FAES Farma

Wikipedia, Entziklopedia askea
FAES Farma
Datuak
Motanegozioa
Jarduera sektoreabotika-industria
HerrialdeaEspainia
Jarduera
Enplegatuak1.766 (2022)
Ekoizpena
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formasozietate anonimoa
Ekonomia
Irabazi garbia89.500.000 € (2022)
Historia
Sorrera1933ko uztailaren 29a
webgune ofiziala

FAES Farma (izen osoa: Fábrica Española de Productos Químicos y Farmacéuticos) Lamiakon dagoen farmazia enpresa bat da. 1933an sortu zen, eta aitzindaria izan zen hainbat botiken sorreran. Frankismo garaian Espainia osoan antibiotikoak egin zitzakeen enpresa bakarra zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieratik, Industria farmazeutikoan espezializatutako FAES sektore kimikoko enpresa garrantzitsuenetako bat izan da Bizkaian. 1933ko uztailaren 29an sortu zen eta Ibaizabal ibaiaren ibilguaren ondoan kokatu zen, Lamiakoko ibarrean (Leioa). Hasieran bi milioi pezetako kapitala zuen, Serra familiaren eskutik[1]. FAES Lamiakoko ibarrean kokatu zen, Leioan. Ingurune hori itsasadarraren eskuinaldeko industrializazio-gune garrantzitsua izan da XIX. mende amaieratik[2]. Garai batean padura besterik ez zegoen inguru horretan, baina, gizakiak lehortu izanaren ondoren, Leioako hiri-hazkundearen gune bihurtu zen. Maximo Agirre saltzaile eta industrialari bilbotarra izan zen inguru honen garapenaren arduradun nagusia.

4.000 metro karratuko eremua hartzen du, eta bertan bismuto-gatzak, kloruroak eta merkurio-oxido horia egiten ziren, batez ere Kordoba eta Almadénetik zetozen mineralekin[3][1].

Hasieratik, enpresak Espainiako biztanleen artean garai hartan endemikoak ziren gaixotasunei aurre egiteko produktu terapeutikoak bilatzen jardun zuen, hala nola sifilisa, sukar itzulkorrak edo Maltako sukarrak. Bere produktu nagusia NEO-FAES zen (neoarsenobenzola), urte batean 300.000 ale saldu zituzten hasi bezain pronto[4]. Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo autarkia-aldian, ahalegin zientifiko eta ikertzailearen etapa bat hasi zen, ordura arte Europako merkatutik lortzen ziren lehengaien faltak eraginda. Izan ere, FAES izan zen artseno-benzolak eta artseniko antiluetikoak ekoizteko gaitasuna zuen Espainiako enpresa bakarra, gaixotasun infekziosoen tratamenduan antibiotiko gisa aitzindari ziren konposatu organikoak, ospitale eta kliniketan erabiltzen zirenak[3]. Garai horretan sortzen zituen produkturik ezagunenak SULFO-FAES, CALCIO-FAES eta URO-FAES ziren[4].

1940ko hamarkadan sulfopiridina, sulfotiazol eta artsenoxidoa ekoizten hasi ziren, arrakasta handiz. Lamiakon ere sakarinaren prozesamenduari ekin zioten, eta erradiografian erabiltzen zen barioaren gatzak[4].

1950 eta 1960ko hamarkadetan herbizidak eta pestizidak ekoizteari ekin zioten, kanfokloro poliklorokanfenoa edo dinitrona kasu. Hala ere, 1970ko hamarkadatik aurrera, batez ere farmazeutikan zentratu ziren. Garai horretan 73 botika ezberdin ekoizten zituzten, eremu guztietan erabiltzeko[4]. 1978an hidrosmina sintetizatzea lortu zuten, Verosmil izenarekin merkaturatu zuten botika.

1990ko hamarkadatik aurrera beste konpainia batzuekin aliantzak egiteari ekin zioten eta nazioarteko merkatuetan sartu zen. 2010ko hamarkadan bilastina izeneko antihistaminiko arrakastatsua ekoitzi zuten[4].

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1935ean, Enrique Belda arkitektoak lehen ekoizpen-eraikinak eta haien bulego orokorrak proiektatu zituen, nahiz eta haren fisionomia aldatzen joan zen irekieratik bertatik. Gaur egungo itxura 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetako handitzeei zor zaie, Rafael Fontán edo Pedro Ispizua Susunaga arkitektoen eskutik, Belda, Gregorio Viteli eta Francisco Javier Ispizua Uribarriren lankidetzarekin. Eraikin multzoa kaleen inguruan jarritako pabiloietatik eta plaza moduko barruko espaziotik abiatuta antolatzen da, mugikortasuna errazteko. Gehienak hormigoi armatuzkoak dira, bistako egiturarekin, eta itxitura-hormak igeltserotzakoak, bistako adreiluzko akaberarekin, multzo-sentsazioa bateratzen eta sortzen duena, eraikuntza-tipologiak eta -garaiak askotarikoak izan arren. Estalkia laua da[3].

Fatxadaren tratamenduan, marra klasikoko errepertorio apaingarriak erabiltzen dira, armarri, frontoi eta zutabeekin, eta arreta berezia jartzen da sarrerako atean, bertan multzoaren bereizgarri diren elementu apaingarriak biltzen baitira. Ikerketa-eraikina ekoizpen-gunearen atzean dago, eta hari hiru altuerako gorputz baten bidez lotuta. Gainerako eraikinetatik, eskailera-kaxa nabarmentzen da, fatxadan irteten dena eta altueran nabarmentzen dena. Instalazioak gela osagarriekin osatzen dira, hala nola ur-araztegia eta hainbat pabiloi, hala nola ehoketa, liofilizazioa, elektrolisia eta zoologiko industrial txiki bat[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euskadiko Industria Ondarea. Eusko Jaurlaritza.
  2. «Ayuntamiento de Leioa - Historia» www.leioa.net (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).
  3. a b c «Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea» avpiop.com (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).[Betiko hautsitako esteka]
  4. a b c d e (Gaztelaniaz) «Historia» Faes Farma (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).
  5. [autores, Garbiñe Aja ... (et al.)]. (2012). Euskadiko industria ondarea = Patrimonio industrial en el País Vasco. 2. (1a ed. argitaraldia) Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 9788445732625. PMC 932754301. (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]