Lasarteko Buenos Aires auzoan jaio zen, eta umetan hasi soinu handia ikasten, Bikondoaren akademian. Pentagramaren zurruntasuna ezin eramanik, handia utzi eta txikia hartu zuen. Eleuterio Tapia osaba izan zuen irakasle eta harekin hasi zen plazetan eta erromerietan.
Hamazazpi urterekin azaldu zen lehen aldiz plazan bakarrik, 1981ean, DonostiakoIgeldon. Euskal Herriko Trikiti Txapelketak irabazi zituen 1986an eta 1988an.
1976tik dihardu Leturia pandero-jotzailearekin bikote gisa, Tapia eta Leturia Band taldean lehenik eta Tapia eta Leturia laukotean gero (Jexux Aranburu eta Arkaitz Miner ere lagun dituztela). Ibilbide horretan bederatzi disko kaleratu dituzte.
1998an hasi zuen bere bakarkako bidea, eta geroztik zazpi disko argitaratu ditu.
Apoaren edertasuna Disko berezi batekin hasi zuen Joseba Tapiak bakarkako bidea: eskusoinua eta ahotsa, besterik ez, apoaren sinbologia batekoz bestera jarrita sorturiko ipuin-kantu nahaste ederra. Koldo Izagirre idazleak sorturiko istorio baten ardatzean biltzen dira doinu alaietan emandako kantu sotil, eder eta gaiztoak. Gaiztoak, bai. Horregatik uste ote dute askok haur kantuak direla? (Gaztelupeko Hotsak argitaratua, 1998)
Joseba Tapia. Quebec diskoa. (Egunkaria, 1999)Québec: hamalau kantu independentziarako (Gaztelupeko Hotsak, 1999) Quebec urrun dago Euskal Herritik baina hurbil ere bai. Bazter batean, hotza eta elurra den herrialde gogorrean, quebectarrek eutsi egiten diote nortasunari, identitateari. Hizkuntza erraldoi bat dute auzo, independenteak izan nahi lukete… Quebeceko kantutegi modernoaren antologia da lan hau: Leclerc, Levesque, Vigneault, Léveillée, Charlebois, Piché… Itxaro Bordak eta Koldo Izagirrek moldaturiko bertsioetan. Kantaera berri bat proposatzen du Joseba Tapiak, malgutasun harrigarriz. [2][3]Paul Piché-renArraun kantarekin Musikaren Saria jaso zuen Madrilen.[4]
Agur Intxorta maite (Gaztelupeko Hotsak, 2001)[5] Ezer ez geneukala uste genuen. Alegia, Eusko Gudariak eta ezer gutxi gehiago. Egunkari, aldizkari, paper zaharrak arakatuz eta oraindik bizirik zeuden zenbait gudariren laguntzaz, 1936-37ko Euskal Kantutegi Antifaxista aberatsaren erakusketa bikaina eskaintzen digu Joseba Tapiak, ohiko maisutasunez eta ezohiko maitasunez. (Gaztelupeko Hotsak argitaratua) 2003ko Metxa antzezlanean Joseba Tapiak zuzenean jotzen zituen sei kantu eta aktoreek abestu egiten zituzten. Horietatik lau kanta Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek Agur Intxorta Maite diskokoak dira. Metxarengan gerrak eragin handia izan zuenez, abestiok bere bizipenen oihartzunaz zirela esan daiteke. Ikuskizunaren hasierako eta bukaerako abestia, «Agirretarren Bandera», Koldo Izagirrek idatzi zuen eta Oskorrik musikatu zuen urte batzuk lehenago. Okasiorako, musika berria jarri zion Tapiak.[6]
Eta tira eta tunba (Zakurraren Biolina, 2010)[8] Liberalen eta karlisten kantak grabatu zituen haizezko bi talderekin disko honetan. Karlisten bandan tronpeta, saxoa, tronboia, tuba eta jazpana jotzen zuten. Liberalenean tronpeta, saxoa, bonbardinoa, tuba eta jazpana. Klarinetea ere azaltzen da kanta batzuetan.