Fagor Electrodomésticos

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
LOGO FAGOR.jpg
Mota Kooperatiba
Sektorea Etxetresna elektrikoak
Sorrera 1956
Egoitza Arrasate
Langileak 6.000 (2006)
Webgunea http://www.fagor.com

Fagor Electrodomésticos S. Coop. Mondragon Korporazioaren baitan dagoen kooperatiba handienetakoa da. Etxetresna elektrikoak egiten ditu.

Arrasaten hasi zen ULGOR

Hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fagor Etxetresna Elektrikoak Mondragon Korporazioko enpresarik handienetakoa da; eta aitzindaria izan da, gainera, Korporazioa osatzen duten enpresen artean. 1956ko urrian sortu zen, Mondragon Eskola Profesionaleko bost ikasle ohiek (Luis Usatorre, Jesús Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Javier Ortubay) Gasteizen kokatutako Otalora tailerra erosi zutenean, etxeko gailuak egiteko lizentzia zuen tailer bat, alegia. Enpresari Talleres ULGOR deitu zioten: haien abizenen lehen letrarekin eratutako izena.

1959an, lanbide eskolaren sortzailea zen Jose Maria Arizmendiarrietaren ideiek bultzatuta, enpresa kooperatiba bihurtu zuten. Gasteizko tailerra Arrasatera lekualdatu zuten eta, 1959an, Tagor deitu nahi bazioten ere, ezin izan zuten eta Fagor izena jarri zioten. Ordutik aurrera, enpresa Fagor izenez ezagutu zen, nahiz eta, ofizialki, ULGOR izaten jarraitu 1990. urtera arte.

Garai hartan, Fagor Arrasaten sortutako kooperatibarik dinamikoena bilakatuko zen eta laguntza erabakigarria eman zuen Mondragon Korporazioaren ernamuina jartzen eta egun industria zein finantza edota hezkuntza arloan Korporazioak dituen kooperatibak indartzen. Izan ere, 1959an sortu zen Euskadiko Kutxa, gaur egun Laboral Kutxa eta, besteak beste, 1964an Eskola Politeknikoa.

Arizmendiarrieta

Markak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fagor Etxetresna Elektrikoak marka ugariren jabe da. Nazioartean, bi dira bere marka nagusi eta ezagunenak, Fagor eta Brandt, lehena lehen mailako marka Espainian eta bigarrena, berriz, Frantzian. Hirugarren marka batekin ere badago Fagor nazioarteko merkatuetan: De Dietrich, merkatuaren goi mailako alorrari zuzendutako marka.

Espainian beste bi marka ere baditu finkatuta: Aspes eta Edesa. Edesa Fagorren bigarren marka da, 2006z geroztik, eta bezero gazteei bideratuta dago. Aspes merkatuaren alor erdi-baxura zuzentzen da.

Frantzian beste bi marka ezagun ditu: Sauter, sukaldeko tresnen marka bat, eta Vedette, garbigailuen marka.

Italian honako marka hauek ditu: Ocean, gazteei zuzendua eta SanGiorgio, garbigailuen marka.

Azkenik, Polonia eta ekialdeko merkatuentzat Mastercook marka ere badu.

Arrasaten dagoen Fagor fabrika

Konpainia filialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Edesa, S.Coop.: 1941ean Basaurin (Bizkaia) sortutako etxetresna elektrikoen konpainia bat da. Urte askotan zehar, Espainiako enpresa liderra izan zen etxetresna elektrikoen arloan. Garai txar batetik igaro ondoren, Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek bereganatu zuen 1989an, kooperatiba filiala bihurtuz. Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek akzionisten %60,65 osatzen du, beste guztia Edesako bazkide-langileena da. Nahiz eta Edesak sozietate independente moduan dirauen, oso ondo integratuta dago Fagorren. Gaur egun, Basaurin kokatutako Edesak 650 langile ditu eta hozkailu eta termoak fabrikatzen ditu Korporazioko marka desberdinentzat. Bestalde, Fagorrek konpainiako bigarren markatzat du Edesa, nahiz eta marka horretako produktuak fabrika desberdinetan egiten dituen.
  • Extra-Electromanagers S.A.: 1995etik Mohammedian (Maroko) kokatutako konpainia da. Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek bere produkzioa nazioartekotzeko eta Magreb-eko merkatuan sartzeko sortutako lehen konpainia da. Extra-Electromanagers-ek 200 langile inguru ditu eta lerro zuriko etxetresna elektriko desberdinen muntaia egiten dute. Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek akzionisten %99,99 osatzen du.
  • Geyser GasTech S.A.: Fagor Electrodomésticos eta Vaillant konpainia alemaniarrak 1997an sorturiko Joint Venture enpresa da. Fabrika Bergaran (Gipuzkoa) dago, Fagor Etxetresna Elektrikoak kokatzen den eskualde berean. Vaillant marken (Vaillant eta Saunier Duval) edo Fagor marken (Fagor, Aspes, Edesa eta Mastercook) izenpean merkaturatzen diren gas berogailuak egiten ditu; baita AEG eta Electrolux multinazionalen izenpean ere. 2005ean 65 milioi euro fakturatu zituen eta 400 langile ditu.
  • Rotártica S.A.: Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek enpresa honen akzioen %57,14 du eta akzionisten artean Gas Natural dago. 2000. urtean sortu zen enpresa eta egun, Basaurin kokatzen da, Edesako instalazioen ondoan. Enpresak gas naturala eta eguzki energiarekin funtzionatzen duten aire girotuko tresnak egiten ditu, produktu berria da hau merkatuan.
  • Ibai, S.Coop.: Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek sozietate honen akzioen %63,52 du. Akzionisten artean SPRI (Eusko Jaurlaritzaren industria sustapeneko Sozietatea). Drirona, Fagor komertzializatzen ari den produktu berria, fabrikatzen duen enpresa da. Mota guztietako arropa lisatzen duen mundu mailako robot erako lehen etxetresna elektrikoa da. Enpresa Arrasaten dago.
  • Fagor Hometek, S.Coop.: Arrasaten kokatutako I+D+i zentroa da.
  • Grupo Grumal S.A.: Azpeitiko (Gipuzkoa) hainbat enpresaren taldea da. Sukalde, bainu eta etxeko armairuentzako ateak eta osagarriak egiten dituzte bertan. Talde hau 2005ean erosi zion Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek Masco izeneko multinazional iparramerikar bati, eta aurreikusi zuten 2010erako Fagor Mueble de Cocina izeneko kooperatiba bihurtuko zela.
  • Fagor Brandt: 2005ean Fagor Etxetresna Elektrikoak, Groupe Brandt etxetresna elektrikoko enpresa frantsesaren akzionista bakarra bihurtu zen, eta Fagor Brandt izena edukitzera pasa zen. Fagor Brandt-ek, aldi berean, bere filialak ditu, Brandt Italia, besteak beste. Fagor Brandt-ek bost produkzio fabrika ditu Frantzian eta Italian, 4.500 langilerekin guztira. Fagor Brandt-ek Brandt marka, seguruenik etxetresna elektrikoko Frantziako markarik ezagunena, ekartzen dio Korporazioari, baita hain ezagunak ez diren beste marka batzuk ere (De Dietrich, Sauter, Vedette, Ocean, Samet, SanGiorgio); batez ere, Frantzian eta Italian hedatuak. (Frantzian Fagor Brandt liderra da eta merkatuko kuotaren %18a du). Hau da Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek orain arte eginiko jabetze garrantzitsuena.
  • Ekisun S.A.: MCC-ko bi kooperatibak osatutako joint venture bat da. Bi horiek Fagor Etxetresna Elektrikoak, %35aren jabe, eta Ecotécnia, eguzki plaka fotovoltaikoak merkaturatzeko enpresa, dira. 2004an sortu zen eta hau ere Basaurin kokatzen da.
  • Shanghai Minidomésticos Cookware Co.Ltd.: Shanghaiko Shanghai Vacuum Flash enpresarekin batera Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek duen joint venture bat da, non kooperatibak akzionisten %30a osatzen duen. Enpresak 2001 geroztik, presio-eltzeak egiten ditu.
  • Fagor Mastercook S.A.: lehen Wrozamet izena zuen; Wroclaw-n (Polonia) kokatutako etxetresna elektrikoen konpainia poloniarra da. Fagor Etxetresna Elektrikoak 1999an egin zen akzionista, konpainiako %41aren jabe eginez. Egun, Korporazioko hainbat markarentzat etxetresna elektrikoak egiten ditu, Polonian. Hauek, Mastercook markaren izenpean merkaturatzen dira.
  • Gainera, enpresa ordezkatzaile komertzial ugari ditu mundu guztian zehar. Horietako zenbaiten jabetza Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresaren esku eta beste zenbaitena Fagor Brandt enpresaren esku.

Produktu eta berrikuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fagor beti egon da teknikaren abangoardian: 1978an botoi batekin programatzeko Touchmatic sistemako lehen labea atera zuen eta, 1978an, To-Do magnetron bat txertatuta duen lehen labea atera zuen, labe eta mikrouhin moduan funtzionatzen zuena.

Fagorrek Driron ere atera du, era guztietako arropak lisatu eta lehortzen dituen etxetresna elektrikoa, errobot gisa funtzionatzen duena. Energia aurreztu nahi dutenentzat Biomasako galdara gama bat merkaturatu du. Spoutnik izenarekin, bestalde, munduko lehen mikro-uhin labe biribila egin du eta, besteak beste, pirolisia izeneko teknika erabiltzen duten labeak ere egin ditu, automatikoki garbitzen direnak.

Fagor Zerbitzu Teknikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Fagor Zerbitzu Teknikoak, hobe esanda, Fagor markako Asistentzia Teknikoko Zerbitzuak (SAT), Fagor etxetresna elektrikoak instalatu, mantendu eta konpontzen dituen zentro ofizialen sareari egiten dio erreferentzia.
  • Fagor Zerbitzu Teknikoak 108 zentro ofizial ditu langile trebatuekin. Guztira 650 teknikari daude Espainia guztiko erkidegoetako 900.000 erabiltzaileri zerbitzua emateko.
  • Fagorreko Zerbitzu Teknikoko zentro guztiek ISO 9001 ziurtagiria dute, zeinak Kalitateko gestio Sistema ziurtatzen duen.

Trebakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fagor zerbitzu sareak 4 kategoria desberdinetako profesionalak ditu:

  • Iniziazio maila: sektorean sartu berri diren pertsonei zuzendua, prestakuntza handiagoko batek gainbegiratzen du eta ezagutzak eta esperientzia lortzen joaten da autonomoki lan egin ahal izateko. Sarera batzen diren teknikari guztiek pasatu beharreko trantsizioko fase bat da.
  • Teknikari orokorra: Teknikari Orokorraren azterketa gainditu beharra suposatzen du, edo sektorean hiru urteko esperientzia izatea gutxienez. Kalifikazio hau lortzeko erdi-mailako zailtasuneko egoeren aurrean modu autonomoan egindako lanetan kaudimena lortu behar da, eta hautagaiak aurkeztutako kasuen %90ari irtenbidea aurkitu behar die.
  • Produktuan espezializatutako teknikaria: teknikari hau bere lana modu autonomoan egiteko gai izango da; baita bera espezialista den produktuaren inguruan aurkeztuko zaizkion kasuen irtenbidea lehenengoan aurkitzeko ere.
  • Produktuaren maisua: teknikaria bere lan alorrean aditua izango da, iniziatiba eta arrazoimen gaitasun handia eduki du eta produktuarekin zerikusia duten kasuen %100 ebazteko gai izango da.

Azpiegitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fagor Zerbitzu Teknikoak jatorrizko piezak dituen biltegi zentral bat du, 50.000 pieza baino gehiagorekin. Biltegi honek ISO 9001 eta ISO 14000 ziurtagiriak ditu.

Espainiatik kanpo, Fagor Zerbitzu Teknikoak Europako ia herrialde guztietan ditu ordezko piezen biltegiak.

Guztira, Fagor Zerbitzu Teknikoak ordezko 5 milioi pieza baino gehiago ditu biltegiratuta eta kopuru horren %33a, nazioarteko merkatuetan banatzen du.

Fagor Etxetresenen konkurtsorako bidea, likidazioa eta adjudikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fagor Etxetresnak honako prozesua jasan zuen 2008 eta 2014 artean[1]:

Konkurtsorako bidean

2008ko apirilean jakin zenez, aurreko urtean 13 milioi euroren irabazi garbiekin amaitu zuen taldeak, eta, urtebete geroago, irabaziak desagertu egin ziren ia, 121.000 euroren mozkinak aurkeztu baitziren.

2012ko apirilean jakin zenez, 2009an galerak izan zituen Fagorrek, hau da, 20 milioiko zuloa. 2010an, 9,87 milioi galdu zituen, eta, 2011n, 25,7 milioi euro. Enpresaren arduradunak neurriak hartzen hasiak ziren: soldata jaitsierak, desinbertsioak, bideragarritasun plan berriak, Mondragonek emandako maileguak...

2013[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apirilean jakin zenez, 2012an, 89 milioiko galera izan zuen, eta %9 jaitsi zen fakturazioaa (1.167 milioi). Erreskaterik gabe ezean desagertzeko arriskuan zegoen eta Mondragonen esku zegoen etorkizuna. Gisasola Mondragoneko presidente zen jadanik, eta Sergio Treviño Fagorreko buru zen.

Maiatzean, Mondragonek Fagorrentzat 70 milioi euroko mailegu bat onartu zuen. Talde osoak estutu zuen gerrikoa eta Fagorreko langile-bazkideek soldata %6,48 jaistea erabaki zuten.

Urriaren 15ean jakin zenez, enpresak 60,4 milioi euroren galera eduki zuen ekaina bitartean, aurreko urteko epe bereko galeraren hirukoitza (20,3 milioi), eta negozio kopuruak %19 jaitsi ziren, 609 milioi eurotik 491 milioira. Mondragonek emandako 70 milioiak eta Jaurlaritzak emandako beste 40ak galdu egin ziren. Zorra 860 milioikoa zen; 980 milioi, taldearen barruko zorra ere zenbatuz gero.

Urriaren 30an, BERRIAk zabaldu zuenez, Mondragonek berriro aztertu zuen laguntza ematea, baina ezetz esan zuen, Jaurlaritzaren presioari aurka eginez.

Urriaren 31ean, Finantzaketa lortzeko zailtasunagatik, konkurtso legera joan zen kooperatiba, betiko desagertzeko arriskuarekin. Diru gehiago ez ematea erabaki zuen Mondragonek. Poloniako adarra (Fagor Mastercook) izan zen lehena konkurtsoan sartzen.

Likidaziorako bidean

Azaroaren 6an, bilera bat egin zuten erakundeetako ordezkariek, eta Mondragon eta Fagorreko arduradunek konponbidea bilatzeko. «Konkurtsora goaz» izan zen erantzuna.

Azaroaren 7an, Nanterreko Merkataritza Auzitegiakren ebazpenak, FagorBrandt ordainketak eteteko bidean sartu zuen.

Azaroaren 14an, Arrasateko kooperatibak konkurtsora jo zuen, egoera ekonomiko txarragatik eta konkurtso aurrean finantzaketa aurkitzeko saioak huts egiteagatik. Zorrak kitatzeko garaia iritsi zitzaion. Donostiako Merkataritza Epaitegiko titularrari eraman zizkioten Edesa, Grumal eta Proiek, Fagor Etxetresnen beste atalak.

2014[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apirilaren 11eam, epaileak baimena eman zuen Cevitalek Fagor Ireland Frantziako marken gordailua erosteko, 25 milioirengatik. Konkurtsoak emandako lehen dirua izan zen.

Apirilaren 16an, Cevitalek FagorBrandteko lantoki gehienak erosi zituen, eta martxan jarri zituen aste batzuetara.

Uztailaren 17an eta aurreko asteetan Cevital eta Cata norgehiagoka zebiltzan eta euren lehen eskaintza hobetzeko epearen barruan hobekuntzak aurkeztu zituzten: Cevitalek 23 milioi euro eta 350 enplegu eskaini zituen, eta Catak, berriz, 21,3 milioi eta 500 enplegu.

Uztailaren 22an, azken eskaintza egiteko eguna zen eta Catak enkantea hausti zuen, 42,5 milioi eta 705 enpleguren eskaintzarekin. Cevital 28 milioi eta 500 enplegutan gelditu zen.

Uztailaren 29an, epaileak administratzaileen iritziari men eginez, Cataren alde egin zuen Fagor Etxetresnen aktibo gehienen esleitzeab.

Abenduaren 16an jakin zenez, Fagor berriak Basauriko Edesaren lantegia irekiko zuen baina ez Basaurin. 2015eko lehen hiruhilekoan dute lantegia lanean hastea espero zuten, 40 langilerekin. 2015 amaieran, produkzioa Euskal Herriko beste lantegi batera eraman nahi zuten, Basauriko lantegiaren kostua ezin ordaintzeagatik[2]. Jarduera Gipuzkoara eramango zuten eta 40 lanpostu sortuko ziren[3].

Abenduaren 17an, Edesa ixteko erabakiaren inguruan hausnartzeko eskatu zion Diputazioak Catari. Hartutako jarduera eta enplegu konpromisoak beteko zituen egitasmoa aurkezteko eskaera ere egin zion[4].

Abenduaren 18an, Jose Luis Bilbaok ustetan 'Catak Edesari begira hartu duen erabakia adarjotze bat da'. Horregatik, 'egindako eskaintza bere horretan' uzteko eskatu zion[5].

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]