Bitoriano Gandiaga
| Bitoriano Gandiaga | |
|---|---|
![]() | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Mendata, 1928ko urriaren 8a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Arantzazu (Oñati), 2001eko otsailaren 21a (72 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | poeta, idazlea, fraidea eta apaiz katolikoa |
| Lantokia(k) | Arantzazuko santutegia |
| Ezizena(k) | Orbelaun |
| Ideologia eta sinesmenak | |
| Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
| Erlijio-ordena | Anaia Txikien Ordena |
Bitoriano Gandiaga Artetxe (Mendata, Bizkaia, 1928ko urriaren 8a - Arantzazu, Gipuzkoa, 2001eko otsailaren 21a) fraidea eta euskal poeta izan zen.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bitoriano Gandiaga Mendatan jaio zen, Orbelaun baserrian, 1928ko urriaren 8an. Hamahiru urte zituela, 1940. urtean, Arantzazura joan zen fraidetarako eta apaiz-ikasketak egitera. Arantzazun eta Foruan ikasi zituen Humanitateak eta Zarautzen zuen zuen nobizio-urtea (1947-1948). Erriberrin egin zituen Filosofiako ikasketak (1948-1951) eta Arantzazun Teologiakoak (1951-1955). Apaiztu ondoren, Arantzazun eman zuen bere bizitza osoa, fraide-gaien irakasle, idazle eta apaiz-lanetan. 1955-1990 urteetan seminarioko irakasle izan zen: mutikoei euskara eta esku-lanak irakatsiz, besteak beste. 2001eko otsailaren 21ean hil zen Arantzazun.[2]
Bederatzi urte zituela, Gernikako bonbardaketa (1937ko apirilak 26) gertutik bizi izan zuen. Gainera, diktadura frankistan zehar errepresioa, erbestea eta espetxeratzea jasan zituen[3]. Gaztarotik mendiarekiko grina handia erakutsi zuen. Aizkorriko mendilerroa ederki ezagutzen zuenez, Arkeolan-eko indusketa arkeologikoetan, Urbia inguruan, gidari eta laguntzaile moduan aritu zen lanean. Honez gain, kantua asko interesatzen zitzaion, eta hainbat fraidek gabon-kantak baserriz baserri kantatzen zituzten Gabon-bisitaldiak antolatzen zituen[4]. Poeta hau Euskaltzaindiako kide ere izan zen. Bere talentuaz honakoa esan zuen Juan mari Lekuona poetak: "Poetak izan daitezke onak, oso onak edo Gandiaga".
Idazle gisa egindako ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztetatik hasi zen olerkiak idazten –1950ean argitaratu zuen aurrena, Erriberriko Filosofiako ikasleen Gure Izarra barne-aldizkarian–; ondorengo urteetan olerkiak idazteari eutsi zion, eta 1951tik aurrera aldizkaritan hasi zen argitaratzen (Aránzazu, Euzko-gogoa, Egan, Olerti, etab.), euskal poeta gisa nabarmentzen hasiz. Hainbat sari eta aipamen lortu zuen urte horietan olerki-lehiaketetan: Donostia, Zarautz, Arantzazu, Euskaltzaindia... Lehen saria Begion Lore poesiarekin irabazi zuen 1954ko abuztuaren 8an Zarautzko olerki-lehiaketan. Bigarren saria Arantzazuko olerki-lehiaketan irabazi zuen, 1956. urtean, Elorriko lorak poesiarekin, zeina Elorri poema liburuaren aurrekaria zen, 1962an argitaratua. Prosa publikoan, Euskera aldizkarian (Euskaltzaindia) Arantzazuko Folklore-gaienbiltzeaz argitaratu zuen. 1959an beste sari bat irabazi zuen Bedoñako olerki-lehiaketan Lelo xamurrak izeneko poesiarekin.
Gandiagak hainbat olerki (180 inguru) kaleratu zituen aldizkarietan edota multikopiaturiko sortetan zabaldu zituen hauek(175 inguru). Horiez gain sei liburu argitaratu zituen Gandiagak bere bizitzan: Elorri (1962), Hiru gizon bakarka (1974), Uda batez Madrilen (1977), Gabon dut anuntzio (1986), Denbora galdu alde (1985) eta Ahotsik behartu gabe. Euskal abeslariek Gandiagaren poema ugari musikatu (150etik gora) eta grabatu eta publikatu (100 inguru) dute[5].
Elorri
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argitaratu zituen sei liburu horien artean, Elorri poema izan zen arrakastarik handiena izan zuena. Lan honek bere lan poetikoa borobildu zuen eta "Jose Antonio de aguirre" saria lortu zuen 1963an, argitaratu eta urtebetera. Poema hau ez da Euskal Herria protagonista duen lan poetikoa; poetaren bizitza pertsonalaren dramari hasiera ematen dion lana baizik, bere buruari buruzko poesia bat sortuz, besteei zabaltzeko. Era berean, obra hau bere sinbolismoagatik nabarmentzen da. Bizitzaren metafora gisa erabiltzen du Gandiagak elorria, une mingarriz eta zoriontasun momentuz josita baitago. L. Villasantek dio drama unibertsala dela, eta drama hori Arantzazun esperimentatu denez, poemak, berez, kolore lokal nabarmena hartzen du. Beraz, poema honen gaia sakonki gizatiarra eta unibertsala da, eta esan daiteke gai nagusia Natura dela (Gandiagaren existentziaren bultzatzaile handienetako Gainera, liburu honek kutsu liriko nabarmena du eta lexiko oso aberatsa darabil. Lirismoz beteriko tonu erlijiosoak ere aipagarriak dira. Sarasolaren arabera, gerraosteko poemarik gutiziatsuena eta lortuena da hau.
Askok lehen liburu hori txalotu bazuten ere, Gandiagarentzat kontuan hartzekoa zen pertsona batek kritikatu egin zuen, eta horren ondorioz, idaztea uztea pentsatu zuen Gandiagak. Ideia hori burutik kentzeko, gakoa izan zen Jorge Oteiza eskultoreak eman zion babesa.
"Olerti"
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Horrez gain, 1963an "Olerti" lehiaketan saria eman zioten "Olerti" aldizkarian argitaratu zen Argi oneko poema liburuagatik.
Argitaratu gabeko literatur lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Literatur idatzi ugari utzi zituen argitaratu gabe hiltzean; bere bizitzan zehar argitaratu zituenak baino askoz gehiago: gehienak nahiko garatuta edo erabat amaituta zeuden, baina batzuk zirriborroak ziren. Hil ondoren, bere idatzi guztien edizio kritikoak lantzeaz gain, eta argitaratu gabeko hainbat poema eta testu bildu eta sailkatzeaz gain, bilduma berezi batzuk argitaratu ziren: Adio (2005), eta Argitaratu gabeko poemak (2006) izeneko beste bat, lau liburukiz osatutako monografia dena: Euskalminez, Biziminez, Jainkominez eta Izadiminez. Gainera, argitaratu gabe zeuden beste poema batzuk ere sartu zituzten bi liburu hauetan: Justizia eta bakea. Poemak eta otoitzak (liburu kolektiboa, 2003) eta Jaunarekin supazterrean. Gandiaga oroituz (Patxi Ezkiaga, 2003).
Antologia poetikoen bildumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gandiagak bere bizitzan zehar argitaratu zuenaren antologia zabalak ere argitaratu dira: Bitoriano Gandiaga Artetxe, Bizitza itxaropena delako (Amaia Iturbide; EHU, 2001, 306 or.) — XX. mendeko poesia kaierak. Bitoriano Gandiaga (Koldo Izagirre; Susa, 2001, 60 or.) — 50 0lerki gandiagatar. Berrogeita hamar urte (1951-2001) hitza zizelkatzen (Labayru, 2001, 68 or.).
Idazkera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mundua lehen pertsonan bereganatzen du. Ez da errealitatea jasotze hutsarekin konformatzen. Arazoek sorrarazten dioten larri-mina nabari zaio. Etengabeko tenka erakusten du irudi poetikoetan: errealitatea/ametsa, desira/existentzia, landa/hiria. Haren krisiak kristau-fedean aurkitzen du sendabidea.
- Hiru gizon bakarka idatzi zuenean, poesia biribil eta biluzia egin zuen: formari dagokionez, antzeztua izateko sortua da; muinari dagokionez, Euskal Herriko egoerak sorrarazten dion mina adieraztea du helburu, eta gai nagusia euskara bera da. Alegoria modura aurkeztuen du txakolinaren ospakizuna zatia. Euskal Herria eta txakolina berdindu egiten dira: “Ardo nahi ta ezina”. Oinarrizko frustrazio horretatik dator Gandiagaren sentiberatasuna eta Jorge Oteizaren eragina nabarmena da. Liburu honek arazoak ekarri zizkion autoritate frankistekin, hauek uste baitzuten liburu honek beraien erregimenarentzat arriskutsuak ziren edukiak zituela. Poema hauek harrera hobea izan zuten Elorri poemak baino (zeina poema hauen itzalpean gelditu zen) eta, beste batzuen artean, Gorka Knörr eta Pantxoa eta Peio bikoteak, poema hauek interpretatu zituzten.
- Hiriaren erasoa: Denak elkarren ondoan egon eta bakarrik sentitzea da Uda batez Madrilen liburuaren giltzarria. Olerkien forma eta moldeak ere kaos hori adierazten dute.
- Gabriel Aresti garaikidearen eragina ere nabari da olerki sozialak deiturikoetan. Existentzialismoaren arrastoa ere bai.
- Gerraurreko poeten bidea jarraitzen du, bai gaietan, baita formetan ere.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elorri (1962, EFA). 1952-57 bitartean idatziriko poemak.[6] Gerraurreko olerkarien zordun puntu batzuetan. Inpresionismotik kreazionismora arteko bidea egiten du olerkariak.
- Hiru gizon bakarka (1974, Gero Mensajero; Berrargitalpena: Elkar, 1991). Oteiza Arantzazuko santutegian lanean ari zenean egina; sinbolismoaren estetikarekin apurtzea ekarri zuen, Bibliara gerturatuz (hau salmoak eta profetak ageri direnean ikus daiteke).
- Uda batez Madrilen (1977, EFA). Madrilen igarotako uda baten ikuspegi poetikoa. Madrilera joan zen teologia ikastaro bat egitera, baina desengainua hartu zuen, eta obra hau egonaldi hartan sortu zen. Hiri handiari (Madril) buruzko gogoeta da, kontraste zirraragarria sortzen duena Arantzazuko lasaitasunera ohituta dagoen fraide batentzat. Hiriaren deskribapenek garrantzi handiagoa dute obra honetan poetaren sentimenduek baino.
- Denbora galdu alde (1985, Erein). Prosa poetikoa da, eta poesia, kontakizunak eta gogoeta pertsonalak uztartzen dituen ezohiko lana. Terapia gisa idatzia da eta bere melankolia adierazten du bertan, harremanak izateko zuen zailtasuna eta belarra edo zuhaitza izateko nahia adierazten ditu. Izenburua psikiatra baten aholkuari buruzkoa da, denbora galtzen ikastearen garrantziari buruzkoa.
- Gabon dut Anuntzio (1986, EFA). Eguberritako oroitzapena, neguko solstizioaren eta Jesusen jaiotzaz egindako olerki eta kantu-bilduma da. Gontzal Mendibilek kantatuko zuen gero.
- Ahotsik behartu gabe (1997, Erein). Garai ezberdinetako olerkien bilduma bat da, olerki erlijioso batzuk eta beste sozial batzuk daude bertan, baita egileak berak olerki horiek errezitatzen zituen CD bat ere.
- Bizitza itxaropen delako (2001, EHU-UPV). Bilduma elebiduna, gaztelaniazko itzulpenekin lagundua.
- XX. mendeko poesia kaierak - Bitoriano Gandiaga (2001, Susa). Koldo Izagirreren edizioa
- Adio (2004, Elkar).
- Poema argitaragabeak (2005, Elkar).
Abestietako hitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal musikako Badok.eus atarian 110 erreferentzia agertzen dira abestietako hitzetan Gandiaga bilatuz gero, besteak beste, kanta hauetan:[7]
- Madrilgo lagunak Joseba Tapia musikariaren Real Politik albumean (2006)
- Errekan behera. Antton Valverde musikariaren Gaua, ausentziaren itzala albumean (2020).
- Euskal kantuen mezua Antton Valverde) musikariaren Bai Euskarari albumean (1978)
- Pazko-aldarria antzinako ereserkiaren euskarazko bertsioa. Pazko gaubeilan osorik abesten dute.
- Bai, bai, bainan gero ez Koldo Romero Eskamendi musikariaren Eskutari albumean (1972)
- Kezka Koldo Romero Eskamendi musikariaren Eskutari albumean (1972)
- Hitz urri batzuk Koldo Romero musikariaren Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004 albumean (2004)
- Ez dakit zergatik Koldo Romero musikariaren Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004 albumean (2004)
- Esperantzari leiho bat Koldo Romero musikariaren Kantua zuei albumean (2021)
- Oskarbi - Irun - 2025
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Bitoriano Gandiaga» gandiaga.com (kontsulta data: 2022-04-19).
- ↑ Iraola, Rufino. (2002). Bitoriano Gandiaga (1928-2001).. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 3-8 or. ISBN 84-457-1867-3..
- ↑ (Gaztelaniaz) Meraki&ko. «Bitoriano Gandiaga, uno de los más grandes poetas vascos del siglo XX» Sabino Arana Fundazioa (kontsulta data: 2025-03-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Gandiaga Artetxe, Bitoriano - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2025-03-30).
- ↑ «Bitoriano Gandiaga (1928-2001) - hiru» www.hiru.eus (kontsulta data: 2025-03-30).
- ↑ «Elorri (1962). Bitoriano Gandiaga - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2024-08-15).
- ↑ Gandiaga. «Badok atarian euskal abestietan 'Gandiaga' bilaketa (110 erreferrentzia)» Badok (kontsulta data: 2024-06-08).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004.
- AULESTIA, Gorka. "S. Mitxelena eta B. Gandiaga Arantzazuko". Muga. 79 zb., 1991. 45-59 or.
- AZURMENDI, Joxe 2009: Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar.
- GANDIAGA, Bitoriano. "Nire obraz". Hegats. IV, 1991. 207-218 or.
- ITURBIDE, Amaia. "Adjektibazioa Bitoriano Gandiagaren Elorrin". Jakin. 67, 1991. 119-132 or.
- KORTAZAR, Jon. Euskal literatura XX. mendean. Zaragoza: Pramés, 2000. 183-194 or.
- LASA, Mikel. "Hitzaurrea" in Hiru gizon bakarka. Bilbo: Gero, 1974. 7-12 or.
- LEKUONA, Juan Mari. "Sarrera modura". XV-XXIX in Uda batez Madrilen. Oñati: Jakin, 1977.
- OTAEGI, Juan. Adjektiboa Euskal Literaturan, (tesia, 1994). UD/DU, Bilbo, 1999.
- URIA, Iñaki & ZUBIRIA, Pello. "Elkarrizketa Gandiagarekin, esperantza urratu nahi eta ezinean". Argia. 1985-II-24. 25-28 or.
- SUDUPE, Pako (2025): "Orixe, Gandiaga, R. Arregi eta Txillardegi" in XX. mendeko euskal pentsamendua Joxe Azurmendiren talaiatik, Leioa, EHU. ISBN 978-84-9860-927-1
