Gari (musikaria)
- Artikulu hau musikariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gari (argipena)».
Gari (musikaria) | |
---|---|
(2023) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Legazpi, 1963ko uztailaren 18a (61 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikaria eta abeslaria |
Kidetza | Hertzainak |
Izengoitia(k) | Gari |
Genero artistikoa | rock |
Musika instrumentua | gitarra ahotsa |
Gari, jaiotzako izen-deiturez Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo (Legazpi, Gipuzkoa, 1963ko uztailaren 18a) euskal abeslaria da, rock eta pop estilokoa. Hertzainak musika taldeko abeslaria izan ondoren, bakarlari aritzen da gaur egun.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikan hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ziper taldean abiatu zuen musika ibilbidea, 1983. urtean, Hertzainak taldean sartu aurretik. Hertzainak taldeko ahots nagusia izan zen hamarkada oso batez, eta, taldearen agurrarekin batera, bakarkako bideari ekin zion. Gari izen artistikoaren azpian, estudioko lau disko eta zuzenean grabaturiko bat kaleratu ditu, zenbait bildumatan parte hartzeaz gain. Betaurreko ilunak, kapela beltza, ahots urratua eta, batez ere, agertoki gaineko karisma dira Gariren adierazlerik argienak.
Hertzainak taldeko sortzaile ez izan arren, Josu Zabalarekin batera, Gasteizko bandari aurpegia jarri zion Iñaki Garitaonaindiak (Legazpi, Gipuzkoa, 1964). Taldean sartu aurretik, Legazpiko Ziper taldean aritu zen kantari zenbait urtez, rock-and-roll eta rock gogorreko doinuak landuz. Ziperrek ez zuen diskorik argitaratu, baina Hertzainak taldearekin zortzi disko grabatu zituen. 1983. urtean, Xabier Montoia ordezkatzeko Hertzainak taldean sartu bezain pronto, gaztetasunaren indarra eta agertoki gaineko probokazioa ekarri zizkion Garik taldeari.
Bakarkako bidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1993. urtean, bakarkako bideari ekin zion, bi urteko isilunea apurtuz. Rock eta punk zertzeladak izan ziren nagusi Hertzainak taldearen lehen urteetan, geroago joera berriak, pop giroak, folk doinuak eta bestelakoak jorratu zituen arren. Bakarlari gisa, ordea, rocka izan du bizkarrezur nagusia. Horrela, 1995. urtean, bakarka emanaldi batzuk egin ondoren, lehen diskoa grabatzera sartu zen Lorentzo Records estudioan. Victor Celada (bateria), Fran Iturbe (gitarra) eta Mikel Irazoki (baxua) musikariek lagundu zioten Gari (Elkar, 1995) ontzen. Bertan ziren gaur egun abeslariaren kantu esanguratsuenetakoak diren batzuk: "Amets", "Astiro eta amorruz", "Apar urrunak"...
Estudioko bigarren diskoa estreinakoaren jarraipentzat har daiteke. Eguzki berritan zaude (Elkar, 1997) izendatu zuen eta lehen diskoak baino bi urte geroago ikusi zuen argia. Taldearen bizkarrezurrari eutsi zion, eta kolaboratzaile ugari eraman zituen estudiora: Karlos Mahoma (RIP), Roberto Moso (Zarama), Jon Maia bertsolaria, Josu Zabala, Bingen Mendizabal... Bigarren diskoa argitaratzearekin batera, bide berriak nola urratu aztertzen hasi zen Gari. Hala, hurrengo diskoetan gaztelania eta euskara erabiliko zituela adierazi zuen jendaurrean. Horrek ika-mika eta zeresan ugari piztu zituen, baina erabaki tinkoa zen Garik hartutakoa, eta erdaraz abesturiko lehen kantuak ("Hablando sólo", "Amanece", "No es fácil" eta "Tan lejos") zuzeneko disko batean heldu ziren: Gari ta otoitz gure alde (Iparretarrak Records, 2002). Zaldibarko (Bizkaia) hiru musikari gazterekin bat egin zuen kantuak prestatzeko, eta Bilboko Kafe Antzokian grabatu zuen, 2002ko urtarrilaren 10ean, zuzenean. Diskoa Gara egunkariarekin batera saldu zen.
Disko horrek aro baten amaiera ekarri zuen. Euskal Herria eta musika aldi batera utzi eta Perura joan zen Gari denboraldi baterako. Urtebete egon zen Peruko oihanean bizitzen -"infernuan", haren hitzetan-, baina kantuak egiten jarraitu zuen. Handik bueltatutakoan, beste disko bat grabatu zuen. Izenburu argigarria jarri zion: 0-tik (Elkar, 2005). Nolabait, berriz hastea izan zen. "Nire aurreko diskoak aurrera ateratzeko, oso bide zailak ibili behar izan nituen. Orain dena erraztasunak izan dira, nik neuk ere errazagoa egin dudalako. Bai arlo artistikoan bai pertsonalean, oso borrokalaria izan naiz beti, lubakian sartuta denbora gehiegi eman dut, eta orain beste era batera hartzen dut", azaldu zuen.[2][3] Jazz musikariekin grabatu zuen lan berri hori, eta, musika aldetik pop-rockean jarraitu bazuen ere, erritmo beltzak, bossa nova eta giro alaiago eta dantzagarriagoak zekartzan. Disko horretan ere, gaztelaniaz eta euskaraz abesturiko kantuak tartekatu zituen.
Gainera, 2006ean, Gari Liet International leihaketan parte hartu zuen, Euskal Herria ordezkatuz "Hil ez denak" kantarekin. 11 hizkuntza gutxitutan kantatzen zuten eskualderen artean 5. postuan amaitu zen 30 punturekin.
Bide berriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gariren hurrengo diskoa Esperantzara kondenatua izan zen (Elkar, 2007). Gitarra soinua nabarmenagoa da lan horretan, berriz ere rock musikariekin aritu baitzen. Hitzak egiteko, ohi bezala, zenbait idazle eta poetarengana jo zuen; Jon Benito, Jose Luis Padron eta Jon Maia Gariren disko guztietan hitzak idatzi dituen bertsolariarengana, hain zuzen. Aipagarria izan zen diskoari izena eman zion kantuan Iván Ferreiro (Los Piratas taldeko kide ohia) kantari galiziarrak parte hartu zuela, hala nola diskoaren diseinu lana: Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala jaso duen Alberto Garcia-Alixen irudiek ilustratu zuten diskoa.
2008ko abenduan Patti Smith kantari estatubatuarrak Gasteizko Artium museoan eskainitako poesia errezitaldian gitarrista lanak egin zituen Garik, eta hilabete geroago, 2009ko urtarrilaren 15ean aldi luze baterako azken kontzertua eman zuen Bilborock aretoan, lagun ugariz inguraturik. Joan aurretik ordea, 16 lore (Elkar) grabatuta utzi zuen, Hertzainak taldearen zein bakarkako diskoetan jasotako kantuen grabazio berria.
Gari & Maldanbera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016tik berarekin jo duen taldeak Gari & Maldanbera izena hartu du. Estutu (2016)[4], Beste denbora batean (2018) eta Behin bizitzea (2024) diskoak egin dituzte. Natxo Beltran, Oier Aldekoa eta Miguel Moyano izan dira talde horren parte.
Lotutako artistak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuzeneko kontzertuetan eta estudioko lanetan, musikari askok lagundu dute Gari. Besteak beste, Natxo Beltran (Atom Rhumba), Fran Iturbe (Bide Ertzean), David Gonzalez (Cobra, PI.L.T., Berri Txarrak...), Ekain Elortza (Seiurte, Dinero...), Miguel Moyano, Karlos Aranzegi (Bide Ertzean, Mikel Erentxun), Mikel Azpiroz (Lau Behi), Bingen Mendizabal, Victor Celada (bateria) eta Mikel Irazoki edo Oier Aldekoa (baxua) izan dira Gariren ondoan ibilitako musikari batzuk. Haren kantuetako hitzetan ere lagundu diote; lehen aipatutakoez gain, besteak beste, Bernardo Atxaga, Igor Elortza, Asier Serrano (Lorelei), Edorta Jimenez, Mikel Lasa, Kepa Murua eta Roberto Mosok idatzi dituzte Garirentzat.
Asko ez badira ere, beste zenbait diskotan ere entzun daiteke Gariren ahotsa: Seiurte taldearen Ekiozu diskoan, Platero y Tu taldearekin... Era berean, Lauaxetaren zein Serge Gainsbourg frantziar musikariaren omenezko diskoetan parte hartu du, eta Gaztearen enkarguz, irrati formularen 15. urtemugako kantua idatzi zuen.
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hertzainak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hertzainak (1984, Soñua)
- Hau dena aldatu nahi nuke (Soñua, 1985, Soñua)
- Salda badago (1988, Elkar)
- Amets prefabrikatuak (1990, Oihuka)
- Mundu berria daramagu biohotzean (1991, Aketo) Maxia
- Zuzenean (1991, Aketo)
- Denboraren orratzak (1992, Oihuka)
Gari
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gari (1995, Elkar)
- Eguzki berrian zaude (1997, Elkar)
- Gari ta otoitz gure alde (2002), zuzenekoa
- 0-tik (2004, Elkar)
- Esperantzara kondenatua (2007, Elkar)
- 16 lore (2009, Elkar)
- Ez da amaiera (2013, Elkar)
Gari ta Maldanbera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Estutu (2016, Elkar)
- Beste denbora batean (2018)[5]
- Zerua & gaua, Gari ta Maldanbera, 2021.[6]
- Zuzenean, Gari ta Maldanbera, 2022.[7]
- Behin bizitzea (2024, Elkar)[8]
Kolaborazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (2005, Gaztelupeko Hotsak)
- Gainsbourg gainbegiratuz (2008, Gaztelupeko Hotsak)
- Hala Bedi irratia 30 urte kolpez kolpe! (2013, Bonberenea Ekintzak)
- Lou Reed, mila esker (2014)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat «Gari» artikulutik hartua da. Artikulu hark Koldo Otamendi du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- ↑ MusikaZuzenean TB # 199 : Gari. (Noiz kontsultatua: 2023-07-27).
- ↑ Otamendi, Koldo. «Gari» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
- ↑ Koldo Otamendi. El País, 2005-01-24.
- ↑ (Gaztelaniaz) zaratamondosonoro. (2016-12-07). «Gari & Maldanbera " Estutu" - Reseña en MondoSonoro» MondoSonoro (Noiz kontsultatua: 2022-12-17).
- ↑ Disko berria iragarri du Garik, ‘Beste denbora batean’. (Noiz kontsultatua: 2018-11-01).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Zerua & gaua» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-17).
- ↑ «Zuzenean 2022» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-17).
- ↑ «Behin bizitzea» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).