendakari honek ez dauka bozkatzeko ahalmenik.

Europar Batasuneko botere legegilea, Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak partekatzen dute. Baina Europako kontseiluak botere handiagoa dauka legeak onartzerakoan, hainbat arlo bere eskumenekoak dira eta. Europar Legebiltzarrak ez dauka lege ekimenik nahiz eta lehenengo instituzioa izan.

Batasuneko hiritarren biltzarra, zuzeneko sufragio unibertsal bidez hautatzen da. Azkenean, hiritarren biltzarra da, ordezkaritza sistema horretan oinarritzen den erakundea den heinean. Europar Batasuneko printzipio demokratikoa ordezkatzen du, biztanleria Batasunean zuzenki ordezkaturik.

“Eurodiputatuen” hautaketa (sufragio unibertsal eta zuzenaren bidez).[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1976 urte aurretik euro diputatuen hautaketa beste modu batera egiten zen. 1976tik aurrera, kontseiluak hartutako erabakiaren ondorioz, biltzarreko kideak sufragio unibertsalez hautatzea erabaki zen. 2002an berritu egin zen, erabaki hori aldatu zuena nazioarteko akordio bat izan zelarik nahiz eta ekintza izena hartu.

Europako Parlamentuko Estrasburgoko bilkura

Hauteskunde barrutiak: Bakarrak (gehienak: Espainia, Frantzia, Portugal, Danimarka …) edo zatituak (Alemania, Belgika eta Italia). Hau da, azken hauetan zonalde batzuek eurodiputatu batzuk aukeratuko dituzte eta beste batzuek beste eurodiputatu batzuk, horretarako ezaugarri nazionaletan oinarritzen direlarik.

Estatuko karguekin edo erantzukizunekin egon daitezkeen bateraezintasunak. Espainian badaude kargu politikoen bateraezintasun batzuk, Europar Batasunak estatu kideen esku uzten baitu euro diputatu izateko herrialdeko bakoitzean dauden bateraezintasunak finkatzea. Hala ere, Europar Batasuneko bateraezintasun orokor batzuk ere ezartzen ditu herrialde guztientzat. Beraz, Europar Batasunaren bateraezintasunei estatuko bateraezintasunak gehitzen zaizkie.

Sufragio aktibo edo pasiborako eskubidearen gutxieneko adina estatu gehienek 18 urtetan jarri dituzte, bai batentzat eta bai bestarentzat.

Parlamentuko kideen estatusa eta osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mandatuak ordezkaritzazko izaera dauka, diputatuek indibidualki eta pertsonalki botatzen dute; ez daude jarraibideetara lotetsiak. Beraz, ordezkaritza mandatua da eta ez mandatu inperatiboa. Printzipioz bai dira independenteak, nahiz eta errealitatean hori modu lausoagoan garatu. Legealdia 5 urtekoak dira.

Lisboako tratatuaren ondorioz, estatu bakoitzak eduki dezakeen eurodiputatu kopurua mugatu zen 6 eta 96 bitartekoa, estatu kide bakoitzeko.

Kontseiluak aho batez eta Europako Parlamentuaren proposamenean oinarrituz eta honen onarpenarekin ezarriko du Europako Parlamentuaren osaera. Parlamentuan eurodiputatuak ez dira estatuetan antolatzen, talde politikoetan baizik; izan ere, eurodiputatuek Europar Batasuneko hiritarrak ordezkatu behar dituzte eta ez  estatuak. Orduan zergatik ezarri behar du Kontseiluak Europar Parlamentuaren osaera estatu kideak ordezkatzen dituen Europar Batasuneko erakundea bada? modu honetara erakundeen arteko oreka lortu nahi delako.

Barne antolaketa eta funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan parlamentarioen antolakuntza:

  • Mahaia: presidentea + presidenteordeak + kuestoreak (ez dute boto eskubiderik) osatzen dute. Mahaiari dagokio afera ekonomiko, antolakuntzazkoak eta administratiboak arautzea.
  • Presidenteen konferentzia: Presidentea + talde politikoetako presidenteak Europar Parlamentuko akzio organoa da, lan parlamentarioak antolatzen ditu, eguneko gai-zerrenda, agerraldiak, eta abar.
  • Batzordeetako presidenteen Konferentzia: Batzorde iraunkor edo berezietako presidente guztiek osatzen dute.
  • Batzorde parlamentarioak: Europako Parlamentuak osoko bilkuran lan egiteaz gain, batzorde parlamentarioetan ere lan egiten du.
  • Europako Batzordeak: Osoko bilkuraren saioetan eta batzorde parlamentarioetan egoteko eta parte hartzeko eskubidea du. Ekimen legegilerako eskumena duen heinean.
  • Bozka sisteman gehiengoa eskatzen da.
  • Quorum-a: Kideen heren bat behar da gutxienez. Egiaztatu egiten da 40 diputatu eskatzen badute.

Parlamentuaren eskumenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontrol demokratikorako ahalmenak (Kontrol politikoa):

Europako Parlamentua Batzordeko presidenteak eta batzordekideek informatzen dute ohikotasunez; Batzordearen lan-programari buruz iritzia ematen du eta honen legegintza-egutegia adosten du.

Kontseiluko presidentziak ere informatzen du Europako Parlamentuan. Modu orokorrean Batasunaren politika ezberdinen garapena kontrolatzen du. Kontrola egikaritzeko instrumentu ezberdinak baliatzen ditu Europako Parlamentuak.

Ekimen araugilea eta Europako Parlamentua: Batzordeak dauka lege-ekimenaren monopolio erabateko, oreka instituzionalaren funtsezko elementua da.

Prozesu araugilean dituen eskumenak: Kontsulta eta deliberazio ahalmena, Prozedura araugile arrunta, prozedura araugile berezia eta Europako Parlamentuaren aurretiazko beharrezko onarpena.

Aurrekontuetan dituen ahalmenak:  ahalmena du aurrekontu-proiektua osorik atzera botatzeko. Kontseiluarekin batera onartzen ditu Europar Batasuneko arauak eta aurrekontu ahalmena.

Europar Batasuneko Justizi Auzitegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Europar Batasuneko Justizia Auzitegia»

EBJA da EB-eko botere judiziala betetzen duen erakundea. EBT-aren 19.1 art.ak dio: EBJA-ak “Tratatuen interpretazioan eta aplikazioan Zuzenbidea errespetatzen dela bermatuko du”.

Hala ere, EBJA-ak eskumen jurisdikzionalaren egikaritza Estatu kideetako jurisdikzio organoekin partekatzen du: azken hauek dira lehenengoak arau europarrak aplikatzen; eta hauek dira EB-eko zuzenbidearen epaile arruntak. 1957tik, bere sorreratik, erakunde honek ez ditu aldaketa sakonak jasan, baina  Jasan dituen aldaketak garrantzitsuenak, Estatu kide kopuruaren handitzearen ondorioz eta Auzitegiak erabaki behar dituen kasuen gehitzeagatik izan da. 1988 arte, Justizia Auzitegia deituriko instantzia bakarra zuen eta gai guztiak osoko bilkuran erabakitzen ziren. Lehen Instantziako Auzitegia sortu zen Justizia auzitegiari subordinatua. Nizako Tratatuarekin, beste instantzia bat gehitu zen: Jurisdikzio Salak (gatazka espezifikoetarako).

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lisboako Tratatua: berrikuntza gutxi barneratzen ditu, aldaketa terminologikoak salbu. EBJA izango da funtzio jurisdikzionala bere egiten duen erakundea. Erakunde bakarra den arren hiru instantziaz osaturik dago,

  • Instantzia gorenak “Justizia Auzitegia” izaten jarraitzen du.
  • Erdiko instantzia “Auzitegi Orokorra” izango da (gehiago ez Lehen Instantziako Auzitegia).
  • Instantzia baxuena “Auzitegi Espezializatuek” beteko dute (desagertu egiten da Jurisdikzio-Salen izendapena). Oraingoz, EB-eko Funtzio Publikoaren Auzitegia soilik sortu da.

Osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaileak, abokatu orokorrak eta idazkari bat (ez dena Justizia Auzitegiko kide). Epaile bat Estatu kide bakoitzeko (28) (EBI 19.2). Helburua: sistema juridiko nazional guztiak ordezkatuak egon daitezela eta bere jurisprudentziaren formazioan esku har dezatela.

  • Abantaila: Erraztu egiten du barne zuzenbideek jurisprudentzia hori onartzea
  • Desabantaila: osoko bilkuran lan egiteko zailtasunak sortuko dira.

Izendapena (EBI 19.2; EBFI253): Estatu kideetako Gobernu guztiak ados jarrita “independentziaren berme osoa eskaintzen duten eta, bakoitzak bere herrialdean, jurisdikzioko eginkizunik gorenak betetzeko eskatutako baldintzak betetzen dituzten edo gaitasun frogatua duten legelarien artean”... “egokitasun Komitea” kontsultatu eta gero. Egokitasun Komitea, 7 pertsonalitatek osatuko dute. Hauek Justizia Auzitegiko eta Auzitegi Orokorreko kide ohien artean aukeratuko dira, jurisdikzio-organo nazional gorenetako kideen artean eta ospe handiko legelarien artean.

Funtzioa: hautagaien egokitasunaz iritzia emango du. Praktikan Estatu bakoitzak bere hautagaia aurkezten du eta besteek onartu egiten dute.

Mandatua: sei urte, berriztagarriak mugarik gabe.

Presidentea eta Abokatu Orokorrak:

  • Justizia Auzitegiko presidentea: epaileek beraien artean aukeratzen dute (bozka sekretua eta gehiengo bidez) hiru urteko epe batetarako, berritu daitekeena.
    • Funtzio nagusiak: JA-aren lan eta zerbitzuak zuzentzen ditu; bistak eta deliberazioak presiditzen ditu; errekurtsoen bilakaeran zehar eskumen prozesal garrantzitsuak ditu.
  • Abokatu orokorrak: Justizia Auzitegiko kide dira. Epaileen estatutu bera dute.
    • Izendapena eta eskatzen zaizkien ukanbehar pertsonalak epaileen berberak dira.
    • Osaera: 8 abokatu orokor. Estatu kideen izaera politikoko gobernu arteko akordioaren arabera, Estatu handi bakoitzak bat izango du (Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Espainia). Gainontzeko hirurak beste guztien arteko txandatze bidez. Justizia Auzitegiak eska dezake kopuru hau handitzea. Kontseiluaren aho batezko erabakia beharko da. Urtero Abokatu Orokor Lehena izendatzen du Justizia Auzitegiak. Honi dagokio abokatu orokorren artean gaiak edo aferak banatzea.
    • Funtzioak: Publikoki aurkeztea, inpartzialtasun eta independentzia osoz, ondorio arrazoituak, bere parte hartzea eskatzen duten aferetan. Horrela, Nizako Itunak barneratzen zuen ukanbeharra kentzen da, zeinaren arabera abokatu orokorrek EBJA-aren aurrean planteatzen ziren afera guztietan parte hartu behar baitzuten. Abokatu orokorraren parte hartzea eskatuko da Zuzenbidezko kuestio berriak planteatzen diren auzietan. Zer dira abokatu orokorraren ondorioak? Gatazka konpontzeko proposamen arrazoitu bat izango da. Ahozko fasearen amaieran aurkezten dira. Ez dute Auzitegia lotesten. Helburua epaileei sententzia egiten laguntza ematea da. Ez dute inolako efekturik sortzen gatazkako alderdiengan ezta hirugarrenengan. Elementu garrantzitsuak dira Justizia Auzitegiaren funtzionamenduan.
  • Epaile eta Abokatu orokorraren Estatuta: Bere independentzia eta inpartzialtasuna bermatzeko helburua duten eskubide eta obligazioz osaturik dago.
    • Obligazioak: Zin egiten dute beraien funtzioak kontzientzian eta inpartzialtasunez egikaritzea eta deliberazioen sekretua gordetzea.
    • Adierazpen bat sinatzen dute: mandatuan zehar eta gerora, bere kargutik eratortzen diren obligazioak errespetatuko dituztela. Ezin dute funtzio politiko edo administratiborik beregatu, ezta jarduera profesionalik egikaritu ere (ordainduak izan hala ez izan). Justizia Auzitegiak egoitza duen herrialdean ezartzea bere bizilekua Luxenburgon. Moduren batera aurrez parte hartzea izan duten auzietan ez esku hartzea. Eskubide eta onurak, Jurisdikzio-inmunitate totala bere mandatuan zehar egindako edozein egintza motarengatik eta bere mandatuaren amaieran, inmunitatea izaera ofiziala duten egintzengatik. Inmunitatea hau Juztizia Auzitegiaren plenoren erabakiz ken dezake. Batasuneko funtzionari edo agente guztientzat orokorrean aurreikusten diren pribilegio, onura eta inmunitateak.
  • Idazkaria: EBFI 253“Justizia Auzitegiak izendatuko du bertako idazkaria, eta Auzitegiak berak ezarriko du idazkariaren estatutua”. Ez da Justizia Auzetigiko kide. Izendapena, Justizia Auzitegiko kideek, 6 urteko epealdi batetarako (berriztagarria). Funtzio prozesal eta administratibo garrantzitsuak betetzen ditu. Aipagarriak dira, bere kargura ditu, presidentearen agintearen pean, zerbitzu administratiboak, finantza kudeaketa eta kontabilitatea. Artxiboen eta zigiluen arduraduna da, eta baita Auzitegiaren argitalpenena ere. Demandak jaso eta hauen erregulartasuna egiaztatzen du. Idatzi prozesalen eta dokumentu osagarrien Erregistroaren arduraduna da. Dokumentu guztiak jaso, transmititu eta kontserbatzeko ardura du. Kideei beren funtzioen egikaritzan laguntzen die eta bilera eta bistetara joan eta akta jasotzen du.
  • Jurisdikzio antolaketa: EBFI 251 “Justizia Auzitegiak salatan edo sala handian eratuta jardungo du. Osoko Bilkuran eratuta ere jardun lezake. Justizia Auzitegiaren jarduera ondorengo osaera jurisdikzionaletan ematen da,
    • Hiru epaileko salak eta Bost epaileko Salak: txandatzen doazen epaileen zerrenda bat dute; beti presente egongo dira Salako Presidentea eta auziaren epaile txostengilea.
    • Sala Handia: Auzi bakoitzerako eratzen da.
      • Osaera: Auzitegiko Presidentea, bost epaileetako Salen presidenteak, auziaren epaile txostengilea eta txandatzen doazen gainontzeko epaileak hamahiru osatu arte.
    • Quorum-a: 9 epaile.
    • Osoko bilkura: epaile guztiek osatzen dute. Bere quorum-a, deliberatu ahal izateko, 15 epailetakoa da.

Osaera ezberdinen artean auziak banatzeko irizpideak: Nizako Itunaz geroztik presuntzioa da auziak salei esleitzen zaizkiela (lehen, arau orokorrak osoko bilkuraren parte hartzea eskatzen zuen). Justizia Auzitegiak askatasuna du sala mota ezberdinen artean aukera egiteko; Askatasuna ez du izango, prozesuan parte den Estatu kide batek edo Batasuneko erakunde batek Sala Handiaren parte hartzea eskatzen badu. Prozeduraren Erregelamenduko 44.3 artikuluak dio, auziak 3 eta 5 epaileetako salei esleituko zaizkiela, baina gaiaren zailtasuna edo garrantzia dela-eta, edo zirkunstantzia partikularrek hala galdatzen badute, Sala Handiari esleituko zaiola. Praktikan:

  • Hiru epaileko salak: finkaturik dagoen jurisprudentziaren aplikazioa eskatzen duten auzietan.
  • Bost epaileko salak: jurisprudentzia kontsolidatuaren garapen beharra duten auziak.
  • Sala Handia: jurisprudentziaren faltan, printzipioen inguruko erabakiak behar dituzten gatazkak. Salbuespenezko izaera duen auzien esleipena osoko bilkurari arartekoaren kentzea, Batzordeko kideena edo Kontu Auzitegikoena; eta baita aparteko garrantzia duten auziak, abokatu orokorra entzun eta gero, osoko bilkurara igortzen direnak. Auziak saletan banatzeak lana arintzen badu ere, ondorio txarrik ere izan dezake: jurisprudentzian dibergentziak sortzea.

Justizia Auzitegiak azpiegitura administratibo bat dauka bere beharretara egokitua. Epaile eta abokatu orokorrek bere funtzioa betetzen dute kabinete batek lagunduta. Kabinete hau hiru legelari eta hiru administratibok osatzen dute (kidearen mandatuari loturik dauden postuak izango dira hauek).

  • Idazkaritza: idazkari atxiki batek zuzentzen du. Hierarkikoki EBJA-aren Idazkaritzaren pean egongo da. Bere funtzioak idazkaritza judizial baten funtzio klasikoak izango dira, Idazkaritzaren baitan sekzio linguistikoak sortu dira (prozeduretan erabil daitezkeen hizkuntza ezberdinen kopurua dela-eta). Beste zerbitzu administratibo batzuk, Liburutegia ikerketa eta dokumentazioa itzulpengintza Zuzendaritza (azken hau garrantzitsua da, eta hizkuntzalari- legelariz osaturik dago).

Prozeduren hizkuntza eta lanerako barne hizkuntza desberdinak dira.

  • Prozedura hizkuntza: EB-eko hizkuntza ofizial guztiak izan daitezke; prozedura bakoitzak, ordea, bat dauka (ahozko txostenetan eta dokumentu prozesaletan erabiltzen dena).
    • Hizkuntza ezartzeko irizpideak: Zuzeneko errekurtsoetan, demandanteak aukeratzen du.
    • Salbuespena:
      • Demandatua Estatu kide bat edo Estatu kide bateko pertsona fisiko edo juridiko bat bada, hizkuntza ere Estatu kide horrena izango da.
      • Epaile eta abokatu orokorrek edozein hizkuntza erabil dezakete; peritu eta lekukoek baimena izan dezakete beste hizkuntza bat erabiltzeko, ez badute prozeduraren hizkuntza menderatzen; Estatu kideek beraien hizkuntza erabil dezakete zuzeneko errekurtsoetan edo auzi aurre-judizialetan. Lanerako barne hizkuntza: frantsesa.

Auzitegi Orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emblem of the Court of Justice of the European Union.svg

Lehen Instantziako Auzitegiaren (LIA) sorrerarekin jurisdikzio komunitarioan instantzia bikoitza barneratu zen. Helburu bikoitz batekin, Babes judiziala hobetzea, eta bereziki defentsa eskubidek (batez ere egitate konplexuen ikerketa eskatzen zuten auzietan...). Justizia Auzitegiaren lan karga txikitzea (eta Zuzenbide komunitarioaren interpretazio uniformea zaintzera –bere funtsezko egitekoa- bil zitzan bere indarrak). LIA lehen instantziako auzitegi gisa sortu zen, konplexutasun faktiko handia zuten auzietara zuzendua. Nizako Itunak LIA kontsolidatu zuen eskumen orokorra aitortu baitzion errekurtso guztiak ezagutzeko (Justizia Auzitegiari eta etorkizuneko sala jurisdikzionalei espresuki esleiturikoak salbu). Lisboako Itunak instantzia honi izena aldatu dio: Auzitegi Orokorra. Bere egungo funtzioetara hobeto egokitzen den izena da. Hala ere, Nizako arauketa mantentzen da bere aspektu gehienetan.

  • Osaera, antolaketa eta funtzionamendua: Auzitegi Orokorrak autonomia jurisdikzionala du bere funtzioen egikaritzan (epaileen kabinete eta idazkaritzak bermatzen dutena) baina bere administrazio propiorik ez du (EBJA-aren zerbitzu administratibo propioak erabiltzen ditu). Osaera, “gutxienez epaile bat Estatu kide bakoitzeko” (EBT-aren 19.2 art.).EBJA-aren Estatutua izango da epaileen kopuru zehatza ezarriko duena (EBFI 254). Estatutuak 27 epaileren kopurua ezartzen du. Ez du erabiltzen epaileen kopurua handitzeko duen ahalmena, honekin bere produktibitatea handitzea lor zitekeen arren. Izendapena, Estatu kideetako Gobernu guztiak ados jarrita. Zalantzarik gabeko independentzia agertzen duten pertsonak eta funtzio jurisdikzional gorenak egikaritzeko beharrezko gaitasuna dutenak izango dira. (EBI 19.2 eta EBFI 254).Egokitasun Komiteak aztertuko ditu. (EBFI 255). Mandatua: sei urte (berritu daitekeena). Estatutua: JA-ko epaileen eskubide eta obligazio berak izango dituzte.
    • Presidentea: epaileek aukeratzen dute, euren artean, bozka sekretu eta gehiengo absolutuz. Mandatua 3 urtekoa da, baina berritu daiteke. Funtzioak AO-aren zerbitzu eta lanak zuzentzea. Baita osoko bilkurako bistak eta deliberazioak presiditzea. Ez du abokatu orokor iraunkorrik. Hala ere, posible da, zenbait kasutan funtzio hau epaile bati ematea. Idazkaria, 6 urterako izendatzen dute. Funtzio jurisdikzional eta administratibo garrantzitsuak izango ditu. Osaera jurisdikzionalak (estatutuko 50 art.).
    • 3 edo 5 epailez osaturiko Salak: eskumen orokorra duten osaerako izango dira (Auzitegi Orokorrera meneratzen diren auzien %80a baino gehiago Sala hauetan epaitzen dira) Garrantzia eta zailtasun txikia duten zenbait kasutan, hiru epailez osaturiko Salara esleitzen direnen kasuak, Epaile bakarreko osaeran erabaki daitezke.
    • Sala Handia (13 epaile) edo osoko bilkura: auziaren konplexutasun juridikoak edo garrantziak justifikatzen dutenean.
  • Eskumenak: Auzitegi Orokorrak ondorengo errekurtsoak ezagutzen ditu, Pertsona fisiko eta juridikoek jartzen dituzten zuzeneko errekurtsoak, Batasuneko erakundeen eta beste organoen aurka zuzendutakoak. Estatu kideek Batzordearen edo EBZ-aren egintzen kontra jarritako errekurtsoak, Estatu kideek Kontseiluaren kontra jarritako errekurtsoak (azken honek Estatu-laguntzen eremuan harturiko egintzengatik, defentsa komertzialerako neurriengatik –dumping- eta exekuzio eskumenak egikarituz hartzen dituen egintzengatik). Erakunde komunitarioek edo bere agenteek eragindako kalteen erreparazioa lortzera bideraturiko errekurtsoak, Batasunak ospaturiko kontratuetan oinarrituriko errekurtsoak, kontratu hauek espresuki aurreikusten dutenean AO-aren eskumena. Marka komunitarioaren materiari dagozkion errekurtsoak, Kasazio-errekurtsoak edo, hala aurreikusten bada, apelazio-errekurtsoak auzitegi espezializatuen erabakien kontra. Gaur egun, EB-eko Funtzio Publikoaren Auzitegiaren kontra kasazio-errekurtsoa; izan ere, ez da apelazio errekurtsorik jartzeko aukerarik aurreikusten...). Epaitu aurreko arazoak materia espezifikoetan, Estatutuak esleitzen dionean (Auzitegi Orokorrak igorri diezaioke auzia Justizia Auzitegiari ulertzen badu auziak, Zuzenbide Komunitarioaren batasun edo koherentziari eragin diezaiokeen printzipioen inguruko erabaki bat galdatzen duela). Hala ere, Justizia Auzitegiak mantentzen du, oraingoz, epaitu aurreko arazoen gaineko monopolioa (Auzitegi Orokoraren Estatutuak ez baitio ezer honen inguruan).
    • Kasazio Helegitea: Justizia Auzitegiaren aurrean jar daiteke kasazio errekurtso bat Auzitegi Orokorraren ebazpenen kontra. Helburua, ekiditea ebazpenak Zuzenbide komunitarioaren interpretazioaren batasunean arrakalak egitea.
    • Errekurtsoa jartzeko epea: 2 hilabete daude. Errekurritu daitezkeen erabakiak, Prozesuari amaiera ezartzen diotenak (sententziak, atzera-egite autoak eta artxibatze autoak), Fondoko auzia partzialki erabakitzen dutenak. Onartezintasunezko edo eskumen gabeziari buruzko intzidentzia prozesalei amaiera ezartzen dietenak. Behin-behineko neurriei dagozkienak, egintza baten exekuzioaren eteteari, edo derrigorrezko exekuzioaren eteteari buruzkoak. Legitimazio aktiboa, bere pretentsioak guztiz edo partzialki onartuak izan ez diren edozein alderdik. Estatu kideek eta Erakundeek, gatazkan parte hartu ez badute ere. Kasazio-errekurtsoan soilik Zuzenbidezko auziak aztertzen dira (Justizia lotetsiirik dago Auzitegi Orokorrak ezarritako egitateetara). Aurkez daitezkeen arrazoiak (EBJA-ren Estatutuko 58 art). Auzitegi Orokorraren eskumen gabezia, Errekurtsoa jartzen duen alderdiaren interesak urratzen dituen prozeduraren irregulartasuna AO-aren aurrean eta EB-eko zuzenbidearen urraketa. Juztizia Auzitegiak errekurtsoa atzera botatzen badu, Auzitegi Orokorraren sententzia irmoa bihurtzen da. Errekurtsoa onartzen badu, honek Auzitegi Orokorraren ebazpena anulatzen du. Justizia Auzitegiak gatazka erabaki dezake behin-betiko, gatazkaren egoerak aukera ematen badu, edo itzul dezake gatazka Auzitegi Orokorrera, honek behin-betiko erabaki dezan. Kasazio edo apelazio-errekurtsoak Auzitegi Orokorraren aurrean, auzitegi espezializatuek emandako ebazpenen kontra. Gaur egun, kasazio errekurtsoaren aukera baino ez dago. (AO-ak eman dezakeen erabakiaren aurrean soilik kabitzen da salbuespen izaera duen berraztertzea. Zein kasutan? Arrisku larria dagoenean Batasunaren zuzenbidearen batasun eta koherentzia kaltetzeko). Materia berezietan plantea daitezkeen epaitu aurreko arazoei dagokionez ere (etorkizunean Auzitegi Orokorrak izan dezakeen eskumena) aurreikusten da salbuespenezko berraztertze hau.

Auzitegi espezializatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nizako Tratatuak auzitegi autonomoak sortzeko aukera barneratu zuen; “sala jurisdikzionalak” bezala ezagutzen zirenak, materia espezifikoetan jarritako errekurtsoak ezagutzeko. Lisboako Tratatuan “auzitegi espezializatuak” bezala izendatzen dira. EBFI 257 “Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arruntaren arabera, Auzitegi Orokorrari atxikitako auzitegi espezializatuak sortu ahal izango dituzte, gai zehatz batzuei buruz Jarritako zenbait errekurtso- kategoriaz lehen auzialdian arduratu daitezen”.

  • Auzitegi espezializatuen erabakien aurka jar daiteke: Zuzenbidezko arazoetara mugaturiko kasazio-errekurtsoa Auzitegi Orokorraren aurrean. Egitatezko arazoak ere barneratuko lituzkeen apelazio errekurtsoa Auzitegi Orokorraren aurrean (auzitegi espezializatua sortzen duen Erregelamenduak baimentzen badu soilik). Auzitegi Orokorraren aurreko erabaki hauen aurka soilik salbuespenezko berraztertzea eman daiteke Justizia Auzitegiaren aurrean. Kideen aukeraketa, Kontseiluak aho batez egiten da. Bere egitura eta eskumenak auzitegia sortzen duen Erabakiak ezarriko ditu. Oraingoz sortu den bakarra EB-eko Funtzio Publikoaren Auzitegia (2004/752/EC, Euratom Erabakia, 2004ko azaroaren 2koa, indargabetua Lisboako Tratatua indarrean sartu denean. Bere edukia EBJA-aren Estatutuaren Eranskin I-ean barneratu da). EB-eko Funtzio Publikoaren Auzitegiko osaera 7 epaileakoa da 6 urteko epea dauka baina, berritu daitezkeenak. Hauek beraien artean presidentea izendatzen dute, eta idazkari bat.
  • Jurisdikzioaren osaerak:
    • Osaera arrunta: hiru epailez osaturiko salak.
    • Aparteko osaerak:
      • Osoko bilkura: arazo juridikoen zailtasunak edo garrantziak justifikatzen duenean.
      • 5 epaileko salak.
      • Epaile bakarra. Bere erabakien aurka, soilik jar daiteke kasazioerrekurtso bat Auzitegi Orokorraren aurrean.
  • Prozedura: Ezaugarri orokorrak, EBJA-aren Estatutuan arautzen da, Justizia Auzitegiaren, Auzitegi Orokorrarenaren eta Ebko Funtzio Publiko Auzitegiaren prozedura erregelamenduetan, eta hauen idazkarien jarraibideetan. Justizia Auzitegiaren, Auzitegi Orokorraren eta EBko Funtzio Publiko Auzitegiaren prozedurazko arauak oso antzekoak dira. Hori dela eta gure azterketan Justizia Auzitegiaren prozedurara mugatuko da. Kontraesaneko prozedura da, publikoa, mistoa eta inkisitiboa:
    • Mistoa: idatzizko fase bat dago, ahozko fase batek jarraitzen duena
    • Inkisitiboa: Behin demanda jartzen denean, Auzitegiak modu aktiboan parte hartzen du auziaren bilakaera edo garapenean.
    • Kontraesankorra: alderdi guztiek eskubidea dute entzunak izateko, alegazioak aurkezteko eta egintza prozesal guztiez informatuak izateko.
    • Publikoa: printzipioz, bistak publikoak dira (ez bada auzitegiak pisuzko arrazoiengatik kontrakoa erabakitzen duela).
    • Prozesuan alderdien ordezkaritza: abokatuaren nahitaezko parte hartzearen printzipioa. Estatu kideak eta Batasuneko Erakundeak bere agenteek ordezkatuak egongo dira (abokatu baten laguntza izan dezakete). Pertsona fisiko eta juridikoak abokatu batek ordezkatuko ditu. Printzipio honek ñabardurak ditu “epaiketa aurreko arazoen” kasuan. Kasu hauetan, ordezkaritza arautzen duten arauak, epaile nazionalaren aurrean garatzen den gatazkari aplikatzen zaizkion berdinak izango dira.
  • Idatzizko fasea + Ahozko fasea: Helburua, epaile eta abokatu orokorrek izan dezatela gatazkaren egitateen eta arrazoien azalpen zehatza; baita alderdien alegazio eta pretentsioena ere. Zuzeneko errekurtsoetan: demandarekin hasten da. Demandak erantzuna izan dezake. Honek kontraerantzuna izan dezake eta baita honek ere bere erantzuna. Kasazio- errekurtsoetan, errekurtsoa jarriz hasten da. Honek erantzuna izan dezake. (Soilik -alderdien eskaera arrazoituaren ondoren- presidenteak baimentzen badu egongo da kontraerantzuna eta honen erantzuna. Epaiketa aurreko auzietan: jurisdikzio organo nazionalaren igorpenarekin hasten da. Alderdiek bi hilabeteko epea dute idatzizko oharrak aurkezteko. Idatzi prozesalak aurkeztu eta gero, epaile txostengileak aurre-txosten bat emango du: bertan ezarriko du ea beharrezkoak diren instrukzio neurri osagarriak, frogak galdatzen dituztenak; alderdiei galderak egiten dizkie; osaera jurisdikzionala proposatzen du eta baita, bere kasuan, abokatu orokorraren ondorioak beharrezko ez direla aipa dezake (auziak ez baditu zuzenbideko arazo berriak planteatzen). Honekin amaitzen da idatzizko fasea. Edozein kasutan, idatzizko fasean zehar, posible da kuestio gehigarriak planteatzea: behin-behineko neurriak eskatzea, intzidente prozesalak edo hirugarrenen parte hartze eskaerak.

Idatzizko fase osatzen du, nahiz eta bere garrantzia txikiagoa den. Zenbait kasutan ken daiteke fase hau: zuzeneko errekurtsoetan alderdiak ados agertzen badira; kasazio-errekurtsoetan alderdietako baten objekziorik ez bada. Epaiketa aurreko arazoetan, ez badago interesatuen partetik ahozko oharrak aurkezteko eskaerarik. Estatutuko 20 art-aren arabera ahozko faseak bere baitan biltzen ditu: Epaile txostengileak aurkeztutako txostenaren irakurketa. Justizia Auzitegiak entzun egingo ditu agenteak, laguntzaileak, abokatuak eta abokatu orokorraren ondorioak; eta, bere kasuan, peritu eta lekukoen azterketa ere emango da. Abokatu Orokorraren ondorioak, deliberazioa, eta sententzia, Abokatu orokorraren ondorioak: formalki, ahozko fasearen parte dira; praktikan geroago aurkezten dira. Geroagoko bista batean irakurriko dira ondorio hauen epaia (fallo). Honekin prozedura amaitzen da eta deliberazio fasean sartzen. Deliberazio fasea, Epaileen deliberazioei hasiera emango zaie, epaile txostengilearen irizpidearen arabera, Abokatu orokorraren ondorioekin bat badator, sententzia proiektua landuko du eta beste epaileei igorriko die. Bestela, akordio oinarri bat lortzen saiatu beharko dute, epaile txostengileak aurkezturiko oharretatik abiatuz; honen gainean eraikiko da sententzia proiektua. Deliberazioak biziak izaten dira (boto partikularren aukerarik ez). Sententzia, obligaziozko indarra dauka eta epaitutako gauzaren efektua sortzen du erabakia hartzen den egunetik.

Beste Erakunde batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Batasunaren Finantziazio eta Kontuen Auzitegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Finantza-kontrola: EBren diru-sarreraren eta gastuen legezkotasuna eta arauzkotasuna kontrolatzea eta Batasunaren aurrekontua behar bezala kudeatzea
  • Osaera: Estatu kide bakoitzak kide bat izendatzen du 6 urterako. Kontuen auzitegiko kideek beren presidentea hautatzen dute 3 urterako. Auditoreek ahalmena dute edozein erakunde auditatzeko baita pribatuak ere. Ez du eginkizun jurisdikzionalik nahiz eta “Auzitegi” izena izan.
  • Eginkizunak: EBren aurrekontua behar bezala egikaritzen dela zaintzea. Diru-sarrerak eta gastuak. Txostenak egitea irregularitate eta arazoei buruz ohartarazteko. Urteroko txostena egiten dute.

Europako Banku Zentrala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

European Central Bank 041107.jpg

Europar Batasuneko 18 herrialdek osatzen duten euroguneko moneta-politikaren arduraduna da. Ekonomia eta Diru Batasunaren (UEM) gakoetariko bat da. Alemania, Austria, Belgika, Zipre, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Letonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Malta, Herbeherak, Portugal. EBZ independientea da, EB-ko erakundeek eta estatu kideen gobernuek ezin dute eragin Banku Zentralaren erabakietan. Bereiztu behar da Banku Zentralen Europako Sistema (BZES) eta Europako Banku Zentrala (EBZ). Europako Banku Zentralak eta euroa erabiltzen duten herrialdetako banku zentralek Eurosistema osatzen dute. Europako Banku Zentralak eta EBko estatu-kide guztietako, euroa erabiltzen dutenetzako eta ez dutenetzako banku zentralek Banku Zentralaren Europako Sistema (BZES) osatzen dute (129 EBFI).

  • Eskumenak: EBZren helburu nagusiak euroguneko prezioen egonkortasuna, enplegu maila handia bermatzea eta hazkunde ekonomiko egokia lortzea dira. Xede horiek betetzeko, Euroguneko moneta-politika zehaztea, interes-tasak ezartzea barne. Dibisen trukea kontrolatzea eta dibisen erreserbaren kudeaketa. Ordainketa-sistema.
  • Funtzionamendua: Batzorde Exekutiboa eta Gobernu Kontseilua. Batzorde Exekutiboa: Sei kidek osatzen dute (presidentea, presidenteordea eta beste lau kidek), guztiak aho batez bankua osatzen duten 18 herrialdeetako gobernu-buruek izendatuak. Monetapolitika abian jartzeaz eta bankua kudeatzeaz arduratzen da. Gobernu Kontseilua: Batzorde Exekutiboko sei kideek eta euroa erabiltzen duten herrialdeetako banku zentraletako 18 gobernadoreek osatzen dute. Eurogunearen moneta-politika zehazten du eta Europako Banku Zentralaren interes-tasak finkatzen ditu. Bestaldetik Banku Zentralaren Europako Sistemaren (BZES) Kontseilu Nagusia azpimarratu behar da. EBZko presidenteak, presidenteordeak eta EBko 28 estatukideetako banku-zentraletako gobernadoreek osatzen dute. EBko moneta-politika koordinatzen du eta euroguneko zabalkuntza prestatzeaz arduratzen da.