Pakito Arriaran
Pakito Arriaran | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Arrasate, 1955eko apirilaren 22a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Municipio de Chalatenango (en) , 1984ko irailaren 30a (29 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: guduan hila |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | militante politikoa |
Kidetza | Euskadi Ta Askatasuna FMLN |
Pakito Arriaran Arregi (Arrasate, 1955eko apirilaren 22 – El Salvador, 1984ko irailaren 30) El Salvadorko Gerra Zibilean logistika arloan FMLNren alde gerrillari ari zelarik hil zuten ETAko kidea izan zen.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrasaten jaio zen familia abertzale ezagun batean; gurasoak Kristina Arregi eta Pako Arriaran zituen. Sendian pilotari profesional batzuk zeuden: Felix osaba "Arriaran I.a" deitu zuten, aita "Arriaran II.a eta Francisco beste osaba bat "Arriaran III.a". Jesus Mari Zabarte lehengusua du.
1973an Zuzenbide ikasketak hasi zituen Donostian. 1975eko apirilaren 27an Arrasaten atxilotu zuten ETAko kide izateagatik; Basauriko eta Carabancheleko kartzeletan sartu zuten. 1977ko Espainiako Amnistia Legearen ondorioz askatu zuten. 1978ko azaroan berriro atxilotu nahi izan zuten baina Arriaranek Iparraldera egin zuen ihes. Urtebete geroago Venezuelara joan zen eta han erbesteratu talde batekin kooperatiba bat sortu zuen. Euskal Erbesteratuak Laguntzeko Komitean parte hartu zuen; bertan BVEk hil zituen Espe Arana eta Jokin Etxebarria ezagutu zituen eta Arriaran bera tirokatu zuten.
Euskal Herrira itzuli eta denbora laburra pasatu eta gero El Salvadorko gerrillara joateko erabakia hartu zuen. 1982ko maiatzean Nikaraguara heldu eta gero irailean El Salvadorrera jo zuen. Chalatenango aldeko mendietan egon zen eta logistika arloan egin zuen lan. FMLNren urriko erasoaldi orokorraren barruko borrokaldi batean -parte hartzen zuen lehenean- zangoan zauritu zuten; zauria oso larria ez bazen ere, armadarengandik ihes egin behar izan zutenez behar bezala zaindu ez, zangoa infektatu eta moztu behar izan zioten. Hala ere gerrillaren aldeko lanean segitu zuen. 1984ko irailean armadak eraso oldea egin zuen; FMLNk eremutik ateratzea proposatu zion baina Pakitok ez zuen onartu. Armadak bere taldea El Zapotalen topatu zuenean bakarrik geratu zen eta borrokaldian hil egin zuten; soldadoak erretiratu zirenean bere gorpua erreskatatu zuten, balaz josita eta oso hondatuta. Bertan lurperatu zuten.
Omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Arrasate jaioterrian bi omenaldi egin zaizkio: 1984ko urriaren 27an hileta eta omenaldia plazan eta 1985ean Monterron parkean. Parke honetan dagoen zuhaitz aparteko batean, 40 metro baino altuagoa duen Sekuoia baten azpian hain zuzen ere bere omenezko oroitarri bat dago[2]. 2020ko urriaren 9an Ernesto Che Guevara militante internazionalista argentinarra Bolivian erail zuten 53. urteurrenean, Arrasateko Ezker Abertzaleak omendu zuen Monterron parkeko oroitarrian. [3]
- El Salvadorren oroitarria jarri zuten Las Vueltas udalerrian, Chalatenangoko departamenduan; horrez gain gerrilla urteetan hildakoak gogoratzen direnean Pakitoren figura ere gogoan izaten dute.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ricardo Castellón, Nicolás Doljanin: Pakito Arriaran, de Arrasate a Chalatenango, Txalaparta Tafalla, 2008. ISBN 978-84-8136-523-8
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/pakito-arriaran-arregi-militante-internazionalista-arrasatearra-hil-zen-chalatenangon-el-salvadorren
- ↑ https://web.archive.org/web/20190606163719/https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/2018/03/15/vecinos/debagoiena/las-secuoyas-de-monterron-superan-los-40-metros-de-altura
- ↑ «Pakito Arriaran omendu dute Monterron parkeko oroitarrian - Arrasate» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-10).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pakito Arriaran.org.
- Pakito Arriaran Argitaletxea.
- Biografia 45-rpm.net webgunean.