Edukira joan

GAFAM

Wikipedia, Entziklopedia askea
GAFAM
Datuak
Izen laburraGAFAM
Motaakronimoa, ezizena eta taldea
Osatuta
GAFAM: Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft

GAFAM akronimoak interneteko enpresa indartsuen batzuk izendatzen ditu: Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft. AEBetako multinazional hauek urte gutxiren bueltan bihurtu dira eremu digitala arautzen duen oligopolio bateko aktore.[1] Ikerlariek frogatu dute GAFAMen eta hedabideetako edukiaren arteko konexioaren hazkundea, baita taldeak ekonomia digitalean sormen eta kultura industrien etorkizuneko garapena baldintzatzeko patroiak ezartzeko duen gaitasuna ere.[2] GAFAMetako bakoitzak bere ekosistema sortzen du, baina jatorri desberdina izan arren, guztiek antzeko egiturak sortzen dituzte. Haien ezaugarri nagusiak: modu ekosistemikoan lehiatzen dira, eta ez produktuka, oso talde zentralizatuak dira, hedapen-hazkunde nabarmena dute eta liderrak dira burtsa-kapitalizazioan.[3]

GAFAM aldakiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean GAFA zena (Google, Amazon, Facebook, Apple) Microsoft bilduz GAFAM bihurtu zen.[4] Netflix barne hartuz FAANG akronimoarekin deitua da ere bai.[5] Txinari erreparatuta BATX akronimoa erabiltzen da lau enpresa teknologikorik handienak aipatzeko modu bezala: Baidu, Alibaba, Tencent eta Xiaomi.[6]

XXI. mendean ekonomia berri batek zuzentzen du ekosistema digitala, non talde mediatikoek eta, oro har, kultura-industriek nagusitasunezko posizioak izateari uzten dioten. Interneteko teknologia-talde handiek – Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft (GAFAM) – gero eta presentzia handiagoa hartu dute agertoki mediatikoetan. Enpresa horiek erabiltzaileen arreta lortzeko lehiatzen dira, produktu eta zerbitzu mediatikoak garatzen dituzte eta kontzentratzen dituzte online publizitatearen inbertsioak. Horrek guztiak, tradizionalak ez ezik, Netflix edo Spotify bezalako plataforma disruptiboak ere arriskuan jarri ditu.[3]

GAFAM osatzen duten multinazionalek eremu digital zabalen kontrola dute, bereziki, beren merkatu- eta finantza-ahalmenari esker, baina baita jabetza intelektual eta industrialaren eskubideen bidez ere, hedatu eta indartu egiten baitira, noizean behin "patenteen gerrak" sortuz. [1] Izan ere, modu ekosistemikoan lehiatzen dira, produktuaren arabera lehiatu ordez. Ondorioz, oso talde zentralizatuak sortzen dira, burtsa kapitalizazio handikoak. GAFAM etengabe hazi behar da, eta berrikuntzarekiko mendekotasuna du: patenteen bulimia deitu izan dena.[2]

Haien artean ezberdinak badira ere, oligopolioa sortzeko izan dituzten baldintza komunak hainbat faktoretan laburbildu daitezke, hegemonia neoliberalarekin lotura estua dutenak: konbergentzia teknologikoa, deserregulazioa eta ekonomiaren globalizazioa. Abian jartzen dituzten estrategia guztiak multinazional gehienen ezaugarri dira. GAFAM taldearen helburu orokorra da honako hauek beren eskuetatik pasatu eta kontrolatzea: komunikazio interpertsonala eta euskarri digitaletako edukien zabaltze zein bertan gertatzen diren jarduera guztiak. Horrela, internauten kontaktua antolatu ahal dute lineako bestelako edozein informaziorekin, baita beste internautekin ere. Funtzio ekonomiko nahiz editoriala, infomediazio bezala izendatu izan dena: hautatu, antolatu, hierarkizatu eta solaskideak eta informazioa online eskura nola jarri erabaki. Horretarako, kontzentrazio bertikal eta horizontal bat egin dute, edukiak eta zerbitzuak internauten bidez bideratzeko beharrezkoa den azpiegitura material eta software osoan sartzeko: sistema eragileak, aplikaziozko softwarea, informatika-ekipamenduak, telekomunikazio-sareak, datu zentroak eta lineako zerbitzuak.[1] Negozioak hazkunde bektore estrategikoetarantz bideratzen du GAFAM, hala nola osasuna eta gauzen Internet, laguntzaile birtualak, etxetresna elektrikoak, hiriak eta auto adimendunak edota bizi konstanteak monitorizatzeko aplikazioetara. Datu masiboen iturri amaigabeak dira eta konkistatzeko duten arlo bakarra telekomunikazioena da.[2]

Ondorioak eta ekimenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eduard Snowden-en aburuz teknologia norbanakoaren boterea handitzeko tresna bada ere, gobernuek eta korporazioek bildutako boterearen ondorioz munduaren ekintzak kontrolatzeko edo gutxienez eragiteko aukera dute:[7]

Datuak ez dira abstraktuak jendeari buruzkoak direnean. Ez dira datuak ustiatzen ari direnak: jendea da.

Herritarrak babesteko asmoz, konpainia teknologiko handien autoerregulazioaren aurkako saiakerak hasi dira. 2016ko apirilean, Europako Parlamentuak datuen babes orokorra arautzeko legea onartu zuen (GDPR legea ingelesez).[8][9][10]

2020an AEBetako Kongresuak Googleren, Amazonen, Facebooken eta Appleren monopolioak kontrolatzeko legeak gogortzea eskatu zuen, hainbat industriatako kideei eta akademikoei egindako 300 elkarrizketa baino gehiagoren eta 1,3 milioi dokumenturen erreferentziak jasotzen zituen txosten baten ondorioz. Txostenak frogatu zuenez, AEBko monopolioaren aurkako ikuskatzaileek ezin izan zituzten euren boterea sendotu zuten enpresa horien akzioak ekidin.[11] Txostenak dio talde horiek enpresa-espiritua higatu, pribatutasuna hondatu eta prentsa aske eta askotarikoaren bizitasuna ahultzea eragiten dutela, ondorioz berrikuntza gutxiago, kontsumitzaileentzako aukera gutxiago eta ahuldutako demokrazia eraginez.[12][13][14]

Oro har, enpresa horiek merkatua zuzentzen dute bertan lehiatzen diren aldi berean, eta posizio horrek aukera ematen die beste batzuentzat arau multzo bat idazteko, haiek beste arau mota batzuekin jolasten duten bitartean, edo, lehenengoetan parte hartzen badute, beren erregulazio pribatuarekin egiten dute, eta horrek ez ditu erantzule egiten beste inoren aurrean, beren buruarenean izan ezik.[12]

Lan-baldintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interneteko oligopolioak Europan eta Ipar Amerikan lan egiten duten askori lan-baldintza desegokiak eta prekarioak ezartzen dizkie.[1] Kontzentrazio handiko industrian, langileek ez dute lanez aldatzeko aukera handirik eta eskaintzen dizkieten baldintzak onartu behar dituzte.[5] 2021ean, Googleko Silicon Valleyko langileek euren lehen sindikatua osatu zuten.[15] Amazonen ere, oztopoak oztopo bidean daude.[16]

Hezkuntza eremuan familiek, elkarteek eta sindikatuek ohartarazi izan dute gailuak, datuak eta sistema eragileak Google-n eta Microsoft-en esku utzi izanaren ardura eta arriskuez. Baita software librearen bidez bide propio bat eraikitzeko dauden aukerak daudela erakutsi ere. [17][18][19] 2021eko martxoan Hezkuntzan ere librezale taldea Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin eta hezkuntzaren alorrean burujabetzarekin lotura duten zenbait gairi buruz mintzatu zen: software librea, euskara eta Google, besteak beste.[20]

2020an polemika sortu zen Amazonek "Eskolarako klik bat" kanpainarekin, plataformaren erabiltzaileen gastuen % 2,5 eskola bati emateko aukera eskaintzen zuelako eta ikastetxeei Amazon produktuetan metatutako kreditu hori erabiltzeko. Hezkuntzaren merkantilizazioa eta multinazionalari publizitatea egitea salatuz kritika ugari jaso zituen.

Liburu salmenta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020an Amazoni aurre egiteko liburuaren sektoreko 800 liburu-dendek baino gehiagok indarrak batu zituzten liburuak saltzeko online plataforma bat sortuz, Gremio eta Liburudenden Elkarteen Espainiako Konfederazioko kideek finantzatuta. Denda birtualik ez zuten liburu-dendei estaldura digitala ematea eta material espezializatua duten beste plataforma handi batzuen aurrean benetako alternatiba eskaintzea zuen helburu.[21] [22]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Smyrnaios, Nikos, L’effet GAFAM: stratégies et logiques de l’oligopole de l’internet. Communication & langages 2016/2 (N° 188), 61-83 orr.
  2. a b c «Azterlan batek ohartarazi du teknologia enpresa handiek komunikazioa eta kultura kontrolatzeko boterea dutela» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  3. a b «¿Quién controlará la Comunicación? El impacto de los GAFAM sobre las industrias mediáticas en el entorno de la economía digital» www.revistalatinacs.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  4. (Frantsesez) «définition de GAFA» www.glossaire-international.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  5. a b (Gaztelaniaz) Vega, Miguel Ángel García. (2020-07-24). «FAANG: el acrónimo más caro de la historia» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  6. (Gaztelaniaz) «Hay vida más allá del GAFAM (y del BATX)» Fundació .cat 2021-01-08 (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  7. (Gaztelaniaz) Pérez, Montse Hidalgo. (2019-11-04). «Edward Snowden: “El modelo de negocio de Google, Amazon y Facebook es el abuso”» EL PAÍS RETINA (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  8. (Gaztelaniaz) Reglamento (UE) 2016/679 del Parlamento Europeo y del Consejo, de 27 de abril de 2016, relativo a la protección de las personas físicas en lo que respecta al tratamiento de datos personales y a la libre circulación de estos datos y por el que se deroga la Directiva 95/46/CE (Reglamento general de protección de datos) (Texto pertinente a efectos del EEE). 2016-05-04 (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  9. (Ingelesez) «Data protection» European Commission - European Commission (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  10. «Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra» www.avpd.euskadi.eus 2016-11-22 (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  11. (Gaztelaniaz) Castillo, Carlos del. (2020-10-07). «El Congreso de EEUU pide endurecer las leyes para controlar los "monopolios" de Google, Amazon, Facebook y Apple» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  12. a b (Gaztelaniaz) 20minutos. (2020-10-08). «Los GAFA son monopolio: el congreso de EEUU dice que Facebook, Amazon, Apple y Google aplastan a su competencia» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  13. (Gaztelaniaz) «El académico que cree que hay que terminar con el "monopolio de Google" (y hacerlo rápido)» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  14. (Gaztelaniaz) «El control de las grandes tecnológicas» La Vanguardia 2019-09-22 (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  15. Vassallo, Guido. (1610483797). «En el corazón de Silicon Valley, trabajadores de Google formaron su primer sindicato | Pasó apenas una semana desde su creación y ya son más de 700 afiliados» PAGINA12 (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  16. Vassallo, Guido. (1613861817). «Trabajadores de Amazon luchan para formar su primer sindicato | Empezó la votación por correo de 5.800 empleados de un almacén en Alabama» PAGINA12 (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  17. «Googlek babestutako hezkuntza» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  18. «Luberri: Monopolioen aurrean software librea» Luberri 2017-10-30 (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  19. «Google ikasgeletan? Hobe software librea | Jendartean» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  20. Hezkuntza alorrean burujabetza teknologikoa aldarrikatzen Eusko Legebiltzarrean – Hezkuntzan Librezale. (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  21. (Gaztelaniaz) «La campaña de Amazon ‘Un clic para el cole’, un paso de gigante en el capitalismo digital» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  22. (Gaztelaniaz) Reguero, Javier Domínguez. (2020-11-02). «Una campaña de donaciones de Amazon a escuelas enfada al comercio local y revela carencias del sistema educativo: "Con un clic vacías tu barrio"» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]