Edukira joan

Antton Valverde

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antton Valverde

Bizitza
JaiotzaDonostia1943ko maiatzaren 21a (82 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
AitaAntonio Valverde
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Irakaslea(k)Francisco Escudero
Karlos Giménez
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea
KidetzaOskarbi
Genero artistikoaherri-musika

Badok: antton-valverde Musicbrainz: 54862c20-558f-498c-ba75-8175fa221e75 Discogs: 2010475 Musikasten: antton-valverde Edit the value on Wikidata

Antton Valverde Lamsfus (Donostia, 1943ko maiatzaren 21a) euskal abeslaria da. Urte askoan Xabier Leterekin batera kantatu du eta Julen Lekuonarekin ere aritu da. Hainbat euskal olerkariren hitzak musikatu ditu: Lizardi, Lauaxeta, Xabier Lete...; baita bertso zaharrak ere.[1][2]

2025ean Donostia Kulturaren Adarra Saria jaso zuen euskal musikan egindako ibilbidea aitortuz.[3][2]

Aita Antonio Valverde Ayalde margolaria zuen, eta Rosa Valverde eta Lola Valverde arrebak ditu, lehenengoa margolaria eta bigarrena historialaria. Aita Antonio eta ama Maria Dolores errenteriarrak ziren. Familiak Aialde etxea zuen Oiartzunen. Hasieran udarak igarotzen zituzten han baina gerora bertan geratu ziren bizitzen. Aita margolariaren eta haren lagunen eraginari esker eta Izeba Maria Jesus organo jolearen eraginari esker, txikitatik artearen munduan murgilduta bizi izan zen. Gainera, Anttonek haurtzarotik adierazten zituen musikarako dohainak, eta sei urterekin Pepita Iribas musika-irakaslearekin hasi zen.[4]

« Nire aitak Brahmsen musika jartzen zuen magnetofoi batean eta nire amari eskatzen zion irakur zezala Lizardiren poesia musika horrekin. Horrela ikasi zuen euskaraz. Bi gurasoak errenteriarrak ziren eta amak oso ondo egiten zuen euskaraz, baina aitak 40 urte ingururekin ikasi zuen. Gero euskaltzaina izatera ailegatu zen. Horrek meritu handia du. »

—Antton Valverde[5]


Antton Valverde Donostiako EUTGn enpresa-zuzendaritzako ikasketak egin eta arte grafikoetako lantegi bateko zuzendaria izan da luzaroan, Gráficas Valverden. Musika ikasketak egin zituen gaztetan: solfeoa, harmonia, konposizioa eta pianoa. Francisco Escudero maisu musikariarekin asko ikasi zuen, baita gero Karlos Gimenez musikari eta piano-jolearekin ere, bera arduratu izan baita Valverderen abestien moldaketez eta musika-zuzendaritzaz. Hasieran gitarrarekin kantatu bazuen ere pianoa izan da Antton Valverderen lagun fidela, ohiko gitarra erabili beharrean pianoz jantzi baititu musikatu dituen poemak.

Hasierakoak (1968-1971)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

60ko hamarkadan hasi zen Valverderen musika ibilbidea. Hasiera hartan hainbat disko txiki argitaratu zuen bera bakarrik: Antton Valverde (1969, Herri Gogoa), Xenpelar (1970, BCD) eta Antton Valverde (1971, BCD).

Oskarbi taldearekin (1972-1974)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oskarbi taldesren 1972ko kideak. Iñaki Maritxalar falta da. Argazkia: Joxeluix Treku.

Oskarbi taldeko partaideetako bat izan zen (1972-1975) eta parte hartu zuen haren Eskutari diskoan (1972, Herri Gogoa). 1972an Iñaki Maritxalar soldaduskara joan beharrean izan zenean Antton Valverde gehitu zen Oskarbi taldera eta Oskarbin jarraitu zuen 1974ko bukaera arte. Hauek ziren 1972ko taldekideak: Iñaki Maritxalar, Joxeluix Treku, Itziar Maritxalar, Maite Aizkorreta, Bakartxo Maritxalar eta Antton Valverde. Tamalez, orduantxe bukatu zen Ez Dok Amairu mugimendu aitzindaria, Baga Bigaren ikuskizunarekin une gorenean zegoenean. Artista bakoitza bere bidea egiten jarraitu zuen, eta gero eta maizago egin zituen kantaldiak Oskarbik berak bakarrik.[6]

Oskarbi taldearen 1972ko kideak: Antton Valverde, Maite Aizkorreta,  Itziar Maritxalar, Bakartxo Maritxalar, Joxeluix Treku, eta Iñaki Maritxalar. Argazkia: Joxeluix Treku.

1972an taldeak 20tik gora kontzertu eskaini zuen. Arrakasta handia lortu zuten eta hurrengo urtean, 1973an, kontzertuak 60 baino gehiago izan ziren. Eskutari disko hartan 11 abesti plazaratu zuten eta horien artean zeuden abesti hauek:[6]

  • Androkanto y sigo kantan (Hitzak eta doinua: Koldo Romero Eskamendi) Jorge Oteizak Androkanto poema luzea 1954an egin zuen, bere apostoluak egiteko debekua jaso zuenean. Arantzazuko lana ez zuten ondo ikusten orduko elizako agintariek eta amorru handiz idatzi zuen Oteizak bere Androkanto. 1969an Oskarbi taldekoek Oteiza bisitatu zuten Arantzazun, apostoluena behingoz egiten ari zenean. Handik denbora batera Luis Romerok Oskarbiren Androkanto egin zuen. Entzun nahi duenentzat hamalau / Gorkaren irudiak salatzen / Hamalau atetikan karrasi / Hamalau harri ixil-ixil bilutsik / Harriaren hutsetik oihuka / Harriaren tartetik kantari...
  • Bai, bai, bainan gero ez (Hitzak: Bitoriano Gandiaga - Doinua: Koldo Romero Eskamendi) Bitoriano Gandiagak bereziki Oskarbiri eginiko hitzak. Gogor mintzo da Gandiaga euskaldunon zabarkeriaz. Beti euskararen alde baina gero ez, euskaltasuna bai baina gero ez. Doinua Luis Romerorena da eta gero talde-laneko ahotsak. Azken kontzertuetan berriro kantatzen zuten Bai bai baina gero ez, mikrorik gabe, soilik, jendeari aurrez begiratuta. Protesta kantua da, guri, euskaldunoi zuzendutako mezua.

Antton Valverde Oskarbin mantendu zen 1973an, baina gero pixkanaka bere bide artistikoa egiten hasi zen.[6]

Bertso zaharrak Xabier Leterekin (1974-1978)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horren ostean, Julen Lekuona eta Xabier Leterekin elkarlan emankorra hasi zuen. Haiekin Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen, garai bateko bertsoak berreskuratu zituen lana. Xabier Letek eta Antton Valverdek elkarrekin sortu zuten lehen diskoa izan zen hori. Behin bi horiek deitu zituzten kantatzeko Osintxura, Bergarako auzo batera. Letek Xenpelarren bertso batzuk kantatu zituen, jendearen oso gustukoak izan zirenak, eta Valverdek Txirritaren beste bertso batzuk kantatu nituen. Kantaldia egin eta gero, bertso zaharrekin emanaldi bat antolatzeko bururatu zitzaien. Eta laguntza eskatu zioten Julen Lekuonari, eta hark bere anaia Juan Mari Lekuonaren laguntza eskerga ekarri zien. Txikitatik ziren ezagunak Lete eta Valverde. Lete Oiartzungoa zen, Valverderen familiak udak Oiartzunen pasatzen zituen, eta uda guztian han ibiltzen ziren elkarrekin, herriko plazan jostatzen, pilotan eta beste mila gauzatan.[2]

« Nire kanta hunkigarrienetakoa Lauaxetaren Azken oihua da.
[...] Lizardiren ‘'Amonaren hileta'’ ere nabarmenduko nuke.
»

—Antton Valverde[7][8]


Handik bi urtera, bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen, berriro ere Xabier Leterekin batera: Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976), arrakasta handia izan zuen lana. Ordurako, bakarkako lehen disko luzea, Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975), egina zuen Valverdek. Bertan zeuden, besteak beste, "Maitasunez hil"[9][10] eta "Asaba zarren baratza"[11][12] kantuak.

Luaxetarenak (1978)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lauaxeta

Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978). Olerkaria beti izan da Valverderen iturri nagusietako bat. Lauaxetaren testuez gain, Xabier Letek, Bitoriano Gandiagak, Joxean Artzek eta Harkaitz Canok idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko.

« Nik uste dut baietz, harro nago Lauaxeta ezagutzearen alde egin dudan lanarekin, eta nik uste dut inportantzia pixka bat ere izan duela; ez dut esango ezezaguna zela, noski, bere garaiko askok eta askok ezagutzen zuten eta maite zuten, baina hor zegoen ahaztuta, frankismoa zela-eta noski; debekatuta zegoen, eta gero, halako batean, diskoa atera nuen, eta ordutik aurrera ja Lauaxeta lehenbiziko planoan egon da. »

—Antton Valverde[2]


Urte hartan bertan, kantatzeari uztea erabaki zuen Valverdek. Etapa horretako azken kontzertua Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterekin eman zuen. Handik aurrera, enpresa munduan gehiago murgildu eta oso tartekatuak izan dira haren agerraldi musikalak.

Xabier Lizardi (1933).

Lizardirenak (1983-1986)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Lizardi 1983an Xabier Lizardi poetari Tolosan eta Zarautzen egin zitzaion omenaldian aritu zen, Leterekin batera. Kantaldi hura Lizardiren poema gehiago musikatzeko akuilua izan zen. Horren ondorioz, oso disko berezia argitaratu zuen, Lizardiren obra bakarra eta osoa eskaini baitzuen Urte giroak ene begian diskoan (Elkar, 1986). Lauaxetarekin batera Lizardi beti izan da musikari donostiarraren poeta kutunetakoa. Haiekiko zaletasuna txikitatik datorkio: "Etxean Lizardi betidanik ezagutu izan dut, nire aita zenak euskara ikasten zuen Lizardiren bertsoak irakurriz. Gure aitak bazuen magnetofoi bat eta hantxe grabatzen zuen Lizardiren obra guztia. Grabaketa edo irakurketa horietan gogoan dut beti Brahmsen musika erabiltzen zuela, bigarren sinfonia. Oroimen hori beti grabatua izan dut gogoan, eta horregatik betidanik eduki dut Lizardiganako halako nahikundea edo zerbait berezia. Alde horretatik, disko honen burutzeak asko esan nahi du niretzat".[13][14]

Larogeitamazazpi (1997)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte. Urte horietan guztietan musikatutako olerkien bilduma moduko bat izan zen, Orixe, Lizardi, Xabier Lete, Gabriel Celaya, Jon Mirande eta William Shakespeareren testuekin. Diskoaren izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: Larogeitamazazpi (Elkar, 1997). Disko horretan agertzen da Valverdek berak idatzitako kanta bat, "Barberian". "Bitxikeria moduan dago hor, diskoaren amaieran, erdi ezkutuan, baina nahiko txarra da. Horrek bazuen beste letra bat, Xabier Leterena, baina azkenean Leterena jarri beharrean neurea jarri nion. Ez Leterena gaizki iruditzen zitzaidalako, jakina, noizbait nire letraren bat sartzeagatik baizik. Beraz, egina dago, eta ez dut gehiago egingo".[14]

Charles Bordes-enak (2007)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Charles Bordes (1863-1909).

2007an lan berria argitaratu zuen, Hamabi amodio kanta (Elkar, 2007). Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen artean egindako hautaketa da lana. Azken diskoetan bezala, Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musika zuzendaritzaz. Gimenezek berak laguntzen du Valverde zuzeneko emanaldietan.

Anjel Lertxundirekin (2013)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013an 3 Eleak (Lauaxeta, Lete, Lizardi) DVDa argitaratu zuen Pamielaren eskutik, Anjel Lertxundirekin batera, zuzenean Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan grabatutakoa.

Sei idazleren hitzak hots bihurtzea (2020)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020an, Hitzak hots DVDa argitaratu zuen Pamielan, A. Lertxundirekin eta Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiarekin.[15]

Bederatzi poetarekin Gaua eta ausentziaren itzala (2020)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoren, bestetik, Gaua. Ausentziaren itzala plazaratu zuen (2020). Orokorrean bere estilorantz jo badu ere, bai musika-tresnetan bai abestien itxuran, diskoak baditu alde berritzaileak. Agian, bereziena da kantu beraren hiru bertsio egiten dituela, euskarazko "Sei silabako gauak" gaztelaniaz zein ingelesez ere interpretatzen baitu. Harkaitz Cano eta Arkaitz Mendozaren Malgu da gaua disko-liburuak (Etxepare institutua, 2014) inspiratu ditu hiru kanta horiek.[16] Letren aldetik,ohikoak diren Xabier Lete, Lauaxeta eta Bitoriano Gandiagaren poemekin batera, Harkaitz Cano, Salbatore Mitxelena, Imanol Irigoien eta Juan Kruz Igerabideren presentzia ere badagoela azpimarratu behar da.[17]

  1. Antton Valverde (1969, Herri Gogoa)
  2. Xenpelar (1970, BCD)
  3. Antton Valverde (1971, BCD)
  4. Eskutari (1972, Herri Gogoa), Oskarbi taldearekin.
  5. Bertso zaharrak (1974, Herri Gogoa) X. Lete eta J. Lekuonarekin.
  6. Antton Valverde (1975, Herri Gogoa)
  7. Txirritaren bertsoak (1975, Herri Gogoa) X. Leterekin batera.
  8. Lauaxeta (1978, Herri Gogoa)
  9. Euskal Kanta-Berria (1979, Herri Gogoa)
  10. Urte giroak ene begian (1986, Elkar)
  11. Larogeitamazazpi (1997, Elkar)
  12. Hamabi amodio kanta. Charles Bordes (2007, Elkar)
  13. 3 Eleak (DVDa, 2013, Pamiela) A. Lertxundirekin.
  14. Hitzak hots (DVDa, 2020, Pamiela), A. Lertxundirekin eta I. Borda, J. Goikoetxea, T. Irastortza, M.A Meabe eta A. Urretabizkaiarekin.
  15. Gaua. Ausentziaren itzala (2020)

Kolaborazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bai Euskarari (1978, Euskaltzaindia)
  2. Iparragirre. Zure oroiz (1981, Xoxoa)
  • 2018: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Ohorezko Adiskide izendatu zuen.[18]
  • 2023: Oarsoarrak Euskararen Saria. 2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak ematen du sari hori.[4]
  • 2025: Adarra saria. Donostiako Udalak Donostia Kulturaren bitartez ematen du saria, eta artistaren ibilbideari gorazarre egitea du helburu. Merituu hauek aipatu zituen epaimahaiak saria ematek: Herri kantak eta bertso zaharrak berreskuratzea. Euskal poeta klasikoen eta emakumezko egileen obrak zabaltzea; euskal kantagintza berriaren oholtzetara pianoa eramatea; tradizioa eta modernitatea uztartzea; eta «intimismoak, fintasunak eta dotorezia klasikoak igurtzitako estilo pertsonala» garatzea.[2][19][20] Antton Valverdek ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jaso zuen Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskaini zuen Francisco Herrero (biolina), Iván Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garcés (kontrabaxua) musikariez lagunduta. Miren Agur Meabe eta Tere Irastortza emanaldian izan ziren euren poemak errezitatzen. Bere ibilbidean zehar musikatu dituen egile ezagunen poemak eskaini zituen. Hala nola azken urteetako Miren Agur Meaberenak, Harkaitz Canorenak edo Tere Irastortzarenak. Eta benetako klasiko bihurtutako bere abestietako batzuk berriro eskaini zituen; alegia, hainbat egile unibertsal –Lizardi, Gandiaga, Mirande, Orixe, Lete, Lauaxeta…– ezagutzeko aukera eman digutenak.[2][20]
Maitasunez hil (Xabier Lete)[9][10] Asaba zarren baratza (Lizardi)[11][12]
Azken Oihua (Lauxeta, 1937)[21]

Hamairu urte nituenean
oraindik galtza motzetan
bere atzetik ibiltzen nintzen
herriko kale hotzetan.
Printzesa hura behar bezala
kortejatzeko lotsetan
bere etxera lagundu nahirik
eskolatik arratsetan.

Oh, oh ez, esaten zuen
oraindik ez, gaztetxo naiz.
Oh, oh ez, inolaz ez
etxera joan behar dut garaiz.
[...]
[...] Hemezortzira ailegatuta
[...] handik zortzi bat urtetara,
[...] Mutilzahartuta bizi nintzela
[...]
Oh, oh ez, orain ja ez
nahiz eta zutaz pentsatu maiz.
Oh, oh ez, inolaz ez,
oheratzeko zahartu naiz.

Asaba zarren baratza,
untza dun ormek esia,
eguzkiak len maitea ... otzaldi
zoro baten itzuli
yoka nagokik atea.

Yoka nagokik atea,
ate gorri, zurezkoa,
euri zarrek usteldua,
marraskiloek bide biurri
dirdaitsuek apaindua.
[...]
Etorkizuna
Ordun eguzkiz jantzi zan
asaba zaharren baratza
ordun, zuhaitzak igaliz
ordun baratza leheneratu zan
mugak berriro zabaliz.
[...]
Nire Tabor-mendi,
nire baratz zarraren antzalda!
egi, mami, biur adi!
Lenaren muñak aldatu beza
baratz zarra baratz berri!

Goiz eder onetan erail bear nabe
txindor baten txintak gozotan naukela?
El naiten leyora begiok intz gabe.
Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela:
or egazkin-egak odei-lapur doaz.

Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,
euren oin aurrean beredin gudari.
Gaste argi orreik, eutsi lur amari!

Baña, Jaun altsua, orain ken nai nozu?
Bildots baten antzez lotuta naukozu
bearren naunean neure Aberriak?
Aren deia dantzut arma-ots larrian.
[...]
Azkatasun atsak betiko bil zagiz!
Antxe makur zaite, oi buru neurea,
geure lur amaren besarte gozoan!
Eta anai maiteok, eutsi burrukari
iñoiz ilgo eztan euzkoen amari.
Itxaropen auxe sort bekit gogoan.
[...]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Arratibel Gascon, Ainara. (2015). ««Beti egon naiz erosoago bigarren planoan»» Berria (kontsulta data: 2021-06-20).
  2. a b c d e f Sarasola, Ainhoa. (2025-06-17). ««Harro nago Lauaxeta ezagutzearen alde egin dudan lanarekin»» Berria (kontsulta data: 2025-06-22).
  3. «Antton Valverdek jasoko du Arregi Saria» Berria 2025-04-29 (kontsulta data: 2025-06-21).
  4. a b «Antton Valverde abeslaria eta Oarsoaldeko Gazte-Talde Euskaltzaleak izango dira aurtengo Oarsoarrak Euskararen Sariaren hartzaileak | Lezo.eus» lezo.eus (kontsulta data: 2025-06-24).
  5. Iantzi, Maider. (2025). ««Beti nabil musika sortzen, sari honen bultzadarekin are gehiago»» naiz: (kontsulta data: 2025-06-24).
  6. a b c Treku, Joxelu. (2017). Doinu zaharren haritik euskal kantu berriaren bidean : (Oskarbi taldea 1966-2017) /. Ba Dok Oskarbi Musika Elkartea, ISBN 978-84-697-3146-8. (kontsulta data: 2024-07-08).
  7. Iantzi, Maider. (2025). ««Beti nabil musika sortzen, sari honen bultzadarekin are gehiago»» naiz: (kontsulta data: 2025-06-24).
  8. Anbune. (2015-06-23). Antton Valverde 'Amonaren hileta' (1995-02-13) (6'58) Youtube. (kontsulta data: 2025-06-24).
  9. a b «"Maitasunez hil" kanta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (kontsulta data: 2025-06-24).
  10. a b Anbune. (2015-04-23). Antton Valverde 'Maitasunez hil' (Oiartzun, 1991-03-16) (7'03). (kontsulta data: 2025-06-24).
  11. a b Gabi de la Maza. (2019-06-08). Asaba zarren baratza (Antton Valverde). (kontsulta data: 2025-06-24).
  12. a b «Euskal Poesiaren Ataria - ASABA ZAHARREN BARATZA - Xabier Lizardi» basquepoetry.eus (kontsulta data: 2025-06-24).
  13. «Antton Valverde: 'Gure estiloak ez du jarraitzailerik izan'» Argia (kontsulta data: 2021-06-20).
  14. a b Http://euskalmusikakatea.blogspot.com. (2013-12-31). «EUSKAL MUSIKA KATEA: ANTTON VALVERDE» EUSKAL MUSIKA KATEA (kontsulta data: 2021-06-20).
  15. Berria. «Antton Valverderen disko berria» Berria (kontsulta data: 2021-06-20).
  16. Berria. «Hamahiru urteren ostean sortutako doinu berriak» Berria (kontsulta data: 2021-06-20).
  17. https://www.elkar.eus/eu/musika_fitxa/gaua-ausentziaren-itzala/antton-valverde/8436007086433
  18. «Pedro Berriochoa eta Antton Valverde Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskide izendatu dituzte - Azkoitia» Azkoitiaguka.eus (kontsulta data: 2025-06-24).
  19. «Hunkituta jaso du Antton Valverdek Adarra Saria» orain.eus (kontsulta data: 2025-06-24).
  20. a b «Antton Valverde - Adarra Saria - Donostia 2025 (30 argazki)» Flickr (kontsulta data: 2025-06-24).
  21. «Euskal Poesiaren Ataria - AZKEN OYUA - Lauaxeta» basquepoetry.eus (kontsulta data: 2025-06-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]